Iragarkia
248. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 15a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
AKATS ZUZENKETA, ez zirelako argitaratu 68/2025 Foru Aginduaren oinarriak. Haren bidez, unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza bekaren deialdia egin zen, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan aritzeko.
2025eko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 9koan, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren azaroaren 12ko 68/2025 Foru Agindua argitaratu zen, unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza bekaren deialdia egiten duena, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan aritzeko. NGDDB identifikazioa: 834695.
Akats bat atzeman da, deialdiaren oinarriak ez direlako argitaratu, eta, beraz, iragarki hau argitara emanez zuzentzen da, falta diren oinarriak bertan direla.
Iruñean, 2025eko abenduaren 10ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
BI PRESTAKUNTZA BEKA EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK, VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ZUZENDARITZA NAGUSIKO ARTXIBOEN ETA DOKUMENTU ONDAREAREN ZERBITZUAN ARITZEKO
1. Xedea.
Oinarri hauen xedea da unibertsitateko tituludunei (gradua, lizentzia edo titulu baliokide bat dutenei) bi prestakuntza beka emateko deialdia arautzea. Bekak norgehiagokako araubidean emanen dira, eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan aritzeko dira.
Beken helburua da unibertsitate tituludunen prestakuntza bultzatzea, zuzenean ezagut dezaten zer jarduketa egiten dituzten artxiboen eta dokumentu ondarearen arloan Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak eta hura osatzen duten artxibo zentroek: Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Artxiboak.
2. Aurrekontuko diru erabilgarria.
Beka honi aurre egiteko gastua, guztira, 33.928,32 eurokoa da, 16.964,16 euro beka bakoitzerako (Gizarte Segurantzako kotizazioak barne). Honela banatuko da:
–2026ari dagokion gastua, guztira 33.778,64 eurokoa, 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 2025eko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Bekak" izeneko A21002 A2200 4800 332100 partidaren baliokidea izanen denaren kontura ordainduko da.
–2027ari dagokion gastua, guztira 149,68 euro, 2026ko abenduko Gizarte Segurantzari dagokiona, 2027ko urtarrilean ordainduko da, urte horretako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den aurrekontu-partidaren kontura.
–Hurrengo urteetan, bekak luzatzen badira, bakoitzaren zenbatekoak berberak izanen dira: 1.350 euro gordin hilean, gehi gizarte segurantzako kuotari dagozkion 63,68 euro hilean. 2027an eta 2028an, luzatutako bekei dagokien gastua urte horietako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den aurrekontu-partidari egotziko zaio.
–2026, 2027 eta 2028ko Gizarte Segurantzako kuota aldatzen bada, foru agindu honetan erreserbatutako eta baimendutako zenbatekoak eguneratzen ahalko dira, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
3. Iraupena.
Bekaldia esleipenaren ebazpenean adieraziko den egunean hasiko da (nolanahi, ezin da izan 2026ko urtarrilaren 1a baino lehenago), eta 2026ko abenduaren 31n bukatuko da. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari eskatuz gero, beka luzatzen ahalko da, 12 hilabeteko aldietarako, gehienez ere hiru urte bete arte, lehenbiziko aldia eta luzapenak kontaturik.
4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.
Beka bakoitzak 1.350 euro gordineko zuzkidura izanen du hilean. Indarreko araudiaren arabera nahitaezkoa denean, zenbateko horren ordainketari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, baita bekadunen kotizazioari dagokiona ere.
Bekak hilero ordainduko dira, hila bukaturik.
Beken onuradunei ordaintzen zaien dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.
5. Bateraezintasunetarako.
Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.
6. Eskatzaileak.
Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:
a) 1. oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea (gradua, lizentzia edo baliokidea), Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean lortu izana.
b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.
c) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.
d) Adinez nagusia izatea.
e) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduaren 13.2 artikuluarekin.
f) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.
7. Balorazio baremoa.
Eskaerak baloratzeko, honako baremo honen arabera kalifikatuko dira merezimenduak:
a) Ikasketa espedientea. Gehienez ere: 4 puntu.
Ikasketa-espedientearen batez besteko nota baloratuko da, azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuaren arabera (errege dekretu hori abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen).
Nahiko: 1 puntu.
Oso ongi: 2 puntu.
Bikain: 3 puntu.
Ohorezko matrikula: 4 puntu.
b) Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa eta frantsesa. Gehienez ere: 1,5 puntu.
Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C1 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 0,50 puntu emanen dira hizkuntza bakoitzarengatik. B2 tituluak edo ofizialki horien baliokideak diren tituluak 0,25 punturekin baloratuko dira.
c) Beste unibertsitate titulu akademiko batzuk. Gehienez ere: 2,5 puntu.
Artxiboei buruzko masterra edo baliokidea izatea: 2 puntu. Beste titulu akademiko batzuk (graduak, diplomak, lizentziak edo graduatu ondokoak): 0,50 puntu bakoitza.
d) Artxiboekin zerikusia duten baina unibertsitateko tituluaren ikasketa planean sarturik ez dauden gaietan langile gisa izandako esperientzia. Gehienez ere: 1 puntu.
0,25 puntu emanen dira langile gisa emandako hiru hilabeteko aldi bakoitzeko. Hiru hilabetetik gorako aldiak baizik ez dira baloratuko, behar bezala justifikaturik badaude dokumentu fede-emaile baten bidez (ziurtagiria, nomina, aitorpena...).
e) Dokumentuak eta artxiboak kudeatzeko bestelako prestakuntza, ikastaro espezializatuen bidez eskuratua. Gehienez ere: 1 puntu.
Dokumentuen eta artxiboen kudeaketari buruzko prestakuntza, ikastaro espezializatuen bidez eskuratua, 0,10 punturekin baloratuko da guztira 10 ordutik gorakoa den ikastaro bakoitzeko, betiere erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu badute.
Eskatzaileen artean berdinketarik izanez gero, baremoko a) atalean puntu gehien erdietsi duenaren alde joko da. Berdinketak irauten badu, c) atalean puntu gehien lortzen duenaren alde joko da, eta, ondoren, behar izanez gero, d), e) eta b) ataletako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horretan. Azkenik, behar izatera, zozketaz ebatziko da.
8. Eskaerak.
8.1. Prestakuntza beka hau lortu nahi duten pertsonek Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko erregistroan aurkeztu beharko dute eskabidea (Navarrería kalea 39, Iruña), edo Nafarroako Gobernuko erregistroaren edozein bulegotan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan.
Eskabideak telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
8.2. Honako agiri hauek aurkeztu behar dira eskabide orokorrarekin batera:
a) Eskabide-orria (oinarri hauen eranskinean).
b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.
c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, haren batez besteko nota adierazita eta espresuki aipatuta ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioak eta zein deialditan gainditu zituen.
d) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.
e) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
f) Nafarroan erroldatua egotearen ziurtagiria, erroldatzearen antzinatasuna zehaztuta.
g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.
h) Alegatutako merezimenduen gaineko egiaztagirien dokumentuak eta fotokopiak, zazpigarren oinarriaren arabera baloratuak izateko.
8.3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpena jakinaraziko zaio.
8.4. Prestakuntza beka hauek jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
9. Ebaluazio Batzordearen osaera eta bekak emateko prozedura.
9.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko dira.
Honako hauek egonen dira ebaluazio batzordean:
–Batzordeko burua: Joaquim Llansó Sanjuan jauna, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezkoa: Juan Carlos Orenes Ruiz jauna, Kultura eta Kirol Departamentuko idazkari tekniko nagusia.
–Idazkaria: M.ª Carmen Munárriz Elizondo andrea, artxiboetako goi mailako teknikaria.
Ordezkoa: Elena López Fernández andrea, Dokumentuen eta Artxiboen Kudeaketa Sistema Administratzeko Bulegoko burua.
–Batzordekidea: Félix Segura Urra jauna, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Ataleko burua.
Ordezkoa: Peio Joseba Monteano Sorbet jauna, artxiboetako goi mailako teknikaria.
–Batzordekidea: M.ª Teresa Sola Landa andrea, Nafarroako Artxibo Garaikidearen Ataleko burua.
Ordezkoa: Juan Carlos Balda Goldaracena jauna, artxiboetako goi mailako teknikaria.
9.2. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.
Ebaluatzen hasi aurretik, txosten bat prestatuko du, non adieraziko baitu eskatzaileek bekak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.
9.3. Ebaluazio Batzordeak, aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratu ondoren, bekak emateko proposamena eginen du, lortutako puntuazioaren araberako ordenari jarraikiz.
9.4. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira bekak, instrukzio organoaren proposamena ikusita. Ebazpen hori eta hautagaien zerrenda, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean (Navarrería kalea 39, behea, Iruña).
Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta beka nori eman zaion; eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla, halakorik baldin bada.
Puntuaziorik handiena lortzeagatik bekak jasoko dituzten interesdunei jakinaraziko zaie ebazpena; gainera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.
9.5. Hautapen prozesua bukatu ondoren, bekak jasotzeko hautatzen diren pertsonek prestakuntza beka eskatzean alegatu zituzten merezimendu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte.
10. Tutoretzak.
10.1. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko Zuzendaritzak zuzenduko eta gainbegiratuko ditu beken onuradunen jarduerak, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Artxiboan betetzen diren lan eta eginkizunetan trebatzera bidera daitezen.
10.2. Tutoreak ordutegiak zehaztuko ditu, betiere 07:30etik 15:00etara bitartean, astelehenetik ostiralera, eta begiratuko du bekadunek beren betebehar orokor eta zehatzak betetzen dituztela.
11. Prestakuntza jardueraren azken memoria.
Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du onuradunak.
Azken memoria hori prestatzen ez badu, jaso duen bekaren azkeneko hileko saria itzultzeko eskatuko zaio.
Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.
12. Onuradunaren betebeharrak.
a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.
b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan den jarduera egin duela eta helburua bete dela.
c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.
d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
e) Hala badagokio, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga guztien ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela. Horrekin batera, zinpeko adierazpena edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, aditzera emateko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu baten edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu baten beste edozein laguntza publiko, helburu bera duena eta bekarekin bateraezina dena.
f) Kasua bada, organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
g) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.
h) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean jakiten duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.
i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne- edo funtzionamendu-araudia betetzea.
13. Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.
Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du jardunean. Horrela egiten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.
Emandako bekari berariaz uko eginez gero, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, gutxienez 15 egun natural lehenago.
Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da utzitako beka ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.
Nolanahi ere, hasierako bekaren iraupena eta uko kasuetan ematen ahal diren bekena batuta, ezin da hiru urteko epea gainditu.
14. Prestakuntza jarduera egitea.
Bekadunen jarduerak Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren instalazioetan eginen dira, astean 30 orduz.
Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaie bekadunei.
15. Jabetza intelektuala.
Bekadunek jabetza intelektualaren gainean dituzten eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.
16. Lan edo administrazio harremanik eza.
16.1. Beka gozatzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, harreman administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
16.2. Prestakuntza bekaren onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak departamentuko langileek –funtzionario nahiz kontratudunek– gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
16.3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek arautzen du nola eta zein baldintzatan sartzen diren prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa garatzeko.
17. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
18. Ez-betetzeak.
Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesdunari entzunaldia eman ondoren; horrekin batera zuzkidura ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluaren arabera eska daitezkeen diru-itzulketak, berandutze-interesak eta ezar litezkeen zehapenak galarazi gabe.
19. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuari jarraikiz.
Deialdi honen aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
20. Aplikatzekoa den legeria.
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
Iragarkiaren kodea: F2516167
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
