239. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1313E/2025 EBAZPENA, azaroaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa ematen baita Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Gidariaren (2019-2030) Berrikuspenari buruz. Berrikuspen hori Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak sustatu du.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko xedez, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Gidariaren (2019-2030) Berrikuspena aurkeztu du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan.

Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Gidariak (2019-2030) aldeko ingurumen-adierazpen estrategikoa du, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 26ko 240E/2019 Ebazpenaren bidez emana. Indarraldiari eta berrikuspenari dagokionez, plan gidaria 2019-2030 epealdi osorako idatzi bazen ere, bi aldi edo seiurtekotan banatu zen: lehenengo aldia 2019tik 2024ra, eta bigarren aldia 2025etik 2030era. Oraingo berrikuspenak lehenbiziko urteetan lortutako betetze maila ebaluatzen du eta neurriak eguneratzen ditu, bigarren aldira begira. 2030era bitarteko plangintza izaten jarraitzen du, baina jarduketa batzuk doitu eta berriz zehaztu dira, orain arte metatutako esperientzia eta abiapuntuko baldintzekiko izan diren aldaketak aintzat hartuta. Seiurtekoko berrikuspenari ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin zaio; izan ere, egin beharrekoa da plan eta programen munta txikiko aldaketetarako, baldin eta plan eta programa horiek ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren mendeko proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluari jarraituz.

Aipatu 21/2013 Legearen 29.3 artikulua betez, Toki Administrazioaren Zuzendaritza Nagusiak Ingurumen Zuzendaritza Nagusi honi igorri dizkio ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskaera, ingurumen-agiri estrategikoa eta gainerako agiri teknikoak.

2025eko irailaren 12an, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia emateko izapidea hasi zen, 21/2013 Legearen 30. artikuluaren arabera. Kontsultatutako erakundeen zerrenda eta jasotako erantzunen laburpena ebazpen honen I. eranskinean daude jasota.

Berrikuspen honetan, plan gidariak jatorrizko helburu estrategikoei eusten die, baina ekintzak eta lehentasunak egokitu ditu hiri erabilerarako uraren zikloa, bigarren etapa honetan, benetan bideratzeko ziklo oso baterantz, aurkitutako gabeziak konpondu eta agertu diren erronka berriei helduz.

Barne egiturari dagokionez, plan gidariaren berrikuspena 10 ekintza ildotan egituratua dago, zeinetan biltzen baitira azpiegituren gaineko jarduketa fisikoak zein kudeaketaren, araudiaren eta ezagutzaren arloko ekimenak. Jarduketa ildo horiek honako hauek hartzen dituzte: uraren hiri zikloaren osotasuna (1. ildoa, zeharkakoa), sistemaren gobernantzaren hobekuntza (2. ildoa), hiri horniduraren hobekuntza (3., 4. eta 5. ildoak, ekintza orokorrak eta goi mailako azpiegituren –sistema handiak– eta behe mailakoen –tokiko sareak– hobekuntzak), saneamenduaren eta arazketaren hobekuntza (6., 7. eta 8. ildoak, aurrekoen antzera banatuta, hau da, bereiziz ekintza orokorrak eta goi eta behe saneamenduko azpiegituren hobekuntzak), optimizazio ekonomikoa eta tarifen optimizazioa (9. ildoa ) eta ezagutza eta sentsibilizazioa sustatzea (10. ildoa). Ekintza ildo bakoitzak proiektuen edo berariazko neurrien multzo bat biltzen du. Nabarmendu behar da plana ez dela mugatzen obra hidrauliko berriak planifikatzera; aitzitik, kudeaketa, administrazio-antolaketa, efizientzia eta hezkuntza arloetako beste gai batzuk ere jasotzen ditu, eta aitortzen du horiek guztiak azpiegiturak bezain garrantzitsuak direla uraren hiri zikloaren hobekuntza osoa lortzeko.

Oraingo berrikuspen honek (2025-2030) lehenengo seiurtekoan gauzatu ez ziren eta egiteko gelditu diren jarduketak jasotzen ditu (esate baterako, Nafarroako Ubidearen bigarren faseari loturiko zenbait inbertsio, funtsezkoak direnak Erriberako hornidura iturriak dibertsifikatzeko, ezin izan zirenez 2024a baino lehen gauzatu, orain berriz programatu dira, bigarren aldi honetarako). Era berean, ekimen berriak sartu dira, 2019an berariaz aurreikusi ez ziren arren gaur egun lehentasunezkotzat jotzen baitira, adibidez, uraren zikloaren eraldaketa digitalari bultzada sendoa ematea.

Hauek dira plan gidariaren eguneratzeak dakartzan berritasun nagusiak:

–Uraren zikloaren eraldaketa digitala: Berrikuspenak berariaz indartzen du digitalizazio osoaren aldeko apustua. Hainbat proiektu abiaraziko dira sareak eta instalazioak urrunetik kontrolatzeko sistema aurreratuak, sentsoreak eta automatizazioa ezartzeko, baita datuak kudeatzeko plataforma bateratuak ere.

–Egiteko dauden azpiegitura estrategikoen integrazioa: Lehen seiurtekoan gauzatu ez ziren funtsezko obra eta proiektu batzuk bete-betean integratu dira 2025-2030eko plangintzan. Bereziki, aurreikusia dago Nafarroako Ubidearen bigarren fasea garatzen jarraitzea, funtsezkoa baita Erriberan hornidura-iturri alternatiboak ziurtatzeko eta eremu horren erresilientzia hidrikoa handitzeko. Era berean, hornidura eta saneamendu sistemen beste handitze edo hobekuntza batzuk azterketa edo proiektu fasean gelditu ziren 2019-2024 aldian (arrazoi teknikoak, administratiboak edo aurrekontukoak zirela-eta), eta berriz ere heldu zaie berrikuspen honetan, egungo errealitatera egokitutako egutegia eta finantzaketa esleituta, 2030a baino lehen burutuko direla ziurtatzeko.

–Araudiko eta kalitateko eskakizun berriak: Berrikusitako planak hiri uraren zikloan eragina duten lege eta arauen aldaketa berriak jasotzen ditu, hala nola hornidura eremuetan uraren segurtasun planak egin beharra, uraren kalitateari buruzko informazio publikoa emateko betebehar gehigarriak eta zerbitzuaren profesionalizazioa. Halaber, doikuntzak egin dira uraren arloko Espainiako eta Nafarroako araudi berrienera egokitzeko (kalitate estandarren eguneratzea, isurketen muga zorrotzagoak eta abar).

–Azpimarra jartzea da klima erresilientzian eta kontingentzien plangintzan: Nahiz eta 2019rako bazen klima aldaketaren gaineko kezka, 2025-2030eko berrikuspenak indartu egin du ildo hori, neurri zehatzagoekin. Lehorteei eta uholdeei aurre egiteko, kontingentzia plan xeheagoak landuko dira, alerta goiztiarreko sistemak eta muturreko gertakarien aurrean koordinatuta jarduteko protokoloak ezartzea barne. Orobat, klimari eta eskura dauden baliabideei buruzko adierazleen jarraipena areagotuko da (aurreikusitako egoeren arabera, ekarpenak %15 inguru murriztuko baitira 2030erako), eskariaren kudeaketa dinamikoki doitzeko, benetan dagoen eskaintza hidrikoaren arabera.

–Arreta jartzea kutsatzaile berrietan eta tratamendu teknologia berrietan: Berritasunen artean, planak aintzat hartzen eta jorratzen ditu gero eta kezka handiagoa sortzen ari diren hondakin uren kutsatzaile berri batzuk (mikroplastikoak, botikak, konposatu organiko iraunkorrak, etab.). Hirugarren mailako tratamenduko teknologia aurreratuei buruzko azterlanak eta, hala badagokio, proiektu pilotuak bultzatzea aurreikusten da, hondakin uren araztegi handienetan halakoak ezabatzeko, etorkizuneko ingurumen eskakizunei aurrea hartu nahi baitzaie. Aldi berean, lohien kudeaketan ekonomia zirkularraren printzipioak finkatuko dira: nekazaritza arloko balorizazioarekin jarraitzeaz gain, berrikuspenak beste bide osagarri batzuk aztertzen ditu (balorizazio energetikoa, biogas ekoizpena, etab.), lohien bolumena gero eta handiagoa denez, modu seguruan eta jasangarrian kudeatzen direla bermatzeko. Ekintza berritzaile horiek plan gidariaren aitzindari izaera indartzen dute, aurrea hartzen baitiete duela sei urte berariaz ageri ez ziren ingurumeneko erronka berrienei.

–Gobernantzako eta koordinazioko hobekuntzak: Entitate anitzeko kudeaketa ereduari eusten zaion arren, berrikuspenak mekanismo berritzaileak proposatzen ditu administrazioen arteko koordinazioa hobetze aldera. Esate baterako, proposatzen du planaren jarraipen batzordea eta haren baitako lantalde sektorialak indartzea, eta horiei gaitasun operatibo handiagoa ematea neurriak lurralde osoan bultzatzeko. Halaber, Foru Administrazioak lankidetzako eta laguntza teknikoko hitzarmenak sustatuko ditu (NILSAren edo beste erakunde batzuen bitartez), udal txikietara eta mankomunitateetara zuzendurik, planeko ekintza gauzatzeko modua izan dezaten eta ez daitezen mugatuta egon beren tamainagatik edo baliabideengatik.

Puntu kritiko batzuk zehaztu dira, bigarren seiurtekoan plan gidariak lehentasunez landu beharko dituenak; honako hauek dira:

–Kudeaketaren eta gobernantzaren zatiketa: gobernantza arrazionalizatzeko, toki entitateen arteko taldeak edo lankidetzak sustatzea, eskumenak argitzea eta udalerri txikietan kudeaketaren profesionalizazioa sustatzea. Helburua da sistemaren gaineko eragiketak optimizatzea, bikoizketak saihestea eta bermatzea herri guztiek, handi zein txiki, behar dituzten baliabideak eskura ditzaketela (teknikoak eta ekonomikoak) planeko estandarrak betetzeko.

–Tarifak ezartzea eta jasangarritasun ekonomikoa: Tarifak bateratzea eta zerbitzuaren kostuak berreskuratzea egiteke daude oraindik ere. Ezinbestekotzat jotzen da neurriak bizkortzea tarifen sistema bateratu, solidario eta garden bat ezartzeko, azpiegituretan eta zerbitzuaren hobekuntzetan berrinbertitzeko baliabide nahikoak bermatuko dituena.

–Sareen efizientzia eta erregistratu gabeko urak: Nahiz eta pixkanaka hobekuntzak izan diren, eskualde batzuetan oraindik ere handia da erregistratu gabeko uren ehunekoa (hau da, sisteman galtzen den ura edo zenbatzen ez dena), batez ere sare zaharrak dituzten landa eremuetan. Hobekuntza eremutzat identifikatu da sistema txikietan hoditeria zaharkitua berritzea, ihesak goiz detektatzeko sistema gehiago ezartzea, sareak sektorizatzea kontrola zehatzagoa izan dadin eta, oro har, prebentziozko mantentze-lanak hobetzea.

–Ingurumen kalitatea: isuriak, hustuketak eta kutsatzaile berriak: Puntu kritikotzat jotzen da euri uren kudeaketa, baita larrialdiko hustuketak gutxitzea ere: aurrerapausoak eman behar dira sare bereiziak izateko bideragarria den tokietan, ekaitzetarako tangak eraikitzeko eta drainatze jasangarriko sistema hiritarrak ezartzeko, euri puntak leuntze aldera. Era berean, arazketako lohien kudeaketa finkatu beharra dago: lohien zatirik handiena nekazaritzan edo organikoki balorizatzen ari den arren, prozesu horren kalitatea ziurtatu behar da (saihestu behar dira metaketak, lurzoruen kutsatzea, etab.), eta konponbideak bilatu behar dira oraindik zabortegietan edo ezertarako erabili gabe bukatzen duen lohien zatirako. Orobat, kritikotzat jotzen da kutsatzaile berrien eta mikrokutsatzaileen monitorizazioa areagotzea eta, araudiaren bilakaerarekin batera, instalazioak egokitzea gai horiek minimizatzeko eta, beraz, ziurtatzeko araztutako efluenteek ez dutela kaltetzen horiek jasotzen dituzten ibaien egoera ekologiko ona.

–Herritarren parte-hartzea eta sentsibilizazioa: Hobekuntza arlo gisa identifikatu da sentsibilizazio ekintzak industriaren, turismoaren eta nekazaritzaren sektoreetara hedatzea, uraren erabilera efizienteari eta kutsadura lausoaren prebentzioari dagokienez. Era berean, erabakiak hartzerakoan erabiltzaileak gehiago inplikatzea bilatzen da. Heziketa eta partaidetza osagai hori indartzen da, etengabe hobetu beharreko elementu kritikoa delakoan.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du behar bezala egin dela ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura eta uste du proposatutako berrikuspen eta eguneratze neurriek ez dutela ukipen nabarmen berririk eragiten ingurumenean, plan gidariaren ingurumen-adierazpen estrategikorako baloratu zirenekin alderatuta. Beraz, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 26ko 240E/2019 Ebazpenaren bidez eman zen adierazpen hartan ezarri ziren baldintzek indarrean jarraitzen dute, eta bete beharko dira plana aplikatzeko gelditzen den denbora guztian (2019-2030).

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-txosten estrategikoa ematea Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Gidariaren (2019-2030) Berrikuspenari buruz –zeina Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak sustatu baitu–, ingurumenaren gaineko ondorio nabarmen gehiago ez dakarrela iritzita, plan gidariaren ingurumen-adierazpen estrategikorako baloratu zirenekin alderatuta. Beraz, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren apirilaren 26ko 240E/2019 Ebazpenaren bidez eman zen adierazpen hartan ezarri ziren baldintzek indarrean jarraitzen dute, eta bete beharko dira plana aplikatzeko gelditzen den denbora guztian (2019-2030).

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko azaroaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAK UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA PERTSONEI EGINDAKO KONTSULTA IZAPIDEAREN EMAITZA

Ondoren, kontsulta egin zaien administrazio publikoen eta interesdunen zerrenda ematen da.

–Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzua. Uraren Kalitatearen eta Obra Hidraulikoen Atala.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

–Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa.

–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa.

–Iruñeko Ekologistak Martxan.

–Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa.

–Lurra Nafarroa-Lurraren Defentsarako Elkartea.

–Nafarroako Arrantza Federazioa.

–Greenpeace.

–Sustrai Erakuntza fundazioa.

–Erriberako Ekologistak Martxan-Landazuria.

–Ubagua Berpiztu elkartea.

–Urbizi-Nueva Cultura del Agua elkartea.

–Salvemos el Ega-Ega Bizirik elkartea.

–Iruñerriko Mankomunitatea.

–Jurramendiko Mankomunitatea.

–Moncayoko Ur Mankomunitatea.

–Tuterako Udalaren Ur Batzordea.

–Erdialde-Mairagako Mankomunitatea.

–Moncayoko Ur Mankomunitatea.

–Sakanako Mankomunitatea.

–Cascante, Cintruénigo eta Fiteroko Ur Mankomunitatea.

–Izarbeibarko Mankomunitatea.

–Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatea.

–Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea.

–Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatea.

–Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatea.

–Arratoz Ur Mankomunitatea.

Izapide honetan erantzun bakarra jaso da, Lurra Nafarroa-Lurraren Defentsarako Elkartearena. Jarraian, alegazioak laburbiltzen dira eta ingurumen edukiko alderdiei erantzuten zaie.

1. Lehenik eta behin, alegatzen du Planaren eguneratzeak ez dituela kontuan hartzen Nafarroako Ubidearen bigarren faseari lotutako ureztatzearen ondorio negatiboak, abeltzaintza intentsiboa eta nekazaritza industriala handitzeak nitrato kutsadura dakarrela-eta.

Ildo horretan, jakinarazten da Nafarroako Ubidearen bigarren faseari loturiko ureztatzearen ingurumen ukipenak ez direla esku artean dugun Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Gidariaren Berrikuspenaren xede.

2. Bigarrenik, araztegiko lohien kudeaketarekin loturiko zenbait alegazio aurkezten dituzte, zehazki, horiek energia lortzeko erabiltzeari dagokionez. Alegazio hauek dira:

–Alegatzailearen iritziz, Aratzuriko eta Tuterako araztegietan kudeaketa mota hori lehenesteak ekarriko du nabarmen haztea berotegi efektuko gasen emisioak, garraioaren ondorioz. Gai horri buruz, gaineratzen du ez direla beteko hurbiltasun eta beregaintasun printzipioak.

–Bestetik, jardueraren analisi energetikoan dauden gabezia batzuk aipatzen ditu, eta esaten du horregatik ez duela egokitzat alderdi horren gainean egindako ebaluazioa eta, orobat, ez dagoela lerrokatua Agenda 2030eko helburuekin.

–Halaber, esaten du lohien biometanizaziotik datozen digestatoak azkenean nekazaritzan erabiltzeak kutsadura eraginen duela lurzoruetan eta uretan. Egoera hori bereziki larritzat jotzen du, Tutera eta inguruak nitrato kutsaduragatik zaurgarriak diren eremu deklaratuta daudelako.

Alegazio honen gainean, jakinarazten da aurkeztutako azterketak onartzen dituela alegatzaileak aipatzen dituenak bezalako ingurumen inpaktu kaltegarriak. Halere, planaren arabera, inpaktu horiek guztiak minimizatu eta konpentsatu daitezke ingurumen neurrien plan zorrotza aplikatuta, garapen proiektuetan era horretako neurriak sartu beharko baitira: kokalekuak kontuz hautatzea (ekologikoki kalteberak diren eremuak saihestuta), obraren inguruan leheneratze ekologikoa egitea, usainak eta zarata kontrolatzeko sistema aurreratuak, biogasaren aprobetxamendu energetikoa –emisio garbiak murrizteko–, lohien eta efluenteen kalitatea monitorizatzea eta abar.

3. Azkenik, alegatzaileak esaten du bere iritziz planean jasotzen diren alderdien kudeaketak publikoa izan beharko lukeela eta, ingurumenaren aldetik duen garrantziagatik, ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura behar zuela.

Tramitazioari dagokionez, jakinarazten da plan baten berrikuspena dela eta plan hari egin zaiola ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak agindu bezala. Uste da proposatu diren berrikuspen eta eguneratze neurriek ez dutela ukipen nabarmen berririk eragiten ingurumenean, planaren ingurumen-adierazpen estrategikoan baloratu zirenekin alderatuta; beraz, adierazpen hartan ezarri ziren baldintzek indarrean jarraitzen dute, eta bete beharko dira plana aplikatzeko gelditzen den denbora guztian (2019-2030).

Kasu honetan, ez dira aplikagarritzat jotzen 21/2013 Legearen V. eranskineko irizpideak; horregatik, aipatu arauaren 6.2.a) artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua da dagokion izapidetzea.

Iragarkiaren kodea: F2515102