248. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko azaroaren 19an hartua, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campuseko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea izapidetzeari. Eremua Iruñeko udal-mugartean birmugatzeari eta zortasun aeronautikoen araudia eguneratzeari buruzkoa da espedientea, eta Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak aurkeztu du.

2025eko ekainaren 24an, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak "Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campuseko udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa, eremua birmugatzeko" izeneko espedientea izapidetzeko dokumentazioa aurkeztu zuen.

Proposatutako aldaketaren xedea da Iruñeko Udalak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campuseko udalez gaindiko plan sektorialaren eta Iruñeko Udal Plan Orokorraren arteko hirigintza koordinaziorako hitzarmenean hartutako lehen konpromisoa betetzea. Hitzarmen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak sinatu zuten.

Hori horrela izanik, hona aldaketaren xedea:

1. Aipatu udalez gaindiko plan sektorialaren (aurrerantzean, UGPS) eremua birmugatzea Iruñeko udal-mugartean:

–Kanpo uztea 99.000 m² baino zertxobait gutxiago dituzten lurzoruak eta barne hartzea gutxi gorabehera 1.200 m²-ko azalera duten lurzoruak. Zehazki, hauek utziko dira kanpo: UGPSaren C-2 eta C-3 jarduketa unitateak, Sadar estadioaren aurreko aparkalekua eta NUPen kirol instalazioen iparraldean dauden etxebizitza kolektiboko bi eraikinak eta horien ingurunea.

–UGPSaren eremua errealitate fisikora, hiri errealitatera eta katastro errealitatera eta Sadar ibaiaren ibai espaziora egokitzea, haren ondoko C-1 unitatearen zatian.

2. UGPSaren jarduketa unitateen mugaketa proposatutako birmugaketara egokitzea.

3. UGPSaren araudia zortasun aeronautikoei buruz indarrean dauden araudi eta legeria berrietara egokitzea.

Eremuaren eta unitateen birmugaketari buruzko aldaketek (1. eta 2. puntuak) Iruñeari eragiten diote; zortasun aeronautikoei buruzkoek (3. puntua), berriz, Iruñeko, Galar zendeako eta Arangurengo udal-mugarteei, UGPSaren azalera osoan.

Azkenik, aldaketaren xedeaz harago, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak eskatuta eta UGPSaren araudira errazago sartu eta hura errazago aplikatu ahal izateko, araudiaren testu bateratu bat aurkezten da. Planaren hastapenetatik egin diren aldaketak eta orain proposatzen dena jasotzen ditu.

Aurkeztutako aldaketaren irismena kontuan hartuta eta aplikatu beharreko araudi sektorialen xedapenekin bat etorriz, beren eskumenari buruzko erabakiak hartzea eskatu zaie Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari eta Iruñerriko Mankomunitateari. 2025eko irailaren 12an eta 24an, azken bi erakundeek aldaketaren aldeko txostena eman dute.

Ingurumen ebaluazioari eta klima aldaketaren ebaluazioari dagokienez, dokumentuak jasotzen du ez dela beharrezkoa ingurumen ebaluazio estrategikoa izapidetzea; izan ere, ez da ingurumen eragin berririk sortzen, ez klima aldaketari dagokionez, ez trantsizio energetikoari dagokionez, indarrean dagoen UGPSari lotua, eta berez ez da eratzen ez ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparru gisa, ez ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeen proiektu gisa.

Aurkeztutako dokumentu teknikoa nahikoa eta egokia da agirien aldetik, aplikatu beharreko legeriak eskatutako edukiari dagokionez.

Nolanahi ere, aldaketaren dokumentazio grafikoa osatu behar da lurzoruaren sailkapenari, bide sareari eta eraikuntzaren babes eremuei buruzko antolamendu planoekin. Plano horietako edukiak eta zehaztapenak UGPSko eremu berrira eta jarduketa unitateen mugaketa berrira egokituta egonen dira. Horrez gain, aldaketaren antolamendu planoek aldatzen edo ordezten dituzten planoen izena eta numerazioa izanen dituzte. Ez dute numerazio berririk edo korrelatiborik izanen, aldaketa hau ex novo egindako tresna bat izanen balitz bezala.

Aldaketaren justifikazioa, batik bat UGPStik kanpo uztea C-2 eta C-3 jarduketa unitateak eta C-1 jarduketa unitatearen zati bat, aurkeztutako dokumentuaren arabera, arrazoituta dago Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campuseko udalez gaindiko plan sektorialaren eta Iruñeko Udal Plan Orokorraren arteko hirigintza koordinaziorako hitzarmenean, interes orokor inplizitua baitago kalitatezko hiri garapen antolatua egin dadin Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusaren eta hiri eremu mugakideen arteko integrazio espazioarekin (Iruñeko Udal Planak du antolatu beharra). Hiru alderdiek sinatutako hitzarmenean adierazi eta justifikatu dute nork, hartutako konpromiso guztien bidez, bere helburuak lortzeko interes espezifikoa duela.

Azkenik, egokitzat jotzen da espediente hau probestea UGPSaren araudiaren testu bategin oso bat egiteko, ez idatzizko araudiarena bakarrik (hirigintza araudia), baita araudi grafikoarena ere (antolamendu planoak). Aipatu testu bategina, onetsi ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. UGPSaren jatorrizko araudi idatzia eta grafikoa aldaketekin bateratzeaz gain, egungo hirigintza legeriara egokitu behar da (obren udal lizentziari buruzko aipamena kentzea, garapen plangintzari buruzko erreferentziak koordinatu eta eguneratzea, memorien informazio eta justifikazio testu errepikakorrak ezabatzea eta akatsak zuzentzea).

Lurralde Antolamendurako Batzordeak aldeko txostena eman du 2025eko urriaren 27an, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campuseko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea izapidetzen hasteari dagokionez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Hasiera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campuseko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea izapidetzeari. Eremua Iruñeko udal-mugartean birmugatzeari eta zortasun aeronautikoen araudia eguneratzeari buruzkoa da espedientea, eta Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak aurkeztu du.

2. Sustatzaileari jakinaraztea espedientea, ebatzi aurretik, osatu egin beharko dela erabaki honetan jasotako gogoeten arabera, eta, hala badagokio, eskatutako txosten sektorialek adierazten dutenaren arabera.

3. Espedientea ebatzi ondotik, Lurralde Kohesiorako kontseilariari baimena ematea testu bategin bat onar dezan, egoki bada. Testu horretan sartuko dira, erregularizatuta eta harmonizatuta, jatorrizko UGPSaren indarreko xedapenak, haren ondorengo aldaketenak eta egungo hirigintza legeriarenak.

4. Espedientea hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta, aldi berean, entzunaldia ematea aldaketak ukitutako udalei, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedaturiko ondorioetarako (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko da bi izapide horien epea.

Horretarako, espedientea kontsultagai egonen da Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Alondegi kalea 1, 2. solairua. 31002 Iruña), jendea hartzeko orduetan, bai eta web-orri honetan ere: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak, eta, epe horretan, egoki jotzen diren alegazio-idazki guztiak aurkezten ahalko dira.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta honako hauei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan: NUPi, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiari, Garraioko eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Galar zendeako eta Arangurengo udalei eta Iruñeko Udaleko Gerentziari.

Iruñean, 2025eko azaroaren 19an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2515192