1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
132/2025 FORU DEKRETUA, azaroaren 12koa, zeinaren bidez Manuel Torres Martínez jaunari Nafarroako Urrezko Domina ematen baitzaio, hilondoan.
Maiatzaren 23ko 38/2018 Foru Dekretuak Nafarroako Urrezko Domina emateko arauak ezartzen ditu. Urrezko Domina Nafarroako Gobernuak ematen duen ohorezko sari gorena da, gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta Nafarroa kanpoan proiektatzen nabarmendu diren pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboen lana aitortzeko helburua duena. Arau horrek ezartzen du, domina emateko, aurretik deialdi publikoa eginen dela, instituzioek, entitateek, elkarteek eta pertsona fisikoek zein juridikoek beren hautagaitzak aurkez ditzaten.
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 26ko 45/2025 Foru Aginduaren bidez (2025eko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, irailaren 2koan), Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko proposamenak aurkezteko deialdi publikoa onetsi, eta aurkeztutako hautagaitzak aztertu eta baloratu behar dituen epaimahaia izendatu zen. Nafarroako Urrezko Domina ematea arautzen duen maiatzaren 23ko 38/2018 Foru Dekretuaren 7.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, epaimahaiak hautagaitza horietako hiru, gehienez ere, hautatu ondoren, Nafarroako Gobernuari aurkeztu behar dizkio.
Aipatu foru dekretuaren 7.2 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak epaimahaiak aurkezten dizkion hiru hautagaitzen artean bat aukeratuko duela eta domina hari ematea onetsiko duela.
Epaimahaiak aurkeztu duen hautagaitza azterturik, Nafarroako Gobernuak nabarmentzen du Manuel Torres Martínez jaunaren jarduerak ekarpen sozial handia egin diola Nafarroako Foru Komunitatearen garapenari.
Manuel Torres Martínez jaunak (1938-2020) 1975ean bere izeneko enpresa, M.Torres Diseños Industriales SAU (aurreantzean, MTorres), sortu zuenetik, enpresaren ibilbide osoa gidatu duen ideia honako hau izan da: negozio aukerak aurkitzea non eta teknologia sarrerarako muga bat edo lehiakide izan zitezkeenengandik bereizten zuen elementu bat zen tokian.
Erabateko Kalitatearekin zuen konpromisoak, produktuetan eta zerbitzuan hobekuntza eta efizientzia irizpideetan oinarritutakoak, aitortza esplizitua merezi du haren bezeroen aldetik; horien artean daude, besteak beste, merkatuko enpresa entzutetsu eta exijenteenak.
Manuel Torresen enpresa-kulturarako euskarria, berrikuntzaren sustatzailea den aldetik, talentua erakartzean eta erakundearen barnean atxikitzean datza.
Manuel Torres Martínez jaunak enpresa arloko DNA onena egin zuen bere: ausardia, adorea, sormena, ahalegina, gogoa eta eskuzabaltasuna, dena emanda aritzeko; bere inguruan onenak biltzeko gaitasuna, talentua garatzen laguntzeko adimena eta bere jendearekin lurralde esploratugabeetan ibiltzeko lidergoa.
Beste aitortza garrantzitsu batzuk ere aipagarriak ditu, hala nola, Murtziako Eskualdeko Ikerketa, Garapen eta Ezagutzarako Eskualde Planaren Aholku Batzordeko kide izan baitzen, bai eta Teknologiaren Plan Nazionaleko Jarraipen Batzordeko kide, Murtziako Negozio Eskolako kide, Zientzia eta Teknologia Ministerioko Zientzia eta Teknologiarako Aholku Kontseiluko kide, Zientzia eta Teknologia arloko Asturiasko Printzea Sariaren Epaimahaiko kide eta Murtziako Eskualdeko Zientzien Akademiako ohorezko kide ere.
Arlo sozialean, Manuel Torres Martínez jauna MTorres fundazioaren patronatuko kide izan zen; fundazio hori LEGO proiektua garatzearen eragilea da eta zenbait ikastetxeren eta elkartasun ekintzaren laguntzailea da Iruñean eta Murtziako Eskualdean, eta parte hartzen du, halaber, Ilundain fundazioan, zeinaren misio nagusia baita Nafarroan arriskuan, zailtasunetan edo gatazka sozialean dauden gazteen gizarteratzea eta laneratzea.
Fundazioaren jardun esparrua Nafarroako Foru Komunitatea eta Murtziako eskualdea dira.
Manuel Torres Martínez jaunaren hiru ezaugarri nabarmen dira berrikuntzarako zinezko borondatea, lanerako bokazioa eta enplegu teknologikoa sortzeko eta nazioarteratzeko sen aparta.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, Manuel Torres Martínez jaunak merezi du Nafarroako gizarte osoak hari esker ona eta aitortza adieraztea Nafarroako Urrezko Domina emanez.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak erabaki du Manuel Torres Martínez jaunari Nafarroako Urrezko Domina ematea, hilondoan.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko azaroaren hamabian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
1. Manuel Torres Martínez jaunari Nafarroako Urrezko Domina ematea, hilondoan.
2. Domina emateko ekitaldia Nafarroaren Egunaren aurtengo ospakizunen barruan eginen da.
3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta MTorresko lehendakariorde Yolanda Torres andreari helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko azaroaren 12an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2514830