1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
437E/2025 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Berriobeitiko udal-mugartean hodiak ekoizten dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra ArcelorMittal Tubular Products Berrioplano SLU da.
Egun jardunean den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 2.9 taldean.
2025eko irailaren 10ean, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzea; zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, instalazioan sortzen diren hondakinen zerrendan, hondakin berri hauek sartzeko:
EHZ KODEA | DESKRIBAPENA | JATORRIA |
15 01 02 | Plastikozko ontziak | Altzairuzko bobinen enbalajetik datozen errafia-plastikoa eta polipropilenozko gurpilak. |
15 01 03 | Zurezko ontziak | Produktu amaitua enbalatzeko prozesuan sortutako hondakinak. |
15 01 06 | Material nahasiak dituzten ontziak | Altzairuzko bobinen enbalajeetako kartoia, argizari-papera eta plastikoa, nahasita. |
20 03 04 | Hobi septikoen lohiak | Hondakin-ur sanitarioetatik dekantagailu eta digestore biologiko bidez ateratako lohiak. |
Bestalde, eskatzen da 150110* EHZ kodea duen hondakinerako (substantzia arriskutsuen hondarrak dituzten edo horiez kutsatuta dauden ontziak) R5 tratamendua (beste materia ez-organiko batzuk birziklatzea edo berreskuratzea) sar dadila ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:
EHZ KODEA | DESKRIBAPENA | BALORAZIOA |
15 01 02 | Plastikozko ontziak | Onartzen da instalazioan sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea. |
15 01 03 | Zurezko ontziak |
15 01 06 | Material nahasiak dituzten ontziak | Hondakina jatorrian bereizten ahal da; beraz, ez dagokio kudeatu beharreko hondakinen zerrendan sartzea, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 25. artikuluari jarraituz. Kode honekin sartu nahi den hondakina hauen arabera bereizi behar da: plastikoa, argizari-papera eta kartoia. Horiek kudeatzeko, horien ordez, kode hauek sartzen dira: 150102 EHZ kodea, plastikoetarako, eta 150101 EHZ kodea, argizari-papererako eta kartoirako. |
20 03 04 | Hobi septikoen lohiak | Ez da onartzen sartzea. Hobi septikotik (dekantagailua eta iragazki biologikoa) datozen lohiak kudeatzeko, 190805 EHZ kodea sartzen da (hiriko hondakin-uren arazketako lohiak). |
EHZ KODEA | DESKRIBAPENA | AZKEN KUDEAKETA | BALORAZIOA |
15 01 10* | Substantzia arriskutsuen hondarrak dituzten ontziak, edo haiekin kutsatuak daudenak | R3, R4, R1, D9, D5 | Ez da onartzen EHZ kode horretarako R5 kudeaketa-bidea sartzea sortutako hondakinen taulan. Hondakin hori kudeatzeko, bitarteko tratamenduko R12 eta R13 balorizazio-eragiketak baimentzen dira. Hondakinaren azken kudeaketarako, R3, R4, R1, D9 eta D5 kudeaketa-bideak baimentzen dira. |
Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen bateratuan ezarritako gehieneko isurketa balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Partez onartzea Berriobeitiko udal-mugartean hodiak ekoizten dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra ArcelorMittal Tubular Products Berrioplano SLU da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, ArcelorMittal Tubular Products Berrioplano SLUra eta Berriobeitiko Udalera.
Iruñean, 2025eko azaroaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Larrañeta Nido.
Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2515565