238. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATARRABIA

Ordenantza, Gizarte larrialdian dauden pertsonei edo familia unitateei banakako gizarte laguntzak emateko. Behin betiko onespena

Aipatutako ordenantzaren hasierako onespenaren erabakia 2025eko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 5ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Atarrabian, 2025eko urriaren 23an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.

GIZARTE LARRIALDIAN DAUDEN PERTSONEI EDO FAMILIA UNITATEEI BANAKAKO GIZARTE LAGUNTZAK EMATEKO ORDENANTZA

Atarrabiako Udalak badu oinarrizko eremu horretako bizilagunetako batzuek pairatzen dituzten egoeren berri, zailtasunak baitituzte beren oinarrizko beharrizanak asebetetzeko; hain juxtu ere, haien oinarrizko premietan oinarriturik arautu dira dirulaguntza hauek. Dirulaguntzon izaera puntuala eta subsidiarioa da, ez dira aldizkakoak, eta haien xedea da bertzelako prestazio edo zerbitzuek estaltzen ez dituzten biziraupen premiak asetzea, eta osagarriak izaten ahalko dira gutxieneko errentak direla-eta eskuratzen direnekin, premia larriko egoerei erantzuteko baitira.

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

Xedea da dirulaguntzak ematea norbanakoei edo familia-unitateei, gabezia ekonomikoak izanik, zailtasunak badituzte berehalakoan betetzeko oinarrizko beharrak; horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dira. Horrela bada, laguntza hauen bidez sostengurako tresnak sortuko dira, gizarte zerbitzuen gizarte laneko profesionalen lanaren osagarri.

Udalaren erantzukizun sozialetik abiatuta, esku artean izan nahi da tresna berariazko bat, deserrotzea eta gizarteko zokoratzea eragin edo biziagotu ahal dituzten egoerak modu azkarrean eta eraginkorrean arintzeko, eta ekintza profesionalerako eta sostengurako tresna bat izateko Udaleko gizarte zerbitzuek diseinaturiko gizarteratze prozesuetan.

2.–Finantzaketa.

Horretarako erabiliko den zenbatekoa izanen da zehazten dena gastuen udal aurrekontu bakoitzean.

3.–Baldintzak eta betebeharrak.

Laguntzak biltzeko, hauek dira nahitaezko baldintzak:

1) 18 urtetik gorakoa izatea, edo ardurapean adingabeak dituen adingabe emantzipatua.

2) Familia unitatea erroldatua egotea bere erreferentziako gizarte zerbitzuaren oinarrizko eskualdeko herrietako batean.

3) Ezinbertzean eta nahi gabe ezbeharren bat pairatu izana. Hala nola:

–Diru-sarreren galera, elkarrekin bizi den familia unitatean jendea aldatzeagatik.

–Krisi ekonomikoa langabeziaren eta bertzelako egoeren ondorioz, hala nola banantzeak, eritasunak eta zor justifikatuak.

4) Gastu zehatzei aurre egiteko zailtasunak izatea, eta gastu horiek ordaintzea beharrezkoa izatea gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko.

Baldin familia unitate eskatzailea errenta bermatua jasotzen ari baldin bada, ulertuko da baldintzak betetzen dituela.

5) Aurkeztea eskabidea behar bezala beteta eta bere egoera ebaluatu ahal izateko eskatzen den dokumentazioa.

6) Familia unitateko kide guztien ondasun higigarriak, eskaera egiten den unean, ezin dira izan 15/2016 Foru Legean ezarritakoa baino handiagoak. Foru lege horren bidez gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautu ziren.

4.–Bateragarritasuna.

Bateragarriak dira laguntza hauek eta kontzeptu beragatik bertze erakunde publiko nahiz pribatuetatik biltzen diren bertze laguntza batzuk, baldin eta ez badute gainditzen ordaindu beharreko zorraren zenbatekoa.

Egoerak iraunez gero, interesdunek xede berdintsuko bertze laguntza batzuk eskatu beharko dituzte, bertze administrazio publiko edo bertze erakunde publiko edo pribatu batzuetan, baldintzak betetzen badituzte. Haien artean aipatu behar dira Nafarroako Gobernuaren laguntza berezietan jasotzen direnak.

5.–Eskatzeko sistema, epeak eta dokumentazioa.

–Eskabidea egiteko sistema:

Eskabideak inprimaki ofizialeko ereduaren arabera beteko dira; hura behar bezala bete eta eskatzaileak sinatu beharko du.

Familia bakoitzak inprimaki bakarra bete beharko du. Horrekin batera, oinarri hauetako baldintzen egiaztagiriak aurkeztuko dira.

–Epeak:

Eskabidea egiten ahalko da urte bakoitzean, udal aurrekontuak onesten direnetik horretarako onetsitako partida ekonomikoa agortu arte.

–Dokumentazioa:

  • Eskabidea beterik, erantsitako ereduaren arabera.
  • Datu pertsonalak: Familia unitatea osatzen duten kide guztien NANa, AIZa edo PASAPORTEA (indarrean egon behar dute). Familia liburua.
  • Bizikidetza ziurtagiria.
  • Familiaren diru-sarrera guztien frogagiriak:
    • Azkeneko 3 nominak, edo INEMeko prestazioen, pentsioen, errenta bermatuaren ebazpenaren eta abarren egiaztagiriak.
    • Aurreko agiriak eduki ezean, diru-sarreren zinpeko deklarazioa.
  • Banantze eta dibortzio kasuetan, banantze-demanda, akordioa edo epaia eta hitzarmen arauemailea aurkeztea.
  • Aurrekontu zehaztua edo egindako eskabidearekin ikusteko duten fakturak.

6.–Kontzeptu diruz lagungarriak.

–Ostatua:

Honako hauen fakturak: etxebizitzaren alokairuaren zorra, etxebizitzaren hipoteka mailegua, etxebizitza partekatuko gelaren ordainketa, bertzelako ostaturen baten ordainketa (apopilo etxea, hotela eta abar), auzokideen erkidegoko gastuak.

Etxebizitza berrirako alokairuaren kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua izateko betiere, baldin beharrezkoa bada hasierako aparteko ordainketa bat egitea eta baldin diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketei aurre egiteko.

Dirulaguntzan ezin da egotzi kontzeptu honen konturako gastua, baldin eta laguntza jaso duen familia unitateak, eskabidea egiten den unean, helburu bererako laguntzak jasotzen baditu eta laguntza horiek abenduaren 26ko 28/2018 Foru Legean araututa badaude (foru lege horren bidez arautzen da etxebizitzarako eskubide subjektiboa Nafarroan).

–Oinarrizko hornidurak:

1) Ur hotza banatzeko gastuen fakturak.

2) Gastu hauen fakturak: argindarra, gasa, berokuntza, ur bero zentrala eta bertzelako erregaiak (egurra, ikatza, berokuntzarako gasolioa).

3) Oinarrizko horniduren kontratuen alta ematearen fakturak, ohiko bizilekuan; altaren kostuaren kopurua emanen da gehienez ere.

–Nutrizioa eta higienea:

Laguntza honen xedea da familia unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak berdintzea.

Dirulaguntzan ezin da sartu kontzeptu honengatiko gastua baldin eta laguntza jaso duen familia unitateak, eskabidea egiten den unean, jasotzen badu errenta bermatua, arautua dagoena azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean.

Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia unitateko kide kopuruaren arabera:

FUko KIDE KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Kide bat

310 euro urteko eta familia unitateko

2 kide

440 euro urteko eta familia unitateko

3 kide

590 euro urteko eta familia unitateko

4 kide edo gehiago

760 euro urteko eta familia unitateko

–Prestakuntza, eta gizartean eta lan munduan sartzea:

Honetarako gastuak: parte hartzea prestakuntza ez arautuetan eta/edo laneratze eta gizarteratze jardueretan, norbera gaitzeko, gizarteratze eta laneratze prozesuaren barnean.

Oinarrizko bertze behar batzuk:

Agindutako osasun tratamenduetako gastuek lekua izanen dute (entzumen, ikusmen, odontologia elementuak), betiere nahitaezkoak badira eguneroko bizitzako jarduera arruntak egiteko, eta estaldurarik ez badute osasun sisteman. Osasun txosten frogagarria eta aurrekontu xehakatua aurkeztu behar dira.

Apartatu honetan jasoko dira aurreko apartatuetan zehaztu gabeko laguntzak; betiere, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren balorazio teknikoaren bidez justifikatu beharko da laguntza horiek eman behar direla.

Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera.

FUko KIDE KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Kide bat

625 euro urteko eta familia unitateko

2 kide

875 euro urteko eta familia unitateko

3 kide

1125 euro urteko eta familia unitateko

4 kide edo gehiago

1525 euro urteko eta familia unitateko

Diruz lagunduko diren urteko gehieneko mugak eguneratuko dira urteko KPIaren arabera.

7. gaia.–Irizpide ekonomikoak.

Larrialdietako laguntzak dira gabezia ekonomikoak izan eta oinarrizko beharrak (ostatua, oinarrizko hornidurak, energia, nutrizioa eta higienea, prestakuntza eta gizartean eta lan munduan sartzea eta oinarrizko bertze behar batzuk) berehala asetzeko zailtasun handiak dituzten pertsonendako.

Oinarri hauetako dirulaguntzen eskabideak baloratzeko, eskaera egiten denean, familia unitateko kide guztien hileroko diru-sarrerak ez dira izanen hileroko errenta bermatua halako bi baino handiagoak, hau da, eskabidea egiten duen familia unitateari egokituko litzaiokeen hileroko errenta bermatua halako bi baino. Horri dagokionez, Nafarroako Gobernuak urtero eguneratzen du eskala progresibo hau.

FAMILIA UNITATEAREN KIDE KOPURUA

HILEROKO GEHIENEKO DIRU-SARRERAK 2024. URTEAN

Kide bat

1524,02 euro urteko eta familia unitateko

2 kide

2057,42 euro urteko eta familia unitateko

3 kide

2438,44 euro urteko eta familia unitateko

4 kide

2667,04 euro urteko eta familia unitateko

5 kide

2895,64 euro urteko eta familia unitateko

6 kide edo gehiago

3048,04 euro urteko eta familia unitateko

Gai honetan eskumena duten teknikariek eginen dute kudeaketa, jarraipena eta balorazioa, fase guztietan, baita aginduzko txostenak ere erreklamaziorik edo errekurtsorik izanez gero.

8.–Organo eskuduna; ebazteko eta jakinarazteko epea.

Organo eskuduna: Araudiaren araberako eskumen banaketari jarraikiz, Alkatetzak emanen du behar den ebazpena.

Ebazteko epea: Kasu guztietan, lehentasuna emanen zaio espedientearen izapidetzeari; ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea 10 egun da eskabidea behar bezala beterik, eta eskatzen diren agiriekin batera, erreferentziako gizarte-langileak hartu eta eskabide horri onetsitako eta emandako ebazpena bidaltzeko.

Jakinarazpena: Dirulaguntza emateko ebazpena posta arruntez bidaliko zaio eskatzaile bakoitzari, ezarritako epeetan.

9.–Ordainketa.

Ordainketa eginen zaio hura hartzeko izendaturiko pertsona edo entitateari, eskabidean adierazten den kontu zenbakiaren bitartez; baina, halakoetan, onuradunak edo haren legezko ordezkariak ordainketa idatziz baimendu beharko du. Laguntza onuradunaren izenean kontabilizatuko da, ordainketa zer kontutan egiten den aintzat hartu gabe.

10.–Laguntzen kontrola eta aplikazioa.

Dirulaguntzak baliogabetu ahalko dira baldin eta frogatzen bada:

a) Haien zenbatekoa ez dela erabili eman zirenerako.

b) Baldintzetariko bat edo batzuk betetzen ez dituztenei edo haiek behar bezala egiaztatu ez dituztenei eman zaiela.

Atarrabiako Udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuek eskaera espedienteak ikuskatzeko eginkizunak izanen dituzte eta, laguntzen lorpena, xedea edo justifikazioa modu okerrean gauzatu delako zantzuak daudenean, legeria aplikagarrian aurreikusten diren neurriak hartzen ahalko dituzte.

Justifikazioa eginen da legez luzaturiko fakturen bidez. Halaber, agiri hauek aurkeztu ahalko dira, bertzeak bertze: administrazio publiko batek luzaturiko ordainketa gutuna; ordainagiriak, tributuak ordaintzeagatik edo tributuz kanpoko bertze kontzeptu batzuengatik; konturako karguak; bankuen gordekinak; faktura luzatzea bidezkoa ez denean, kontabilitateko agiriak, aparteko laguntza eskatu deneko zorraren ordainketa frogatzen dutenak.

Frogagiriak aurkezteko 30 egun balioduneko epea izanen da diruz lagundutako kontzeptuei dagokien azken ordainketaz geroztik.

11.–Indarraldia eta xedapen osagarriak.

Oinarri hauek indarrean izanen dira harik eta organo eskudunak aldatu edo indargabetu arte, eta indarrean jarriko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat.

12.–Onarpena eta interpretazioa.

1. Laguntza eskatzeak berekin dakar oinarriak onartzea.

2. Udalari dagokio oinarrien interpretazioa.

13.–Publizitatea.

Dirulaguntzen deialdiak eta haien oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (BDNS) argitaratuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikulua betez, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Publizitatea egiteko baliabide osagarriak erabiltzen ahalko dira, hala nola Udalaren web-orria, baita oinarrizko gizarte zerbitzuen eta Atarrabiako Udalaren iragarki-taulak ere.

14.–Datuen babesa.

Tratamenduaren arduraduna: Atarrabiako Udala.

Tratamenduaren xedea: oinarri arauemaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriz emandako dirulaguntzen kudeaketa.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea dago; horretarako, udal bulegoetara jo behar da.

Informazio gehigarria: Datu-tratamenduaren zerrenda kontsulta daiteke, bai eta datuen babesari buruzko bertze argibide zehatz batzuk ere, gure webgunean: www.villava.es/eu.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazioko arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin tartean badaude doloa, errua edo zabarkeria hutsa:

–Dirulaguntza edo laguntza bat lortzeko, hura emateko eskatzen diren baldintzak edo datuak faltsutzea.

–Dirulaguntza zertarako eman zen, bertzelako helburuetarako erabiltzea jasotako zenbatekoak.

–Jasotako funtsen erabilera ez justifikatzea.

Arau-hausteengatik zehapena ezarriko da: behar ez bezala jasotako, aplikatutako edo justifikatu gabeko zenbatekoa itzultzea.

Halaber, Alkateak honako zehapen hauek erabakitzen ahalko ditu:

–Bi urte arteko epean laguntza eman duen administrazioaren dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea.

–Bi urte arteko epean laguntza eman duen administrazioari bertzelako dirulaguntzak eskatzeko aukera galtzea.

Zehapenak administrazio-espedientearen bidez ezarriko dira.

Xedapen gehigarri bakarra.–Ordenantza honek aipatzen dituen zenbatekoak urtero eguneratzen ahalko dira Toki entitateei gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzeko dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arauemaileen arabera.

Iragarkiaren kodea: L2513870