Iragarkia
248. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 15a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
SESMA
Ordenantza, arautzen duena Udalaren kirol instalazioen erabilera (udal pilotalekua, padel pista eta gimnasioa). Behin betiko onespena
Sesmako Udalak, 2025eko abuztuaren 13an egindako ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza bat, arautzen duena Udalaren kirol instalazioen erabilera (udal pilotalekua, padel pista eta gimnasioa).
Jendaurrean jarri zen, eta jendaurreko aldia iragan da, inork aurkeztu gabe erreklamazio, kexa nahiz oharrik. Beraz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, jarraikiz 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta Udalbatzaren erabakian berean xedatutakoari.
Hona hemen ordenantzaren testu osoa:
ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA UDALAREN KIROL INSTALAZIOEN ERABILERA (UDAL PILOTALEKUA, PADEL PISTA ETA GIMNASIOA)
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da arautzea Udalaren kirol instalazioen erabilera (zehazki, udal pilotalekua, padel pista eta gimnasioa), erabilera egokia zehaztea, erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak mugatzea, eta oinarrizko bizikidetza-arau batzuk zehaztea, errespetuan oinarrituak, horren bidez erabilera gustagarriagoa izateko, mantentze-lanen kostuan aurrezteko eta instalazioen bizitza baliagarria luzatzeko, betiere haien kirol-izaerari eutsiz. Gainera, arautzen ditu erabiltzaileen eta Sesmako Udalaren arteko harremanak, eta mugatzen ditu Udalaren ondare-erantzukizuna eta zehapen-araubidea.
2. artikulua. Eskumena eta aplikazio-eremua.
Sesmako Udalak eskumen propioa du ordenantza honetan jasotako kirol instalazioak kudeatzeko, jarraikiz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.1 artikuluari (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea), eta jarraikiz, orobat, 1955eko ekainaren 17ko Toki Korporazioen Zerbitzu Araudiaren 30. artikuluari, udalek erabateko ahala dute beren eskumeneko zerbitzuak eratzeko, antolatzeko, aldatzeko eta ezabatzeko.
Ordenantza hau aplikatu beharko da Udalaren kirol instalazioetan, zehazki, udal pilotalekuan, padel pistan, gimnasioan eta Udalak etorkizunean gehitzen dituen instalazio eta guneetan. Udalak araudi espezifikoak zehazten ahalko ditu kirol-jarduera eta -espazio bakoitzerako, eta lehendik daudenak aldatu, betiere indarreko xedapenekin bat badatoz. Sesmako Udalaren esku gelditzen dira erregelamendu hau interpretatzea eta aplikatzea.
Instalazioetan sartzeak berekin dakar onartzea udal-ordenantza honetan jasotako arauak. Ordenantza Udalaren webgunean egonen da, guztien eskura.
II. KAPITULUA.–UDALAREN KIROL INSTALAZIOEN (UDAL PILOTALEKUA, PADEL PISTA ETA GIMNASIOA) ERABILTZAILEAK
3. artikulua. Erabiltzaile-izaera.
Ordenantza honen ondorioetarako, Udalaren kirol instalazioen (udal pilotalekua, padel pista eta gimnasioa) "erabiltzailetzat" joko da pertsona fisiko edo juridiko, talde, elkarte eta erakunde oro, baldin instalazio horiek erabiltzen baditu edo haietan sartzen bada, aldez aurretik baimena izanik.
4. artikulua. Erabiltzaile-motak, sarbide- eta erabilera-moduen arabera.
Ordenantza honen ondorioetarako, "erabiltzaileak" izan daitezke "indibidualak" edo "kolektiboak", sarbide- eta erabilera-moduaren arabera.
4.1. Erabiltzaile indibiduala.
"Erabiltzaile indibidualak" dira pertsona fisikoak, instalazioetan sartzen direnak beren izenean eta partikularki, eta instalazioak modu horretan erabiltzen dituztenak.
4.2. Erabiltzaile kolektiboak.
"Erabiltzaile kolektiboak" izanen dira instalazioetan sartzen direnak eta instalazioak erabiltzen dituztenak –izan publikoak, izan pribatuak–, aurreko apartatuan ez bezala, hau da, ez beren izenean eta pertsona fisiko indibidual gisa, baizik berezko nortasun juridikoa duten entitateen parte gisa edo berezko nortasun juridikorik gabeko taldeen, kolektiboen eta elkarteen parte gisa.
5. artikulua. Prezioak.
Udalaren kirol instalazioetan sartzeko, aldez aurretik ordaindu behar dira dagokion jarduerarako ezarritako prezioak. Ezartzen ahalko da abonu bidezko ordainketa-sistema bat, eskuratzaileentzat abantailak dituena. Abonatu-kopurua mugatzen ahalko da, justifikatutako arrazoiak izanez gero, bermatze aldera instalazioen erabilera optimoa.
6. artikulua. Baldintza bereziak.
Sesmako Udalak baldintza bereziak ezartzen ahalko ditu, edo egoera batzuk kontuan hartzen ahalko ditu ordainketatik salbuesteko, ordainketak murrizteko eta hobariak jasotzeko, honako hauentzat:
–Kirol-klubentzat, eliteko kirolarientzat eta, baldin sarbide berezia ziurtatzen eta baimentzen bada, lehiatzaileentzat, ikusleentzat, teknikarientzat, zuzendarientzat, federazioetako kideentzat, osasun-langileentzat, laguntzaileentzat, ordezkarientzat, arbitroentzat, sustatzaileentzat, prentsarentzat eta antzekoentzat.
–Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat, premia-egoeran daudenentzat eta egokitzat eta justifikatutzat jotzen den bestelako biztanleria-sektore batzuentzat.
7. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.
Jarraian zerrendatzen diren eskubideak izanen dituzte ordenantza honen arabera erabiltzaile direnek:
1. Erabiltzea, baldintza egokietan eta betiere erabilera-arauak betez, instalazioak, altzariak, kirol-ekipamendua eta Udalak –zuzenean edo zeharka– eskaintzen dituen zerbitzu guztiak (edozein dela ere kudeatzeko modua).
2. Informazioa jasotzea Udalaren kirol instalazioetan eskainitako kirol-ikastaroez, -jarduerez eta -programez.
3. Instalazioetan sartzea eta instalazioak erabiltzea, aldez aurretik erreserbatutako edo baimendutako egunetan eta orduetan. Hala ere, Sesmako Udalak, kontuan harturik programazioaren premiak, ezinbesteko arrazoiak eta antzeko kausa justifikatuak, ezarritako baldintzak baliogabetzen edo aldatzen ahalko ditu. Egoera horren berri eman beharko die ukitutako erabiltzaileei, ahalik eta lasterren.
4. Gizabidezko tratu atsegina jasotzea langile guztiengandik, izan instalazioetan –zuzenean edo zeharka– zerbitzuak ematen dituzten langileak, ardurak dituztenak, ahalmenak dituztenak nahiz instalazioez arduratzen direnak.
5. Errespetuzko tratua jasotzea, instalazioetan sartu eta haiek erabiltzen dituzten gainerakoengandik.
8. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
a) Bete beharko dituzte, besteak beste, abenduaren 30eko 39/2022 Legea, kirolari buruzkoa; uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea, Nafarroako Kirolari buruzkoa; kirol instalazioak arautzen dituzten xedapenak; haiek ordezten edo aldatzen dituzten geroagoko arauak, eta, horretaz gain, jarraian zehazten diren betebeharrak, erabiltzaileei aplikatu beharrekoak:
1. Erabilera-arauak ezagutzea eta betetzea, eta egoki erabiltzea Udalaren kirol instalazioak (udal pilotalekua, padel pista eta gimnasioa), ekipamendua, materiala eta altzariak, eta kalterik ez eragitea materialei, norberari eta gainerako erabiltzaileei.
2. Behar bezala erreserbatzea erabili nahi den zerbitzua edo egin nahi den jarduera, eta dagokion prezioa ordaintzea, betiere betez ezarritako epeak, arauak eta baliabideak, eta hori dena frogatzea noiznahi, baldin hala eskatzen badio instalazioaren arduradunak, horretarako izendatu denak edo horretarako baimena duenak, eta ez gainditzea espazio bakoitzerako aurreikusitako gehieneko pertsona-kopurua.
3. Une oro betetzea udal-langileen, langile baimenduen eta jardueren arduradunen jarraibideak, eta, orobat, ordenantza hauetan jasotzen diren oharrak, gomendioak, ohartarazpenak eta antzekoak, edo Udalaren komunikabideetan jartzen direnak (sare sozialak, taulak eta antzekoak).
4. Behar adinako errespetua izatea gainerako erabiltzaileekiko; bereziki, kirola egiteko unean, lehiaketan nahiz lehiatu gabe.
5. Jarduera eginen den instalaziora sartzea egokiak diren oinetakoekin, zoladura bakoitzaren eta kirol-modalitate bakoitzaren arabera. Debeku da kirol-jarduerak egitea txankletekin edo antzekoekin. Debeku da padel pistetan sartzea kalean erabilitako oinetakoekin.
6. Instalazioetatik alde egitea egindako jarduera bukatutakoan edo izena emanda dagoen jarduera bukatutakoan, eta betetzea erreserban ezarritako ordutegia eta instalazioen ordutegia. Oro har, eta alde batera utzita espazio edo jarduera bakoitzerako zehazki ezarritakoa, erabiltzaileak aldageletan sartzen ahalko dira jarduera hasteko erreserbatutako edo baimendutako ordua baino 10 minutu lehenago, eta atera beharko dira ordu hori igaro eta gehienez ere 30 minutu geroago.
7. Ez uztea objekturik aldageletako armairuetatik kanpo, eta ez okupatzea espazio komunak (bankuak, korridoreak eta erabiltzaileek erabiltzeko gainerako espazioak) arroparekin edo norberaren gauzekin. Espazio indibidualak soilik okupatzen ahalko dira jarduera egiteko unean eta erreserbaren aurreko eta ondoko denbora-tartean. Espazio indibidual horiek irekitzen eta ikuskatzen ahalko dituzte agintaritza-agenteek edo horretarako izendatutako eta baimendutakoek, hala behar denean legeak edo araudiak betetzeko. Erreserba-ordutik edo baimendutako ordutegitik kanpo, ulertuko da abandonaturik daudela norberaren ondasunak, eta galdutako objektu gisa gordeko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera ezarritako denboran. Galdutako edo bertan utzitako objektu bat aurkitzen duenak ez dezake beretzat hartu, eta udal-bulegoetan utzi beharko du, ahalik eta lasterren.
8. Garbi-garbi uztea erabilitako eremuak, inguruak eta ekipamendua; behar bezala erabiltzea paperontziak; eta arauak betetzea, birziklatzeari, uraren erabilera efizienteari, baliabideei eta energiari dagokienez; eta, hala badagokio, betetzea apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretua eta hari lotutako araudia (Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko Foru Dekretua).
9. Indarrean dauden legeak eta araudia betetzea, honako hauei dagokienez: tabakismoa, edari alkoholikoak, substantzia estupefazienteak, apustuak eta dopina. Udalaren kirol instalazioetan, debekatuta dago erretzea. Udalaren kirol instalazioetan, erabat debekatuta dago edari alkoholikoak saltzea eta kontsumitzea. Debekatuta daude edari alkoholdunei eta tabakoari buruzko publizitatea, publizitate sexista eta apustuei buruzkoa. Debekatuta dago baimenik gabe jartzea publizitate estatikoa, baldin Sesmako Udalarena ez den beste entitate edo erakunderen batena bada.
b) Gimnasioa erabiltzeari dagokionez, aplikatuko dira erregelamendu honetan ezarritako arauak eta debekuak, eta, bereziki, hauek:
–Oro har, 16 urtetik gorakoak baino ezin dira aretoan sartu eta gimnasioa eta hango ekipamendua erabili.
–Udalak edo zuzenean nahiz zeharka jarduera kudeatzen duenak uko egiten dio erantzukizun orori, gimnasioan eta oro har Udalaren kirol instalazioetan gerta daitezkeen lesioei dagokienez.
–Higiene-arrazoiak direla eta, nahitaezkoa da eskuoihal bat edo antzeko bat eramatea, izerdi-arrastoak edo zikinkeriak uzten badira haiek garbitzeko, ekipamendua erabili ondotik, eta, hala, beste norbaitek erabiltzeko egoki uzteko berehala.
–Aretoko aparatuek eta makinek kalteak eragiten ahal dizkiete hirugarrenei eta instalazioei, bai eta oker erabiltzen dituen pertsonari berari ere; kalte hori larria ere izan daiteke. Elementu astunak maneiatzen direlako bereziki, arreta handia jarri behar da gimnasioko ekipamendu guztia egoki eta kontu handiz erabiltzeko, eta, hala, lesioak, kolpeak, zaratak eta besteei traba egitea saihesteko.
–Gimnasio-aretoa txikia denez, gimnasioko erabiltzaileek, pisu libreekin aritzen direnean, erabili beharko dituzte horretarako mugatutako eremuan, eta dagokien tokian utzi, aretoa txukun edukitzeko, gainerakoen ariketa ez baldintzatzeko eta pasabideak ez oztopatzeko, eta errespetatu beharko dituzte irisgarritasun-arauetan ezarritako gutxieneko tarteak. Pisu horiek ezin dira erabili elementu hauetatik hurbil: ispiluak, kristalak, leihoak, ateak, aparatu elektronikoak...
–Debekatuta dago materialak tokiz aldatzea, makinak eta ekipamendua mugitzea, eta aldatzea aparatuen, gailuen eta makinen konfigurazio fisikoa eta elektronikoa, aurretiaz berariazko baimenik izan gabe.
–"Serieak" egiten badira, serie arteko atseden-denboran, makina edo materiala utzi beharko da erabili nahi dituzten gainerakoen eskura. Debekatuta dago ekipamendua edo eremuak "erreserbatzea", bai norberarentzat, bai gainerakoentzat.
–Ekipamendua, erabili ondotik, hasierako posizioan utzi behar da, mugimendurik gabe eta itzalita –bereziki, "laster egiteko zintak"–: utzi behar da hurrengo erabiltzaileak inolako arriskurik gabe erabiltzeko moduan.
9. artikulua. Instalazioetan sartzen direnen erantzukizuna.
Udalaren kirol instalazioetan (udal pilotalekua, padel pista eta gimnasioa) sartu eta kalte materialak eragiten dituenak zuzeneko erantzukizuna izanen du, eta eragindako kaltearen gastuez arduratu beharko du. Administrazio-bidetik eskatzen ahalko dira gastuok, dagozkion errekargu eta guzti. Instalazioetan, ordenantza honetan zehazten den bezala zigortuko dira beste batzuei edo haien ondasunei eragindako arriskuen eta kalteen arduradunak. Horrez gainera, arau-haustetzat jotzen ahalko dira arrisku eta kalte horiek, eta dagokien zigorra ezarri.
10. artikulua. Erabiltzaile kolektiboen erantzukizuna.
Legez eratutako erabiltzaile kolektiboak direnean, haien erantzukizuna izanen dira osatzen dituzten pertsona fisikoek beste batzuei edo ondasunei eragindako kalte oro, jarraikiz entitate horiei aplikatu beharreko araudiari.
Berezko nortasun juridikorik gabeko taldeak edo kolektiboak direnean, kideetako bakoitzari exijitzen ahal zaio erantzukizuna, eta bereziki erantzuletzat joko da aurkeztutako eskabide administratiboan edo erreserban agertzen den pertsona fisikoa.
Arazoak baldin badaude zehazteko ea pertsona fisiko bat den talde, elkarte, entitate, kolektibo edo antzeko egitura bateko kidea, ulertuko da hartako kide dela baldin eta gertaeren egunean pertsona horrek instalazioa erabili bazuen talde horretako gainerako kideekin batera, edo haren parte bazen kirolari gisa, edo teknikari, zuzendari, jarraitzaile, ikusle edo laguntzaile gisa, nahiz antzeko lotura batekin. Pertsona horien zerrenda bat eskatzen ahalko da, aurretik edo ondotik.
11. artikulua. Adingabeak.
a) Adingabeen erantzukizuna.
–"Erabilera indibidualaren" kasuan, gurasoek, tutoreek edo haien zaintzaren arduradunek beren gain hartuko dute erantzukizuna, baldin adingabeek edo ardurapean edo zaintzapean dituztenek kalteak eragiten badizkiete pertsonei edo ondasunei.
–"Erabilera kolektiboaren" kasuan, entitate titularra izanen da erantzule, baldin erreserbatutako instalazioa erabiltzen duten adingabeek edo pertsona juridikoak antolatutako jardueran parte hartzen duten adingabeek kalteak eragiten badizkiete beste batzuei eta ondasunei kirol instalazioetan, eta, subsidiarioki, haien guraso edo tutoreak izanen dira erantzule.
–Berezko nortasun juridikoa duten taldeen edo kolektiboen kasuan, kalteak adingabe batek eragiten baditu, erantzule nagusiak izanen dira adingabearen gurasoak edo tutoreak, eta, subsidiarioki, taldeko gainerako kideak, baldin adin nagusikoak badira, edo, adingabeak baldin badira, haien gurasoak edo tutoreak, modu solidarioan.
b) Adingabeak sartzeko debekua.
Oro har debekatuta dago 16 urtetik beherakoak gimnasioan sartzea eta hura eta hango ekipamendua erabiltzea, nahiz eta adin nagusikoekin batera egon, betiere ez badute aldez aurretik Udalaren berariazko baimen arrazoiturik. Baimen hori berehala erakutsi beharko da, baldin eskatzen badiete langile baimenduek, arduradunek edo Udalak izendatuek.
16 urtetik beherako pertsonek, betiere haien gurasoen, tutoreen eta oro har haien arduradunen erantzukizunpean, erabiltzen ahalko dituzte Udalaren gainerako kirol instalazioak eta padel pistak, gainerako erabiltzaileen baldintza berberetan, eta, egoki denean, haien eskubide eta betebehar berberekin, ordenantza honetan ezarri bezala. Adingabe horien adina eta ezagutzak direla eta, ez badituzte arau horiek ulertzen, eskatzen ahalko dute aldez aurretik hizkera egokian azaltzeko; halaber, horretarako aukera izanen dute horren beharra duten pertsonek, edozein arrazoi dela medio.
12. artikulua. Udalaren erantzukizunaren mugak.
Sesmako Udalak herritarren eskura jartzen ditu kirol instalazio egokiak, seguruak eta ikuskatuak. Erabiltzaileen betebeharra da beren erabilerak eragindako inpaktua minimizatzea, instalazioen egoera egokiak mantentzeko, gero beste batzuek erabili ahal izateko eta arrisku oro saihesteko, bai norberarentzat, bai hirugarrenentzat, eta instalazioen eta ondasunen kalteak saihesteko.
Bereziki hartu behar da kontuan instalazioan ez dela izaten udal-langilerik modu jarraituan (salbu etorkizunean kudeaketa modua aldatzen bada), eta erabiltzaile bakoitza dela bere ondasunen eta segurtasun pertsonalaren arduraduna.
Udala ez da erantzule izanen baldin arau hauek ez betetzeak eragiten badu istripurik nahiz kalterik, edo baldin erabiltzaileak zabarkeriaz, zuhurtziarik gabe, modu arduragabean edo gezurtian jokatzen badu, edo baldin aldez aurretik informatu ez bada edo gaizki erabili baditu instalazioak, ekipamenduak eta zerbitzuak. Halaber, Udala ez da erantzule izanen baldin eta eragindako kaltea arrazionalki aurreikusteko modukoa bazen, egoera kontuan hartuta.
Sesmako Udala ez da erantzule izanen baldin erabiltzaileen objektuak galtzen, hondatzen edo ebasten badira. Udalak ez du bere gain hartzen erantzukizunik Udalaren kirol instalazioetan sartzen direnen ondasunen, ekipamenduen eta objektuen gainean –baliotsuak nahiz ez-baliotsuak–, ezta aldageletako armairuetan egonik ere; eta erabiltzaileei eskatzen zaie instalazioetara ez eramateko objektu baliotsurik edo eginen duten jarduerarekin zerikusirik ez duenik.
–Lesionatzeko arriskua.
Jakina denez, kirola egiteak lesio fisikoak eragin ditzake, eta batzuetan larriak izan daitezke. Onartu behar da arrisku hori kirolak berak dakarrela, eta beti izanen dela arriskua, baita zuhurtzia guztiz jokatuta ere. Hain zuzen, arrisku hori dela-eta, kirol-jarduerak egin behar dira eta instalazioak erabili behar dira kontu handiz, ohiko bizimoduan egiten diren ohiko jardueretan eta guneetan behar den baino kontu handiagoz. Horren ondorioz, ardura handia izan behar da, zorrotz betetzeko betebeharrak, hots, zorrotz betetzeko erabiltzaile guztiei eta instalazioetan sartzen diren guztiei eragiten dieten betebeharrak, ordenantza honetan jasoak izan nahiz ez.
Aholkatzen da aurretik osasun azterketak egitea, edozein jarduera egiteko Udalaren kirol instalazioetan (udal pilotalekua, padel pista eta gimnasioa). Ariketa fisikoaren bizitasuna eta maiztasuna ezin dira alderatu beste batzuek egiten dutenarekin, desberdinak baitira bakoitzaren egoerak, arriskuak eta onurak. Erabiltzaile bakoitzaren erantzukizuna da informazio egokia eta nahikoa lortzea, edozein jarduera segurtasunik handienarekin egiteko instalazio hauetan.
Oro har, ez Sesmako Udalak, ez zerbitzua zuzenean edo zeharka kudeatzen duen entitateak, ez dute erantzukizunik izanen erabiltzaileak egiten dituen lesioen gainean. Erabiltzaile bakoitzaren erantzukizuna da jarduera ez egitea baldin kondizio pertsonalak eta kanpokoak egokiak ez badira. Erabiltzaileak, bere kabuz, berehala utzi beharko dio jarduera egiteari, eta ahalik eta lasterren ohartarazi beharko die udal-langileei, baldin edozein inguruabar edo kalte badago, zaildu dezakeena jarduera kondizio optimoetan eta arriskurik txikienarekin egitea. Erabiltzaileen erantzukizuna bakarrik izanen da baldintza ez-egoki horietan aritzea.
III. KAPITULUA–INSTALAZIOEN ERABILERA
13. artikulua. Kirol instalazioen helburua.
Erregelamenduzko ordenantza honetan aurreikusten denez, Udalaren kirol instalazioen (udal pilotalekua, padel pista eta gimnasioa) helburu dira jarduera fisikoa eta kirol-jarduera, izan aisialdikoak, nahiz denbora librekoak, profesionalak, irakaskuntzakoak, entrenamendukoak, lehiaketakoak edo erakustaldietakoak, betiere diseinatuak izan ziren modalitate eta kiroletakoak edo, Udalak ondorio horietarako emandako baimena lortuta, bateragarriak direnak instalazioekin beste ezaugarri batzuk izanik ere.
14. artikulua. Ohiko erabilera.
Udalaren kirol instalazio hauek, edozein kudeaketa-mota dutela ere, "sarbide librekoak" dira herritar guztientzat, betiere erreserba edo baimena izanik aldez aurretik. Muga bakarrak dira legeetan eta erregelamendu honetan ezarritakoak eta duten erabilerari dagozkionak. Lehentasuna izanen du kirol instalazioen ohiko helbururako "erabilera publiko", ireki eta orokorrak.
15. artikulua. Erabilera pribatua.
"Erabilera publikokoak" dira Udalaren kirol instalazioak, zehazki udal pilotalekua, padel pista eta gimnasioa. Beraz, ezin da egin "irabazizko erabilera pribaturik", salbu aldez aurretik eta zehazten diren baldintzetan idatzizko eskaera bat aurkeztu eta Udalak baimentzen badu, eta erabat debekatuta dago Udalaren kirol instalazioak erabiltzea irabazi-asmoko ikastaroak, lantegiak eta antzekoak egiteko. Zenbateko bat ordaintzeko beharra ezartzen ahalko da irabazizko jarduerak egiteagatik. Eskaerarekin batera, dokumentu bidez ziurtatu beharko dira egin nahi den jardueraren aseguramendu egokia, arauzko titulazioa eta aplikatu beharreko gainerako arauzko eskakizunak. Eskaera ukatutzat joko da baldin eta Udalak ez badu berariazko baimenik ematen 10 egun balioduneko epean.
16. artikulua. Erabilera programatua eta federazio-erabilera.
1. Ohiko erabilera programaturako, beharko da aurretiazko eta berariazko baimena, eta, hala badagokio, Udalarekin sinatu beharko da hitzarmen bat, zehaztuko dituena erabilera-mota horretarako baldintzak.
2. Sesmako Udalak bere kirol instalazioak lagatzen ahal dizkio Nafarroako Kirolaren Institutuari, hark erabil ditzan. Horrek eragina izan dezake instalazioen ohiko ordutegian eta erabilgarritasunean. Kirol-federazioek instalazioak erreserbatzen ahalko dituzte, Sesmako Udalarekin hitzartutako baldintzetan.
3. Udalak guneak erreserbatzen ahalko ditu jarduerak egiteko, udal-taldeen edo talde hitzartuen entrenamenduetarako eta partidetarako, eliteko kirolerako eta txapelketak eta torneoak egiteko. Udalaren ohiko bideen bitartez eman beharko da horren berri, ahalik eta lasterren, erabiltzaileek ahalik eta hobekien antola ditzaten beren jarduerak.
17. artikulua. Jardueren erantzuleak.
Baimendutako jardueren erantzuleek ordenantza hau bete eta betearazi beharko dute, eduki beharko dituzte legezko titulazioa eta gainerako eskakizunak, eta jardueraren aurretik aurkeztu beharko dute dagokion dokumentazioa, udalean edo bestelako erakunde publiko batzuetan. Gainera, jarduera horietan adingaberen batek parte hartu behar badu, erantzuleek aldez aurretik aurkeztu beharko dituzte egoki diren ziurtagiriak eta dokumentuak, arlo honetan aplikatu beharreko araudiak eskatzen duenaren arabera.
Programatutako jarduera bat egiten duten erabiltzaileek kasu egin behar diete jarduerei buruz eta instalazioak erabiltzeko moduaz jasotzen dituzten aholku eta aginduei, hau da, langile baimenduek, antolatzaileek, arduradunek edo monitoreek emandako aholku eta aginduei, eta errespetatuko dituzte erregelamendu hau eta indarrean dagoen araudia.
18. artikulua. Berariaz debekatutako jarduerak.
1. Errespetatu behar da instalazioen jatorrizko erabilera, eta berariazko baimenarekin baino ezin dira egin bestelako jarduerarik, kirolekoak nahiz bestelakoak.
2. Kirol instalazioak dira beste pertsona batzuekin batera kirola egiteko toki mugatuak, baina ez dira elkartzeko tokia, eta ez dira toki egokia altu hitz egiteko eta mugikorrarekin hitz egiteko, musika entzuteko, bozgorailuak erabiltzeko..., ez bada hori dena modu pribatuan egiten, entzungailuak erabiliz. Instalazioan beste norbait dagoen guztietan, lasaitasuna eta isiltasuna lehenetsiko dira partekatzen diren guneetan, bizikidetza hobea bultzatzeko. Soilik langile baimenduek manipulatzen eta konfiguratzen ahal dituzte instalazioetako soinu-erreproduzitzaileak eta erreproduzitzaile elektrikoak.
3. Higiene arrazoiengatik, eta ez direnez kirol-jarduera baten parte, erabat debekatuta dago instalazioko edozein eremutan bizarra kentzea, depilatzea eta manikura, pedikura eta antzeko tratamenduak egitea.
4. Debekatuta dago edozein modu edo bitartekoz adieraztea eta erakustea esaldiak, iruzkinak, logotipoak, estanpatuak, kartelak, pegatinak eta antzeko eragina dutenak, baldin eta, zuzenean edo zeharka, adierazten badituzte errespetu falta, mehatxua eta gutxiespena edozein pertsonari edo talderi, zehatza nahiz zehaztu gabea izan.
5. Irudiak hartzea.
Beste pertsona batzuen irudia eta aurpegia datu babestuak dira, eta zehatuko da haien irudia hartzea, ez betetzeagatik Datuen Babeserako Legean araututakoa eta, egoeraren arabera, Zigor Kodeko delitu gisa zehatuko da. Horregatik, Udalaren berariazko eta aurretiazko baimenik izan ezean, hitzartutako baldintzetan:
–Erabat debekatuta dago aldageletan bideoak grabatzea eta soinuak, irudiak eta argazkiak hartzea eta egitea edozein formatutan, edozein baliabiderekin eta edozein modutan, baita ukitutakoaren baimena izanda ere. Erabilera pribatu eta pertsonalerako izanik ere erabat debekatuta dago.
–Norbera gimnasioan jardueraren bat egiten ari dela, norbere irudi bat hartzeko, beharrezkoa izanen da areto horretan dauden edo sartzen direnek aldez aurretik onartzea, baiezkoa emanez, berariaz eta modu publiko, argi eta nabarmenean, eta inola ere ez da hartzen ahalko hirugarrenen irudirik, ez zuzenean, ez zeharka.
–Taldeko jarduera baten edo pertsona-talde baten soinuak edo irudiak hartzeko (gimnasioa eta aldagelak ez diren tokietan), beharrezkoa izanen da irudia edo soinua edozein baliabide erabiliz hartu nahi zaien pertsonen baimen positiboa eta berariazkoa, aurreko apartatuan ezarri bezala.
–Padel pistan, irabazi-asmorik gabe grabatzen ahalko dira norberaren partidak edo besteren partidak, betiere partaide guztien berariazko baimena izanez gero eta baldin irudiak hartzeko azpiegitura erabiltzearen ondorioz ez badira arriskuan jartzen instalazioak, ondasunak edo hirugarrenak.
–Kirol instalazioetan dauden pertsonen irudiak instalazioen kanpoaldetik hartzeko (kristaletatik, airetik, droneekin nahiz beste edozein modutan eta beste edozein teknologia erabiliz, antzeko helburuarekin), beharrezkoa izanen da aurretik baimena eskatzea idatziz, eta Udalaren baimena jasotzea. Ezartzen diren mugak bete beharko dira, eta, egoki denean, bete beharko da aplikatu beharreko araudia, eta erabiltzaileen baimen egokiak aurkeztu. Baimena ez bada 10 egunetan ematen, ukatutzat joko da.
6. Ez dago baimenduta animaliak kirol instalazioetan sartzea Udalaren berariazko baimenik gabe. Ikusmen-urritasun bat duten erabiltzaileen kasuan, indarrean dagoen araudiaren arabera jokatuko da.
7. Ez da baimentzen sartzea patinekin, monopatinekin, bizikletekin eta antzekoekin, ez eta instalazioetan halakoak erabiltzea ere.
8. Debekatuta dago Udalaren kirol instalazioetan (udal pilotalekua, padel pista eta gimnasioa) sartzea edo sartzen ahalegintzea indarrean dagoen araudian adierazitako edozein objektu, eta, bereziki, zerrendatzen direnak adierazitako kirolari buruzko foru legearen 76. artikuluan edo haren ordez ezartzen diren antzeko xedapenetan eta osagarrietan. Ez da baimentzen kirol-esparruetan hauek sartzea: beirazko baxera (platerak, edalontziak, botila...), material arriskutsuak eta arriskutsu izan daitezkeenak, eta txinpartak, kea eta antzekoak sortzen dituzten gailu pirotekniko eta lehergarriak, hala nola bengalak, su artifizialak eta bonbetak. Ezin da sartu musika-tresnarik eta zarata edo musika egin dezakeen gailurik.
Arduradunek edo langile baimenduek konfiskatzen ahalko dituzte arriskutsutzat jotzen dituzten objektuak eta materialak eta pertsonei eta ondasunei edonola ere arriskuak eragiten ahal dizkietenak, haien egoeren eta ezaugarrien arabera, eta egoera kaltegarria edo desatsegina eragin dezaketenak, haien egitura, funtzionamendua edo materialak direla-eta. Halaber, ukatzen ahalko dute objektu horiek instalazioetan sartzea. Jokabide horiek zehatzen ahalko dira, arriskuagatik beragatik, nahiz eta eragozpenik, kalterik eta lesiorik eragin ez.
9. Ez da jakirik eta edaririk kontsumitzen ahalko, salbu eta aldez aurretik baimenduak edo egiten den jardueran kontsumitu ohi direnak, hala nola ura, edari isotonikoak, barra energetikoak eta antzekoak. Ez zikintzeko eta likidorik ez isurtzeko moduan egon beharko dute.
19. artikulua. Instalazioak aldi baterako ixtea eta larrialdietako ebakuazioa.
1. Udalak eten dezake bere kirol instalazioen erabilera publikoa, kirol-intereseko eta ezinbesteko arrazoiengatik eta arrazoi teknikoengatik (mantentze-lanak eta antzekoak), baita erreserba egin bada ere. Horren berri emanen da publikoki, ahalik eta lasterren.
2. Larrialdi-egoerako ebakuazioa ahalik eta azkarren egiteko, erabiltzaileek ezagutu beharko dituzte horretarako aurreikusitako arauak, eta berehala bete beharko dituzte langile baimenduek eta arduradunek emandako aginduak. Beharrezkoa bada, kirol instalazioetan utzi beharko dituzte beren ondasun pertsonalak. Larrialdi-egoerako irteera hori halako moldez eginen da non garbi entzun beharko baitira langile arduradunen jarraibideak.
3. Langile baimenduek, arduradunek eta Udalak izendatuek instalazioak ixten ahalko dituzte aldez aurretik abisatu gabe, edo ebakuatzen ahalko dituzte noiznahi, horretarako arrazoi justifikatuak daudenean. Horretarako, kontuan hartuko dituzte segurtasun-, osasun- eta klima-arrazoiak. Gauza bera egiten ahalko dute baldin, presazko egoeretan, beren ustez badaude pertsonei kalte fisikoak eta instalazioei kalteak eragiten ahal dizkieten inguruabarrak (aurreikusiak edo aurreikusi gabeak). Kasu horietan, salbu behar bezala baloratuta aurkakoa ezartzen bada, ez da eskubiderik izanen itzul dadin instalazioan sartzeko edo jarduerak egiteko ordaindutako dirua.
IV. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA
20. artikulua. Araubide juridikoa eta prozedura.
1. Arau-haustea izanen da edozein ekintza baldin berekin badakar ez betetzea ordenantzan jasotzen diren arauak, eta horrek ekarriko du dagokion prozedura hastea, eta, hala badagokio, ekarriko ditu aurreikusitako zehapenak, alde batera utzita gertaera horiek zehatzea, halaber, izateagatik beste erakunde batzuen eskumeneko bestelako arau batzuen (federazioenak, lanaren arlokoak, penalak, etab.) arau-hausteak.
2. Zehapen ahalmena erabili baino lehen, izapidetu beharko da arauen araberako administrazio-prozedura, zeina Udalak bideratu eta ebatziko baitu. Arau-hausteak zehazteko eta zehapenak ezartzeko, egiaztatzeko unean, beteko dira urriaren 1eko 40/2015 Legean aitortutako zehatzeko ahalmenaren printzipioak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea) eta urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako zehapen-prozedura (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), edo ezarrita daudenak arau haiek ordezten eta aldatzen dituen estatuko arauetan edo foru-arauetan.
3. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki egitateak izan daitezkeela ez bakarrik arau-hauste administratibo, baizik baita zigor-zuzenbideko arau-hauste ere, organo judizial eskudunari emanen dio horren berri, eta geldirik utziko du zehapen administratiboko prozedura –hasita baldin badago–, harik eta agintaritza judizialak erabakia hartu arte. Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.
4. Langile arduradunak. Instalazioen barreneko presako neurriak.
4.1. Langile baimenduek, arduradunek edo Udalak izendatuek eskumena dute hitzez kargu hartzeko, egoeraren arabera, Udalaren kirol instalazioan sartzen direnei edo sartzen saiatzen direnei, baldin sartu badira edo sartzen saiatu badira ordenantza hau edo aplikatu beharreko araudia hautsiz, eta eskumena dute, orobat, dagozkion neurriak hartzeko. Horrez gainera, intzidentzia edo erabaki horien berri emanen zaio Udalari ahalik eta lasterren, eta hartutako erabakia berresten ahalko da dagokion zehapen-prozeduran, eta legezko berme guztiekin ebatziko da.
4.2. Baldin instalazioan dagoen norbaitek, erabiltzailea izan nahiz ez, jokatzen badu aplikatu beharreko araudiaren kontra, modu nabarmenean, eta arriskua eragiten ahal badie pertsonei eta ondasunei, edo ez badie kasurik egiten egiten zaizkion eskaerei, oharrei, aginduei edo hitzezko kargu-hartzeei, langile horiek ahalmena izanen dute pertsona horri noiznahi exijitzeko berehala utz ditzala instalazioak, eta/edo instalazioetarako sarbidea blokeatzeko. Uko egiten bazaio kanporatzeko eta instalazioak uzteko hitzezko aginduak berehala betetzeari, bereziki larrialdi-kasuetan, hori ere zehatzeko moduko beste arau-hauste bat izan daiteke.
4.3. Arau-hauste izan daitekeen zerbait gertatzen bada, eta inguruabarren arabera, aipatutako langile arduradunek, besteak beste, honako hauek errekisatzen ahalko dituzte: xedapen arautzaileen arabera debekatutzat jotzen dituzten objektuak, materialak eta ondasunak, eta ustez arriskuren bat dutenak edo eragozpenen edo kalte bat eragin dezaketenak, edo arau-hauste posible batean erabili direnak, edo legezko jabeari itzuli behar zaizkionak, edo geroago edo behin eta berriz erabil daitezen saihestekoak, edo geroago aztertu behar direnak zehapen bat ezartzeko edo udal-bulegoetan deskribatzeko. Hala dagokionean, elementu horien zaintza-katea zaindu beharko da, hirugarrenek ez ditzaten manipulatu edo aldatu. Horren guztiaren berri eman beharko da, udal-espedientean jasota geldi dadin.
5. Behin-behineko neurriak.
5.1. Administrazio-prozedurari buruzko araudiaren esparruan, zehapen-prozedura hasi ondotik, edo baita hasi aurretik ere, organo eskudunak hartzen ahalko ditu behin-behineko neurriak edo kautelazko neurriak, modu arrazoituan, bermatzeko izan daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna eta prozeduraren bukaera egokia, saihesteko arau-haustearen ondorioek eragina izaten jarraitzea, eta saihesteko arau-hauste gehiago, eta, betiere, saihesteko kalte oro eta bermatzeko legea betetzen dela.
5.2. Behin-behineko neurriak ez dira zehatzekoak izanen. Hauek izan daitezke:
a) Fidantza ematea.
b) Jarduera etetea aldi baterako.
c) Konfiskatzea eta gordailutzea prozedura sorrarazten duten gertaerei zuzenean lotutako objektuak. Hala dagokionean, suntsitzen ahalko dira, konpentsaziorik gabe, aldez aurretik inguruabar guztien berri jasota espedientean.
d) Beharrezkoak iruditzen zaizkion bestelako behin-behineko edo kautelazko neurriak.
6. Udalak instalatuko ditu zaintza-kamerak edo helburu bereko sistemak eta teknologiak, eta haiek jarrita daudela adieraziko du. Grabazioak aztertzen ahalko dira, jakinez gero ustez arau-hausteren bat izan dela, froga gisa balio dezan, indarrean dagoen araudiari jarraikiz, besteak beste, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa) eta gainerako xedapen arautzaileei, eta araudi hori aldatzen edo ordezten dutenei.
21. artikulua. Arau-hausteen eremua eta sailkapena.
Arau-hauste administratiboak dira hurrengo artikuluetan tipifikatutako egiteak eta ez-egiteak, egozten ahal zaizkionak erabiltzaile-izaera duen edo ez duen pertsona bati, Udalaren kirol instalazioetan eginak, edo haietatik kanpo, baina alderdietako batekin lotuta; izan daiteke zuzeneko lotura, edo Udalaren kirol instalazioetako (udal pilotalekua, padel pista eta gimnasioa) kide-izaeratik edo han sartzetik eratorritako lotura, edo instalazioetan egiten diren jardueretan parte hartzearekiko lotura.
Arau-hausteak izanen dira arinak, astunak eta oso astunak, jarraian zehazten denaren arabera:
A) Arau-hauste arinak:
–Ordenantza honetako arau orokorren edo espezifikoen ez-betetze arina.
–Iruzurrez sartzea instalazioetan eta/edo Udalaren baimenik gabe erabiltzea instalazioak, edo sartzeko eskakizunak eta baldintzak bete gabe, ezarritako prezioa ordaindu gabe, erreserba egin gabe edo abonatua izan gabe. Baldin instalazioetan sartzeko asmoz kalteak eragiten badira, arau-hauste astun gisa penalizatuko da.
–Beste pertsona bati uztea abonu edo baimen besterenezin bat, instalazioetan sartzen eta/edo haiek erabiltzen saiatzeko.
–Jaramonik ez egitea arduradunek eta langile baimenduek edo izendatuek emandako jarraibideei eta ohartarazpenei (ahozkoak nahiz idatziak), ondasunei eta pertsonei kalterik eragin gabe. Jokabide hori astun gisa tipifikatzen edo zehatzen ahalko da baldin arrisku posibleren bat hautematen bada edo larrialdi-egoera batean gertatu bada, eta oso astuntzat joko da baldin pertsonei edo ondasunei kalteak eragin bazaizkie.
–Modu desegokian eta errespetu falta nabarmenez tratatzea instalazioa erabiltzen ari diren pertsonak edo bertako langileak.
–Instalazioetan ordena nabarmen asaldatzea edo liskar edo borroka batean parte hartzea, kalte pertsonalik eta materialik eragin gabe. Jokabide horiek astun gisa tipifikatzen edo zehatzen ahalko dira, baldin hautematen bada arrisku posibleren bat ondasunetarako edo pertsonentzat, eta oso astuntzat joko dira baldin kalteak eragin bazaizkie pertsonei edo ondasunei.
–Kirol-legearen kontrako jarrerak eta ekintzak, baldin egoerak kontuan hartuta ez badira jotzen astuntzat edo oso astuntzat.
–Axolagabekeria nabarmenez jokatzea, edo beharko litzatekeen zuhurtziarik gabe, egoeraren arabera, halako moldez non, zabarkeria izatera iritsi gabe, ekintza horiek berekin ekartzen badute pertsonei eta ondasunei kalteak eragiteko arriskua.
–Horretarako ez diren eremuetan jolastea eta kirolean aritzea, eta instalazioak erabiltzea haien kirol-erabilerarekin bat ez datozen jardueretarako, pertsonei eta ondasunei kalterik eragin gabe. Arau-hauste astuna izanen da baldin eragin bada ondasunei eta pertsonei kalte egiteko arriskua, eta oso astuna izanen da baldin ondasunei eta pertsonei kalte egiten bazaie.
–Ez erabiltzea oinetako egokirik jardueretan, arriskurik, kalterik eta oztoporik eragin gabe, eta padelean jokatzeko eremuetan sartzea kalean erabilitako oinetakoak jantzita.
–Behar ez bezala edo neurriz kanpo erabiltzea armairuak, aldagelak, komunak, eremu komunak, ekipamendua, hornidurak eta instalazioak, hirugarrenen kaltetan.
–Baimenik gabe manipulatzea gailu fisikoak eta elektronikoak, eta ekipamendua mugitzea, esleitutako tokitik aldatzea edo haren egoera aldatzea, aurretiazko baimenik gabe. Arau-hauste astuntzat joko da baldin eragozpenak eragin badira edo pertsonei eta ondasunei arriskuren bat eragin bazaie, eta oso astuntzat baldin pertsonei eta ondasunei kalteak eragin bazaizkie.
–Ekipamendua edo erabilitako espazioa ez uztea egoera egokian, berehala beste pertsona batek erabiltzeko moduan. Udal-zerbitzuek esku hartu behar baldin badute material, ekipamendu edo espazio hori berritzeko, garbitzeko, leheneratzeko edo konpontzeko, gertaerak astuntzat tipifikatzen eta zehatzen ahalko dira, eta, oso astuntzat, ezin bada egun batean baino gehiagotan erabili.
–Gimnasioa erabiltzea izerdia lehortzeko eskuoihalik gabe edo hura erabili gabe, ekipamendua erabiltzen den bakoitzean.
–Gimnasioko eta beste kirol instalazio eta eremu batzuetako ekipamendua okupatzea jarduerarik egin gabe, areto horietan beste pertsona batzuk daudenean.
–Jardueran aritzea araututako denbora edo erreserbatutako denbora baino luzeago, beste pertsona batzuei kalte eginez, edo prezioa ordaindu gabe aritzea; instalazioetan ezarritako ordutegietatik kanpo sartzea, haiek erabiltzea edo haietatik irtetea, edo erabili gabe horretarako ezarritako bitartekoak, edo halakoak egitea baimenik gabe eta behar bezala justifikatu gabe.
–Arintzat tipifika daitezkeen gertaeren ondorioz jasotzea astebetean bi ohartarazpen zehatzaile edo hitzezko kargu-hartze, izaera ezberdineko arau-hausteak izanik ere.
–Instalazioetako eta inguruko espazioetako bakea etetea, erabiltzaileei eragozpenak sortzen ahal dizkien jokabideekin (adibidez, arrazoirik gabe ozenegi hitz egitea, oihukatzea, mugikor bidez hitz egitea, musika entzutea entzungailurik gabe, eta erabiltzea bozgorailu erreproduzitzaileak eta ahotsa, soinua, zarata edo musika kanpora igortzen duten bestelako tresnak), instalazioetako espazio berean dagoenean gutxienez beste pertsona bat, eragozpenak jasan ditzakeena. Ekintza hori zehatzeko, ez da beharrezkoa izanen kalteak jasaten dituen pertsonak berariaz salatzea gertaera.
–Edozein motatako grabazioak egitea, edo irudiak, argazkiak eta soinuak hartzea Udalaren kirol instalazioetan edo kanpotik, pertsonarik agertzen ez dela, baina aldez aurretik baimenik eskatu gabe, edo bete gabe gainerako eskakizunak eta betebeharrak, zehaztu direnak ordenantza honetan, gaiari dagokionez, edo bete gabe legez eta arauz aplikatu beharrekoak.
–Aurreko jarduketa horiek egitea edo egiten saiatzea, erabiliz instalazioen gainetik hegan egiten duten teknologiak, gailuak edo aparatuak, Udalaren kirol instalazioen barnealdetik edo kanpoaldetik, beste pertsona batzuen irudirik agertu gabe eta arriskurik eragin gabe. Jokabide hori arau-hauste astuntzat tipifikatzen edo zehatzen ahalko da baldin balizko arriskuren bat izan bada, beste pertsona batzuen irudiak agertu badira edo eragozpenak eragin badira, eta oso astuntzat joko da baldin kalteak eragiten bazaizkie pertsonei edo ondasunei.
–Edozein baliabide erabiliz zabaltzea arau-hauste arinak izan daitezkeen egitateak; hain zuzen ere, parte hartzen dutenek edo zuzenean nahiz zeharka horren berri dutenek zabaltzea, edo, parte hartu gabe ere, zabaltzea modu nabarian arau-haustetzat jo daitezkeen gertaerak, betiere zabaltzeko ekintza hori bera ez bada jotzen inguruabar astungarritzat. Jokabide hori astuntzat tipifikatzen eta zehatzen ahalko da, baldin zabaldutako gertaerak izan badaitezke arau-hauste astunak, eta oso astuntzat joko dira baldin arau-hauste oso astunak izan badaitezke.
–Instalazioetan sartzea ordenantza honetan eta araudian baimentzen ez diren objektuak, elementuak edo materialak, edo horretan saiatzea, betiere ez badira arriskutsuak pertsonentzat eta ondasunentzat. Jokabide hori arau-hauste astuntzat tipifikatzen eta zehatzen ahalko da baldin arrisku posible bat izan bada edo eragozpenak eragin badira, eta oso astuntzat jotzen ahalko da baldin kalteak eragin bazaizkie pertsonei eta ondasunei.
–Erabiltzea beste pertsona batzuentzat, premia bereziak dituzten pertsonentzat edo talde eta kolektibo jakinentzat esleitutako edo erreserbatutako eremuak, zerbitzuak, ekipamendua, aldagelak edo komunak, eragotzi gabe pertsona horiek erabiltzea. Jokabide hori arau-hauste astuntzat tipifikatzen eta zehatzen ahalko da baldin eragozpenak sortu badira, eta oso astuntzat, baldin kalteak eragin bazaizkie pertsonei edo ondasunei.
–Ordenantza honetan xedatutakoa urratzea, honako honi dagokionez: 16 urtetik beherakoak sartzea berariaz haientzat debekatutako eremuetan, edo erabiltzea debekatuta dauzkaten ekipamenduak. Jokabide hori arau-hauste astuntzat tipifikatzen eta zehatzen ahalko da baldin eragozpenak sortu badira eta baldin ekintza horiek behin baino gehiagotan egiten badira, eta oso astuntzat, baldin kalteak eragin bazaizkie pertsonei edo ondasunei. Arau-hauste astunen edo oso astunen kasuan, zehapen gehigarri gisa, Udalaren kirol instalazioetan sartzea ukatuko zaie adingabeari eta haren arduradunari, ordenantza honetan zehazten den gehieneko denboran, gehienez ere.
–Ez betetzea ordenantzan edo Udalaren kirol instalazioetan aplikatu beharreko araudian ezartzen diren gainerako betebeharrak, debekuak eta mugak, astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez direnak; bereziki, dagokienez 8. eta 18. artikuluetan zehaztutakoari buruzko arau-hausteei.
B) Arau-hauste astunak:
–Ezarritako zehapen bat haustea, edozein motatako arau-haustearen ondoriozkoa dela ere.
–Ebastea, lapurtzea edo nahita hondatzea instalazioak, ekipamenduak, kirol-materiala eta beste pertsona batzuen gauzak eta instalazioetako objektuak.
–Behin eta berriz kasurik ez egitea arduradunek eta langile baimendu edo izendatuek ematen dituzten jarraibideei, instalazioen funtzionamendu egokirako eta pertsonei eta ondasunei arriskuak saihesteko eman ere; edo kasurik ez egitea, langile horiek instalazioetatik joateko agintzen dutenean.
–18.4 artikulua urratzea, betiere ez bada arintzat edo oso astuntzat jotzen, kontuan hartuta neurria, ukitutako pertsona-kopurua, emaitza eta garrantzia.
–Instalazioen barnealdean ordena franko asaldatzea, eta egitea arintzat jotzen ez diren irainak, mespretxuak, laidoak, hitzezko indarkeria eta mehatxuak, instalazioetan daudenei, edo errespetua larriki galtzea, edo gutxiestea langile baimenduen eta arduradunen aginpidea, edo kirol-arbitrajeaz arduratzen direnena. Inguruabar astungarritzat joko da kirol-lehiaketen testuinguruan egiten badira, izan amateurrak nahiz bestelakoak.
–Zuhurtziagabekeria larriagatik edo zabarkeriagatik pertsonei eta ondasunei kaltea ekartzen ahal dien egintzak egitea, edo kalte arriskua eragin dezaketenak.
–Kirol-jardueretan zabaltzea, erabiltzea, eragitea eta bultzatzea kiroleko indarkeria eta kirol-legearen kontrako jokabideak eta ekintzak.
–Instalazioetan sartzen den pertsona bidegabe sartzea ez dagozkion aldageletan, komunetan eta eremuetan.
–Erabiltzea premia bereziak dituzten pertsonentzat edo talde eta kolektibo jakinentzat gordetako eremuak, zerbitzuak eta ekipamendua, eta eragoztea aipatutakoek erabiltzea.
–Irabazizko jarduerak egitea, edo ez-irabazizkoak, aurretik lortu gabe behar den baimena, beharrezkoa denean ordenantza honen arabera eta gainerako araudiaren arabera, edo halakoak egitea bete gabe baimena eman duen agintaritzak ezarritako eskakizunak, baldintzak edo mugak.
–Edozein baliabideren bidez zabaltzea arau-hauste astuna diren egitateak; hain zuzen ere, halakoak zabaltzea haietan parte hartu dutenek edo zuzenean edo zeharka haien berri dutenek, baldin eta zabaltze hori ez bada hartzen inguruabar astungarritzat.
–Instalazioetan erretzea, alkohola edatea, drogak kontsumitzea, bertan sartzea edari alkoholdunak, substantzia dopatzaileak eta drogak, edo horretan saiatzea, eta beste pertsona batzuei haietako edozein eskaintzea Udalaren kirol instalazioetan.
–Instalazioetan sartzea, sartzen saiatzea eta erakustea ordenantza honetan eta araudian baimentzen ez diren edo debekatzen diren objektuak, elementuak, materialak edo haien antzekoak, arriskua dakartenak pertsonentzat eta ondasunentzat, betiere eragin gabe kalterik, eragozpenik eta gaitzik, eta lesiorik eragin gabe. Arau-hauste oso astuna izanen da baldin eragozpenak sortzen badira eta kalteak eragiten bazaizkie pertsonei eta ondasunei.
–Gailu piroteknikoak, sukoiak edo lehergaiak sartzea edo horretan saiatzea, edo haien mekanismoen parteak eta osagaiak (karkasak, erregaia, detonagailuak, metxak eta antzekoak), kalterik, eragozpenik eta lesiorik eragin gabe. Arau-hauste oso astuna izanen da baldin eragozpenak sortzen badira eta kalteak eragiten bazaizkie pertsonei eta ondasunei.
–Apustu antolatuak egitea, parte hartzea edo bultzatzea, aldez aurretik baimenik izan gabe.
–Erreserbatutako kirol-espazioak hirugarrenei lagatzea edo alokatzea.
–Larria izan gabe ere instalazioen ohiko funtzionamendua oztopatzen duen eragozpena, ez duena eragiten instalazioak aldi baterako ixtea.
–Urtebeteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.
C) Arau-hauste oso astunak:
–Pertsonei eta ondasunei kalteak eragiten dizkieten jokabide eta egintza bortitzak, edo eragiten dutenak benetako arrisku bat, kalte horiek sor daitezkeela ondorioztatzeko modukoa.
–Instalazioak erabiltzea haien kirol-erabilerarekin bat ez datozen jardueretarako, sortzen bada pertsonei eta ondasunei kaltea eragiteko benetako arriskua.
–Pertsonei eta ondasunei kalteak nahita eragitea, edo pertsonei eta ondasunei kalte larriki zabarrak edo larriki arduragabeak eragitea.
–Eraso fisikoak egitea instalazioaren erabiltzaileei, ikusleei eta bertako langileei.
–Hitz bidezko indarkeria oso larria erabiltzea arduradunen aurka eta Udalak baimendutako eta izendatutako langileen aurka.
–Instalazioen funtzionamendu arrunta larriki galarazten duen eragozpena, edo baita aldi baterako ixtea eragiten duena ere.
–Instalazioetan dauden pertsonei eskaintzea, preziorik gabe bada ere, alkohola, drogak, substantzia dopatzaileak eta debekatuta edo baimendu gabe dagoen beste edozein produktu, jarraikiz legeei, arauei eta kirol-erregelamenduari.
–Aldageletan, dutxetan eta komunetan grabazioak egitea eta irudiak eta soinuak hartzea, edozein formatutan eta edozein modutan, bai eta beste pertsona batzuen baimena izanik ere.
–Edozein baliabideren bidez zabaltzea arau-hauste oso astuna diren egitateak; hain zuzen ere, halakoak zabaltzea haietan parte hartu dutenek edo zuzenean edo zeharka haien berri dutenek, baldin eta ez bada hartzen inguruabar astungarritzat.
–Instalazioetan erabiltzea edo maneiatzea ordenantza honetan eta araudian baimentzen ez diren edo debekatzen diren objektuak, elementuak edo materialak edo haien antzekoak, arriskua dutenak pertsonentzat eta ondasunentzat, eta eragiten dutenak kaltea, eragozpenak eta lesioak.
–Erabiltzea eta manipulatzea gailu piroteknikoak, sukoiak edo lehergaiak, edo haien mekanismoen parteak eta osagaiak (karkasak, erregaia, detonagailuak, metxak eta antzekoak), halako moduz non sortzen den pertsonentzat eta ondasunentzat arriskua izan dezakeen egoera bat, edo eragozpenak sortzen badira, edo kalteak eragiten bazaizkie pertsonei edo ondasunei.
–Bi urteko epean bi arau-hauste astun egitea.
22. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste diren egintzak zehatuko dira artikulu honetan zehazten den moduan. Isuna zehapen gehigarria izaten ahalko da.
22.1. Proportzionaltasun irizpideak.
A. Zehapenak ezartzean, kontuan izanen dira arau-haustea gertatu zenean izandako inguruabarrak. Bereziki, zigorrak mailakatzeko, kontuan hartzen ahalko dira honako proportzionaltasun-irizpide hauetako guztiak edo batzuk:
a) Zenbat pertsona ukitu dituen arau-hausteak eta zenbateko arriskuak edo ondorioak sortu dituen.
b) Arau-haustearen oihartzun soziala.
c) Irudiari eta interes publikoei zenbateko kaltea egin dien.
d) Aurrez ohartarazpenik egin ote izana ala ez.
e) Intentzionalitatea.
f) Erantzuleak teknikoki zenbateraino zuen jokabidearen xehetasunen berri, bere lanbidearen arabera edo kirol-jardueren arloarekin duen loturaren arabera.
g) Erabilitako indarkeria.
h) Adingaberik bazegoen ala ez.
i) Egitateetan parte hartu dutenek edo zuzenean edo zeharka haien berri dutenek horiek zabaltzea edozein baliabideren bidez, baldin eta zabaltzea bera ez bada arau-hauste zigorgarria.
B. Honako hauek hartuko dira betiere, besteak beste, inguruabar astungarritzat:
a) Berrerortzea.
b) Egintzak egitea preziopean, promesapean edo edozein motatako ordainsaripean.
c) Premeditazioa.
Berrerortzea izanen da, ordenantza honen ondorioetarako, baldin arau-hausteen erantzuleek lehenago zehapen irmoa izan badute administrazio-bidean, larritasun-maila bereko edo handiagoko edozein arau-hauste dela eta, edo larritasun-maila txikiagoko bi arau-hauste edo gehiago direla eta. Berrerortzea izanen da baldin urtebete baino gutxiago igaro bada lehenbiziko arau-haustetik.
C. Inguruabar aringarritzat jotzen ahalko dira, besteak beste, berez damutzea, egindako egintzaren ondorioak minimizatzeko gerora egindako egintzak, eta aurretiaz ordaintzea kalte-ordainak eta konponketak.
22.2. Arau-hausteen zehapena zehaztea.
A) Arau-hauste arinen ondorioz, zehapen hauek ezartzen ahal dira: hitzez kargu hartzea, idatziz ohartaraztea, erabiltzaile-izaera galtzea gehienez ere hilabetez, edo epe horretan instalazioetan sartzeko debekua eta/edo 300 euro bitarteko isuna.
B) Arau-hauste astunen ondorioz, zehapen hauek ezartzen ahal dira: erabiltzaile-izaera galtzea gehienez urtebetez, edo epe horretan instalazioetan sartzeko debekua eta/edo 301 eurotik 1.000 euro bitarteko isuna.
C) Arau-hauste oso astunen ondorioz, zehapen hauek ezartzen ahal dira: erabiltzaile-izaera galtzea gehienez hiru urtez, edo epe horretan instalazioetan sartzeko debekua eta/edo 1.001 eurotik 3.000 euro bitarteko isuna.
Zehapen baten ondorioz erabiltzaile-izaera galtzeak berekin ekarriko du instalazioa erabiltzeko ordaindu zen prezioa galtzea, dirurik itzuli gabe.
Astuntzat edo oso astuntzat sailkatutako egintzengatik zehatzeak berekin ekartzen ahalko du Udalak taldearekin edo entitatearekin duen harremana bukatzea, adostutako abantailak galtzea edo sinatutako hitzarmena azkentzea.
Ordenantza ez bada betetzen, eta alde batera utzita arau-hauste baten ondorioz hala badagokio aplikatu beharreko zehapena, eragindako kalteak konpondu, berrezarri eta/edo ordaindu beharko ditu erabiltzaileak; eta, hala badagokio, dagozkion interesak ordaindu beharko ditu. Udalak, ordenamendu juridikoan xedatutakoarekin bat, betebeharra duen pertsonaren kontura eginen ditu gauzak arau-haustearen aurretik zeuden egoerara itzultzeko egin beharrekoak.
23. artikulua. Arau hausteen eta zehapenen preskripzioa.
1. Ordenantza honetan arautzen diren arau-hauste eta zehapenek honako preskripzio-epe hauek izanen dituzte:
a) Arau-hauste arinek eta haiei dagozkien zehapenek, 6 hilabeteren buruan.
b) Arau-hauste astunek eta haiei dagozkien zehapenek, 2 urteren buruan.
c) Arau-hauste oso astunek eta haiei dagozkien zehapenek, 3 urteren buruan.
2. Arau-hausteen preskripzio-epea zenbatzen hasiko da arau-haustea egin zen egunean, salbu eta jarduera jarraitu batetik eratorritako arau-hausteen kasuan; haietan, preskripzioa zenbatzen hasteko data hau izanen da, zer dagokion: modu fede-emailean jakin zenekoa, jarduera bukatu zenekoa edo arau-hausteari lotutako azken egintza egin zenekoa.
3. Zehapenen-preskripzio epea kontatzen hasiko da zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik.
4. Preskripzio-epea eten eginen du zehapen-prozedura hasteak; baina hilabetez aurrera egin gabe jarraitzen badu, prozedura horri lotutako pertsonari edo entitateari egotzi ezin zaion kausaren batengatik, preskripzio-epeak zenbatzen jarraituko du.
24. artikulua. Errekurtsoak.
Ematen diren ebazpenen aurka, indarreko legedian oro har ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira. Errekurtso horiek ebatzi arte, ez da instalaziora sartzen ahalko hura erabiltzeko aukera aldi baterako edo behin betiko galdu duen pertsona, betiere ez bada aurkakorik zehazten.
XEDAPENAK
Azken xedapena.–Indarrean jartzea.
Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ezagutu eta bete beharrekoa izanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratu ondotik eta bukatzen denean apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan aurreikusitako hamabost egun balioduneko epea (7/1985 Legea, arautzen dituena toki araubidearen oinarriak).
Sesman, 2025eko azaroaren 19an.–Alkatea, Pedro M.ª Mangado Pinillos.
Iragarkiaren kodea: L2515188
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
