244. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

68/2025 FORU AGINDUA, azaroaren 12koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza bekaren deialdia egiten duena, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan aritzeko. NGDDB identifikazioa: 869710.

Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak bi prestakuntza bekaren deialdia egin nahi du unibertsitateko tituludunentzat, dokumentuen eta artxiboen kudeaketa arlorako.

Aipatu beken deialdia egin eta beka horiek emanez, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak bi helburu erdietsi nahi ditu: alde batetik, hobeki betetzea ordenamendu juridikoak –zehatzago, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeak– departamentu eskudunari artxiboen arloan esleitutako eginkizunak; eta, bestetik, unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren bitartez, artxiboen eta dokumentu-ondarearen arloan egiten den lanaren ezagutza teoriko eta praktiko hobea eta zuzenagoa lor dezaten.

Beken deialdia egin eta beka horiek emateko, oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta, osagarri gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Beka bakoitzaren zuzkidura ekonomikoa ezartzeko, jarraitu zaio Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Aginduan xedatutakoari, foru agindu horren bidez eguneratu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza beken zuzkidura ekonomikoa.

Bekadunek 1.350 euro gordin jasoko dituzte hilean, bekak irauten duen denbora osoan. Indarreko araudiaren arabera nahitaezkoa denean, zenbateko horretatik atxikiko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako atxikipena eta bekadunaren kotizazioari dagokiona.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamenturen egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza beka emateko deialdia onestea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan aritzeko.

2. Deialdi honetarako 33.928,32 euroko gastua baimentzea, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago. Honela finantzatuko da:

–2026ari dagokion gastua, guztira 33.778,64 euro, egotziko zaio 2026ko Gastuen Aurrekontuan "Bekak" izeneko A21002 A2200 4800 332100 partidaren baliokidea den edo xede horretarako gaitzen den aurrekontu-partidari, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

–2027ari dagokion gastua, guztira 149,68 euro, 2026ko abenduko Gizarte Segurantzari dagokiona, 2027ko urtarrilean ordainduko da, urte horretako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den aurrekontu-partidaren kontura.

–Hurrengo urteetan, bekak luzatzen badira, bakoitzaren zenbatekoak berberak izanen dira: 1.350 euro gordin hilean, gehi gizarte segurantzako kuotari dagozkion 63,68 euro hilean. 2027an eta 2028an, luzatutako bekei dagokien gastua, urte horietako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den aurrekontu-partidaren kontura ordainduko da.

–2026, 2027 eta 2028ko Gizarte Segurantzako kuota aldatzen bada, foru agindu honetan erreserbatutako eta baimendutako zenbatekoak eguneratzen ahalko dira, Vianako Printzea Erakundea­-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau igortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzura eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko azaroaren 12an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2514938