Iragarkia
242. ALDIZKARIA - 2025eko abenduaren 4a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
AZAGRA
Deialdia, atezainen lau plaza oposizio bidez betetzeko
Alkatearen 2025eko azaroaren 20ko 746 Ebazpenaren bidez onetsi ziren jarraian ageri den deialdia eta haren hautapen-oinarriak.
Azagran, 2025eko azaroaren 20an.–Alkatea, Rubén Medrano Romeo.
DEIALDIA, AZAGRAKO UDALAREN ZERBITZUKO ATEZAINEN LAU PLAZA OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO
OINARRIAK
1.– Kontratazioaren xedea eta baldintzak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea Azagrako Udalaren zerbitzuko atezainen lau plaza, lan-kontratudun finkoen araubidekoak eta D mailakoak. Hona hemen xehetasunak:
KARGUA | MAILA | SARBIDEA | LANALDI MOTA | MAILAKO | LANPOSTUKO | ARRISKU BEREZIKO OSAGARRIA | EGOERA |
KULTUR ETXEKO ATEZAIN 1 | D | Opos. | %100 | %12 | %23,00 | %4 | Hutsik |
IKASTETXEKO ATEZAIN 1 | D | Opos. | %90 | %12 | %17,00 | %4 | Hutsik |
KIROLDEGIKO ATEZAIN 1 | D | Opos. | %100 | %12 | %12,00 | %7 | Hutsik |
HAUR ESKOLAKO ATEZAIN 1 | D | Opos. | %90 | %12 | %18,00 | Hutsik |
Deialdi honetako eranskinetan ageri dira plaza huts bakoitzari dagozkion eginkizunak.
Lau plaza huts horiek txanda hauetan banatuko dira:
–2 plaza txanda irekian.
–2 plaza igoera txandan.
1.2. Baldin igoera txandako plaza huts bat bete gabe gelditzen bada, izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
1.3.Igoera txandako plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
1.4. Plaza bakoitzaren ezaugarri partikularrak definituta daude udaletxean dagoen lanpostuen deskribapenean, eta plaza hutsak aukeratzeko unean emanen da haien berri.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste edozein estatutakoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.
Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
d) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.
e) Titulu hauetako bat izatea: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketakoa, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo horien baliokidea. Edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat eskuratzeko moduan egotea.
Tituluak atzerrian lortu badira, frogagiriak eduki beharko dira, agertzen dutenak baliozkotuak edo homologatuak daudela. Baldintza hori ez da aplikatuko baldin izangaiek beren lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean.
f) Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribatuta egotea, nola enplegu eskatzaile hala enplegu hobekuntza gisa.
Igoera txandako izangaiendako berariazko baldintzak:
Txanda honetako izangaiek, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte, aurreko apartatuan adierazitakoez gain:
–Nafarroako administrazio publikoetako langile finkoa izatea eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona lanean ari bada deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
–Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
–Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako polizia-kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.
Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.
Betebehar hori egiaztatzearren, Udalari baimena eman beharko zaio ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari, zeina arautu baitzen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez, edo, bertzela, aurkeztu beharko da erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa.
–Baldintza horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.
–Izangaiek baldintza horiek frogatu beharko dituzte deialdiaren oinarrietan ezartzen den unean.
3.–Eskabideak eta dokumentazioa.
3.1. Interesdunek telematikoki aurkeztu beharko dute eskabidea, Azagrako Udalaren erregistroan, eta, horretarako, 20 egun naturaleko epea izanen dute, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita; hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin uztailaren 5eko 113/85 Foru Dekretuaren 42. artikuluan (Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua arautzen du). Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).
3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
1. Nortasun agiri nazionalaren kopia.
2. Eskatutako tituluaren kopia.
3. Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribatuta dagoela frogatzeko ziurtagiria.
4. Desgaitasuna izanik, egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan edota bitartekoetan) komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.
Deialdiko igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, baldin eta lan-kontratudun finkoak badira Nafarroako Administrazio Publiko batean, eskabideari erantsi beharko dizkiote, gainera, deialdi honen 2. oinarriko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.–Izangaien onarpena.
4.1 Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da. Zerrenda hori Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da.
4.2. Behin-behineko zerrenda iragarki-taulan argitaratuta, izangai baztertuek hurrengo hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak modu telematikoan aurkeztuko dira www.azagra.es web orrian edo Azagrako Udalaren Erregistro Orokorrean idazkia aurkeztuz.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen da, eta aginduko da argitara dadila Udalaren iragarki-taulan.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, horrek galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.5. Baztertutako inor ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web-fitxan.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:
Epaimahaiburua: Rubén Medrano Romeo, Azagrako Udaleko alkate udalburua.
Ordezkoa: Francisco José Sánchez Díaz, Azagrako Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikidea: Ana Arroyo Boluda, Francisco Arbeloa ikastetxe publikoko zuzendaria.
Ordezkoa: María Paz Cervera Fernández.
Epaimahaikidea: Azagrako Udaleko langileen ordezkari bat.
Ordezkoa: Azagrako Udaleko langileen ordezkari bat.
Epaimahaikidea: José Manuel Gutiérrez Cuesta, Azagrako udal arkitektoa.
Ordezkoa: Iñigo Oteiza Ochoa, arkitekto teknikoa.
Epaimahaikide idazkaria: María Jesús Hernandez Luri, Azagrako Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Ana Vidondo Garijo, Azagrako Udaleko kontu-hartzailea.
5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.3 Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari buruz eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak izan dezake aholkulari adituen laguntza, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Hautatzeko prozedura.
6.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko probak non, noiz eta zer ordutan eginen diren.
Oposizioko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.2. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:
6.2.1. Lehen proba:
proba teorikoa izanen da, eta test motako galdetegi bat erantzun beharko da idatziz, deialdi honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzagatik 0,50 puntu galduko dira.
Lehen proba honetan, gehienez, 80 puntu eskuratzen ahalko dira; alegia, 2 puntu erantzun zuzen bakoitzeko.
Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 40 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.2.2.–Bigarren proba:
teorikoa izanen da; hizkuntza-gaitasunari, zenbakizko gaitasunari, ortografiari eta pertzepzioko trebetasunari buruzko 40 galderari (test motakoak) erantzun beharko zaie idatziz. Galdera bakoitzak lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzagatik 0,10 puntu galduko dira.
Bigarren proba honetan, gehienez, 20 puntu eskuratzen ahalko dira; alegia, 0,5 puntu erantzun zuzen bakoitzeko.
Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.3. Oposizioko bi probak egun berean eginen dira, bata bestearen atzetik. Hasi baino lehen zehaztuko du epaimahaiak zenbat iraunen duen proba bakoitzak.
Proba hauek egiteko ez da inongo testurik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdin edo beltza ez bada.
6.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak Azagrako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten modu telematikoan.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda.
7.1. Hautaprobak bukaturik, gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio-epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Zerrenda alkateari igorriko zaio, baldintzak betetzen diren egiaztatu eta plaza hutsak hautatzeko izapideak egin ditzan. Proposamena loteslea izanen da deialdia egin duen administrazioarendako.
Berdinketarik izanez gero, lehenengo proban puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna.
Berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez erabakiko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bat emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik abiaturik.
Gainditutakoen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatuta, onesten duen ebazpena argitaratuko da Udalaren iragarki-taulan eta www.azagra.es helbidean.
8.–Plaza hutsak aukeratzea.
Azagrako alkateak plaza hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen plaza hutsen zerrenda eta hautapen ekitaldirako deitutako izangaien zerrenda (plaza hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer epe duten plaza hutsak hautatzeko.
Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da informazio hori.
Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, plaza hutsak eskuratzeko.
Hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak hautatzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean.
9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Behin plaza hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak alkateari igorriko dio izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko plaza kopuruan sartzen ahal direnak.
Izendapen proposamen hori Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.
9.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena egoitza elektronikoan argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:
–Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.
–Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea guztiz eragozten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena.
–Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
–Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
–Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, ziurtatzen duena ez dela kondenatua izan epai irmo baten bidez sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.
Administrazio dei-egileaz bestelako Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko apartatuko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jarduneko zerbitzuan daudela jatorrizko administrazioan, edo borondatezko eszedentzian eta lanean ari direla beste lanpostu finko batean.
9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, Alkatetzak hutsik geratu den lanpostua beteko du 7. oinarrian aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
9.5. Ezarritako prozeduraren arabera plaza epe barruan eta behar bezala hautatzen ez bada, hautapen prozesuari uko egiten bazaio, deialdian plaza betetzeko ezarritako baldintzak betetzen ez badira edo eskatutako dokumentazioa ezarritako prozeduraren arabera epe barruan eta behar bezala aurkezten ez bada, plaza hutsen hautaketaren emaitza ez da aldatuko.
Administrazioko organo eskudunak gainditzen dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea.
10.–Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.
10.1. Alkateak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak izendatuko ditu Azagrako Udaleko lan-kontratudun finko, eta plaza hutsak adjudikatuko dizkie.
10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak berekin ekarriko du izendatuak nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatzea, eta izanen dituzte indarreko xedapenetan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
Izendatzen diren izangaiek izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute plazaz, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.
Aipatutako epean izangairen bat plazaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.4. Aurreko apartatuan aipatutako kasuan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plazen hautua. Beraz, lan-kontratudun finko berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak adjudikatuko zaizkie zuzenean.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko tramiteak, Azagrako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere.
12.–Kontratazio-zerrendaren kudeaketa.
12.1. Kontratazio-zerrendak bost urteko indarraldia izanen du gainditutako pertsonen zerrenda onesten duen ebazpena ematen denetik, aldi laburragoan agortu edo beste deialdi bat egin ezean.
Plazaren titularrak uko egiten badio, baja hartzen badu edo beste arrazoiren batengatik ordeztu behar bada, ordezkoak behin-behinean beteko du lanpostu hutsa, lan-kontratuarekin, harik eta beste deialdi bat egin arte.
12.2. Azagrako udalburua arduratuko da zerrenda kudeatzeaz.
12.3. Behin betiko zerrenda onetsi ondoren, izangaiei dei eginen zaie puntuazio-ordenari zorrotz jarraikiz.
12.4. Dei egiteko arau orokorrak:
–Izangaia errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek jakinarazi beharko dute harremanetarako telefono bat bederen. Horrez gain, eman ditzakete harremanetarako beste telefono edo helbide elektroniko batzuk. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.
–Izangaiei deitzeko, jarraikiko zaie aurreko apartatuetan ezarritako lehentasun irizpideei.
–Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez bi saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.
–Dei bakoitzaren oharra jasoko da, aipaturik gorabeherak, eguna eta ordua. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da, eta 12.5 oinarrian xedatutakoa aplikatuko zaio.
–Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, dei eginen zaio zerrendan hurrengo ageri denari, eta horrela harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, zerrendan zuten tokiari eutsiko diote.
12.5. Deialdiko eskaintzari uko egitea. Izangairen batek uko egiten baldin badio eskaini zaion lanpostuari, zerrendaren bukaerara pasatuko da, salbu frogatzen badu honako egoera hauetako batean dagoela:
1. Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
2. Aldi baterako ezintasuna edukitzea edo lizentzia umea egiteagatik edo adoptatzeagatik. Arrazoi horregatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz itzuliko aktibo egotera, harik eta behar bezala frogatzen duten arte ukorako arrazoia bukatu dela.
3. Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz harreran hartua edo adoptatua.
4. Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere kabuz moldatu ezin dena, adinagatik, istripuagatik edo eritasunagatik.
5. Norberaren ezkontza edota, uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legearen arabera, pareko egoeran suertatzea (Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko hamabost egun naturalen barnean.
Aurreko apartatuan azaltzen diren kasuetan izangaiek jakinarazi beharko dute badaudela lanerako prest. Hala jakinarazten ez den artean, dena delako izangaiak ez dira egonen deitzeko moduan, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko deialdi honi dagokion zerrendatik.
Apartatu honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek hiru egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, beren egoera frogatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin diotenean zerrendan egon diren toki berean segituko dute.
12.6. Zerrendetatik baztertzea.
Ondoko kasuotan izangaiak zerrendatik baztertuta geldituko dira:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.
c) Sinatutako kontratuari uko egiten diotenean, arrazoia administrazio publiko batean sartzea denean izan ezik.
d) Probaldia ez gainditzea.
e) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.
f) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, kontratatzen den langileak ez duelako gaitasunik lanpostuan aritzeko edo hartara ez delako egokitu, ikusirik errendimendu eskasa, edo lanpostuaren edukian gertatutako aldaketak direla medio.
13.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo komunikatu eta biharamunetik hasita.
b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Orobat, kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Azagrako Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Zati orokorra.
1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.
2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia. Europar Batasuneko ordenamendu juridikoaren iturriak: sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.
3. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
4. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen-esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.
5. gaia.–Nafarroako Gobernua: Eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.
6. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea. Atariko titulua. I. titulua, I. kapitulua; 1., 2. eta 3. atalak. III. titulua, I. kapitulua. VIII. titulua, I. kapitulua.
7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Gobernuaren lege-mailako xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege-mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.
8. gaia.–Administrazio-egintzak. Administrazio egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.
9. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: Prozeduran interesdun direnak. Administrazio publikoen jarduera: jarduteko arau orokorrak; epemugak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena.
10. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
11. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: Xedapen orokorrak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: Berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
Berariazko zatia.
1. gaia.–Herritarrei arreta egitea. Komunikazioa: oinarriak eta mailak. Komunikazioaren estiloak eta oztopoak. Trebetasun sozialak eta asertibotasuna. Gatazkak konpontzea. Entzute aktiboa.
2. gaia.–Sostengurako eginkizun osagarriak (I). Bulegoko makina osagarrien erabilera eta haien oinarrizko mantentze-lanak: fotokopiagailuak, eskanerrak, plastifikagailuak, multikopistak, orriak josteko makinak, orri birringailuak eta multilineako telefonoak.
3. gaia.–Sostengurako eginkizun osagarriak (II). Posta zerbitzuak ematea arautzen duen Erregelamendua (1829/1999 Errege Dekretua, abenduaren 3koa): xedapen orokorrak; posta zerbitzuetako erabiltzaileen bermeak eta berme horren mugak; posta zerbitzu eta igorpenak; posta zerbitzu unibertsala. Posta zerbitzu motak: ziurtatua, jakinarazpenak, gutun arruntak, presakoak eta igortzeko diren paketeak.
4. gaia.–Sostengurako eginkizun osagarriak (III). Materialaren kudeaketa eta fakturen kontrola.
5. gaia.–Oinarrizko elektrizitatea. Argiketariaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, guraizeak, aliketak eta beste lanabes batzuk). Eraikinetako banaketa-koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailua, etengailu magnetotermikoak, diferentzialak). Hots egiteko zirkuituak (sakagailuak, txirrinak). Oinarrizko argi-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak –lur-konexiodunak nahiz gabekoak–, lanparak). Argi fluoreszenteko zirkuituak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak).
6. gaia.–Oinarrizko mekanika. Mekanikariaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, bihurkinak, hainbat motatako giltzak, zerrak, eskuko zulagailua eta beste lanabes batzuk).
7. gaia.–Metalezko arotzeria. Sarrailagintzako oinarrizko lanak (ate-leihoak doitzea, sarrailak eta sarraila-zilindroak, metalezko altzarien mantentze-lanak).
8. gaia.–Iturgintza Iturginaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea. Iturgintzako instalazioen mantentze-lanak (komunontziak, txorrotak, zisternak, sifoiak).
9. gaia.–Berokuntza. Berokuntzako instalazioen mantentze-lanak (zirkuituak, airea purgatzea eta betetzea. Erradiadoreak. Galdara-gelak, elementu nagusiak).
10. gaia.–Zurgintza. Zurginaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, zulagailu elektrikoa, lixak, kolak eta bestelako tresna eta osagarriak). Zurgintzako oinarrizko lanak (ate-leihoak doitzea). Sarrailak eta sarraila-zilindroak. Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa.
11. gaia.–Lorezaintza. Lorezaintzako oinarrizko lanabesak zein diren eta nola erabili eta mantentzen diren (kimatzeko guraizeak, belarra mozteko makinak, are makinak, sasi-garbitzeko makina, heskai-moztekoak, aitzurrak, palak, eskuareak eta beste lanabes batzuk). Lorezaintzako mantentze-lanetako oinarrizko eragiketak (aspertsoreak jartzea, erregulatzea eta martxan jartzea, ureztatzeko instalazioen zainketa, garbiketa, lorategien kontserbazio lanen egutegia). Lorategirako produktuak aplikatzeko oinarrizko ezagutza (ongarria, intsektizidak, ongarritzea planifikatzea, ingurumenarekiko jardunbide egokiak produktu fitosanitarioak erabiltzean).
12. gaia.–Igeltserotza. Igeltserotzako oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea. Igeltserotza-lanetan egin beharreko oinarrizko lan eta eginkizunak.
13. gaia.–Pintura. Pinturako oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea. Pinturaren mantentze-lanak. Pintura-lanetan egin beharreko oinarrizko lan eta eginkizunak.
14. gaia.–Arriskuak eta larrialdiak. 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: I. kapitulua. Xedea, aplikazio-eremua eta definizioak. III. kapitulua. Eskubideak eta betebeharrak. 393/2007 Errege Dekretua, martxoaren 23koa, larrialdi egoerak sortzen ahal dituzten jardueretan aritzen diren zentro, establezimendu eta egoitzen autobabeserako oinarrizko araua onesten duena: xedapen orokorrak; II. eranskina. Autobabeserako planaren gutxieneko edukia; III. eranskina. Definizioak. Segurtasun-arauak eta babes-neurriak konponketetan.
III. ERANSKINA–ATEZAIN PLAZEN EGINKIZUNAK
Ikastetxeko atezainaren eginkizunak (Azagrako egoitza elektronikoa).
Kiroldegiko atezainaren eginkizunak (Azagrako egoitza elektronikoa).
Haur eskolako atezainaren eginkizunak (Azagrako egoitza elektronikoa).
Kultur etxeko atezainaren eginkizunak (Azagrako egoitza elektronikoa).
Iragarkiaren kodea: L2515284
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
