244. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

70/2025 FORU AGINDUA, azaroaren 10ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren 10. artikulua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko.

Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren bidez, arauak onetsi ziren Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko.

Foru agindu horren 10. artikuluak honako hau ahalbidetzen du, alderdi zehatz batzuk egiaztatu ondoren: "salbuespen gisa, ezinbesteko arrazoiengatik beharrezkoa denean, eta betiere aurreko artikuluetan azaldutakoaren arabera kontrataziorik egitea ezinezkoa gertatzen bada, Hezkuntza Departamentuak berariazko kontratazioak egiten ahalko ditu bete nahi den lanpostuaren ezaugarrietara moldatzeko egokienak hartzen diren pertsonekin".

Ezinezkoa izan denean kontrataziorako izangaien zerrendak erabiltzea aldi baterako irakasleak hautatzeko ohiko bitarteko gisa, modalitate horri esker ikasleei bermatu izan zaizkie eskolak jasotzeko eskubidea eta, azken batean, hezkuntzarako eskubidea.

Aspalditik egiaztatu da zaila dela irakasleak administrazio araubidean kontratatzea, batez ere kidego, espezialitate, hizkuntza eta hizkuntza-eskakizun jakin batzuetan, eta horrek kalte nabarmenak dakarzkiela ikasleei, oinarrizko eskubide bat –hezkuntza, alegia– betetzeko orduan. Horren ondorioz, artikulu horren erabilera areagotu egin da, eta, beraz, kontratazio modalitate berezi horren erabilera ere bai.

Areagotze horren ondorioz, sistemak bitartekoak izan behar ditu artikulu horren erabilera handiagoa bermerik handienarekin egiten dela bermatzeko, izangaien berdintasunari dagokionez, eta zerrendak kudeatzeko sisteman sartu behar da, halako moduan non kontratazioa arin eginen baita, hezkuntza zerbitzu publikoa behar bezala emanen baita, eta, horrela, hezkuntzarako oinarrizko eskubidea beteko baita.

Ondorioz, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren 10. artikulua aldatzea; foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko.

Hezkuntzako kontseilariak apirilaren 8an emandako 37/2020 Foru Aginduaren 10. artikulua aldatzen da. Hemendik aurrera, honela idatzita geldituko da:

"1. Salbuespen gisa, ezinbesteko arrazoiengatik beharrezkoa denean, eta betiere aurreko artikuluetan azaldutakoaren arabera kontrataziorik egitea ezinezkoa gertatzen bada, Hezkuntza Departamentuak berariazko kontratazioak egiten ahalko ditu bete nahi den lanpostuaren ezaugarrietara moldatzeko egokienak hartzen diren pertsonekin.

2. Kontratazio bereziaren ondorioetarako soilik, Hezkuntza Departamentuak aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak osatuko ditu, eta haietan sartuko ditu foru agindu honen I. eranskinean ezarritako titulazio baldintzaren bat betetzen ez duten pertsonak. Zerrenda horiek aurreko artikuluetan aipatzen diren zerrenda guztiak agortu ondoren soilik erabiliko dira. Horrek guztiak ez du deusetan ukatzen foru agindu honen 14. artikuluan jasotako gainerako baldintzak bete beharra.

3. Aurreko apartatuan jasotako zerrendetan sartuko dira 2023ko irailaren 1etik aurrera Hezkuntza Departamentuarekin, kasuan kasuko kidego, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, hizkuntza-eskakizuneko kontratazio eskaintza batean, irakasle gisa aldi baterako administrazio kontratu bat sinatu duten edo sinatzen duten izangaiak, baldin eta haien kontratua ez bada amaitu zerrendetatik baztertzea eragiten duen arrazoiren batengatik eta ez badagokie lehentasunezko beste zerrenda batean sartzea.

Apartatu honen arabera sartzen diren pertsonen arteko hurrenkera zehazteko, bakoitza zerrendan sartzea eragin duen kontratuaren adjudikazio unea hartuko da kontuan.

2023ko irailaren 1etik aurrera Hezkuntza Departamentuarekin irakasle gisa aldi baterako administrazio kontratu bat gutxienez sinatu dutelako zerrendan sartzen diren pertsonen kasuan, ondorio horietarako aintzat hartzekoa den kontratu zaharrenaren adjudikazio unea hartuko da kontuan.

4. Aurreko apartatuetan araututako zerrendetan sartuak dauden izangaiak, baldin eta geroago egiaztatzen badute betetzen dituztela foru agindu honen I. eranskinean zehaztutako titulazio eskakizun guztiak, aldi baterako kontrataziorako zerrenda orokorrera igaroko dira, kasuan kasuko kidego, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, hizkuntza-eskakizunekora, Hezkuntza Departamentuan langileriaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak horretarako ezartzen duen prozeduraren arabera.

5. Kontratazio premiek hala eskatzen dutenean, Hezkuntza Departamentuak izangaien zerrenda horiek irekitzea erabakitzen ahalko du zehazten diren kidego, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, hizkuntza-eskakizunetan, artikulu honetan eta dagokion deialdian ezarritako baldintzetan.

Kasu horietan, interesdunak zerrenda irekian sartuko dira, zerrenda horretan parte hartzeko egindako eskaeraren dataren, orduaren, minutuaren eta segundoaren arabera ordenatuta, betiere aurreko apartatuan zerrendatutako izangaien atzetik. Dagokion kidegoan, espezialitatean eta hizkuntzan aldi baterako administrazio kontratua sinatzen dutenean, kontratuaren adjudikazio unearen arabera ordenatuta geldituko dira zerrendan.

6. Artikulu honetan aipatzen diren zerrendetan sartuak dauden izangaiak aurkezten ahalko dira foru agindu honetan ezarritakoaren arabera lehentasunezkoak diren zerrendak osatzeko egiten diren kidego, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, hizkuntza-eskakizun bereko deialdietara, baldin eta betetzen badituzte I. eranskinean eskatzen diren baldintzak. Lehentasunezko zerrendan onartzen dituzten unean, artikulu honetan araututako zerrendatik kanpo geldituko dira, kidego, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokio, hizkuntza-eskakizun berekotik.

7. Foru agindu honen 15.3 artikuluaren arabera borondatez parte hartzeko egiten diren deietan, I. eranskinean eskatutako baldintzak betetzen dituzten parte-hartzaileek lehentasuna izanen dute artikulu honetan araututako zerrendetan sartutako izangaien aurrean".

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2025eko azaroaren 10ean.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2515315