2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LONGIDA
Gordailuak eratzeko baimena
2025eko azaroaren 24an, Longidako Udaleko alkateak 41-2025 Ebazpena eman zuen; hona hemen haren testu osoa:
Gordailuen Kutxa Orokorrean berme edo gordailu bat eratzea da jarduera instrumental edo izapide-jarduera bat, prozedura nagusi bat betetzeko: kontratu bat, nahitaezko desjabetze bat, dirulaguntza bat edo bestelako administrazio-jarduera bat. Prozedura hori ekonomikoa da, eta helburu du botere publikoek babestu beharreko interes bat. Hortaz, beharrezkoa da Gordailuen Kutxa Orokorrak jardun dezan halako moduz non atzerapenik gabe eta efizientziaz beteko diren dagokion prozedura nagusia eta haren helburuaren xedea.
Prozedura bat artikulatu beharra dago, eskudiruzko gordailuak kudeatzen laguntzeko, Longidako Udalak jarduerak egin ahal izateko. Arautu beharra dago nola eratuko eta nola deuseztatuko diren gordailu horiek.
Gordailu horiek eratzea eta deuseztatzea joko dira Longidako Udalak egindako kobrantza eta ordainketatzat.
Gordailuak zer eratako jarduketari dagozkion, jarduketa hori gauzatzeko eskumena duen Longidako Udaleko organoa arduratuko da aipatu bezala eratutako gordailuak kontrolatzeaz, kudeatzeaz eta erregistratzeaz.
Apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 124.4 n) artikuluak ezartzen duenez (lege horrek arautzen ditu toki araubidearen oinarriak), alkateak honako eskudantzia hauek ditu, besteak beste:
n) Bere eskumeneko gaietako gastuak baimendu eta xedatzea.
Horregatik,
EBATZI DUT:
Lehenbizikoa.–Gordailuak eratzeko baimena ematea partikularrei, beste partikularren eskura jartzeko, gordailu horien xedea denean betetzea Longidako Udaleko organoek bere gain hartutako betebeharrak.
Era berean, Longidako Udaleko organoek gordailuak eratzen ahalko dituzte partikularren alde.
Bigarrena.–Ondorio horietarako, ordainketa-gutuna emanen du kasuan kasuko prozedura administratiboa egiazki betetzen dela aitortu behar duen organo kudeatzaileak.
Hirugarrena.–Gordailuak eratzeko, horien zenbatekoa sartuko da Longidako Udaleko Diruzaintzan. Gordailua eratutzat joko da aipatutako diruzaintzan sartzen den unetik.
Longidako Udaleko organo bati baldin badagokio gordailu bat eskudirutan eratzeko betebeharra, gordailua eratutzat joko da ordaintzen denean horretarako aitortzen den aurrekontu-betebeharra. Ordainketa hori eginen da erabiliz formalizazio bidez ordaintzeko barne-mekanismoak.
Organo kudeatzaileek erregistratu eta kontrolatu beharko dituzte eskudirutan eratutako gordailuak.
Laugarrena.–Dagokion organoak erabakiko du gordailua deuseztatzea, horretarako ezarritako baldintzak betetzen direnean. Behin erabaki hori hartuta, eta Kontu-hartzailetzak fiskalizazioa egin ondoren, dagokion ordainketa eginen da dagokion hirugarrenaren alde.
Bosgarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea Longidako Udaleko Zerbitzu Ekonomikoei.
Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Longidan, 2025eko azaroaren 24an.–Alkatea, Roberto Zazpe Bariain.
Iragarkiaren kodea: L2515388