249. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5898E/2025 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako gizarteratze- eta laneratze-enpresei laguntza teknikorako dirulaguntzak emateko deialdia, eta gastua baimentzen 2026rako. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 863843.

Otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, lan bitartekotza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2026. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da Nafarroako gizarteratze- eta laneratze-enpresei laguntza teknikorako dirulaguntzak 2026an emateko gastua baimentzea.

Deialdi horren oinarriak onetsi ziren Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak otsailaren 24an emandako 476/2017 Ebazpenaren bidez (maiatzaren 8ko 1305E/2020, abenduaren 22ko 25361E/2022 eta maiatzaren 3ko 1316E/2024 ebazpenen bidez aldatua).

Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea gizarteratze- eta laneratze-enpresei dirulaguntzak emateko 2026ko deialdia, laguntzako teknikariak kontratatzeko, gizarteratze- eta laneratze-prozesuetan langileei laguntza eman diezaieten, esku-hartzeko, gizarteratzeko eta lagun egiteko zerbitzuak emateko.

2. 750.000 euroko gastua baimentzea, deialdi horrek dakartzan konpromisoei aurre egiteko. Gastu hori Nafarroako 2025eko gastuen aurrekontuko "Konferentzia Sektoriala. Zailtasun gehiago dituzten kolektiboen gizarteratze eta laneratze programetarako laguntzak. PEP: E-24/000673-01" izeneko 950001 96100 4819 241104 partidaren kargura finantzatuko da, edo 2026an gaitzen den antzeko aurrekontu-partidaren kargura, baldin eta aurrekontu-kontsignazioa badago.

3. Gehienez ere 80.000 euroko zenbateko gehigarria baimentzen ahalko da, aurrekontu-kreditu erabilgarria handitzeagatik. Horretarako, betiere, partida handitu beharko da aurretik. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere. Hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuko a) erregelako 2. kasuan xedatutakoa aplikatuz, hau da, erabilgarri dagoen aurrekontu-kredituaren zenbatekoa handitu bada kreditua sortu, gehitu edo eranstearen ondorioz.

4. 2025eko ekitaldian ebatzi gabe gelditzen diren eskaerei 2026ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2025eko azaroaren 26an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

F2515815

Iragarkiaren kodea: