249. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

SARTAGUDA

Deialdia, bete dadin zaintzaile gerontologikoa izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketaren bidez, eguneko zentrorako

Sartagudako Udaleko alkateak, 2025eko azaroaren 24ko 175. Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen, baita haren oinarriak ere, bete dadin zaintzaile gerontologikoa izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketaren bidez, eguneko zentrorako. Hona hemen:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da izangai bat hautatzea Sartagudako eguneko zentroko gerokultore lanpostu baterako, ondoren lan-kontratu finkoarekin kontratatzeko. Hasteko, gerokultore bat kontratatuko da, eta, ondoren, kontratazio gehiago eginen dira, eguneko zentroak duen okupazio mailaren arabera; izan daitezke lanaldi osoko kontratazioak nahiz partzialekoak, beharren arabera. Hasiera batez, lanaldia astelehenetik ostiralera izanen da, eta asteburura ere zabaldu daiteke, legeak markatutako atsedenaldiak eginez betiere. Proiektu horietarako esleitutako pertsonak lanbide-profil hau izan behar du: gerokultore profila edo erakunde sozialetan mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa emateko lanbide kualifikazioa, edo erizaintzako zainketetako teknikariaren Lanbide Heziketako titulua edo erdi mailako heziketa zikloa edo laguntza soziosanitarioko teknikari titulua, edo tituluaren ziurtagiria duten profesionalak.

1.2. Deialdi honetako hautaprobak puntuaziorik handienarekin gainditzen dituenari lan kontratu finkoa eginen zaio, zentroan lan egiteko.

Probak gainditzen dituzten gainerako izangaiak erreserban geldituko dira, kontratatutako langileak lanpostua hutsik uzten badu ere, eta/edo beste postu batzuetarako, beharrik izanez gero.

Probak gainditzen dituztenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda eginen da, lortutako puntuazio osoaren hurrenkeran, eta zerrenda hori erabiliko da gerokultore kategoriako postuetan sortzen diren beharretarako, Sartagudako eguneko zentrorako.

Aipatutako zerrendak deuseztatuko eta bertan behera utziko du aurreko beste edozein zerrenda, xede bera duena. Bost urteko indarraldia izanen du aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak (hautapen-prozesu honen ondoriozkoak), onesten denetik. Indarraldi hori murrizten ahalko da, baldin aldez aurretik horren beharra justifikatzen duen txostena ematen badu zentroko zuzendaritzak.

1.3. Deialdiaren xede den lanpostuaren kategoriarako eta zaintzaile gerontologikoaren lanpostuko zereginetarako egokiak diren lan eta eginkizunetan arituko da. Kontratatzen den langilea zentroko zuzendariaren menpean izanen da zuzenean eta eginkizun nagusia izanen du eguneroko jardueretan erabiltzaileak zaindu eta laguntzea, beren kabuz egin ezin dutenean, eta haien laguntza pertsonala eta haien ingurunearena xede duten lan guztiak egitea.

Besteak beste, eginkizun hauek bete beharko ditu:

–Erabiltzaileen higiene pertsonalaz arduratuko da.

–Zentroaren plan funtzionalaren arabera, erabiltzaileen tresnak garbitu eta mantenduko ditu, gelak txukun mantentzen lagunduko du, eta eguneko zentroaren funtzionamendu orokorra zainduko du.

–Erabiltzaileei jaten emanen die, beren kasa jan ezin dutenean. Alde horretatik, otorduetako janaria jaso, banatu eta bilduko die erabiltzaileei.

–Jarrera aldaketak eta zerbitzu osagarriak eginen ditu, bere prestakuntza teknikoa kontuan harturik agintzen zaizkionaren arabera.

–Erabiltzaileen osasun gorabeheren berri emanen du.

–Erabiltzaileei lagunduko die egin behar dituzten irteeretan: medikura, gestioak egitera, aisialdiko irteerak, etab.

–Instalazioak garbituko ditu.

–Garbitu eta prestatuko ditu botikategiko altzariak, materialak eta aparatuak.

–Profesionalen taldearekin elkarlanean arituko da haien zerbitzu espezializatuak osatzeko oinarrizko zereginak eginez, erabiltzaileei autonomia pertsonala emateko eta haiek gizarteratzeko.

–Arreta emanen die erabiltzaileen familiakoei, betiere zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibideen barnean, eta orobat, haiek zentroko bizitzan sar daitezen lagunduko du.

–Sustatuko du aplika dadin pertsonarengan zentratutako arretaren (PZA) eredua.

–Parte hartuko du hala nahi duten erabiltzaileen erreferentziazko langilea izanez.

–Parte hartuko du PAISS programetan, zuzendaritzak hala eskatuz gero (gizarte eta osasun arloko arreta integralerako programak).

–Erabiltzaileengan atzematen duen edozein aldaketaren berri emanen dio zuzendaritzari edo arduradunari.

–Erabiltzaileekiko harreman edo jarduera guztietan, lagunduko du haiek profesionalengandik jasotzen duten lana osatzen, arretaren, hezkuntzaren eta prestakuntzaren aldetik.

–Erizaina (OLT/EUD) ez badago, glukosaren proba egiten ahalko du eta azal azpiko bidea erabiltzen ahalko du erabiltzaileei botikak emateko (intsulina, heparina...), betiere tratamenduaren dosia eta segimendua medikuek edo erizainek egiten badute.

–Jantoki-officeko lanak eginen ditu eta arreta berezia jarriko du erabiltzen dituen materialetan.

–Behar izanez gero, garbiketa- eta ikuztegi-lanak egitea.

–Nagusi hurrenari jakinaraziko dizkio bere lanean ikusitako gorabeherak edo anomaliak.

–Lagun eginen die erabiltzaileei eguneko zentrotik kanpoko nahiz barruko jardueretan.

–Garraio-ibilgailua gidatuko du ezarritako ibilbideetan.

–Oro har, lehenago zehaztu ez diren arren, agintzen zaizkion jarduera guztiak eginen ditu, baldin eta haren lanbidearen jardunekoak eta haren prestakuntza teknikokoak badira.

–Zentroak harrerako eskuliburua emanen dio langileari kontratua hasten denean.

Laburbilduz, laguntzaile edo gerokultoreen eginkizunak askotarikoak dira eta bilatzen dute zentroko erabiltzaile bakoitzaren ongizatea bermatzea, alegia, beren esku dagoen guztia ematea erabiltzaileei, haien ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko.

1.4. Lanaldia osoa izanen da, zerbitzuaren beharrei egokituko zaie, eta enpresako zuzendaritzak noiznahi aldatzen ahalko du, betiere lan-arloko arauak betez. Lanpostuaren lan baldintzak zentroko hitzarmen kolektiboan arautzen dira. Lanaldia partziala izan daiteke, baldin zentroko okupazioak edo ordutegiek hala eskatzen badute, eta lanaldiak astelehenetik igandera bitartera bana daitezke, baldin zentroko beharrek hala eskatzen badute, betiere behar diren atsedenaldiekin, aplikatzekoa den hitzarmenen arabera.

1.5. Kontratatutako langilearen soldata-maila izanen da zentroko hitzarmen kolektiboan aipatutako kategoriari dagokiona.

1.6. Probaldi bat ezartzen da, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboaren araberakoa.

1.7. Lan hori egiteko, erabiltzaileen datu pertsonalak eskuratzen ahalko ditu, osasunari buruzkoak barne, eta fitxategiak dauden tokietara sartzeko baimena izanen du. Une oro konfidentzialtasuna gordeko du datu pertsonalei buruz eta egindako lanen ondorioz jasotzen duen informazio guztiei buruz (egoera fisikoa, prozesu patologikoak, egoiliarren familia-egoera, etab.). Daukan informazioa lanpostuaren eginkizun eta beharretarako soilik erabiliko du, eta ez du erabiltzen ahalko lanekoaz besteko helburuetarako, ez eta hirugarren batzuei jakinarazten ahalko ere. Konfidentzialtasunaren betebeharra mugagabea da.

Konfidentzialtasun betebeharra. Hautatutako pertsonak nahitaez bermatu beharko du bere lankidetza edo lana dela medio ezagututako datuen konfidentzialtasuna eta tratamendu egokia, eta sekretu profesionalaren betebeharren mendean geratuko da, bai eta honako hauetan jasotakoen mendean ere: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa), abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa) eta hura garatzeko araudian –edo horiek ordezten edo aldatzen dituen beste edozein arautan–.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Hautaketa prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek honako hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo –Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera– langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Aurreko baldintzak betetzen ez dituzten herritarrek ere parte hartu ahalko dute, Espainian bizi eta erroldatuta badaude.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Frogatu behar dute badutela gizarte erakundeetan mendekotasuna dutenei arreta soziosanitarioa emateko lanbide kualifikazioa, zeina ezarrita baitago urriaren 19ko 1368/2007 Errege Dekretuan. Bestela, baldintza hau frogatzeko, eduki beharko dute erizaintzako zainketetako teknikariaren Lanbide Heziketako titulua edo erdi mailako heziketa zikloa (apirilaren 7ko 546/1995 Errege Dekretuaren eta apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretuaren bidez ezarritakoak). Arreta soziosanitarioko teknikariaren titulua, edo lehenago eskatutako ziurtagiria edo titulazioa lortu izana frogatzen duen gordekina. (1593/2011 Errege Dekretua, azaroaren 4koa, 496/2003 Errege Dekretua, maiatzaren 2koa, eta 1379/2008 Errege Dekretua, abuztuaren 1ekoa). Gizarte integrazioko goi mailako teknikari titulua, uztailaren 13ko 1074/2012 Errege Dekretuak ezarria, edo gizarte integrazioko goi mailako teknikari titulu baliokidea, abenduaren 22ko 2061/1995 Errege Dekretuak ezarria, abenduaren 31n zaintzaile gerontologikoaren lanbide-kategorian lanean ari zirela frogatzen duten profesionalentzat.

Halaber, baldintza hori frogatutzat joko da honako titulu hauetakoren bat izanez gero: DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketa edo lehen mailako Lanbide Heziketa. Kasu horretan, tituluaz gain, honako profesionaltasun ziurtagirietako bat ere eduki beharko da:

–Gizarte erakundeetan mendekotasuna dutenei arreta soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria, abuztuaren 1eko 1379/2008 Errege Dekretuak arautua.

–Zaintzaileen/gerokultoreen lanbide-kategoriarako salbuespenezko lanbide gaikuntzaren ziurtagiria, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak edo gizarte zerbitzuetan eskumena duten autonomia erkidegoek xedatutako beste erakunde publiko batek emana.

–Zaintzaile gerontologikoaren gaitasun profesionalak aitortzen dituen ziurtagiria, gaitasun horiek ebaluatuta lan esperientziaz eskuratutako gaitasun profesionalak egiaztatzeko prozeduraren bidez.

–Atzerrian lortutako tituluekin batera aurkeztu beharko da Espainian homologatuta daudela frogatzen duen jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, eta, gainera, beharrezkoa bada, tituluari zinpeko itzulpena erantsiko zaio.

c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko. Baldintza hori kontratazioa egin aurretik egiaztatu beharko da, enpresak eginen duen osasun-azterketaren bidez.

d) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira aurreko baldintza horiek.

3. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Sartagudako Udaleko alkateari zuzendu beharko zaizkio, eta hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Sartagudako Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, edo Sartagudako Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (https://sartaguda.sedelectronica.es/info.0), eskabide orokorraren izapidea baliatuz. Orobat, eskabideak aurkezteko erabil daitezke urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Baldin epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.

3.2. Eskabideak izanen dira I. eranskineko ereduaren araberakoak.

3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Deialdira aurkezten diren merezimenduen kopia, II. eranskinaren arabera balora daitezen.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Baldintza hauek eskura egonen dira Sartagudako Udalaren web-orrian, baita iragarki-taulan ere.

3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

3.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, eskaera-orrian adieraziko dute, aparteko orri batean azalduz nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaituak direla frogatzen duen agiria ere, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emandakoa.

3.7. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Sartagudako Udaleko alkateak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen zerrenda, eta argitaratuko da Sartagudako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrietan.

4.2. Izangai baztertuek 5 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

Izangai bazterturik ez badago, izangai onartuen zerrenda behin betikoa bihurtuko da, eta argitaratuko da Sartagudako Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren web-orrietan.

4.3. Erreklamazioak jartzeko epea iraganik, eta behin horiek ebatzirik (halakorik izanez gero), Sartagudako Udaleko alkateak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Sartagudako Udaleko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko da; eta argitalpen horretan zehaztuko dira proben tokia, eguna eta hasteko ordua, baita epaimahaiaren behin betiko osaera ere.

Ondoren, epaimahaiak argitaratuko ditu hautaketako espediente-izapideko iragarkiak, Sartagudako Udalaren web-orrian.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: José Ignacio Eguizabal Martínez, Sartagudako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Nagore Villar Campo, Sartagudako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Eva María Portas Amatria, Sartagudako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Ketty Vidal Barcia, Sartagudako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: María Jesús Campo Martínez, Sartagudako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Paolo Albanese Weis, Sartagudako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Misael Narros Martin, I3e-ko aholkularia.

Ordezkoa: María Moreno Etayo, I3e-ko aholkularia.

Epaimahaikidea: Yaquelín Maestre Corpas (erizaina eta Artaxoako zahar etxeko zuzendaria).

Ordezkoa: Vanessa Sola Iso, I3e-ko aholkularia.

Epaimahaikide idazkaria: Raúl Echarri Jiménez, Sartagudako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Miguel Ángel Fuertes Martínez, Sesmako Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

5.3. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek–. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari buruz eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruak kalitateko botoa erabiltzen ahalko du.

Halaber, ahalmena izanen du beharrezkotzat jotzen dituen barneko jardun-arauak emateko, zuzen egin daitezen oposizio-lehiaketako probak, betiere deialdiaren oinarrietara egokituz.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Deialdiaren bilakaera.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi, eta lehiaketaldia gero.

6.2. Oposizioa 2026ko urtarrileko bigarren hamabostalditik aurrera hasiko da.

Probetarako, dei bakarra eginen da, eta hartara izangaiek nortasun agiri nazionala daramatela agertu beharko dute. Bazterturik geldituko dira probetara agertzen ez diren hautagaiak. Probetan iruzurrik egiten bada, edozein delarik ere, izangaia berehala baztertuko da, eta, gainera, behar diren jarduketa penalak gauzatuko dira, bidezkoak badira.

6.3. Merezimenduen lehiaketaldia (30 puntu).

Izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko dira deialdi honen II. eranskinari jarraikiz.

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen. Oposizioaldiaren ondoren eginen da, eta gehienez 30 puntu emanen dira.

Merezimenduak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak, edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Betiere, probak egin ondotik eginen da merezimenduen balorazioa, eta bertan jasoko dira izen-deiturak (Datuak Babesteko Legean ezartzen denaren arabera) eta puntuazioa.

6.4. Oposizioaldia. Gaitasun tekniko-teorikoko proba (60 puntu).

30 galderako azterketa bati erantzutea. Test motakoa izanen da, III. eranskineko gaiei buruzkoa, egiaztatzearren izangaiek lanpostuaz dituzten ezagutzak.

Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Erantzun zuzen bakoitzak 2 puntu bat emanen ditu, eta erantzun oker bakoitzak 0,25 puntu kenduko du.

Proba honetan gehienez 60 puntu lortzen ahal dira, eta bazterturik geldituko dira 30 puntu, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

Lehen ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere ordubete izanen dute.

6.5. Proba kalifikatzen bukatutakoan, epaimahaiak Udalaren webgunean argitaratuko du proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta bertan jasoko dira izen-deiturak (Datuak Babesteko Legean ezartzen denaren arabera) eta puntuazioa. Orobat, adieraziko ditu hurrengo proba egiteko eguna eta tokia.

6.6. Proben emaitzen kontra erreklamazioa paratzen ahalko da 3 egun naturaleko epean, emaitzak Udalaren webgunean eta tauletan argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean bertan azaldutakoaren arabera.

6.8. Azken kalifikazioa edo azken balorazioa kalkulatzeko, batuko dira proba guztien eta aurkeztutako merezimenduen puntuazioak.

6.9. Elkarrizketa epaimahaiarekin (10 puntu).

Epaimahaiak bere iritzian soilik oinarriturik baloratuko du zer neurritan diren egokiak puntuazio hoberena lortu duten 10 izangaiak, hau da, proba teknikoan eta merezimendu-lehiaketan puntuazio hoberena lortu duten 10 izangaiak. Postuaren lanbide-profilaren arabera baloratuko du egokitasuna.

Epaimahaiak elkarrizketako puntuazioa batuko die aurreko probetan lortutakoei.

Epaimahaiak, balorazioa egiteko, aintzat hartuko ditu lanpostuaren ezaugarriak, izangaien egokitasuna eta noraino egokitzen zaizkion postuaren profilari, eta bere iritzian soilik oinarriturik hautatuko du postuaren profilari hobekien egokitzen zaion izangaia, eta ordezko bat edo gehiago ere hautatzen ahalko ditu, bidezko irizten badio.

Era berean, epaimahaiak erabakitzen ahalko du hautaketa prozesua bete gabe deklaratzea, guztiz edo partez, baldin eta uste badu izangaiak ez direla egokiak hautaketaren xede den posturako.

Epaimahaikideek nork bere aldetik jarriko dituzte puntuazioak, eta horiekin batezbesteko aritmetikoa eginen da izangai bakoitzari puntuazioa emateko.

Elkarrizketaren emaitza Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da, eta, horrekin batera, alegazioak aurkezteko 5 laneguneko epea hasiko da. Alegazioak egiteko, idazki bat aurkeztu behar da Sartagudako Udalaren erregistroan edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Epea iragan ondoan –eta alegazioak ebatzi ondoan, halakorik bada–, onetsirik geldituko da, eta emaitzen behin betiko zerrenda emanen da argitara.

Gehienez ere, 10 puntu lortzen ahal dira. Ez da baztertzailea izanen.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda prestatuko du, lortutako puntuazioaren ordenan, eta argitara emanen du Udalaren web-orrian. Orobat, zerrenda udalburuari igorriko dio, espediente osoarekin batera, bai eta puntuazio handiena lortu duenaren aldeko izendapen proposamenekin batera ere.

Azken puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, ebatziko da lehen proban (hots, proba teorikoan) puntuaziorik handiena duenaren alde. Berdinketak segitzen badu, ebatziko da merezimenduen balorazioan puntuazio handiena lortu duenaren alde. Halere berdinduta jarraitzen badute, zozketa publiko baten bidez ebatziko da izendapen proposamena.

7.2. Izendapen proposamena Sartagudako Udalaren web-orrian argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Sartagudako Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren bigarren oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Deialdiaren bigarren oinarrian zehaztutako gainerako baldintzak betetzen direla frogatzeko agiriak.

d) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunetan aritzea.

Jatorrizko agiria edo haren kopia konpultsatua aurkeztu behar dira kasu guztietan.

7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe hasierako eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaizkion erantzukizunak.

7.4. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarrian aipatzen den zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

7.5. Proposatutako izangairen batek espresuki uko egiten badio kontratazioari, ulertuko da izendapen proposamenean sartzen dela probak gainditu dituen eta puntuazioaren arabera hurrengoa den izangaia.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Sartagudako Udaleko alkate udalburuak izendatuko du, jardun dezan Sartagudako eguneko zentroko gerokultore lanpostuan.

8.2. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Sartagudako eguneko zentroko zuzendari-teknikari lanposturako izendatua izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

9. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

9.1. Hautapen-prozedura gainditu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaiak aldi baterako kontratazioak egiteko zerrenda batean sartuko dira.

9.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da Sartagudako udaletxeko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian. Erakunde autonomoko buruaren ardura izanen da zerrenda kudeatzea.

9.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

9.4. Kontratazio zerrendek bost urteko indarraldia izanen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

9.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Probak gainditu dituzten izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono eta helbide elektroniko ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik eduki beharko dituzte.

Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei.

Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.

Lan-kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan edo lanpostua premiaz bete behar eta arestian dei egiteko ezarritako bi eguneko epea itxaron ezin denetan, izangaiarekin harremanetan jartzea lortu ondoren lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoa bete behar izan gabe.

Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu bat betetzeko kontrataziorik eskainiko, deia beste lanpostu bati dagokion beste zerrenda batetik egiten denean izan ezik.

Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin osatzeko, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.

Deiak amatasun edo adopzio lizentzien kasuetan.

Amatasun edo adopzio lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barnean aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei hura erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

Lanpostuan sartuko dira amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarendako ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatutakoan.

B) Uko egitea:

Izangai batek uko egiten baldin badio eskaini zaion lanpostuari, zerrendaren bukaerara igaroko da, salbu frogatzen badu honako egoera hauetako batean dagoela:

1.–Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia edukitzea umea izateagatik edo adoptatzeagatik.

3.–Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala nahiz adoptatua. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz itzuliko aktibo egotera, harik eta behar bezala frogatzen duten arte ukorako arrazoia bukatu dela.

4.–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinagatik, istripuagatik edo eritasunagatik.

5.–Izangaiaren ezkontza edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Foru Legea), parekoa den egoera, baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Zerrendatik kanpo gelditzea:

Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

d) Probaldia ez gainditzea.

e) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.

f) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, kontratatzen den langileak ez duelako gaitasunik lanpostuan aritzeko edo hartara ez delako egokitu, ikusirik errendimendu eskasa, edo lanpostuaren edukian gertatutako aldaketak direla medio.

9.6. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuko dira eta hartan kidetuko; beraz, haien kargura izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintza onetsi zuen organoari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Zuzenean gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Sartagudan, 2025eko azaroaren 24an.–Alkatea, José Ignacio Eguizabal Martínez.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Izen-deiturak: ........................................................................................................., adinez nagusia, nortasun agiri nazionalaren zenbakia: ......................................., bizitokia: ......................................., kalea: ............................................, zenbakia: .................., posta kodea: ..................., telefonoa: .....................

Zure aurrera azaldu, eta adierazten dut:

Eskatzen dudala onar nazatela Sartagudako Udalak onetsi duen deialdi batean, zeinaren xedea baita lanaldi osoko gerokultore lanpostu bat kontratatzea Sartagudako eguneko zentroan garatzen diren Sartagudako eguneko zentroko programetarako eta Autonomia Sustatzeko eta Familiari Atseden Emateko Programarako, eta, orobat, izangaien zerrenda bat eratzea balizko ordezkapen, baja edo errefortzu-beharretarako. Deialdia argitaratu zen zenbaki hau duen Nafarroako Aldizkari Ofizialean: .........., egun honetan: ...............................

Ez dudala karguan aritzea eragozten didan eritasun edo akats fisikorik.

Ez dudala indarrean diren xedapenetan ezarritako ezgaitasunetarik bat ere.

Badudala deialdian eskatzen den titulazioa.

Onartzen ditudala deialdiaren oinarriak eta men egiten diodala haien edukiari.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Desgaitasun hau dudanez: ...................................................................... ariketak egin ahal izateko egokitzapenak eskatzen ditudala denborari eta baliabideei dagokienez: BAI/EZ.

Hartara, honekin batera aurkezten dut legeen arabera desgaitasuna dudala frogatzen duen jatorrizko agiria, organo eskudunak emana, edo haren fotokopia konpultsatua.

Alegatutako merezimenduen ziurtagiriak aurkezten ditudala.

Horiek horrela, ESKATZEN DUT:

Eskabidea tenorez eta moduz aurkeztutzat harturik, deialdiaren probetan onartua izatea.

(Data eta eskatzailearen sinadura)

DATUEN BABESARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA. Hemen erregistratutako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna: Sartagudako Udala. Helburua: langileak hautatzea deialdiko lanpostuak betetzeko. Eskubideak: datuak eskuratu, zuzendu eta ezereztekoak.

II. ERANSKINA–MEREZIMENDUEN BALORAZIOA

A) Laneko esperientzia. Gehienez ere 20 puntu.

–Zaharren egoitza edo eguneko zentro publiko zein pribatuetan gerokultore lanetan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 5 puntu, eta gehienez ere 15 puntu.

–Titulartasun publikoko beste baliabide batzuetan gerokultore lanetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 2 puntu, eta gehienez ere 10 puntu.

–Titulartasun pribatuko beste baliabide batzuetan gerokultore lanetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1 puntu, eta gehienez ere 5 puntu.

Esperientzia denborak urte osoa egiten ez badu, proportzioan dagokiona emanen zaio.

Egin diren zerbitzuak frogatuko dira soilik administrazio publikoak edo dagokion enpresak emandako ziurtagirien bidez.

B) Prestakuntza ikastaroak. Gehienez ere 10 puntu.

–Erizaintzako laguntzailearen (EZLT) erdi mailako gradua izateagatik: 2 puntu.

–Arlo soziosanitarioko goi mailako gradua izateagatik: 3 puntu, gradu bakoitzeko.

–Pertsonarengan zentratutako arretaren arloko prestakuntza programak egiteagatik, prestakuntza ziurtatuko 10 orduko: 0,1 puntu, eta gehienez ere 5 puntu.

–Lanpostuarekin zerikusia duten gaien arloko hobekuntza-ikastaroak egiteagatik, jatorrizko tituluaren edo fotokopia konpultsatuaren bidez frogatuta. (Mobilizazioak, zainketa aringarriak, jokabide-arazoen maneiua, dementziak eta komunikazioa).

  • Prestakuntza ziurtatuko 10 orduko: 0,1 puntu, eta gehienez ere 6 puntu.

–Berdintasuneko prestakuntza egiteagatik, prestakuntza ziurtatuko 10 orduko: 0,1 puntu, eta gehienez 2 puntu.

Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak.

Betiere, hautaprobak egin ondotik baloratuko dira merezimenduak, eta bertan jasoko dira izen-deiturak eta puntuazioa.

III. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubideak eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan-osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: lanbide-gaixotasunaren kontzeptuak, lan-istripua. Ergonomia: gorputz mekanika.

2.–Osasunaren eta gaixotasunaren kontzeptua. Bilakaera eta paradigmak. Osasunean eragina duten faktoreak.

3.–Lantaldearen eta diziplina anitzeko lantaldearen kontzeptua. Komunikazio kontzeptua eta motak, komunikazioan eragina duten faktoreak, komunikatzeko gaitasun sozialak. Enpatia eta entzute aktiboa. Laguntza emozionala ematea pazienteari, zaintzaile nagusiari eta familiari.

4.–Pazientearen eskubideak, betebeharrak eta autonomia. Sekretu profesionala: kontzeptua eta araudi juridikoa. Historia klinikoa: definizioak, eginkizunak eta historia motak. Historia klinikoaren lege eta osasun alderdiak. Agirien diseinua eta normalizazioa.

5.–Infekzio nosokomiala: Definizioa, kate epidemiologikoa, oztopo higienikoak. Prebentzio neurriak, isolamendua. Arretazko neurri unibertsalak. Eskuen garbiketa eta norbera babesteko ekipamenduak erabiltzea.

6.–Garbiketa, desinfekzioa, asepsia, antisepsia eta esterilizazioa. Desinfektatzaileak eta antiseptikoak: Ekintza mekanismoak eta garbiketarako eta desinfekziorako metodoak. Gehien erabiltzen diren antiseptikoak eta desinfektatzaileak. Esterilizazio kontzeptua. Esterilizazio metodoak. Esterilizazioaren kontrol motak. Kalitatearen kontrola. Material esterilaren manipulazioa eta kontserbazioa.

7.–Lagin biologikoak hartu eta garraiatzeko prozedura: Lagin biologikoaren kontzeptua. Laginak hartzeko, manipulatzeko, garraiatzeko eta kontserbatzeko prozedurak.

8.–Hondakinen kudeaketa: definizioa, sailkapena, biltegiratzea, garraioa, ezabaketa eta tratamendua.

9.–Mugitzeko arazoak dituen pazienteari laguntzea: mugikortasun eta mugiezintasun fisikoa; mugikortasunean eragiten duten faktoreak. Oinez ibiltzen laguntzeko teknikak. Posizio anatomikoa eta gorputz lerrokadura. Presio-ultzerak: kontzeptua, arrisku-faktoreak, kokapena, etiologia eta prebentzio-neurriak. Mobilizazioa eta gorputz-jarrerak aldatzea. Erortzeko arriskua, prebentzio neurriak. Laguntzeko gailuen erabilera egokia.

10.–Pazientea laguntzea eta zaintzea higiene-beharretan. Higiene orokorraren eta partzialaren kontzeptua, azalaren eta ilearen higienea, bainu lagunduaren teknika, ohean dagoen pazientearen higienea. Aho osasuna eta higienea.

11.–Sistema neuroendokrinoa eta zentzumenen organoak. Fisiologia eta patologia ohikoenak.

12.–Bihotz-hodietako sistemaren patologia eta anatomofisiologia. Sintomatologia. Bihotz-zikloa eta bihotz-gastua. Bizi-konstanteak eta erregistro grafikoak.

13.–Arnas sistemaren anatomofisiologia. Arnasketa arazoak dituzten pertsonen balorazioa eta zainketak. Sintomatologia eta patologia nagusiak. Oxigenoterapia eta bestelako teknikak. Oxigenoa emateko metodoak, arretazko neurriak eta materiala garbitzeko metodoak.

14.–Pazientea lagundu eta zaintzea, kanporatze lanei dagokienez. Diuresia eta libratzea, enema motak, enemen administrazioa. Ezagutzak eta laguntzeko jarduerak, gernu, digestio eta ondeste aparatuetako zundaketak egiteko.

15.–Digestio aparatuaren patologia eta anatomofisiologia. Metabolismoa, nutrizioa eta hari lotutako patologiak. Pazientea lagundu eta zaintzea elikaduran eta nutrizioan. Elikaduraren eta nutrizioaren kontzeptua, elikagaiak eta haien sailkapena, dietak eta dieta terapeutiko motak. Elikadura enterala eta parentala: kontzeptua eta teknikak.

16.–Medikamentuak emateko arau orokorrak, emateko bideak, arretazko neurriak aldez aurretik, bitartean eta eman ondotik. Medikamentuak biltegiratu eta kontserbatzea. Segurtasun klinikoa: gertaera kaltegarriak identifikatzea.

17.–Urgentzia/emergentzia kontzeptua. Oinarrizko berpizte kardiopulmonarra, oinarrizko bizi euskarria. Bihotz-biriken geldialdietarako orga. Lehen sorospenak: politraumatizatuak, erreak, shock egoerak, intoxikazioa, zauriak, hemorragiak eta asfixiak.

18.–Osasun mentaleko pazientea zaintzea eta laguntzea honako hauetan: komunitate terapeutikoan eta eguneko ospitalean, eta errehabilitazio psikosozialaren esparruan, arreta komunitarioan eta etxeko bisitetan.

19.–Pazientea zaintzea eta laguntzea, miaketa bat egiteko eta ebakuntza kirurgiko baterako prestatzean: Jarrera anatomikoak. Ebakuntza egin aurretiko eta ondorengo arreta.

20.–Laguntza eta zaintza zaharrari: zahartasunaren kontzeptua, zaharraren zainketak, zahartzeari lotutako aldaketa fisiologikoak. Dementzia duen pazientea laguntzea.

21.–Laguntza eta zainketak hil hurren den pazienteari, zainketa aringarriak: Gaixotasun terminalaren kontzeptua, arazo nagusiak. Dolua, motak eta adierazpenak, laguntza ematea zaintzaile nagusiari eta familiari. Hil ondoko zainketak.

22.–Pertsonarengan zentratutako arretaren (PZA) eredua. Espazioak etxekotzea. Jarduera garrantzitsuak.

23.–Intimitatearen, independentziaren, autonomiaren, heteronomiaren eta mendekotasunaren kontzeptuak.

24.–Laguntza teknikoak, laguntza teknikoen maneiuak. Ergonomia.

Iragarkiaren kodea: L2515378