1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
248/2025 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, aldaketak eta akats batzuen zuzenketa egiten dituena Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 15eko 208/2025 Ebazpenean, zeinaren bidez onesten baitira, batetik, maisu-maistren kidegoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko plazetan sartzeko hautapen prozedura, eta bestetik, kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura.
Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 15eko 208/2025 Ebazpenaren bidez onesten dira, batetik, maisu-maistren kidegoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko plazetan sartzeko hautapen prozedura, eta bestetik, kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura.
Bidezkoa da aldatzea praktikaldiari buruzko hamargarren oinarriko 5. atala, irakasle lanetan egoki aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa egiaztatzeko moduari dagokionez, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ezarritako prozedura berriarekin bat eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren adostasunarekin.
Era berean, kontuan hartuta zalantzak sortzen ari direla programazio didaktikoaren alderdi formalak interpretatzeko orduan, egokitzat jotzen da alderdi formalen testua aldatzea V. eranskinean (bigarren probaren zehaztasunak: programazio didaktikoa eta unitate didaktikoa), 3.2 puntuan.
Beste alde batetik, akats bat atzeman da irailaren 15eko 208/2025 Ebazpenean, unibertsitate irakaskuntzen antolaketa eta haien kalitatea segurtatzeko prozedura ezartzen dituen arauaren aipamenari dagokionez, ez baita aipatzen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretua, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua (unibertsitate irakaskuntza ofizialen antolamendua ezartzen duena) indargabetu zuena; izan ere, 1393/2007 Errege Dekretua aipatzen da deialdian, I. eranskineko 2.2 eta 3.1 ataletan.
Azkenik, akats bat dago sarrera prozeduretako oposizioaldiko lehen probaren B zatia garatzeko moduan, zazpigarren oinarrian honako hau ezartzen baita: "25 gai edo gutxiago dituzten espezialitateetan, bi gairen artean aukeratuko da. 25 gai baino gehiago eta 51 gai baino gutxiago dituzten espezialitateetan, lau gairen artean aukeratu beharko da, eta 50 gai baino gehiago dituzten espezialitateetan, bost gairen artean aukeratu beharko da. Espezialitate bakoitzean aplikatuko diren gai-zerrendak indarrean daudenak dira, eta deialdi honen II. eranskinean agertzen dira." Alabaina, 276/2007 Errege Dekretuak, otsailaren 23koak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakasleen kidegoetan sartu, kidego horietara igo eta espezialitate berriak eskuratzeari buruzko erregelamendua onesten duenak, sarrera prozedurei dagokienez, 21. artikuluan, hauxe ezartzen du: "B zatia: Zati honetan, izangaiak, idatziz, gai bat garatu beharko du, alegia, epaimahaiak ausaz ateratzen dituenen artean aukeratzen duena. Epaimahaiak ausaz hautatuko dituen gai horien kopurua espezialitate bakoitzeko gai zerrendan dagoen guztirako kopuruaren araberakoa izanen da, honako irizpide hauek kontuan hartuta:
...
b) 25 gai baino gehiago eta 51 baino gutxiago dituzten espezialitateetan, hiru gairen artean aukeratu behar da.
c) 50 gai baino gehiago dituzten espezialitateetan, lau gairen artean aukeratu beharko da."
Azaldutakoan oinarrituta, zuzendu egin behar da atzemandako akatsa, epaimahaiak, II. eranskinari jarraikiz osatutako gai-zerrendako gaien arabera, ausaz atera beharreko gaien kopuruari dagokiona.
Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren abuztuaren 31ko 1/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Aldatzea Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 15eko 208/2025 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baitira, batetik, maisu-maistren kidegoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko plazetan sartzeko hautapen prozedura, eta bestetik, kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura. Honako hau da aldaketa:
A) Praktikaldiari buruzko hamargarren oinarriko 5. atala aldatzea. Testu hau izanen du:
"5. Praktikaldian zehar, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua harremanetan jarriko da sarrerako hautapen prozeduren ondorioz praktiketako funtzionario direnekin, egiaztapen txosten bat egiteko; txosten horrek frogatu beharko du izangaiek ez dutela irakaskuntzan aritzea eragozten dien eritasunik edo gabezia fisiko edo psikikorik. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak igorriko dio txosten hori Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari."
B) V. eranskineko (Bigarren probako zehaztapenak: programazio didaktikoa eta unitate didaktikoa) 3. ataleko (Programazio didaktikoa) 3.2 azpiatala (Alderdi formalak) aldatzea, honela:
"Programazio didaktikoak eta, egokia denean, urteko laguntza planak gehienez ere 50 orrialde zenbakitu izanen dituzte, DIN-A4 formatuan, lerroarte arruntarekin, gutxienez 12 puntuko Arial letra erabiliz, konprimatu gabe. Grafiko, taula, irudi eta antzekoetan gutxienez 10 puntuko Arial letra erabiltzen ahalko da. Argazki oinetan, orri oinetan eta goiburuan Arial ez den beste letra mota bat eta aipatutako tamainetakoak ez direnak erabiltzen ahalko dira. Azalaren diseinua libre da, baita kontrazalarena ere, baina nahitaez jasoko dira izangaiaren izena, abizenak eta NANeko edo identifikazio agiriko zenbakia. Programazio didaktikoaren azala, kontrazala eta aurkibidea ez dira zenbatuko 50 orrialde horien barnean. Izangaiak bere borondatez eranskinak edo material lagungarriak gehitzen baditu, ulertuko da baimendutako orri kopuruaren barruan daudela, eta horiek ere aipatutako ezaugarri teknikoak bete beharko dituzte. 10 unitate didaktiko izan beharko ditu, gutxienez.
Unitate didaktiko horiek zenbakituta eta garatuta egon beharko dute, eta epaimahaiak unitate didaktikoaren aurkezpenaren eta defentsaren jarraipena egin ahal izateko informazio nahikoa eduki."
2. Zuzentzea Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 15eko 208/2015 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baitira, batetik, maisu-maistren kidegoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko plazetan sartzeko hautapen prozedura, eta bestetik, kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura. Honako hau da zuzenketa:
A) Zuzentzea irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuaren aipamena I. eranskineko bi ataletan ez agertzeagatik egindako akatsa. Errege dekretu horren bidez unibertsitate irakaskuntzen antolaketa eta haien kalitatea segurtatzeko prozedura ezartzen dira. Honako hauek dira atalak:
A.1. I. eranskinean (Maisu-maistren kidegoan sartzeko merezimenduak baloratzeko baremoa), 2.2 atalean (Graduondokoak, doktoretza eta aparteko sariak), 2.2.1 azpiatalean, honako hau esaten duen tokian:
"2.2.1. Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua), master titulu ofizial bakoitzagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren arabera, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera edo abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren arabera lortua), ikertzeko nahikotasunagatik edo beste edozein titulu baliokiderengatik, betiere titulu horiek irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa eskatu ez badira:"
Honela behar du:
"2.2.1. Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diploma bakoitzagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua), master titulu ofizial bakoitzagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren arabera, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera, abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren arabera edo irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuaren arabera lortua), ikertzeko nahikotasunagatik edo beste edozein titulu baliokiderengatik, baldin eta titulu horiek irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa eskatu ez badira:"
A.2. I. eranskinean (Maisu-maistren kidegoan sartzeko merezimenduak baloratzeko baremoa), 3.1 atalean (Etengabeko prestakuntza), bigarren puntuan, honako hau esaten duen tokian:
"2. 3.1 azpiapartatu honetan ez dira inolaz ere baloratuko titulu akademiko baten (doktoretza barne), master baten edo graduatu ondoko beste titulazio baten curriculuma osatzen duten ikastaro edo irakasgaiak. Ikastaro horiek bukatu eta dagozkien tituluak eskuratuta, titulu horiek, egoki bada, 3.1 azpiapartatuaren arabera baloratuko dira (778/1998 Errege Dekretuaren eta Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa aldatzen duen apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren 34.1 artikuluaren arabera lortutako titulu ez-ofizialak), edo, hala badagokio, 2.2 apartatuaren arabera (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren edo abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren arabera lortutako titulu ofiziala bada)."
Honela behar du:
"2. 3.1 azpiatal honetan ez dira inolaz ere baloratuko titulu akademiko baten (doktoretza barne), master baten edo graduatu ondoko beste titulazio baten curriculuma osatzen duten ikastaro edo irakasgaiak. Ikastaro horiek bukatu eta dagozkien tituluak eskuratuta, titulu horiek, egoki bada, 3.1 azpiatalaren arabera baloratuko dira (778/1998 Errege Dekretuaren eta Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa aldatzen duen apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren 34.1 artikuluaren arabera lortutako titulu ez-ofizialak), edo, hala badagokio, 2.2 atalaren arabera (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren, abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren edo irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuaren arabera lortutako titulu ofiziala bada)."
B) Zazpigarren oinarrian dagoen akatsa zuzentzea, lehen probaren B zatia garatzeko moduari dagokiona. Honako hau dioen tokian:
"25 gai edo gutxiago dituzten espezialitateetan, bi gairen artean aukeratuko da. 25 gai baino gehiago eta 51 gai baino gutxiago dituzten espezialitateetan, lau gairen artean aukeratu beharko da, eta 50 gai baino gehiago dituzten espezialitateetan, bost gairen artean aukeratu beharko da. Espezialitate bakoitzean aplikatuko diren gai-zerrendak indarrean daudenak dira, eta deialdi honen II. eranskinean agertzen dira."
Honela behar du:
"25 gai edo gutxiago dituzten espezialitateetan, bi gairen artean aukeratuko da. 25 gai baino gehiago eta 51 gai baino gutxiago dituzten espezialitateetan, hiru gairen artean aukeratu beharko da, eta 50 gai baino gehiago dituzten espezialitateetan, lau gairen artean aukeratu beharko da. Espezialitate bakoitzean aplikatuko diren gai-zerrendak indarrean daudenak dira, eta deialdi honen II. eranskinean agertzen dira."
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
5. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Hautatze Prozeduren Atalera, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2025eko azaroaren 24an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Ricardo Iribas Latour.
Iragarkiaren kodea: F2515485