1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
436E/2025 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez berrikusten baita landare produktu izoztuak ekoizten dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Izan ere, egiaztatu da instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakiari, zeinaren bidez ezartzen baitira elikagaien, edarien eta esnearen industrietarako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak; hori guztia bat etorriz teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin, zeina jasotzen baita ebazpen honen eranskinean. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Funesko udal mugartean dago eta haren titularra Ultracongelados Virto SAU da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 7ko 651/2012 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 14ko 149E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta, geroago, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 19ko 264E/2020 Ebazpenaren bidez aldatua.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakiaren bidez; erabaki horretan elikagaien, edarien eta esnearen industrietarako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria isuriei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.
2023ko maiatzaren 15ean, aplikatuz uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege horren testu bategina), Ultracongelados Virto SAUri eskatu zitzaion 2023ko abuztuaren 4a baino lehen aurkez zezala bere ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2023ko uztailaren 28an aurkeztu zuen dokumentazioa.
Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondotik, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak egiaztatu du instalazioa egokituta dagoela Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakira, non ezartzen baitira elikagaien, edarien eta esnearen industrietarako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauarekin.
Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.
Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 19. artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen-proposamenak instalazioaren titularrari entzuteko izapidea bete du, hamabost eguneko epean. Ebazpen honen II. eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Berrikustea landare produktu izoztuak ekoizten dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Izan ere, egiaztatu da instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakiari, zeinaren bidez ezartzen baitira elikagaien, edarien eta esnearen industrietarako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak; hori guztia bat etorriz teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin, zeina jasotzen baita ebazpen honen eranskinean. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Funesko udal mugartean dago eta haren titularra Ultracongelados Virto SAU da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ultracongelados Virto SAUra eta Funesko Udalera.
Iruñean, 2025eko azaroaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Larrañeta Nido.
Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2515567