242. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, ikastetxeetako langileen arduradunaren C mailako 1 plaza (lehen mantentze-lanetako arduradunaren lanpostu osagarriduna, C mailakoa) oposizio bidez betetzeko, Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorrean

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2025eko azaroaren 17an, deialdia onestea erabaki zuen, honako oinarri hauekin bat:

OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

1.1 Deialdi honen xedea da ikastetxeetako langileen arduradunaren C mailako 1 plaza oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko. Deialdia honako hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; 7/2025 Foru Legea, 2025eko ekainaren 4koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

1.2. Plaza Hezkuntzako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorrari atxikita dago, eta plantilla organikoan honako zenbaki honen bidez identifikatuta: 1-307800-1.

Honako txanda honi dagokio: 1 plaza txanda irekian.

1.3 Lanpostuan bete beharreko eginkizunak.

1.3.1 Pertsonen kudeaketatik eratorritako ardurak.

–Ikastetxeetako eta Udalaren hezkuntza-zuzkiduretako (Joaquín Maya Musika Eskola eta Catalina de Oscáriz Arte Eskola) langileak kudeatzea; zehazki, mantentze-lanetako laguntzaileak eta ofizialak. Oporrak, bajak eta lanera ez joatea eragiten duen edozein egoera kontrolatzea.

–Zerbitzuko langileek eskatutako ikastaroak kudeatzea.

–Langileen ataria kudeatzea: Eskaerak onartzea edo ukatzea. Langileei aplikaziotik zuzenean gorabeheren edo zalantzen berri ematen uztea.

–Ordezkapenak eta birkokapenak kudeatzea.

–Hauteskunde-prozesuetan langileak antolatzea: lanerako prest dauden langileak identifikatzea. Jarraibide argi eta zehatzak ematea. Ikastetxe bakoitzeko arduradunak izendatzea.

–Ikastorduetatik kanpo ikastetxean egiten diren jarduerak kudeatzea. Langile-beharrak definitzea. Aurretiazko bilerak dinamikak eta ardurak argitzeko.

–Telefono eta posta elektroniko bidez arreta ematea.

–Txandakako ordezko langileak kudeatzea. Zuzeneko komunikazioa txandakako ordezko langileekin, azken orduko aldaketetarako.

–Gatazketan bitartekari izatea. Bitartekaritzarako prozedurak ezartzea, kasu bakoitza dokumentatzea, patroiak eta hobekuntza-arloak identifikatzeko.

–Gurasoen elkarteetatik kanpo dauden eskolaz kanpoko ekintzak kudeatzea.

–Zerbitzuburuari laguntza ematea zerbitzuaren menpe dauden eraikinen mantentze- eta garbiketa-lanak kontrolatzen eta kudeatzen.

1.3.2 Erosketen kudeaketatik eratorritako ardurak arropak, garbiketa eta beste material batzuk.

–Barneko beharrak antzematen laguntzea, departamentuekin koordinatuta.

–Hornitzaile potentzialei buruzko oinarrizko informazioa bilatu eta biltzea, eskura dauden baliabideetatik abiatuta.

–Hornitzaileen konparazioan parte hartzea, kalitatea, prezioa, garraio-epeak eta fidagarritasuna kontuan hartuta.

–Hornitzaileekin komunikatzen laguntzea, eskaerak eta entregak behar bezala kudeatzen laguntzeko.

–Gertatzen ahal diren gorabeherak erregistratzea eta jakinaraztea, hala nola atzerapenak edo onartzen ez diren produktuak, horien jarraipena egiteko.

–Udal-baliabideen erabilera hobetzeko iradokizun puntualak, ikuspegi praktikotik eta etengabeko hobekuntzatik.

1.4. Izendapenak eta plazaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarrean dauden xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu, eta bertan alta emanen zaie, aipatu araubide horretan ezarritako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

1.6. Zerbitzuaren beharrak direla-eta, lanpostu honetan guardia lokalizatuak egiten ahalko dira; horren ondorioz dagokion diru-konpentsazioa eskuratuko da.

2. Betekizunak.

2.1. Izangaiek betekizun hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.

Halaber, parte hartzen ahalko dute Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu batekoa edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere, baldin eta zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, haien ondorengoek eta ezkontideenek -zuzenbidez bereizita ez badaude-, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda independizatu ez badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Honako titulu hauetako bat edukitzea:

–Batxilergoko, bigarren mailako Lanbide Heziketako edo horietako baten baliokidetzat jotzen den titulu bat edukitzea, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik edo gabeturik ez egotea, ezta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizita ere.

f) B motako gidabaimena edukitzea.

2.1.2. Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin bat, adingabeekin ohiko kontaktua duten lanbide, ogibide eta jardueretan aritzeko ezinbesteko baldintza da epai irmo baten bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik -10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa, VIII. titulua- zein gizakien salerosketako edozein deliturengatik -Zigor Kodearen VII. titulua, bis-.

Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatibo baten bidez egiaztatuko da betekizun hori.

2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte mantendu beharko dituzte.

2.3. Izendatuak izateko proposatutako izangaiek deialdi honen oinarriek zehazten duten unean egiaztatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.

3. Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea modu telematikoan aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.

Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.

3.3. Tasak.

Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 15,30 eurokoa da. Tasa modu telematikoan ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, modu telematikoan ordaintzeko sistema seguru baten bidez.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

• Batxilergoko, bigarren mailako Lanbide Heziketako edo horietako baten baliokidea den titulua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

• B motako gidabaimena.

Nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, kontsultaren kudeatzaileari baimena eman ahal izanen dio titulua Hezkuntza Ministerioaren datuak egiaztatzeko zerbitzuan bilatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena. Hori gertatuz gero eta izangaiak ez badu titulazioaren kopiarik aurkezten, onartuen zerrendatik kanpo geratuko da.

Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

a) IMSERSOk edo autonomia-erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

c) %33ko edo hortik gorako desgaitasunaren aitorpena organo eskudunari eskatu izana egiaztatzen duen agiria.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakume izangaiek baldintza hori egiaztatu beharko dute, genero-indarkeriako delitu batengatik kondena-epaia, babes-agindua edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial aurkeztuz, edo Ministerio Fiskalaren txostena aurkeztuz, non adieraziko baita demandatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela. Halaber, genero-indarkeriazko egoerak egiaztatzen ahalko dira gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiriaren eta txostenaren bidez.

3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

4. Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Udalaren webgunean deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadin aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Iñigo Gómez Eguiluz, Iruñeko Udaleko Hezkuntzako zuzendaria.

Epaimahaiburu ordezkoa: Víctor Piñero Larrasoaña, Iruñeko Udaleko Hezkuntzako Alorreko idazkari teknikoa.

–Epaimahaikidea: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako Alorreko zuzendaria.

Epaimahaikide ordezkoa: Arantxa Campo Mayo, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako Alorreko idazkari teknikoa.

–Epaimahaikidea: Cristina Guerra Azcona, Iruñeko Udaleko Laneko Arriskuen Prebentzioko Zerbitzuko laneko erizaina.

Epaimahaikide ordezkoa: Paloma Sánchez Ruiz, Iruñeko Udaleko legelaria.

–Epaimahaikidea: Mónica Sánchez Ibáñez, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Leyre Gamboa Ramos, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, Batzordeak berak izendatua.

–Epaimahaikide-idazkaria: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko giza baliabideetako teknikaria.

Idazkari ordezkoa: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko giza baliabideetako teknikaria.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izaten ahal direla, baita ere, epaimahaikide ordezko gisa izendatutakoak, bigarren ordezkapen bat egitea beharrezkoa izanez gero.

5.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2026ko otsailetik aurrera hasiko da.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

6.3. Probak.

6.3.1. Lehen probak bi ariketa izanen ditu, egun batean edo bitan eginen direnak, epaimahaiaren irizpidearen arabera:

a) I. ariketa: test erako galdetegia.

Ariketa teorikoa eta praktikoa izanen da. Izangaiek test erako 100 galdera erantzun beharko dituzte gehienez ere, idatziz, 120 minutuko tartean, gehienez, deialdi honen I. eranskinean jasotako gai-zerrendako gaiei buruz. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira proba hori balioesteko irizpideak eta hainbat erantzun-aukera dituzten galderetan akatsak nola zigortuko diren.

Ariketa honetan gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 30 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

b) II. ariketa: bat edo bi kasu teoriko-praktiko ebaztea.

Bigarren proban izangaiek kalifikazio-epaimahaiak proposatutako kasu bat edo batzuk ebatzi beharko dituzte ordenagailuan. Horretarako, I. eranskineko gai-zerrendan jasota datozen aplikazioak eta sistema eragileak erabili beharko dituzte. Izangaiek ariketa egiteko izanen duten gehieneko denbora Epaimahaiak zehaztuko du, hura hasi aurretik.

Bigarren ariketa honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira. Gutxienez 20 puntu erdiesten dituztenek gaindituko dute proba.

II. ariketaren gehieneko iraupena epaimahai-kalifikatzaileak adieraziko du, hasi aurretik.

6.3.2. Bigarren proba: gaitasun pertsonalen testa.

Nortasun orokorreko, lan-gaitasunetako edo trebetasuneko galdetegiak egin beharko dira, izangaiak plazaren gaitasun-profilaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko.

Nafarroako Administrazio Publikoko Institutuak eginen ditu probak, eta haien balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Bigarren proba hau egiteko honako hauek soilik onartuko dira: lehen probako bi ariketak gainditu dituztenen artean, lehen probako kalifikazioak batuta guztizko puntuaziorik onena lortu duten 50 izangaiak. 50. tokian puntuazio bera duten izangai bat baino gehiago baleude, horiek denak onetsiko dira. Gainontzeko izangaiak deialditik kanpo geratuko dira.

Proba honen puntuazioa 20 puntukoa izanen da, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio globalaren erdia (10 puntu), gutxienez, lortzen ez duten izangaiek.

Proba egin aurretik, plazaren gaitasun-profila jakinaraziko zaie parte-hartzaileei, deialdiaren web-fitxan (www.pamplona.es/eu helbidean).

6.4. Izangaiak nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.5. Oposizioko proba deialdiko I. eranskinean zehazten den gaiei buruzkoa izanen da.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunean indarrean dagoen araudiaren arabera erantzutea eskatuko da gai guztietan.

6.6. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

6.7. Proba bakoitza amaituta, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren laburpenean argitaratuko ditu izangaiek erdietsitako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek balorazioei buruz erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.

7. Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari helaraziko dio, betekizunak egiaztatu eta plaza hutsak aukeratzeko izapideak egin ditzan.

7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, lehen probaren II. ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.

Halere berdinketa ez bada hausten, zozketa bakar batez ebatziko da, horretarako deituko den ekitaldi publikoan.

8. Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, probak gainditu dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian jasotako plaza kopuruaren arabera.

Aipatutako izendapen-proposamena Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

8.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Udalaren webguneko fitxan argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean:

8.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun edo arazo fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.

c) Zinpeko edo zinezko adierazpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.

d) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.

e) Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa.

8.2.2. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.

8.3. Agiri horiek aipatu epean -behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan salbu- aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.

8.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera baliatuta.

8.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eskatzen ahal duen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du, deialdiaren 8.2 apartatuan ezarritakoarekin bat.

9. Izendapena eta plazaz jabetzea.

9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko du, lanpostuan aritzeko, eta plaza hutsa esleituko dio aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiari.

9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutakoak izendapen-ebazpenean horretarako ezartzen den egunean hartu beharko du plazaren jabetza.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, plazaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 8.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

9.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie plazaren jabetza hartzen duten egunetik beretik -indarreko araudian ezarritako kasuetan-, kasuan kasuko plaza hutsa ere deialdiaren 8.4 zenbakian xedatzen den moduan beteko da.

9.4. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko plazak esleituko zaizkie zuzenean.

10. Jarduketen publikotasuna.

Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izaten ahal diren argibide orokor guztiak.

11. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak.

11.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019 aldirako Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin -non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa-, Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek, hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik eskuratu ez duten izangaiekin:

a) Plazarik lortu ez, baina oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Plazarik lortu gabe oposizioa gainditu ez, baina hautapen-prozesuko I. probaren lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

c) Hautapen-prozesuko I. probaren lehen ariketan ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu dutenen zerrenda.

Aldi baterako kontratazio-zerrendak Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.

Kontrataziorako deitutako izangaiek egiaztatu beharko dute deialdian eskatutako betekizunak betetzen dituztela kontratua egiteko unean.

11.2. Deialdian eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

11.3. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.

11.4. Oposizioa gainditu baina plazarik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.

Halaber, plazarik eskuratu ez eta proba gainditu ez dutenen zerrendan izangaien hurrenkera probaren I. atalean erdietsitako puntuaziorik handienaren arabera zehaztuko da.

Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

11.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru plazatik bat (lehena) gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan hartuta.

Halaber, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan hamar plazatik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek beteak izateko, betiere kasuan kasuko hautaprobak gainditzen badituzte eta beren egoera frogatzen badute.

12. Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.

Iruñean, 2025eko azaroaren 17an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.

I. ERANSKINA. GAI-ZERRENDA

1. 68/2009 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio-araubidean kontratatzea arautzen duena.

2. 158/1984 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 4koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ordainsarien behin-behineko erregelamendua onesten duena.

3. 251/1993 Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa. Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena (I., II., III. eta IV. tituluak).

4. 225/2002 Foru Dekretua, azaroaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek txandaka, gauez eta jaiegunetan lan egiten dutenean hartu beharreko diru-konpentsazioak arautzen dituena.

5. 11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duena.

6. 27/2011 Foru Dekretua, apirilaren 4koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duena.

7. Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen akordio kolektiboa (2017-2019).

8. Iruñeko Udalaren Hitzarmen Kolektiboa lan-kontratudun langileentzat.

9. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

10. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.

11. 132/2010 Errege Dekretua, otsailaren 12koa, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak ezartzen dituena.

12. Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren kontrako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).

13. Iruñeko Udalaren Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia: betearazpen-laburpena.

14. Informatika-kontzeptuak: Word 2016 testuen tratamendua, Excel 2016 kalkulu orriak, espedienteen kudeaketa, Internet eta posta elektronikoa.

15. Iruñeko Udaleko Hezkuntzako Alorra. Egitura, xedea, eskumenak eta jarduketarako oinarrizko printzipioak.

16. Udal titulartasuneko ikastetxeak Iruñean. Banaketa geografikoa udalerrian eta bakoitzaren ezaugarri nagusiak.

17. Joaquín Maya Musika Eskola eta Catalina de Oscáriz Arte eta Lanbideetako Eskola. Antolaketa eta araudia.

18. 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa.

19. 486/1997 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, Lantokietako Segurtasuneko eta Osasuneko Gutxieneko Xedapenak ezartzen dituena.

20. 39/1997 Errege Dekretua, Prebentzioko Zerbitzuen Erregelamendua onesten duena.

21. Lanbidearen arrisku nagusiak. Segurtasunari eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko neurriak, Norbera babesteko ekipamenduak eta babes-ekipamendu kolektiboak Iruñeko Udalarekin loturiko ohiko lanetan.

22. Iruñeko Udalaren protokoloa, laneko jazarpen moralari (mobbing) eta etsaitasunezko jokabideei aurre egiteko.

23. Iruñeko Udalaren jarduketa-prozedura erasoei aurre egiteko.

24. 2025eko arau fiskalak. 3. araua. Udalaren ikastetxeetako areto eta instalazioen erabilera.

25. Lan-parteak. Kontzeptua. Edukia. Erabilgarritasuna.

26. Barne-komunikazioaren garapena. Komunikazio eraginkorrak sustatzea.

27. Lana norbanakoaren ikuspegitik: langileen motibazioa. Lana taldearen ikuspegitik.

28. Nola kudeatu laneko gatazkak. Gatazka motak eta horiek nola konpondu.

Iragarkiaren kodea: L2515135