2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BAZTAN
Ordenantza, turismo ostatuen udal errolda arautzen duena. Behin betiko onespena
Baztango Udalak, 2025eko urtarrilaren 23an egindako ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Turismo ostatuen udal errolda arautzen duen ordenantza.
Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2025eko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 18an, eta Udalaren iragarki-taulan, eta legezko epea igarota inork ez duenez alegaziorik jarri, behin betiko onetsitzat jo da, eta haren testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Baztanen, 2025eko azaroaren 13an.–Alkatea, Fernando Anbustegi Goñi.
ORDENANTZA, TURISMO OSTATUEN UDAL ERROLDA ARAUTZEN DUENA
ZIOEN AZALPENA
Apirilaren 2ko 7/1985 Legean (horren bidez arautzen dira toki-araubidearen oinarriak), 25. artikuluan, ezartzen da udalerriek erabiliko dituztela hirigintzako, hiri-ingurumeneko eta osasungarritasun publikoaren babeseko eskumenak, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legediaren barnean. Bestalde, lege beraren 84. artikuluak udalak gaitzen ditu herritarren jardunean esku hartzeko, horretarako baliatuz ordenantzak. Bi artikulu horien bidez ezartzen da behar den eskumen-esparrua testu hau emateko.
Baztango Udalak sustatu du plan berezi bat onestea, turismo ostatuen erabilera arautzeko Baztanen, baliatuta udalerrien berezko ahalmenak (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikulua), hirigintza-jardueraren printzipioak eta xedeak (jasangarritasuna, ingurunearekiko egokitzapena eta lurzoruaren erabileraren eta okupazioaren antolamendu arrazionala eta interes orokorraren araberakoa; printzipiook ezarrita daude Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan), eta bete beharrez, orobat, landa turismoa modu ez-masifikatuan garatzeko printzipioa eta helburua (Nafarroako Landa Garapenari buruzko martxoaren 17ko 17/2003 Foru Legearen 4. artikulua). Ildo berean, kontuan hartu du Baztan atxikia dagoela "8. eremua - Baztan Bidasoa" deritzon eremuari, "Nafarroa atlantikoa" Lurraldearen Antolamenduko Planaren (LAP 2) barnean.
Plan horren 21. artikuluan xedatutakoaren arabera, turismo ostatuetarako establezimenduen udal errolda bat sortuko da, behar bezala eguneratuta, jarraipen hobea egiteko "ekipamendu pribatua: turismo ostatua" deritzon erabileraren ezarpenari Baztanen, zehatz jakiteko nola banatuta dagoen erabilera hori udalerrian (lekuak eta kuartelak bereizita), lurzoru motaren arabera, eta erabilera antolatzeko eraikinetako solairuetan, bereziki bizitegietarako eraikinetan. Errolda horren bidez, araudiaren aplikazioa erraztu nahi da eta, orobat, gardentasunerako betebeharra bete.
Halaber, 21.2 artikuluan ezarrita dago udal errolda hori dagokion udal ordenantzaren bidez arautuko dela, eta erroldan honako datu hauek jaso beharko direla: gaikuntza-tituluei edo emandako lizentziei buruzko datu guztiak, bai eta aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenei edo aurretiazko komunikazioei lotutakoak ere; erabilerak onargarriak direla deklaratzeko hirigintzako txostenak; altak, bajak eta aldaketak; turismo ostatuen kokalekua; eraikinetako zer solairutan dauden; ostatu-plazen kopurua; establezimenduari atxikitako aparkaleku plazak; eraikitako azalera eta Udalak egoki irizten dien gainerako datuak, aurretik aipatutako helburuak erdiestearren.
Horiek horrela, Udalaren eskumenak baliatuta, eta bete beharrez Baztanen turismo ostatuen erabilera arautzeko plan berezian ezarritakoa, ordenantza hau ematen da, helburu duena Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Baztango Udal Errolda sortzea. Hona hemen ordenantzaren edukia:
I.–Xedapen orokorrak.
1. artikulua. Xedea eta helburua.
Ordenantza honek xede du Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Baztango Udal Errolda sortzea eta arautzea, aplikatu beharrez Baztanen turismo ostatuen erabilera arautzeko plan berezian ezarritakoa. Helburua da jarraipen hobea egitea "ekipamendu pribatua: turismo ostatua" deritzon erabileraren ezarpenari Baztanen, zehatz jakiteko nola banatuta dagoen erabilera hori udalerrian (lekuak eta kuartelak bereizita), lurzoru motaren arabera, eta erabilera antolatzeko eraikinetako solairuetan, bereziki bizitegietarako eraikinetan. Errolda horren bidez, araudiaren aplikazioa erraztu nahi da –Turismo ostatuen erabilera arautzeko plan berezian ezarritakoa, alegia– eta, orobat, gardentasunerako betebeharra bete.
2. artikulua. Turismo ostatuetarako establezimenduak: definizioak eta motak.
Ordenantza hau aplikatuko zaie turismo-ostatuetarako establezimenduei, baldin eta ezartzen badira Baztango Udal Planean turismo ostaturako toleratutako erabilerarako, eta betetzen badute Baztanen turismo ostatuen erabilera arautzeko plan bereziaren zati arautzailean jasotako definizioetan ezarritakoa. Horren guztiaren arabera, bada, hona hemen ordenantzak ukitutako establezimendu motak:
a) Hotel-establezimenduak.
b) Turismo kanpalekuak.
c) Turismoko aterpetxeak.
d) Landetxeak.
e) Apartamentu eta etxebizitza turistikoak.
f) Ostatu bereziak.
g) Nafarroako Foru Komunitateak erregelamendu bidez ezartzen duen beste edozein.
3. artikulua. Aplikazio-eremua.
Ordenantza honetan ezarritakoa aplikatuko zaie arestian aipatutako motetakoak diren turismo ostatuetarako establezimenduei. Turismo ostatu gisa erabili ahal izateko, eraikinek (egun daudenek eta etorkizunekoek) egon beharko dute Baztango Udal Planean hiri-lurzoru gisa eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta dauden lurretan, eta lur horietan baimenduta egon behar du turismo ostatuaren erabilerak. Lurzoru urbanizaezinean dauden establezimenduei ere aplikatuko zaie ordenantza hau, haietan turismo ostatuei lotuta egiten diren jarduerei dagokien bezainbatean.
4. artikulua. Erroldan inskribatu beharra.
Pertsona fisiko edo juridiko titularrek edo zuzenbidean onartutako beste bideren bat baliatuz turismo ostatuaren jardueran ari direnek –edo jarduteko asmoa dutenek– Baztango udalerrian dagoen establezimendu batean, eta ordenantza honen aplikazio-eremuak ukitzen baditu, Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Baztango Udal Erroldan inskribatu beharko dute dagokion turismo ostaturako establezimendua, eta, orobat, errolda horretan jaso beharko dituzte establezimenduari lotutako altak, aldaketak eta bajak.
Errolda arautzen duen udal ordenantza indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, gehienez, inskribatu beharko da establezimendua Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Udal Erroldan. Izan ere, inskribatu ezean, ofizioz inskribatuko da, oinarri hartuta Nafarroako Turismo Erregistroan dauden datuak, bai eta Udalaren bulegoetan eta erregistroetan dauden datu osagarriak ere, eta galarazi gabe ez inskribatzeak dakartzan diziplinazko neurriak eta zehapenak. Ofizioz egindako inskripzioen kasuan, inskripzioa jakinaraziko zaio titularrari edo jarduera aurrera eramateko eskubidea duenari, eta hamabost eguneko entzunaldia emanen zaio, egoki irizten diona alega dezan edo osatu ditzan ofizioz bildu ezin izan diren datuak edo informazioa.
Sei hilabeteko epe hori igarota, gehienez ere hiru hilabeteko epean inskribatuko beharko dira turismo ostatuko jarduera berriak edo aurrekoak aldatzen dituztenak Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Udal Erroldan.
II.–Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Baztango Udal Errolda: sorrera eta edukia.
5. artikulua. Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Baztango Udal Errolda sortzea.
Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Baztango Udal Errolda sortzen da, bat etorriz ordenantza honetan araututako edukiarekin, eta 1. artikuluan ezarritako xedeari eta helburuari jarraikiz. Errolda gardentasunerako tresna bat da, lagundu nahi duena modu egokian aplikatzen Baztanen turismo ostatuen erabilera arautzeko plan berezian ezarritako araudia. Orobat, lagundu nahi du jarraipen hobea egiten "ekipamendu pribatua: turismo ostatua" deritzon erabileraren ezarpenari Baztanen. Hori guztia, erabilera horren ezarpenerako baldintzak arautzeari eta betetzeari begira, erabilera hori udalerrian ezartzeko eredua antolatzeari begira eta estatistikari begira.
6. artikulua. Erroldan inskribatu beharreko egintzak.
Turismo ostaturako establezimendua eta hari lotutako gorabeherak (altak, aldaketak eta bajak) inskribatu behar dira Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Baztango Udal Erroldan. Zehazki, honako egintza hauek inskribatu behar dira:
6.1. Turismo ostaturako establezimenduan zer jarduera eramaten ari den edo eramanen den aurrera, jarduera horren alta.
6.2. Aldaketak jardueran. Establezimenduan izandako aldaketak erregistratu beharko dira, eta, bereziki, honako alderdi hauen aldaketei eragiten dietenak: mota, plaza kopurua, solairua, izena, helbidea edo kokalekua, eraikitako azalera edo establezimenduari atxikitako aparkaleku plazak.
6.3. Jardueraren baja. Erregistroan jasota utzi beharko da ostatu-jarduera iraungi dela.
Hala, inskripzioetan erregistratuko da alta eguna, bai eta, kasua bada, bajen eta Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Baztango Udal Erroldan jazotako aldaketen egunak ere; hori guztia, egiaztatu eta gero hurrengo artikuluan adierazitako datu eta agiri guztiak aurkeztu direla, eta, bereziki, egiaztatu eta gero dagokion establezimendua erregistratua dagoela Nafarroako Turismo Erregistroan.
7. artikulua. Erroldaren edukia eta han sartu beharreko datuak eta informazioa.
Inskribatzeko betebeharra duten pertsona fisiko edo juridikoek jarraian ageri diren datuak eta informazioa eman beharko dituzte turismo ostatuetarako establezimenduetan egiten duten edo egin asmo duten jarduerari eta turismo ostatuaren erabilerari buruz:
7.1. Inskribatzeko edo erregistratzeko eskabidea, ordenantza honen I. eranskinean jasotakoaren araberakoa. Udalaren bulegoetan edo erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute, adieraziz zertarako den (erroldan alta, baja edo aldaketa egitea), eta elementu hauek zehaztuta:
–Titularraren edo jardueran aritzeko gaituta dagoenaren identifikazioa. Izen-deiturak, NANaren zenbakia, helbidea (jakinarazpenetarako), telefono zenbakia eta helbide elektronikoa (jakinarazpenetarako).
–Establezimenduaren izena. Merkataritzako izena.
–Erregistro-zenbakia Nafarroako Turismo Erregistroan.
–Zer turismo establezimendu mota den. 2. artikuluan ezarritako datuak.
–Establezimenduaren kokalekua. Helbidea, lekua eta kuartela.
–Ostatu-plazen kopurua. Zenbakiz adierazita.
–Jardueraren hasiera eguna.
–Lurzoru mota. Hiri-lurzorua / urbanizagarria / urbanizaezina.
–Establezimenduari atxikitako aparkaleku plazak. 0 badira, adierazi egin behar da.
Eraikuntzaren oinplanoko kokapena. Eraikin osoa hartzen duen edo solairu bakarrean dagoen adierazi behar da.
Azalera eraikia. Eraikitako metro koadroetatik, turismo ostatuaren establezimendurako erabiltzen diren metro koadroen batura.
7.2. Gaikuntza-tituluak eta emandako lizentziak edo aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak.
7.3. Erabilerak onargarriak direla deklaratzeko hirigintzako txostena, baldin eta hori eskatzea bidezkoa bada Baztanen turismo ostatuen erabilera arautzeko plan berezian ezarritakoaren arabera.
8. artikulua. Inskribatzeko formatuak.
Inskribatzeko, Udalaren bulegoetan eskuragarri dauden eskabideak erabili beharko dira, edo, bestela, Baztango Udalaren erregistro elektronikoan gaitutako eskabide digitalak. Aurreko 7.2 eta 7.3 puntuetan adierazitako agiriak fitxategi digitalizatuetan aurkeztu beharko dira.
9. artikulua. Errolda: eguneratzea eta sarbidea.
Baztango Udalak urtero berrikusiko du errolda, ofizioz.
Errolda publikoa da, datuen babesaren arloan indarrean dagoen legediak ukitzen ez dituen datuei dagokienez. Horrek esan nahi du babestuta ez dauden datuak eta informazioa kontsultatzen ahalko dela.
III.–Ikuskatzeko eskumena eta zehapen araubidea.
10. artikulua. Ikuskatzeko eskumena.
Udal-administrazioak ikuskatze- eta zaintza-lanak eginen ditu, bermatzeko behar bezala betetzen dela ordenantza honetan xedatutakoa; nolanahi ere, salaketak egiten ahalko ditu ordenantzan araututakoa urratzeagatik.
Baztango Udalak, ikuskatze-lanetan, ordenamendu juridikoak Administrazio Publikoei ikuskatze-lanetan aitortzen dizkien eskumen gorenenak izanen ditu. Eskumen horiek baliatuta, bada, egiaztatzen ahalko du ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla, bete daitezen galdegiten ahalko du eta, are, bere gain hartzen ahalko du hura betetzea, ordezko gisa, betearazpen subsidiarioa baliatuz.
Baztango Udaleko alkate udalburua edo hark eskuordetutakoa da ordenantza honi lotutako auziak ebazteko organo eskuduna.
11. artikulua. Zehatzeko ahala eta zehapen-prozedura.
11.1. Zehatzeko ahala baliatuko da bat etorriz ezarrita dagoenarekin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean eta ordenantza honetan. Orobat, ordenantza hau urratzeagatik datozen zehapenen prozedura izapidetuko da jarraikiz ezarrita dagoenari Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean eta ordenantza honetan.
11.2. Baztango Udaleko alkate udalburua edo hark eskuordetutakoa izanen da zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko organo eskuduna.
11.3. Espedientearen ebazpena beranduenez sei hilabetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak erabakiko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.
Prozedura hasi denetik sei hilabetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz artxibatuta, salbu eta prozedura gelditu denean legez araututako kasuak direla eta.
12. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
12.1. Arau-hauste arina da:
–Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Baztango Udal Erroldan inskribatu beharreko egintzak errolda horretan ez inskribatzea sei hilabeteko epean, ordenantza hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita.
–Indarrean jarri zenetik sei hilabete igaro eta gero, Turismo Ostatuetarako Establezimenduen Baztango Udal Erroldan inskribatu beharreko egintzak errolda horretan ez inskribatzea hiru hilabeteko epean, establezimendua ezarri zenetik zenbatzen hasita.
12.2. Arau-hauste astuna da:
–Arau-hauste arinak errepikatzea.
–Erregistratzeko eta inskribatzeko egintzetan, egiazkoak ez diren datuak eta informazioa ematea.
13. artikulua. Zehapenen zenbatekoa.
–Arau-hauste arinek ez dute ekarriko diruzko zehapenik; egintza jakinarazi eta zuzentzeko eskatuko da.
–Arau-hauste astunek 751 eurotik 1.500 eurora bitarteko zehapena ekarriko dute.
AZKEN XEDAPENA
Jarraikiz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 70.2 artikuluari, ordenantza hau indarrean jarriko da izapidetu eta gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egunera, eta indarrean jarraituko du aldatu arte edo espresuki indargabetu arte.
I. ERANSKINA.–IZENA EMATEKO EDO ERREGISTRATZEKO ESKABIDE-INPRIMAKIA
ANEXO I.–FORMULARIO DE SOLICITUD DE INSCRIPCIÓN O REGISTRO

| Foruen plaza, 1 Tel. 948580006 31700 – Elizondo (Baztan) www.baztan.eus baztan@baztan.eus |
ESKABIDEA/SOLICITUD
Eskatzailea/solicitante: |
NAN/DNI: | Telefonoa/teléfono: |
Helbidea/domicilio: |
Posta elektronikoa/correo electrónico: |
Jakinarazpena/comunicación: | adierazitako posta helbidean/en la dirección postal indicada elektronikoki herritarraren karpetan/electrónicamente en la carpeta ciudadana |
TURISMO-OSTATUKO ESTABLEZIMENDUEN UDAL-ERROLDAN IZENA EMATEKO EDO ERREGISTRATZEKO ESKAERA/SOLICITUD DE INSCRIPCIÓN O REGISTRO EN EL CENSO MUNICIPAL DE ESTABLECIMIENTOS DE ALOJAMIENTO TURÍSTICO.
1.–Turismo-ostatuaren jarduerari eta erabilerari buruzko datuak eta informazioa/datos e información relativa a la actividad y uso de alojamiento turístico.
Titularra edo jardueran aritzeko gaitutako pertsona identifikatzea/identificación de la persona titular o persona habilitada para el ejercicio de la actividad. Izen abizenak/nombre y apellidos: NAN/DNI: Jakinazpenetarako helbidea/dirección a efectos de notificaciones: Telefonoa/teléfono: Helbide elektronikoa/dirección de correo electrónico: |
Establezimenduaren izena/nombre o denominación del establecimiento: |
Erregistro zenbakia Nafarroako Turismo Erregistroan/número de registro en el Registro de Turismo de Navarra: |
Turismo-establezimenduaren mota edo tipologia/clase o tipología de establecimiento turístico: |
Establezimenduaren kokalekua/ubicación o emplazamiento del establecimiento. Helbidea/dirección: Lekua/lugar: Kuartela/cuartel: |
Ostatu plazen kopurua/número de plazas de alojamiento: |
Jardueraren hasiera-data/fecha de inicio de la actividad: |
Lur mota/tipo de suelo: hiritarra/urbano urbanizagarria/urbanizable urbanizaezina/no urbanizable |
Atxikitako aparkaleku-plazen kopurua/número de plazas de aparcamiento vinculadas: |
Eraikuntzaren oinplanoko kokapena/localización en planta de la edificación: |
Eraikitako azalera/superficie edificada: |
2.–Erantsitako dokumentazioa/documentación que se adjunta.
Gaikuntza-tituluak eta emandako lizentziak, edo erantzukizunpeko adierazpenak edo aldez aurreko komunikazioak aurkeztea/títulos habilitantes y licencias otorgadas, o presentación de declaraciones responsables o comunicaciones previas. Gaikuntza titulua/título habilitante: |
Erabileren adostasunari buruzko hirigintza-txostena/informe urbanístico de conformidad de usos. Txostenaren data eta erreferentzia/fecha y referencia del informe: |
3.–Izena emateko eta erregistratzeko eskatzen den egintza/acto sobre el que se solicita la inscripción y registro.
Egintza mota/tipo de acto: alta aldaketa/modificación baja |
Baztanen, ............................................................................................................... (data/fecha)
SINADURA/FIRMA
Iragarkiaren kodea: L2515097