248. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

424E/2025 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan eskatutako aldaketa, ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokiena. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Cintruenigoko udal mugartean dago eta haren titularra Transporte y Gestión de Contenedores SL da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendari nagusiaren abenduaren 10eko 536E/2024 Ebazpenaren bidez emana, eta sarturik dago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 5.1 taldean.

2025eko irailaren 9an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzeko; zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, kudeatzen dituen hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzeko, 170508 EHZ kodea duena (R130106 baimendutako kudeaketa prozesuan).

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:

EHZ KODEA

AZALPENA

BALORAZIOA

17 05 08

Trenbideetako balastoa, 17 05 07 kodean zehaztuta dagoenaz bestelakoa

Onartzen da "Hondakinen biltegiratzea, bilketaren eremuan. EEH" R130106 baimendutako kudeaketa prozesuaren bidez kudeatu beharreko hondakinen zerrendan sartzea

Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen bateratuan ezarritako gehieneko isurketa balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Onartzea hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan eskatutako aldaketa, ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokiena. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Cintruenigoko udal mugartean dago eta haren titularra Transporte y Gestión de Contenedores SL da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Transporte y Gestión de Contenedores SLra.

Iruñean, 2025eko azaroaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Larrañeta Nido.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2515471