242. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MÉLIDA

Ordenantza, oinarrizko kategoriako autokarabanetarako eremuan autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta haietan gaua ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Melidako Udalak, 2025eko azaroaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako hau: Ordenantza, Melidako oinarrizko kategoriako autokarabanetarako eremuan autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta haietan gaua ematea arautzen duena.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2025eko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 2an.

Jendaurreko aldian aurkeztutako alegazioak ebatzita daude. Hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da, eta haren testu osoa argitaratzen da.

Aplikatu beharreko araudia: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Melidan, 2025eko azaroaren 6an.–Alkatea, Francisco Javier Sesma Rodrigo.

UDAL ORDENANTZA, MELIDAKO OINARRIZKO KATEGORIAKO AUTOKARABANETARAKO EREMUAN AUTOKARABANAK ETA ETXEBIZITZA-IBILGAILUAK APARKATZEA ETA HAIETAN GAUA EMATEA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Karabana parkea milioi bat unitatetik gorakoa da Europan, eta urtez urte hazten ari da, turismoen batezbestekoa baino askoz ere gehiago. Frantzia, Italia, Alemania eta Erresuma Batua dira Europar Batasunean autokarabana kopuru handienak dituzten herrialdeak. Lau herrialde horietako baturak EBn matrikulaturiko autokarabana kopuruaren erdia baino gehiago egiten du.

Lortu nahi dugu Melidara etortzea garraiobide eta egoitza mota hori erabiltzen duten turista asko Europar Batasunetik, bai eta estatu barnetik ere.

Gehiago sakonduz, gai honen arauketan gurutzatzen dira administrazio desberdinen eskumen alorrak, eta erabilera turistikoa bateragarria izan beharra herrietako natur eta kultur baliabideen erabilera arrazional eta iraunkorrarekin; era berean, herritarren eta autokarabanetan eta etxebizitza-ibilgailuetan ibiltzen diren turisten arteko bizikidetza erraztu behar da.

Testuinguru horretan, udalek egiteko garrantzitsua dute, lurzoruaren ordena eta erabilera finkatzen baitute, horretarako lurzoruaren antolamenduari buruzko legeriek aitortzen dizkieten tresnak erabilita.

Melidako Udalak espero du 2025. urtean inauguratzea oinarrizko kategoriako autokarabanetan gaua igarotzeko eremua. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da eremu horren erabilera arautuko duen araudi bat izatea, aisiarako ibilgailuen presentzia normalizatzeko; hartara, bateragarri eginen dugu, batetik, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak erabiltzen dituztenek herriko erakargarri turistikoez gozatu ahal izatea, eta, bestetik, bidezko interes publikoak zaintzea, ingurumena babestea eta eremu horretako aparkatzeko tokiak berdintasunez banatzea.

Testuinguru horretan, bada, proposatu da udal ordenantza hau.

ATARIKOA

Espainiako 1978ko Konstituzioak, VIII. tituluan, Estatuaren lurralde antolaketari buruzkoa baita, 3. kapituluko 148.1.18 artikuluan, ezarri zuen autonomia-erkidegoek turismoa antolatzeko eskumenak bereganatzen ahalko dituztela beren lurralde esparruan. Alde horretatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.13 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari eskumen esklusiboa ematen dio turismoaren sustapen eta antolamenduaren arloan.

Eskumen emate hori betetzeko asmoz onetsi zen Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Legea, Nafarroako Foru Komunitateko turismo sektorea arautzeko xedea duena; Legeak bere helburu eta printzipioak ezartzen ditu, Nafarroako administrazio publikoek jarduera turistikoak antolatzeko eta sustatzeko eta zerbitzu turistikoen kalitatea lortzeko egin beharrekoak zehazten, turismoaren alorrean dihardutenen eskubide eta betebeharrak finkatzen eta Nafarroako baliabide turistikoak sendotzen. 5.1.c) artikuluan ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskumen hauek dituela turismoari dagokionez: turismoa planifikatzea, antolatzea eta sustatzea Foru Komunitatearen esparruan.

Era berean, lege honek, 6. artikuluaren b apartatuan, ezartzen ditu toki erakundeek turismo arloan dituzten eskumenak, hau da, beren baliabide turistikoak babestu eta zaintzea, bereziki ingurune naturala eta monumentu ondarea.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25. artikuluan ezartzen duenez, udalerriak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen barrenean, mota guztietako jarduerak sustatzen ahal ditu eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren beharrak eta nahiak betetzearren.

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuko 39. artikuluan xedatzen denez, hiri-bideetan gelditzeko eta aparkatzeko araubidea udal ordenantzaren bidez arautuko da eta behar diren neurriak hartzen ahalko dira trafikoa ez trabatzeko, besteak beste aparkatzea halako ordu batzuetara mugatzea, baita behar diren neurri zuzentzaileak ere, ibilgailua kentzea edo hura mugitzeko debekua barne, denbora mugatua duten eremuetan aparkatzeko gaitasuna ematen duen titulua ez dutenean, edo emandako baimena gainditzen dutenean, gidaria nor den jakitea lortu arte.

Uztailaren 19ko 226/1993 Foru Dekretuak, 1993ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, uztailaren 30ean, kanpaldi libreak ingurumenaren aldetik gorde behar dituen baldintzak arautzen ditu; haren 4. artikuluaren 1. apartatuak ezartzen du kanpaldi librea aurretik baimendu behar duela dagokion toki erakundeak.

Martxoaren 6ko 22/2024 Foru Dekretuak arautzen ditu turismo ibiltarian dabiltzan autokarabana, karabana eta antzekoendako gaua igarotzeko lekuak Nafarroako Foru Komunitatean.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, batetik, Melidan autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak ostatu gisa nola erabili arautzea, helburu hauek betetzeko: bertako natur baliabide eta espazioak zaintzea; bizikidetza erraztea Melidako herritarren eta autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak erabiltzen dituzten turisten artean; pertsonen segurtasuna bermatzea; eta aparkaleku publikoak txandakatzea eta egoki banatzea autokarabanetan gaua igarotzeko eremua erabiltzen dutenen artean. Bestetik, ordenantza honen bidez bermatu nahi da betetzen dela Nafarroako Gobernuaren araudi autonomikoan kanpaldi libreari buruz ezarri den debekua.

2. artikulua. Kanpaldi librea.

1) Kanpaldi librea da lege eta erregelamenduek arautzen dituzten turismoko kanpalekuetatik kanpo hauetariko bat edo bat baino gehiago paratzea: aterpe mugikorra, karabana, autokarabana, kanpadenda edo erraz garraiatzen edo desmuntatzen den antzeko edozein elementu.

2) Kanpatzeko elementuak dira erraz garraiatzen direnak eta zimendurik ez dutenak. Kanpaldi libre diogunean, horren barnean sartzen da ordenantza honetan arautzen den denbora baino gehiago egotea, baita Alkatetzaren iritziz edozein udal ordenantzarekin talka egiten duten jarduerak ere.

3) Aipatze hutsagatik, honelakoetan iritziko zaio autokarabana edo etxebizitza-ibilgailu bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

a) Gurpilekin edo segurtasun altxagarriekin baizik ez duelarik zorua ukitzen (ez daude beheraturik hanka egonkortzaileak, ezta beste edozein tramankulu ere paraturik).

b) Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, ibilgailuaren perimetroa gainditzen duten elementurik hedaturik ez dagoelarik.

c) Kutsagarria izan ala ez, inolako isurkiren igorpenik gertatzen ez bada, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen ez badira, hala nola erabilitako urak bide publikoan hustea.

d) Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipamendu akustikoak sobera ozen edukiz atseden hartzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

4) Debekatua dago udalerri osoan beren trakzio-ibilgailuetatik bereizitako karabanak edo atoiak aparkatzea, horretarako gaitutako tokietan izan ezik.

5) Zehapena ezarriko zaio Melidako udal-mugartean kanpaldi librea egiteko debekua betetzen ez duenari, non ez duen aitzinetik baimena eskuratu.

3. artikulua. Aparkatzeko arauak.

Arau hauek bete beharko dituzte autokarabanetan gaua igarotzeko eremuan aparkatzen duten autokarabanek edo etxebizitza-ibilgailuek:

1) Ibilgailuak baterian aparkatuko dira; larrialdirik izanez gero, errazago ebakuatu ahal izateko.

2) Sartzeko eta ateratzeko maniobrak egin ahal izateko moduan aparkatu behar da, eta gainerako espazioa beste erabiltzaileek ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan utziz.

3) Gidariak ibilgailua ibilgetu egin behar du, bere kabuz mugitu ez dadin eta beste pertsona batzuek mugitu ez dezaten. Oker ibilgetuz gero, gidaria izanen da ibilgailua mugitzearen ondorioz egindako arau-hausteen erantzule.

4) Malda handiko leku batean aparkatuz gero, gidariak, gainera, behar bezala trabatu beharko ditu ibilgailuaren gurpilak, dela altxagarriak jarrita (horretarako ezin izanen dira erabili harriak edo berariaz eginkizun horretarako ez diren beste elementu batzuk), dela gurpil gidarietako bat espaloiaren zintarrian bermatuta; kasu horretan, malda goranzkoa bada, gurpilak galtzadaren erdira begira utzi behar dira eta, malda beheranzkoa bada, kanpora begira. Berriz abiatzean, altxagarri horiek bidetik baztertu behar dira.

5) Aparkatu ahal izateko prezioa ordaindu gabe aparkatzen badu norbaitek, edo ordaindutako denbora gainditu bada, udalak ibilgailua erretiratu eta udal gordailura eraman dezake, edo mekanikoki ibilgetu, edo udaltzainek edo Guardia Zibilak salaketa jar dezakete. Ibilgailuaren titularrak edo hark legez baimendutako pertsonak ordaindu beharko ditu ibilgailua udal gordailura eraman eta han edukitzearen gastuak edo ibilgetzeak eragindako gastuak (10 euro eguneko).

4. artikulua. Barne-araubideko arauak.

Autokarabanetan eta etxebizitza-ibilgailuetan gaua igarotzeko zerbitzu-eremuan, estolderia-sarerako sarbidea duten hustubideak edo estolda-zuloak daude, hondakinak horietara isuri eta haien tratamendu ekologikoa egiteko araztegi batean.

Eremu horretan, autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko plaza erreserbatuak daude.

Autokarabanetarako zerbitzu-eremuak erabiltzeko arau hauek izanen dira:

1) Etxebizitza-ibilgailu gisa homologatutako ibilgailuek bakarrik aparkatu dezakete erreserbatutako guneetan. Horretarako onartutako ibilgailuen fitxa teknikoko zenbakiak honako hauek dira:

2448 Etxebizitza-furgoia.

3148 Etxebizitza-ibilgailu mistoa.

3200 Autokarabana (BGM ≤ 3.500 kg).

3248 Etxebizitza-autokarabana (BGM ≤ 3.500 kg).

3300 Autokarabana (BGM > 3.500 kg).

3348 Etxebizitza-autokarabana (BGM > 3.500 kg).

4048 Etxebizitza-atoi eta -erdiatoi arinak (BGM ≤ 750 kg).

4148 Etxebizitza-atoi eta erdiatoiak (BGM > 750 kg eta ≤ 3.500 kg).

2) Zerbitzu-eremua erabiltzeko, nahitaezkoa izanen da prezio publikoa ordaintzea, zeina arautuko baita dagokion arauaren bidez (urtero onetsiko dira tasak eta prezio publikoak).

3) Aparkatutako ibilgailuek une oro errespetatu behar dituzte plaza bakoitzaren mugak eta noranzkoa.

4) Egonaldiaren gehienezko iraupena, aparkatzen denetik plaza utzi arte, 72 ordu jarraitukoa da, aste beraren barnean. Horrela, bermatuko da ibilgailu horientzako aparkalekuak behar bezala txandakatu eta banatzen direla.

Ezinbestean edo premia delarik baizik ez da gehieneko denbora baimendu hori gaindituko, eta soilik aldez aurretik Alkatetzak baimenduta.

5) Erabiltzaileek autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sorturiko ur gris eta beltzak botatzeko espazioa izanen dute, baita edateko uraren hargune bat ere. Lan horiek egiteko ordubete izanen dute, gehienez ere.

6) Biltontziak husteko eremuan ezin izanen da aparkatu, eta oztoporik gabe egon behar da, erabiltzaileen eskura, proposatutako xederako erabiltzen ez den bitartean. Erabiltzaileek, erabili ondoren, higienea mantendu beharko dute.

7. Espresuki debeku da edozein ibilgailu mota garbitzea. Zehapena ekarriko du arau hori ez betetzeak.

8) Udalak zerbitzu-eremua zaintzeko eta begiratzeko, eta errespetua eta jendetasuna izan dadin emandako jarraibide guztiei men egin behar diete eremu hori erabiltzen dutenek. Garrantzi berezia dute zaborren eta hondakinen kudeaketarekin lotutako jokabide guztiek.

9) Debeku da kanpatzeko tresnak paratzea eremu publikoan eta bereziki autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko plazetan, hala nola mahaiak, aulkiak edo olanak, leku espresuki baimenduetan ez bada. Aparkatzeko plaza bakoitzaren lerroek mugatzen dituzte leku horiek.

10) Barne-araubideko arau hauek erabiltzaileen eskura egon beharko dute. Orobat, arau hauek ikusteko moduan jarri beharko dira, beren publizitatea bermatu beharrez.

11) Urte osoan zehar egonen da irekita autokarabanetan gaua igarotzeko Melidako eremua.

12) Autokarabanak aparkatzeko udal-eremuan, karabanak gelditu eta aparkatzen ahalko dira beren trakzio-buruetatik bereizita, baldin eta karabana behar bezala ibilgetua badago, ez badu zirkulazioa eragozten eta ez badie arriskurik sortzen bideko gainerako erabiltzaileei. Bereziki zainduko da karabana paratzeko modua, eta horretarako dagozkion nibelatzeko gailuak edo egonkortzeko euskarriak erabili beharko dira, bermatzeko behar bezala betetzen dela Bide Segurtasunari buruzko Legearen 39.3 artikuluan ezarritakoa, eta saihesteko karabana mugitzen hastea gidaririk ez dagoenean. Edonola ere, trakzio-burua aparkatu beharko da aparkatzeko udal-eremutik kanpo.

5. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustea izanen da ordenantza honen artikuluetako edozein eta orobat hura garatzeko alkateak ematen dituen xedapenak ez betetzea edo urratzea. Zerbitzu Anitzetako Alorrari dagokio ikuskaritza lana egitea eta zehapena proposatzea alkateari, alkateak, ondoren, exekutatu, dezan.

Horretarako, bada, zerbitzu anitzetako enplegatuak eta alkatea arduratuko dira ordenantza hau betetzen dela zaintzeaz.

6. artikulua. Zehapen prozedura.

1) Udal Idazkaritza izanen da organo eskuduna zehapen prozedura abiarazi eta ebazteko.

2) Zehapen-prozedura 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera bideratuko da (6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko legearen testu bategina onesten duena).

3) Espedientearen ebazpena beranduenez urtebetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta bertan interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak erabakiko dira, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi denetik urtebetera zehapen ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunak eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz artxibatuta, salbu eta prozedura gelditu bada, interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik, edo jarduketa judizialen ondorioz eten bada.

7. artikulua. Arau-hausteak.

1) Arau-hauste arinak dira honako hauek:

a) 4.1 artikuluan aipatutakoez bestelako ibilgailuak aparkatzea erreserbatutako guneetan.

b) Ibilgailua uztea ibilgailu bakoitzarentzat mugatutako eremuetatik kanpo.

c) 4. artikuluko 4. apartatuan adierazitako gehieneko egonaldia gainditzea.

d) Hiri-hondakin solidoak edo likidoak botatzea horretarako ezarritako eremutik kanpo.

e) Elementuak jartzea ibilgailuaren perimetrotik kanpo, esaterako, eguzki-oihalak, mahaiak, aulkiak, nibelatzeko hankak, etab., baimenik gabeko tokietan.

f) Asots gogaikarriak egitea ezarritako ordutegietatik kanpo, 10:00etatik 7:00etara.

g) Edozein ibilgailu garbitzea eremu horretan.

2. Arau-hauste astunak dira honako hauek:

a) Ez ordaintzea aparkatzeko edo zerbitzuak erabiltzeko ezarritako prezio publikoa.

b) Biltontziak husteko gunean aparkatzea.

c) Soinu-ekipoekin zarata egitea kanpoaldera.

3) Arau-hauste oso astunak dira honako hauek:

a) Hiri-hondakin solidoak edo likidoak nahita botatzea horretarako ezarritako tokietatik kanpo.

b) Hiri-altzariak hondatzea, bai eta zerbitzu-eremua zikintzea edo higatzea ere, eragindako kalteak konpontzeko betebeharraz gain.

c) Errepideko ibilgailuen zirkulazioa osoki trabatzea, justifikatuko duen ezinbesteko arrazoirik gabe.

8. artikulua. Zehapenak.

1) Artikulu honetan tipifikatutako arau-hausteen zehapenak honako hauek dira:

a) Arau-hauste arinak 100,00 eurora arteko isunekin zehatuko dira.

b) Arau-hauste astunak 200,00 euroko isunekin zehatuko dira eta/edo zerbitzu-eremutik kanporatzearekin, hala badagokio.

c) Arau-hauste oso astunak 500,00 euroko isunekin zehatuko dira eta/edo zerbitzu-eremutik kanporatzearekin, hala badagokio.

2) Zehapenak graduatu eginen dira, honako irizpide hauen arabera bereziki:

a) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

b) Kalteak nolakoak diren.

c) Berrerortzea, izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egiteagatik.

d) Ibilgailuen eta pertsonen trafikoa edo zirkulazioa oztopatzea.

Salaketa jakinarazi ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean %50 merkeago ordaintzen ahalko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzeak berarekin dakar alegazioak aurkezteari uko egitea eta prozedura ebazpen espresurik eman behar izan gabe amaitzea, errekurtsoak paratzen ahalko badira ere.

9. artikulua. Kautelazko neurriak.

Indarra duen ordenantzan aurreikusten diren kasuetan bidezkoa izanen da arau-haustea egiteko erabili den ibilgailua eremu publikoan ibilgetzea edo hortik kentzea.

Arau-hauste bat gertatzen denean, arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko bizilekua Espainiako lurraldean duela, salaketa egin duen agenteak behin-behinean ezarriko du isunaren zenbatekoa, eta zenbateko hori ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua ibilgetu eginen du.

Ibilgailua ibilgetzearen ondorioz sortzen diren gastuak arau-hauslearen kontura izanen dira, eta hark ordaindu beharko ditu edo ordainduko dituela bermatu, neurri hori kendu aurretik, hargatik eragotzi gabe defentsa-eskubidea.

10. artikulua. Erantzukizuna.

Autokarabanetan gaua igarotzeko Melidako Udalaren eremua ez da zaintzapekoa. Beraz, udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko han aparkatuak dauden ibilgailuetan gerta daitezkeen gorabehera, lapurreta edo gisakoen gainean.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, harexen egilea izanen da ordenantza honetan xedatzen denaren kontrako arau-hausteen erantzulea.

Dagokionean, araua hautsi duen ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du nor den araua hautsi duen gidaria, horretarako errekerimendua egiten bazaio. Dagokion prozedura-izapidean betebehar hori betetzen ez badu, isun hau ezarriko zaio: hasierakoa halako bat, arina bada, edo halako hiru, astuna edo oso astuna bada.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira udal ordenantza eta erregelamenduetan egonik haren kontra egiten duten xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onespenaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L2514509