Iragarkia
249. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 16a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
SARTAGUDA
Deialdia, bete dadin garbiketako eta zerbitzu orokorretako lanpostu bat, oposizio-lehiaketaren bidez, eguneko zentrorako
Sartagudako Udaleko alkateak, 2025eko azaroaren 24ko 176. Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen, baita haren oinarriak ere, bete dadin garbiketako eta zerbitzu orokorretako lanpostu bat, oposizio-lehiaketaren bidez, Sartagudako eguneko zentrorako. Hona hemen:
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da norbait hautatzea, gero kontratatzeko, jardun dezan lan-kontratudun finkoaren araubidean, garbiketako, zerbitzu orokorretako, sukaldeko eta garraioko lanpostu batean, Sartagudako eguneko zentroan. Hasteko, postu baterako kontratazioa eginen da, eta, ondoren, kontratazio kopurua handituko da, eguneko zentroaren beharren arabera; izan daitezke lanaldi osoko kontratazioak nahiz partzialekoak, beharren arabera. Hasiera batez, lanaldia astelehenetik ostiralera izanen da, eta asteburura ere zabaldu daiteke, legeak markatutako atsedenaldiak eginez betiere. Hauxe da proiektu horietarako ezarritako lanbide-profila: garbiketa, zerbitzu orokorrak, sukaldea eta garraioa.
1.2. Lan kontratu finkoa eginen zaio deialdi honetako hautaprobak puntuaziorik handienarekin gainditzen dituenari, zentroan lan egiteko.
Probak gainditzen dituzten gainerako izangaiak erreserban geldituko dira, badaezpada ere, kontratatutako langileak lanpostua hutsik uzten badu ere, eta/edo beste postu batzuetarako, beharrik izanez gero.
Probak gainditzen dituztenekin eginen da izangaien zerrenda bat, lortutako puntuazio osoaren hurrenkeran, aldi baterako kontrataziorako; zerrenda hori erabiliko da azaldu den kategoriako postuetan sortzen diren beharretarako, Sartagudako eguneko zentrorako.
Aipatutako zerrendak deuseztatuko eta bertan behera utziko du aurreko beste edozein zerrenda, xede bera duena. Bost urteko indarraldia izanen du aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak (hautapen-prozesu honen ondoriozkoak), onesten denetik. Indarraldi hori murrizten ahalko da, baldin aldez aurretik horren beharra justifikatzen duen txostena ematen badu zentroko zuzendaritzak.
1.3. Bete beharreko lanak eta eginkizunak izanen dira honako hauek: deialdiko postuko kategoriari dagozkionak eta, orobat, garbiketako, zerbitzu orokorretako, sukaldeko eta garraioko postuari dagozkionak. Kontratatzen den langilea egonen da zentroko zuzendaritzaren menpe, zuzenean, eta eginkizun nagusi izanen ditu garbiketa, zerbitzu orokorrak, sukaldea, garraioa, ordena, eta zaintzea instalazioak ongi mantentzen direla, eta, horretaz gain, sostengu lanak egitea eguneko zentroko jardueran, esaterako, sukaldean, garbitegian, garbiketan, zerbitzu orokorretan eta garraioan, besteak beste.
Besteak beste, eginkizun hauek bete beharko ditu:
–Kozinatzea, garbitzea eta postuaren berezko lanak egitea, adibidez garbitzea ontziak eta otorduetan erabilitako tresnak.
–Arduratuko da elikagaiak biltegiratzeaz eta aplikatu beharreko arauak betetzeaz.
–Arduratuko da arriskuen analisiaz eta kontrol-puntu kritikoaz.
–Elikagaiak etiketatuko ditu, eta, horretaz gain
–Lan hauek eginen ditu instalazioetan: garbiketa, zerbitzu orokorrak, sukaldea eta garraioa.
–Jantoki-officeko lanak eginen ditu, eta arreta berezia jarriko du erabiltzen dituen materialetan.
–Zentroko garraioan, lekualdatzeak eginen ditu. Lekualdatzeetan, laguntza emanen du ibilbideak eta logistika prestatzeko.
–Garbitegiko lanak eginen ditu, eta arduratuko da arropa zuriaz, makinen erabilera eta zainketaz, eta, orobat, erabiltzaileen arropaz.
–Nagusi hurrenari jakinaraziko dizkio bere lanean ikusitako gorabeherak edo anomaliak.
–Lan egin bitartean ikusten dituen matxuren eta narriaduren berri emanen dio koordinatzaile/gainbegiraleari.
–Bere ardura izanen dira garbiketa, zerbitzu orokorrak, sukaldea, garraioa, eta zentroko arropa zuria eta egoiliarren arropak zaindu, konpondu eta lisatzea.
–Koordinatzaile/gainbegiraleari jakinaraztea erabiltzaileen arropen identifikazio marketan ikusten dituen akatsak.
–Zentroko biltegietan eta egoiliarren armairuetan banatzea arropa zuria eta bestelakoa.
–Oro har, lehenago zehaztu ez diren arren, egin behar ditu agintzen zaizkion jarduera guztiak, baldin badira haren lanbideari dagozkionak eta haren prestakuntza teknikokoak. Arduratuko da zentroko erabiltzaileen higienea gainbegiratzeaz, zentroko plan funtzionalaren arabera, eta honelako lanak egin beharko ditu: garbiketa, zerbitzu orokorrak, sukaldea, garraioa, erabiltzaileen tresnak mantendu, oheak egin, gelak txukun egon daitezen lagundu, arropa bildu, garbitegira eraman, eta erabiltzaileen arropa pertsonalaz arduratu. Egoiliarrei lagun eginen die jantokian. Alde horretatik, janak jaso, banatu eta bilduko dizkie erabiltzaileei.
–Erabiltzaileen osasunen gorabeheren berri emanen du.
–Zentroak harrerako eskuliburua emanen dio langileari, kontratua hasten denean.
1.4. Lanaldia osoa izanen da, zerbitzuaren beharrei egokituko zaie, eta enpresako zuzendaritzak noiznahi aldatzen ahalko du, betiere lan-arloko arauak betez. Lanpostuaren lan baldintzak zentroko hitzarmen kolektiboan arautzen dira. Lanaldia partziala izan daiteke, baldin zentroko okupazioak edo ordutegiek hala eskatzen badute, eta lanaldiak astelehenetik igandera bitartera izan daitezke, baldin zentroko beharrek hala eskatzen badute, betiere behar diren atsedenaldiekin, aplikatzekoa den hitzarmenen arabera.
1.5. Kontratatutako langilearen soldata-maila izanen da zentroko hitzarmen kolektiboan aipatutako kategoriari dagokiona.
1.6. Probaldi bat ezartzen da, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboaren arabera.
1.7. Lan hori egiteko, erabiltzaileen datu pertsonalak eskuratzen ahalko ditu, osasunari buruzkoak barne, eta baimena izanen du fitxategiak dauden tokietara sartzeko. Une oro konfidentzialtasuna gorde beharko du datu pertsonalei buruz eta egindako lanen ondorioz jasotzen duen informazio guztiei buruz (egoera fisikoa, prozesu patologikoak, egoiliarren familia-egoera eta abar). Daukan informazioa soilik erabiltzen ahalko du lanpostuaren eginkizun eta beharretarako, eta ezin izanen du erabili lanekoaz besteko helburuetarako, ez eta hirugarren batzuei jakinarazi ere. Konfidentzialtasunaren betebeharra mugagabea da.
Konfidentzialtasun betebeharra. Hautatutako izangaiak nahitaez bermatu beharko du konfidentzialtasuna bere lankidetzarengatik edo lanarengatik ezagututako datuetarako, datu horiek egoki tratatu beharko ditu, eta sekretu profesionalaren betebeharren menpean geldituko da, bai eta honako hauetan jasotako betebeharren menpean ere: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez), abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (Datu pertsonalak babesteari buruzkoa eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa) eta hura garatzeko araudian –edo horiek ordezten edo aldatzen dituen beste edozein arautan–.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Hautaketa prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek honako hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo –Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera– langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Aurreko baldintzak betetzen ez dituzten herritarrek ere parte hartzen ahalko dute, baldin Espainian bizi eta erroldatuta badaude.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko. Baldintza hori kontratazioa egin aurretik frogatu beharko da, osasun-azterketa baten bidez.
d) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.
Ulertuko da aurreko baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.
3. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Sartagudako Udaleko alkateari zuzendu beharko zaizkio, eta hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Sartagudako Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, edo Sartagudako Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz https://sartaguda.sedelectronica.es/info.0), eskabide orokorraren izapidea baliatuz. Orobat, eskabideak aurkezteko erabil daitezke urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Baldin epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.
3.2. Eskabideak I. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izanen dira.
3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Deialdira aurkezten diren merezimenduen kopia, balora daitezen, II. eranskinaren arabera.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Baldintza hauek eskura egonen dira Sartagudako Udalaren web-orrian, baita iragarki-taulan ere.
3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
3.6. Desgaitasun bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskaera-orrian, eta aparteko orri batean azaldu beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzen duen agiria, organo eskudunak emana, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.
3.7. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Sartagudako Udaleko alkateak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen zerrenda, eta argitaratuko da Sartagudako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrietan.
4.2. Izangai baztertuek 5 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.
Izangai bazterturik ez badago, izangai onartuen zerrenda behin betikoa bihurtuko da, eta argitaratuko da Sartagudako Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrietan.
4.3. Erreklamazioak jartzeko epea iraganik, eta behin horiek ebatzirik (halakorik izanez gero), Sartagudako Udaleko alkateak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, Sartagudako Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian, eta argitalpen horretan zehaztuko dira proben tokia, eguna eta ordua, baita epaimahaiaren behin betiko osaera ere.
Ondoren, epaimahaiak argitaratuko ditu hautaketako espedientea izapidetzeko hurrengo iragarkiak, Sartagudako Udalaren web-orrian.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: José Ignacio Eguizabal Martínez, Sartagudako Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Nagore Villar Campo, Sartagudako Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikidea: Eva María Portas Amatria, Sartagudako Udaleko zinegotzia.
Ordezkoa: Ketty Vidal Barcia, Sartagudako Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikidea: María Jesús Campo Martínez, Sartagudako Udaleko zinegotzia.
Ordezkoa: Paolo Albanese Weis, Sartagudako Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikidea: Misael Narros Martin, I3e-ko aholkularia.
Ordezkoa: María Moreno Etayo, I3e-ko aholkularia.
Epaimahaikidea: Yaquelín Maestre Corpas (erizaina eta Artaxoako zahar etxeko zuzendaria).
Ordezkoa: Vanessa Sola Iso, I3e-ko aholkularia.
Epaimahaikide idazkaria: Raúl Echarri Jiménez, Sartagudako Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Miguel Ángel Fuertes Martínez, Sesmako Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
5.3. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, baldin egoera horietako bat gertatzen bada.
5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek–. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari buruz eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruak kalitateko botoa erabiltzen ahalko du.
Halaber, ahalmena izanen du beharrezkotzat jotzen dituen barneko jardun-arauak emateko, zuzen egin daitezen oposizio-lehiaketako probak, betiere deialdiaren oinarrietara egokituz.
5.6. Epaimahaiak izan dezake aholkulari adituen laguntza, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. oinarria.–Deialdiaren bilakaera.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi, eta lehiaketaldia gero.
6.2. Oposizioa 2026ko urtarrileko bigarren hamabostalditik aurrera hasiko da.
Probak egiteko deialdi bakarra izanen da, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala. Bazterturik geldituko dira probetara agertzen ez diren hautagaiak. Probetan iruzurrik egiten bada, edozein delarik ere, izangaia berehala baztertuko da, eta, gainera, behar diren jarduketa penalak gauzatuko dira, bidezkoak badira.
6.3. Merezimenduen lehiaketaldia: (30 puntu).
Izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko dira deialdi honen II. eranskinari jarraikiz.
Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen. Oposizioaldiaren ondoren eginen da, eta gehienez 30 puntu emanen dira.
Merezimenduak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak, edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.
Betiere, probak egin ondotik baloratuko dira merezimenduak, eta bertan jaso behar dira izen-deiturak (Datuak Babesteko Legean ezartzen denaren arabera) eta puntuazioa.
6.4. Oposizioaldia. Gaitasun tekniko-teorikoko proba (60 puntu).
30 galderako azterketa bati erantzutea. Test motakoa izanen da, III. eranskineko gaiei buruzkoa, egiaztatzearren izangaiek lanpostuaz dituzten ezagutzak.
Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Erantzun zuzen bakoitzak 2 puntu bat emanen ditu, eta erantzun oker bakoitzak 0,25 puntu kenduko du.
Proba honetan gehienez 60 puntu lortzen ahal dira, eta oposiziotik bazterturik geldituko dira 30 puntu eskuratzen ez duten izangaiak.
Lehen ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere ordubete izanen dute.
6.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak Udalaren webgunean argitaratuko du hautaprobak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta jasoko ditu izen-deiturak (Datuak Babesteko Legean ezartzen denaren arabera) eta puntuazioa. Orobat, adieraziko ditu hurrengo proba egiteko eguna eta tokia.
6.6. Proben emaitzen kontra erreklamazioa paratzen ahalko da 3 egun naturaleko epean, emaitzak Udalaren webgunean eta tauletan argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean bertan azaldutakoaren arabera.
6.8. Azken kalifikazioa edo azken balorazioa kalkulatzeko, batuko dira proba guztien eta aurkeztutako merezimenduen puntuazioak.
6.9. Elkarrizketa epaimahaiarekin: (10 puntu).
Epaimahaiak bere iritzian soilik oinarriturik baloratuko du zer neurritan diren egokiak puntuazio hoberena lortu duten 10 izangaiak, hau da, proba teknikoan eta merezimendu-lehiaketan puntuazio hoberena lortu duten 10 izangaiak. Postuaren lanbide-profilaren arabera baloratuko du egokitasuna.
Epaimahaiak elkarrizketako puntuazioa batuko die aurreko probetan lortutakoei.
Epaimahaiak, balorazioa egiteko, aintzat hartuko ditu lanpostuaren ezaugarriak, izangaien egokitasuna eta noraino egokitzen zaizkion postuaren profilari, eta bere iritzian soilik oinarriturik hautatuko du postuaren profilari hobekien egokitzen zaion izangaia, eta ordezko bat edo gehiago ere hautatzen ahalko ditu, bidezko irizten badio.
Era berean, epaimahaiak erabakitzen ahalko du hautaketa prozesua bete gabe deklaratzea, guztiz edo partez, baldin eta uste badu izangaiak ez direla egokiak hautaketaren xede den posturako.
Mahaikideek nork bere aldetik jarriko dituzte puntuazioak, eta horiekin batezbesteko aritmetikoa eginen da, izangai bakoitzari puntuazioa emateko.
Elkarrizketaren emaitza Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da, eta, horrekin batera, alegazioak aurkezteko 5 laneguneko epea hasiko da. Alegazioak egiteko, idazki bat aurkeztu behar da Sartagudako Udalaren erregistroan edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Epea iragan ondoan –eta alegazioak ebatzi ondoan, halakorik bada–, onetsirik geldituko da, eta emaitzen behin betiko zerrenda emanen da argitara.
10 puntu, gehienez. Ez da baztertzailea izanen.
7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, epaimahaiak proposaturik.
7.1. Azken ariketaren kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda prestatuko du, lortutako puntuazioaren ordenan, eta argitara emanen du Udalaren web-orrian. Orobat, zerrenda udalburuari igorriko dio, espediente osoarekin batera, bai eta puntuazio handiena lortu duenaren aldeko izendapen proposamenarekin batera ere.
Azken puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, ebatziko da lehen proban (hots, proba teorikoan) puntuaziorik handiena duenaren alde. Berdinketak segitzen badu, ebatziko da merezimenduen balorazioan puntuazio handiena lortu duenaren alde. Halere berdinduta jarraitzen badute, zozketa publiko baten bidez ebatziko da izendapen proposamena.
7.2. Izendapen proposamena Sartagudako Udalaren web-orrian argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak aurkeztu beharko ditu deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak, Sartagudako Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Deialdiaren bigarren oinarrian zehaztutako gainerako baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak.
c) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunetan aritzea.
Jatorrizko agiria edo haren kopia konpultsatua aurkeztu behar dira kasu guztietan.
7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean (salbu behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan), ezin izanen da izendatu, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe hasierako eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaizkion erantzukizunak.
7.4. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarrian aipatzen den zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.
7.5. Proposatutako izangairen batek espresuki uko egiten badio kontratazioari, ulertuko da izendapen proposamenean sartzen dela hurrengoa den izangaia, hau da, probak gaindituta hurrengoa dena, puntuazioaren arabera.
8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak aurkeztu ondoren 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak, Sartagudako Udaleko alkate udalburuak izendatuko du, jardun dezan Sartagudako eguneko zentroko garbiketako eta zerbitzu orokorretako lanpostuan.
8.2. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Sartagudako eguneko zentroko garbiketako eta zerbitzu orokorretako lanposturako izendatua izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.
9. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
9.1. Hautapen-prozedura gainditu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaiak sartuko dira aldi baterako kontratazioak egiteko zerrenda batean.
9.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da Sartagudako udaletxeko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian. Erakunde autonomoko buruaren ardura izanen da zerrenda kudeatzea.
9.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.
9.4. Kontratazio zerrendek bost urteko indarraldia izanen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.
9.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.
A) Deia:
Probak gainditu dituzten izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.
Izangaiek harremanetarako zenbait telefono eta helbide elektroniko ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik eduki beharko dituzte.
Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei.
Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio, emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.
Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.
Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.
Lan-kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.
Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan edo lanpostua premiaz bete behar eta arestian dei egiteko ezarritako bi eguneko epea itxaron ezin denetan, izangaiarekin harremanetan jartzea lortu ondoren lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, bete behar izan gabe artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoa.
Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie eskainiko beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik, salbu deialdia beste lanpostu bati dagokion beste zerrenda batetik egiten denean.
Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia osatzeko, zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.
Deiak, amatasun edo adopzio lizentzien kasuetan.
Amatasun edo adopzio lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barnean aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jasotzen duten izangaiei, kontratua onartzen badute, hura erreserbatuko zaie, lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.
Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.
Lanpostuan sartuko dira amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarendako ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatutakoan.
B) Uko egitea:
Izangai batek uko egiten baldin badio eskaini zaion lanpostuari, zerrendaren bukaerara igaroko da, salbu frogatzen badu honako egoera hauetako batean dagoela:
1.–Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
2.–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia edukitzea umea izateagatik edo adoptatzeagatik.
3.–Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala nahiz adoptatua. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz itzuliko aktibo egotera, harik eta behar bezala frogatzen duten arte ukorako arrazoia bukatu dela.
4.–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinagatik, istripuagatik edo eritasunagatik.
5.–Izangaiaren ezkontza edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Foru Legea), parekoa den egoera, baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabost egun naturalen barnean.
Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, egoera hori agiriekin eta modu frogagarrian frogatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek komunikatuko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, adierazten dutenak noiz bukatu den uko egitea ekarri zuen egoera. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
C) Zerrendatik kanpo gelditzea:
Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea.
c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
d) Probaldia ez gainditzea.
e) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.
f) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, kontratatzen den langileak ez duelako gaitasunik lanpostuan aritzeko edo hartara ez delako egokitu, ikusirik errendimendu eskasa, edo lanpostuaren edukian gertatutako aldaketak direla medio.
9.6. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuko dira eta hartan kidetuko; beraz, haien kargura izanen dira dagokien kuota eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan.
10. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio administrazio-egintza onetsi zuen organoari, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari, bi hilabeteko epean, egintza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Zuzenean gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Sartagudan, 2025eko azaroaren 24an.–Alkatea, José Ignacio Eguizábal Martínez.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Izena: .........................................................................................................................................., adinez nagusia, nortasun agiri nazionalaren zenbakia: ..........................................................................,
bizitokia (herria): ......................................., kalea: ..................................................................................., zenbakia: ..................., posta kodea: ............................., telefonoa: ................................................
Zure aurrera azaldu, eta adierazten dut:
Eskatzen dut onar nazatela honako deialdi honetan: Sartagudako Udalak onetsitako deialdia, kontrata dadin garbiketako, zerbitzu orokorretako, sukaldeko eta garraioko lanpostu bat, lanaldi osokoa, Sartagudako eguneko zentroan egiten diren Sartagudako eguneko zentroko programetarako eta Autonomia Sustatzeko eta Familiari Atseden Emateko Programarako. Deialdi horren xedea da, orobat, izangaien zerrenda bat eratzea, balizko ordezkapen, baja edo errefortzu-beharretarako. Deialdia argitaratu zen zenbaki hau duen Nafarroako Aldizkari Ofizialean: .........., egun honetan: ...............................
Ez dut karguan aritzea eragozten didan eritasun edo akats fisikorik.
Ez dut indarrean diren xedapenetan ezarritako ezgaitasunetarik bat ere.
Badut deialdian eskatzen den titulazioa.
Onartzen ditut deialdiaren oinarriak eta men egiten diot haien edukiari.
Baldintza guzti-guztiak betetzen ditut, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Desgaitasun hau dudanez: ...................................................................... eskatzen ditut ariketak egiteko egokitzapenak, denborari eta baliabideei dagokienez: BAI/EZ.
Hartara, honekin batera aurkezten dut legeen arabera desgaitasuna dudala frogatzen duen jatorrizko agiria, organo eskudunak emana, edo haren fotokopia konpultsatua.
Aurkezten ditut alegatutako merezimenduen ziurtagiriak.
Horiek horrela, ESKATZEN DUT:
Deialdiaren probetan onartua izatea, kontuan harturik eskabidea tenorez eta moduz aurkeztu ditudala.
(Data eta eskatzailearen sinadura)
DATUEN BABESARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA.Hemen erregistratutako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna: Sartagudako Udala. Helburua: langileak hautatzea, deialdiko lanpostuak betetzeko. Eskubideak: datuak eskuratzekoa, zuzentzekoa eta ezereztekoa.
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA:
–Merezimenduen baremoa (lehiaketaldia). 30 puntu, gehienez.
Laneko esperientzia. Baloratuko da honako esperientzia hauek frogatzea: garbiketa, zerbitzu orokorrak, sukaldea, garraioa, zerbitzu orokorrak zahar etxeetan edo antzeko laguntza-zentroetan, izan titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak, behar den kontratu-harremana izanik. Mendekotasuna duten pertsonak laguntzeko egoitzetan lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,20 puntu. 20 puntu, gehienez.
Baloratuko da honako arlo hauetako prestakuntza edukitzea: laneko arriskuen prebentzioa, berdintasuna, lehen sorospenak, higienea eta desinfekzioa: 0,20 puntu, frogatutako 10 prestakuntza-orduko. 7 puntu, gehienez.
3 punturekin baloratuko da sukaldeko erdi mailako prestakuntza.
Puntu batekin baloratuko da erdi mailako prestakuntza bakoitza. 5 puntu, gehienez.
5 punturekin baloratuko da sukaldeko goi mailako prestakuntza.
2 punturekin baloratuko da goi mailako prestakuntza bakoitza. 5 puntu, gehienez.
3 punturekin baloratuko da frogatzea baduela sukaldariaren profesionaltasun-ziurtagiria.
2 punturekin baloratuko da frogatzea baduela garbitzailearen profesionaltasun-ziurtagiria.
Titulartasun publikoko laguntza zentroetan izandako esperientzia frogatu beharko da honako hauek aurkeztuz: giza baliabideen arloan eskumenak esleiturik dituen erakundearen unitateko buruak egindako ziurtagiria, eta, horrekin batera, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren lan bizitzari buruzko txostena, agertzen dituena frogatu nahi dituen aldi horiek.
Enpresa pribatuetan egindako lan denbora frogatu beharko da honako hauek aurkeztuz: enpresaren ziurtagiria, lan-kontratuaren kopia (frogatu nahi duen aldi bakoitzeko) eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren lan bizitzari buruzko txostena, agertzen dituena frogatu nahi dituen aldi horiek.
Ez dira baloratuko lehenago adierazitakoarekin bat frogatzen ez diren merezimenduak.
III. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Laneko arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubideak eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan-osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: lanbide-gaixotasunaren kontzeptuak, lan-istripua. Ergonomia: gorputz mekanika.
2.–Garbiketa, zerbitzu orokorrak, sukaldea, garraioa, desinfekzioa, asepsia, antisepsia eta esterilizazioa. Desinfektatzaileak eta antiseptikoak: ekintza mekanismoak eta metodoak garbiketarako, zerbitzu orokorretarako, sukalderako, garraiorako eta desinfekziorako. Gehien erabiltzen diren antiseptikoak eta desinfektatzaileak. Esterilizazio kontzeptua. Esterilizazio metodoak. Esterilizazioaren kontrol motak. Kalitatearen kontrola. Material esterilaren manipulazioa eta kontserbazioa.
3.–Hondakinen kudeaketa: definizioa, sailkapena, biltegiratzea, garraioa, ezabaketa eta tratamendua.
4.–Garbiketako, zerbitzu orokorretako, sukaldeko eta garraioko produktuen erabilera: produktu motak, erabileran kontu izateko neurriak, dosifikazioa eta manipulazioa.
5.–Erregistroak mantentzea eta oharrak hartzea: erregistroak mantentzeko eta oharrak hartzeko teknikak, zehatz eta behar bezala, garbiketan, zerbitzu orokorretan, sukaldean eta garraioan.
6.–Norbera babesteko ekipamendua (NBE) erabiltzea: larrialdiei erantzuteko teknikak.
7.–Arriskuen analisia eta kontrol-puntu kritikoak: identifikatzea arrisku handienak eta puntu kritikoak, prozesu seguru bat dakarten parametroei dagokienez. Erregistro osoak eta trazagarriak.
8.–Lehengaiak, produktu freskoak, kozinatze motak. Elikagaien kontserbazioa.
9.–852/2004 (EE) Erregelamendua, elikagaien higieneari buruzkoa.
10.–Egoitzako dieta motak, testurizatuak, dieta bigunak, gatzik gabeko dietak, diabetikoendako dietak.
Iragarkiaren kodea: L2515379
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
