1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
423E/2025 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita grafito artifiziala eta bigarren mailako beste produktu batzuk ekoizteko instalazioaren aldaketa nabarmena egitea (instalazioa Oltza zendean dago eta Graftech Ibérica SL da titularra). Helburua da, batetik, 13. Stein labea Stein oxidagailu zentralarekin konektatzeko proiektua gauzatzea eta, bestetik, larrialdiko oxidagailu zentralari lotutako foku ez-sistematiko bat sartzea. Hori horrela, instalazioak eta jardueraren garapenak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte.
Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 428/07 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 164E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 21eko 169E/2020 Ebazpenaren bidez aldatu zena.
2025eko irailaren 2an eta 2025eko irailaren 5ean, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, 13. Stein labea Stein oxidagailu zentralarekin konektatzeko eta foku ez-sistematiko bat sartzeko (larrialdietako oxidagailua).
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 2025eko irailaren 15ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Baina aldaketa nabarmena ere badela dio irizpenak, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 31. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, 2025eko irailaren 15ean emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.
Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzeko administrazio-prozedura izapidetzeko, eta, beraz, 2025eko irailaren 15ean, prozedura hori hasi zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko; hau da, 13. Stein labeari lotutako 20. fokua ezabatzea eta 42. fokura konektatzea, gainerako Stein labeekin batera, bai eta beste foku bat sartzea ere, 43.a, larrialdietako oxidagailu termikoa, larrialdi egoeraren bat dagoenerako edo 42. fokuari lotutako oxidagailu nagusietako batek behar bezain ongi funtzionatzen ez duenerako.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, atmosferara isuriak egiteko baimena eguneratzen da, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.
Espedientea izapidetu da bat etorrita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Baimentzea grafito artifiziala eta bigarren mailako beste produktu batzuk ekoizteko instalazioaren aldaketa nabarmena egitea (instalazioa Oltza zendean dago eta Graftech Ibérica SL da titularra). Helburua da, batetik, 13. Stein labea Stein oxidagailura konektatzeko proiektua gauzatzea eta, bestetik, larrialdietako oxidagailu zentralari lotutako foku ez-sistematiko bat sartzea. Horrenbestez, instalazioak eta jardueraren garapenak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte.
Bigarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena eguneratzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta, epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurketetan gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.
Hirugarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Laugarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
–Jarduketa plan bat, eguneratua, ingurumenean eragina izaten ahal duten ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatzeko. Jarduketa planaren barruan larrialdietako oxidagailu termikoak funtzionatzeko protokoloa egonen da.
–42. fokuaren isuri atmosferikoen neurketaren txostena, ikuskapen entitate egiaztatu batek egina.
Bosgarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Graftech Ibérica SLra eta Oltza zendeako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko azaroaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Larrañeta Nido.
Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2515479