Iragarkia
239. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 28a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARTIEDAKO KONTZEJUA
Ordenantza, arautzen dituena herri-lurretako aprobetxamenduak. Behin betiko onespena
2025eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 29an, iragarki bat, honako honen hasierako onespenaz: ordenantza, arautzen dituena Artiedako Kontzejuko herri-lurretako aprobetxamenduak. Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu.
Horrenbestez, argitaratzen da ordenantza.
Artiedan, 2025eko azaroaren 10ean.–Lehendakaria, María Eugenia Cañada Zorilla.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA ARTIEDAKO KONTZEJUKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUAK (URRAULBEITI)
I. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak: a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.
b) Herri-larreen aprobetxamenduak.
c) Epaitzen aprobetxamenduak.
d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.
2. artikulua.
1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateetako titularrek:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Urraulbeitiko Udaleko biztanleen erroldan inskribaturik egotea Artiedako bizilagun gisa, 4 urte lehenagotik.
c) Artiedan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.
d) Inolako zor fiskalik ez izatea Artiedako Kontzejuarekin.
2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi badira ere, baldin haien diru-sarrerak apalagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino.
3. Artiedako Kontzejuak ebatziko ditu artikulu hau interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak, banan-banan, osoko bilkuran.
II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
3. artikulua. Hiru modalitatetan eginen dira Artiedako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak, lehentasun ordena honen arabera:
a) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Artiedako Kontzejuak zuzenean ustiatzea. Artiedako Kontzejuak modu horiek erabiliko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.
1. ATALA.–HERRITARRENTZAKO LEHENTASUNEZKO APROBETXAMENDUAK
4. artikulua.
1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateetako titular diren herritarrek 2. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.
2. Familia-unitatean baldin bada ezintasun fisikorik edo psikikorik duen kiderik, agiri bidez frogatuta, kide horietako bakoitzeko kontuan hartu beharreko diru-sarrera izanen da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren parekoa.
3. Datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira errenta mailak zehazteko bete beharreko irizpideak. Kontuan hartuko dira, beraz, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak edukitzea errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena (kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona) eta horren gisako beste edozein datu.
5. artikulua.
1. Modalitate honetan, 3,5 hektareako azalera ezarri da eredu-lotearentzat.
2. Azalera horrekin herri-lur nahikorik ez badago, onuradun-kopuruaren arabera txikituko da eredu-lotea.
3. Zehazteko zenbat lote emanen zaizkien 3. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:
a) Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea.
b) Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea.
c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea.
d) Bederatzi kidetik gorako familia-unitateak, 5 koefizientea.
6. artikulua. Artiedako Kontzejuak, kontuan harturik herri-lurren ezaugarriak eta herritarren egoera soziala, proportzionalki murrizten ahalko ditu aurreko artikuluan aipatzen diren faktoreak, baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak baimena ematen badu aldez aurretik, eta behar den bezala justifikatuz gero. Ordea, faktoreak ezin izanen ditu handitu.
Artiedako Kontzejuak laborantzako herri-lurren ehuneko berrogeita hamarra erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.
7. artikulua. Aprobetxamendua 8 urterako izanen da. Urte anitzeko laboreak baldin badira, eta Kontzejuak baimena ematen badu, epe hori luzatzen ahalko da laborearen balio-bizitzaren arabera.
8. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu honetan:
–Aurrekontuak onestean finkatuko da.
Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin. Nolanahi ere, kanonak izan beharko du, gutxienez, Artiedako Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa.
Lurzatiak ekologikoki lantzeko konpromisoa hartzen duten onuradunek (hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera) lehentasuna izanen dute lurzatiak aukeratzeko.
9. artikulua. Laborantzako herri-lurretan sustatuko da, pixkanaka, kudeaketa ekologikoa ezartzea. Laborantza ekologikora igaro nahi duten onuradunek bete beharko dituzte honako baldintza tekniko hauek, laborantzari dagokionez:
–Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluan inskribatuta egotea.
–Nekazaritza ekologikoko araudiaren arabera kudeatzea laborantza.
–Laborantzako eta merkataritzako jarraibideei jarraitzea.
–Lurzati berari eusten ahalko diote hurrengo adjudikazioetan, hots, ekologikoki lantzeko ziurtatutako lurzatien hurrengo adjudikazioetan.
10. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.
Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere hartuko da zuzeneko laborantza pertsonaltzat, baldin onuradunak elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 2. artikuluan adierazitako baldintzak.
Orobat, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartu da herritarrak beste batzuen makinak erabiltzen dituenean, norberak ez edukitzeagatik. Betiere, laborantzaren onura herri-lurren onuradunarentzat soilik denean, izan produkzioaren erabilera, izan onura ekonomikoa.
11. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak landu zuzenean eta pertsonalki, adjudikatzeko unean edo aprobetxamenduaren epean, Artiedako Kontzejuak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu modalitatearen bidez, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.
Artiedako Kontzejuak adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie lurzatien titularrei, kanona kendu ondotik.
Artiedako Kontzejuak badu ahalmena erabakitzeko noiz gertatzen den ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat, eta eskatuko ditu egoki iruditzen zaizkion agiriak.
Lurren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei kendu eginen zaizkie herri-lurzatiak, adjudikazioaren epetik gelditzen denerako. Lurra kentzeko, aurretik Artiedako Kontzejuak espedientea irekiko du, eta interesdunari entzunaldia emanen dio.
Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.
12. artikulua. Artiedako Kontzejuak noiznahi egiten ahalko ditu egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak, ziurtatzearren laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.
Honako kasu hauetan, ulertuko da ez dela lurra zuzenean eta pertsonalki lantzen:
a) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen ustez, adjudikatutako lurzatiak zuzenean eta pertsonalki ez lantzea, jarraikiz ordenantza honen 10. eta 11. artikuluei.
b) Honako alderdi hauen gaineko frogagiriak aurkezteko errekerimendua jaso, eta ez aurkeztea Artiedako Kontzejuak agindutako epean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzea; horiek denak, onuradunek berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.
c) Nekazaritzako etekinak ez aitortzea pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean.
d) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen ez lantzea.
e) Laborantzako lurren jabe izanik, horiek errentan ematea hirugarren batzuei.
2. ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO APROBETXAMENDUAK
13. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titular diren herritarren artean.
14. artikulua. Kontzejuak erabakiko du zein den herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, behin lehentasuna dutenentzako adjudikazioa egin ondotik, kontuan hartuta zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden. Hala, adjudikatuko dira familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan.
15. artikulua. Adjudikatzeko aldia 7. artikuluan ezarritako berbera da.
16. artikulua. Aurrekontuak onestean ezarriko da herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu mota honetan ordaindu behar duten kanona. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin. Nolanahi ere, kanonak izan beharko du, gutxienez, Artiedako Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa.
Modu ekologikoan kudeatutako lurzatiek, baldin betetzen badute 9. artikuluan adierazitakoa, kanonean %50eko beherapena izanen dute.
17. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki eginen du laborantza eta, horretarako, bete beharko du 10., 11. eta 12. artikuluetan xedatua.
18. artikulua. Artiedako Kontzejuak laborantzako herri-lurrak erreserbatuko ditu onuradun berriei adjudikatzeko; gehienez ere lur horien azaleraren %5. Toki-erakundeak behin-behinekoz adjudikatzen ahalko ditu aurreko apartatuan aipatzen diren erreserbako lurrak, baina behin-behineko adjudikazio hori indarrik gabe geldituko da baldin aprobetxamendua lehentasuna duen beste onuradun bati ematen bazaio. Behin-behineko adjudikazioetan, baldintza suntsiarazle hori ezarriko da, besteak beste.
19. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurren eskaintza gainditzen badu, behin lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondoren, ezetsiko dira diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateetako titularren eskaerak. Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, jarraikiko zaie ordenantza honen 4.3 artikuluan ezarritako irizpide berei.
20. artikulua. Artiedako Kontzejuak, baldin laborantzako lurrik sobera gelditzen bada behin lehen eta bigarren ataletako prozedurak aplikatuta, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arte iraunen du adjudikazioak.
Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; izanen da inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.
Enkantea egin ondoren laborantzako lurrik gelditzen bada sobera, Artiedako Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.
5. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
21. artikulua. Artiedako Kontzejuak osoko bilkuran aldez aurretik erabakia hartuta eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua paratuta, 10 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek eska dezaten herri-lurzatiak berei adjudikatzea.
22. artikulua. Eskaerari erantsiko zaio honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazio bat:
a) Herriko biztanlea izatea, gutxienez 4 urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.
b) Inolako zor fiskalik ez izatea Artiedako Kontzejuarekin.
c) Diru-sarrera garbi berberak dituzten herritarren artean, lehentasuna izanen dute laborantza ekologikoa egitea onartzen dutenak.
d) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietako inork duen ezintasun fisikorik nahiz psikikorik.
e) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai Artiedako Kontzejuan bai beste edonon. Zehaztuko da ea lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren.
f) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan, bai beste batzuetan. Zehaztuko da ea lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren.
g) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Artiedako mugartean, bai beste batzuetan.
h) Familia-unitateko kide bakoitzaren abeltzaintzako ondasunen zergapeko kapitalak edo abelburu kopurua eta espeziea, bai kontzeju honetan bai beste batzuetan.
i) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.
Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Artiedako Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren. Egiaztapenak oinarrituko dira agirietan eta datu objektiboetan, 4.3 artikuluan zehazten den bezala.
23. artikulua. Onartuen zerrenda onetsiko du Artiedako Kontzejuak, adjudikazio mota bakoitzean: lehentasuna duten herritarrena eta zuzeneko adjudikazioarena. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.
24. artikulua. Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da modalitate bakoitzeko behin-behineko zerrenda, 10 egun balioduneko epean bidezko iritzitako alegazioak egin daitezen. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.
25. artikulua. Alegazioak edo zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Kontzejuak horien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du modalitate bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda.
26. artikulua. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendu modalitateari dagokionez, behin onetsita hartaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateetako titularren behin betiko zerrenda, Artiedako Kontzejuak loteak adjudikatuko ditu; loteek izanen dituzte ordenantza honen 5. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak.
Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak laborantzako loteak adjudikatuko dizkie bigarren modalitatean (herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamendua) behin betiko zerrendan dauden familia-unitateko titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera izanen dira ordenantza honen 14. artikuluaren araberakoak.
Lurzatien adjudikazioa burututa, jendaurrean paratuko da onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda, 15 egunean, kontzeju honen iragarki-taulan. Kontzejuak onetsiko ditu zerrendak, osoko bilkuran.
27. artikulua. Behin ebatzita argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, eta akatsak zuzenduta, Kontzejuak behin betikotzat joko du laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.
III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
28. artikulua. Artiedako Kontzejuak, bere kontzeju-mugartean, bazkaleku bat edo larratze-eremu bat ezartzen du, artegiak eta kontzejuko lur guztiek osatua, herri-lurrek nahiz partikularrenek.
29. artikulua. Artiedako Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modalitate hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:
a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.
b) Enkante publikoan adjudikatuz.
30. artikulua. Ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun, betiere azienda alta emanda badute edo izan nahi badute Artiedako Kontzejuan.
31. artikulua. Herri-larreetan sustatuko da kudeaketa ekologikoa ezartzea, pixkanaka. Adjudikaziodunek betebehar hauek bete beharko dituzte:
–Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluan inskribatuta egotea abeltzaintza ekologikoaren kategorian.
–Abeltzaintza ekologikoko araudiaren arabera kudeatzea azienda eta larreak.
32. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea.
33. artikulua. Adjudikazioa 8 urterako izanen da.
34. artikulua. Artiedako Kontzejuak kalkulatzen du zenbat abelburu jasan ditzakeen guztien bazkalekuak.
Horri dagokionez, Artiedako Kontzejuak baliokidetza hauek egin ditu:
–Zaldi-aziendako buru bat da behi-aziendako buru bat (1) adina.
–Behi-aziendako buru bat da ardi-aziendako 5 buru adina.
–Ahuntz-aziendako buru bat da ardi-aziendako buru bat (1) adina.
35. artikulua. Artiedako Kontzejuak ezarriko du bazkalekuaren kanona, adjudikazio prozedura hasten den unean, kontuan hartuta izan behar duela larreen balio errealaren %80 eta %90 artekoa.
36. artikulua. Urtero berrikusiko da adjudikazioaren prezioa, egokitu dadin bizitzaren kostuak duen igoerara, jarraikiz erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeei.
37. artikulua. Bi epetan ordainduko da urteko kanonaren zenbatekoa: Lehen epea: urteko zenbatekoaren %50ari dagokiona, adjudikazioa egin eta sei hilabeteren buruan.
Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako %50ari dagokiona, adjudikazioa egin eta hamabi hilabeteren buruan.
38. artikulua. Onuradunak, adjudikazioaren egunetik 10 eguneko epean, fidantzatako jarri beharko du adjudikazioaldiaren 8 urteei dagokien diru kopuru osoaren %7.
39. artikulua. Artiedako Kontzejuak larre guztien bostena gordeko du, onuradun berriak agertuz gero urteko adjudikazioak egin ahal izateko.
40. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak beharko du osasun ziurtagiria, frogatzeko betetzen direla behar diren baldintzak, ezarrita daudenak herri-larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesari buruzko arauetan, hau da, dagokion foru legean eta haren erregelamenduetan.
41. artikulua. Ezin da bazkatu baratzerako diren finketan, zuhaitz gazteen landaketetan, astorkietan, luzernetan edo beste labore iraunkor batzuetan, salbu jabeen baimena izanez gero.
–Ezin dira abereak bazkatzera eraman uzta bilduta duten soroetara, harik eta lastoa biltzeko lanak bukatu arte, uztaren ondoren, salbu jabeen baimena izanez gero.
–Abereak ezin dira soroetan sartu euria egin ondoren, urte osoan, hiru egun pasatu arte, euriondoak errespetatuta, eta, kazkabarraren kasuan, Kontzejuak baimendu arte.
–Debeku da arras abereak herriko karriketan ibiltzea. Erabili behar dituzte hiriguneetatik kanpo dauden bideak eta sarbideak. Ohartarazten da debeku hori urratuz gero eskatuko direla kasuan kasuko diru-erantzukizunak.
–Abeltzainak ordaindu egin beharko ditu abereek ereindako lurretan eta bestelako laboreetan egindako kalteak.
–Adjudikaziodunen kontura izanen dira hesietako, langetako, artegietako eta bordetako mantentze-lanak. Adjudikazioaldia bukatutakoan, egoera ezin hobean utzi behar dituzte.
–Ulertzen da abeltzainaren gain egonen direla adjudikazioaren arriskua eta mentura, eta ezin izanen du deus erreklamatu adjudikazioaldian suertatzen diren arrazoi aurreikusi gabeengatik, honelakoak direla eta: luberritzeak, era guztietako landaketak, labore aldaketak eta larreak urritzen ahal dituzten beste batzuk.
–Adjudikaziodunak bere gain hartuko ditu azpiegituretan (alanbre-hesiak, idoiak, larreak, etab.) sortutako kalteak, abereak gaizki gobernatzeagatik, eta arduratuko da haietako mantentze-lanez.
–Larreak mantentzeko, adjudikaziodunak honako hauek egin beharko ditu:
a) Ez sartu euria egin ondoren, harik eta lurrak giro ona izan arte.
b) Urtero ongarritzea.
–Kontzejuak aukera du noiznahi bereganatzeko lurraren eta larreen erabilera, bidezkotzat jotzen dituen arrazoiengatik, hala nola laboreak hobetzea edo aldatzea, azpiegiturak egitea eta abar. Nolanahi ere, hiru hilabete lehenago gaztigatuko dio adjudikaziodunari, eta, kasu horretan, dagokion kalte-ordaina ordainduko dio, edo larreen eskubideen kanona jaitsiko, gozamena kentzeagatik, proportzionalki, zenbateko osoaren eta Kontzejuak bereganatzen duen azaleraren arabera.
–Nekazariek debekatua dute idoietatik ura hartzea beste zerbaitekin erabilitako ontzietan, hala nola herbizidekin, intsektizidekin eta nekazaritzan erabiltzen diren beste produktu kimiko batzuekin, baldin eta kaltegarri badira aziendarentzat eta ehizarentzat. Zehapena ezarriko zaie debeku hori errespetatzen ez duten guztiei.
42. artikulua. Prozedura. Kontzejuak, aldez aurretik erabakia hartuta eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua paratuta, 10 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek eska dezaten larreen adjudikazioa.
43. artikulua. Eskaerekin batera zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko da, ordenantza honen 23. artikuluan zehaztu bezala. Horrez gain, erantsi beharko dira abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria eta ordenantza honen 41. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzko ziurtagiria, baita erabili nahi dituen bazkalekuen hurrenkera-zerrenda ere.
44. artikulua. Kontzejuak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, baldintza hauek kontuan harturik:
a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik apalena duten familia-unitateei.
b) Hartu dezaketen abelburu kopuruaren arabera sailkatuko dira bazkalekuak, adjudikatu daitezen antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.
45. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.
46. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira, 8 urterako, jarraikiz indarra duen araudiari eta ordenantza honetatik aplikatzekoa denari.
IV. KAPITULUA.–EPAITZEN APROBETXAMENDUAK
47. artikulua. Mendian aski baldin badago, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Artiedako Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.
48. artikulua. Artiedako Kontzejuak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.
49. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.
50. artikulua. Egurra banatzerakoan, Artiedako Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die egoera ekonomikorik apalena duten familia-unitateei.
51. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Artiedako Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 4. artikuluan agertzen den bezala.
52. artikulua. Kontzejuak urteko aurrekontu arruntean finkatuko du epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona.
53. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen diete Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.
54. artikulua. Adjudikazio prozedurari dagokionez, jarraikiko zaie ordenantza honen 21., 22., 23., 24., 25., 26., 27., 42., 43., 44., 45. eta 46. artikuluei.
V. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK
55. artikulua. Dagokion foru araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da herri-lurrak sartuz eratutako barrutietako ehizaren aprobetxamendua.
VI. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN
56. artikulua.
1. Artiedako Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurrak hobetzea.
c) Proiektu sozialak egitea, laguntza eman dakien beharrean daudela frogatzen duten herritarrei, hain zuzen ere, inguruabar pertsonalengatik, familiarrengatik edo sozialengatik.
2. Proiektu horiek Kontzejuak nahiz herritar interesdunek sustatzen ahal dituzte, eta lehentasuna izanen dute.
3. Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:
a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.
b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.
c) Nafarroako Gobernuak onestea.
4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
57. artikulua. Kontzejuak berak onetsiko ditu, eta ez beste inork, aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean jendaurrean eduki beharko dira, eta gero Udalak ebatzi beharko ditu aurkezten diren alegazioak.
II. TITULUA.–ARAU-HAUSTE ETA ZEHAPENAK
58. artikulua. Artiedako Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, ordenantza honetan xedatua betetzen dela ziurtatzeko.
59. artikulua. Galarazi gabe adjudikaziodunari kalte-galerak eta erantzukizunak erreklamatzea, Kontzejuak jarraian azalduko diren zehapenak ezartzen ahalko ditu, dagokion zehapen espedientea instruituta.
60. artikulua. Zehatzeko ahala erabiltzeko, arau hauei jarraikiko zaie: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 177. artikulua eta ondorengoak (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluaren I. kapitulua (lege horrek hizpide du herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkidea), eta aplikatzekoa den araudia.
61. artikulua. Arau-hauste administratiboak izan daitezke arinak, astunak eta oso astunak.
–Hona hemen arau-hauste arinak:
a) Aprobetxamenduaren kanona ordaintzea Artiedako Kontzejuak finkatzen duen epetik kanpo.
b) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, aprobetxamendu modua edozein delarik ere.
c) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.
d) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.
e) Udal baimenik gabe egitea laborantza iraunkorrak (zuhaitzak, mahatsondoak, zainzuri-landareak, etab.).
f) Larratze-eremuak ez errespetatzea.
g) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.
h) Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak goldatzea.
i) Lurrak goldatzean, ildoa irekirik uztea bide edo areka baten ertzean.
j) Simaurra, harriak, egurra, lastoa edo bestelako materialak uztea bideetan, erretenetan, abelbideetan edo herri-lurretako edozein tokitan, ez bada bereziki prestatu erabilera horietarako.
k) Behar denean ez abisatzea edo finketan oharrak edo seinaleak ez jartzea.
l) Adjudikatu ez zaion bazkalekuan aziendekin sartzea.
m) Larreen adjudikazioaldia ez errespetatzea.
n) Ordenantza honetan xedatuaren aurkako beste edozein gertakari edo egintza, baldin ez bada sailkatu arau-hauste astun edo oso astun gisa.
–Hona hemen arau-hauste astunak:
a) Adjudikazioa eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea. b) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
c) Adjudikatutako larreak lagatzea edo azpierrentamenduan ematea, salbu ordenantza honetan aipatzen diren kasuetan eta baldintzetan.
d) Ez betetzea Herri-larreetan Bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta lege hori garatzen duen erregelamendua.
e) Fede gaiztoz, Artiedako Kontzejuari ez ematea adjudikazio baldintzetan gerora izandako aldaketen berri.
f) Abereek edateko idoietatik ura hartzea, lurrak ureztatzeko edo herbizidak botatzeko.
g) Bi urtean, hiru arau-hauste arin egitea.
h) Aprobetxamenduaren kanona ez ordaintzea Artiedako Kontzejuak ezarritako epeak bukatu eta bi hilabetera.
i) Artegi, idoi, hesi edo larreetan kalteak egitea.
–Hona hemen arau-hauste oso astunak:
a) Mugarriak kentzea edo haien egoera aldatzea.
62. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren arau-hausteengatik, zehapen ekonomiko hauek ezarriko dira:
a) Arau-hauste arinak egiteagatik, 60,10 eurotik 300,50 eurora bitarteko isuna jarriko da.
b) Arau-hauste astunak egiteagatik, 300,51 eurotik 601,01 eurora bitarteko isuna jarriko da.
c) Arau-hauste oso astunak egiteagatik, 601,02 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko isuna jarriko da.
Zehapen horiek mailakatu eginen dira, jarraikiz azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako irizpideei (legeak hizpide du herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkidea).
63. artikulua. Deusetan ukatu gabe ezartzen diren zehapen ekonomikoak eta egindako kalte-galerak ordaindu beharra, baldin kalte-galerak benetakoak eta banan-banan bereizteko modukoak badira eta haien balio ekonomikoa kalkulatzen ahal bada, Kontzejuak, inguruabarrak aztertu ondoren, ezartzen ahalko ditu ondotik ematen diren zehapen osagarriak. Arau-hausteak astunak edo oso astunak direnean, adjudikazioa kendu eta beste bi adjudikazioalditan larreak eskuratzeko aukeratik baztertzen ahalko da. Arau-hauste oso astun batzuen kasuan, kentzen ahalko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea, inguruabarrak kontuan izanik.
64. artikulua. Aprobetxamenduaren titularrak izanen dira arau-hausteen erantzuleak, egitez edo omisioz, edo, kasua denean, egitateetan parte hartu duten pertsonak.
65. artikulua. Lehendakaria izanen da zehatzeko organo eskuduna.
66. artikulua. Zehapen prozedura izanen da abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritakoa (errege dekretu horren bidez onesten da zehatzeko ahala erabiltzeko prozeduraren erregelamendua).
XEDAPEN IRAGANKORRA
Bakarra.–Ordenantza honetan xedapenak, hizpide dutenak laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak eta larreen aprobetxamenduak, indarrean sartuko dira oraingo adjudikazioak bukatutakoan.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehena.–Ordenantza honetan xedatzen edo biltzen ez den orotan, arau hauek aplikatuko dira: uztailaren 2ko 6/1990 Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, onesten duena Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, orokorrak eta sektorialak; Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren bilduma; eta, oro har, eta kasu honetan berariaz aplikatzekoak diren gainerako arauak. Ordezko zuzenbide gisa, Estatuko legeria aplikatuko da.
Bigarrena.–Artiedako Kontzejuak interpretatuko ditu ordenantza hau eta honen babesean emandako adjudikazioak, eta argituko ditu ordenantza betetzean sortzen diren zalantzak. Ordenantza eta adjudikazioak interpretatzeko erabaki horiek betearazleak izanen dira lehen unetik.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek ondorio juridikoak izanen ditu behin testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osoki argitaratutakoan eta behin iragandakoan Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea. Hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Iragarkiaren kodea: L2514725
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
