Iragarkia
238. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 27a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MURCHANTE
Ordenantza, arautzen dituena abandonu egoeran dauden orube eta eraikinen mantentzea, garbiketa eta hesitzea. Behin betiko onespena
Murchanteko Udalak, 2025eko ekainaren 26ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza bat, arautzen dituena Murchanteko udalerrian abandonu egoeran dauden orube eta eraikinen mantentzea, garbiketa eta hesitzea.
Dagokion iragarkia argitaratu zen 2025eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 29an, eta jendaurreko epean inork ez duenez erreklamaziorik aurkeztu, besterik gabe behin betikoa bihurtu da 2025eko ekainaren 26ako osoko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez hasiera batez onetsi baitzen udal ordenantza bat, arautzen dituena Murchanteko udalerrian abandonu egoeran dauden orube eta eraikinen mantentzea, garbiketa eta hesitzea. Haren testu osoa argitara ematen da, orok jakin dezan, eta bete beharrez uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikulua (lege horrek arautzen ditu toki araubidearen oinarriak).
Erabaki honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal da, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, egoitza Iruñean baitu, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) eta 46. artikuluei (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea).
Murchanten, 2025eko azaroaren 6an.–Alkatea, Macario Manuel Jarauta Simón.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA MURCHANTEKO UDALERRIAN ABANDONU EGOERAN DAUDEN ORUBE ETA ERAIKINEN MANTENTZEA, GARBIKETA ETA HESITZEA
I.–Zioen azalpena.
Apirilaren 2ko 7/1985 Legean (horren bidez arautzen dira toki-araubidearen oinarriak), 25. artikuluan, ezartzen da udalerriek erabiliko dituztela hirigintzako, hiri-ingurumeneko eta osasungarritasun publikoaren babeseko eskumenak, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legediaren barnean. Bestalde, lege beraren 84. artikuluak udalak gaitzen ditu herritarren jardunean esku hartzeko, horretarako baliatuz ordenantzak. Bi artikulu horien bidez ezartzen da behar den eskumen-esparrua, horren bitartez sistematizatzeko, zehazteko eta eduki aldetik garatzeko era guztietako lurren eta eraikinen jabeek daukaten betebeharra horiek zaintzeko, egon daitezen behar bezalako segurtasun, osasungarritasun eta apaindura publikoko baldintzetan. Hain zuzen, betebehar hori jasota dago 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85. artikuluan (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).
Lurren jabeek legezko betebehar hori dute, eta berez bete beharrekoa izan arren, orain arte Udalak ez zuen arautua.
Badakigu garbitasun- eta mantentze-baldintza txarrek eragin negatiboa dutela. Garbitasunik ez dagoenean, horrek kalte egiten die higiene publikoari eta hiriaren irudiari, eta eragiten du izurrite-fokuak sortzea, animaliak ugaritzea eta usain txarra zabaltzea. Halaber, eraikinak behar bezala zainduta ez badaude edo sastrakak kontrolik gabe hazten badira, horrek eragiten die segurtasunari eta hiri-paisaiari. Hortaz, bermatu nahi da espazio publikoaren duintasuna, eta zehaztu nahi da oinarrizko zer kontzepturi jarraitu behar zaien horretarako. Azken batean, helburua da orube eta eraikinak mantendu, garbitu eta hesitzeko baldintzak egokitzea kalitate estandarretara eta herritarren arteko bizikidetzarik onena lortzeko eskakizunetara.
Abandonu egoeran dauden orube eta eraikinen udal errolda sortzen da, hobetzeko eta errazteko Udalaren egiaztapen eta kontrol lanak, eta, orobat, hiri-ingurumena hobeki zaintzeko. Errolda hori arauzko tresna bat da, balio duena, batetik, ikusteko zenbateraino betetzen duten higiezinen eta orubeen jabeek horiek zaintzeko daukaten legezko betebeharra, eta, bestetik, betebehar hori betetzera bultzatzeko eta, kasua bada, zehazteko zein diren osasun publikoari eragiten dioten jokabideak. Halaber, behar izanez gero, arautzen da betearazpen subsidiariorako prozedura, aplikatuz xedatuta dagoena Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 198. eta 200. artikuluetan eta Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduan.
Azkenik, betebehar horiek betetzen laguntzeko eta herritarrei zama arintzeko, gaitu da subrogaziorako sistema bat, Administrazioak eskatutakoa, aldi baterako laga dadin orubearen jabetza, xede publikoetarako erabil dadin, eta lagatzen den unetik aurrera Udalari egokituko zaio hura garbitzeko eta behar bezala mantentzeko ardura.
Azken batean, udal-eskumenen barnean, eta legeek jabeei edo edukitzaileei ezarritako betebeharrak areagotu gabe, neurri batzuk ezarri nahi dira, hobetu dadin egoera txarrean dauden orube eta eraikin publiko nahiz pribatuen garbiketaren eta kontserbazioaren kudeaketa, horrela saihestu daitezen hiri-ingurunea egoera txarrean edukitzeak hiriarentzat eta bertako biztanleentzat dituen ondorio kaltegarriak.
II.–Alderdi orokorrak.
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da Murchanteko udal-mugartean honako hauek arautzea: batetik, abandonu egoeran dauden orube eta eraikinen udal errolda, eta, bestetik, egoera horretan dauden lurzatiak, orubeak eta eraikinak zaintzeko betebeharra, behar diren baldintzetan, segurtasunari, osasungarritasunari eta apaindura publikoari dagokienez. Horretarako, erregulatzen eta zehazten ditu haien garbiketari, hesitzeari eta mantentzeari lotutako alderdiak.
2. artikulua. Definizioak.
2.1. Zer hartzen den orubetzat ordenantza honen ondorioetarako.
Ordenantza honen ondorioetarako, orubetzat hartuko dira, oro har, hiri-lurzoru finkatutzat edo plangintzan finkatu gabekotzat sailkatutako lurrak, eta, zehazki:
1) Udal-mugartean dagoen edozein eremu, baldin eta urbanizatuta badago Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorrean ezarritakoaren arabera.
2) Indarrean dagoen obra-lizentzia izanik, lizentzia eman zenean ezarritako epean obrak hasiak ez dituzten lurrak.
3) Obra hasita ere, obra horiek geldituta eta bukatu gabe dauzkaten lurrak, salbu eta egiaztatzen bada aurreikusita dagoela lanei ekitea obra gelditu zenetik 6 hilabete baino gutxiagoko epean.
4) Hiri-izaera hartzeko prozesuan dauden lurrak, egikaritzen ari den urbanizazio-proiektu bat dela medio, baldin eta prozesu hori geldirik badago edozein arrazoirengatik.
2.2. Zer hartzen den lurzatitzat.
Lurzatitzat hartzen da, ondorio hauetarako, edozein lur zati mugatu, edozein izanik ere kokapena (urbanoa, urbanizagarria nahiz urbanizaezina) edo edozein izanik ere egoera (eraikia nahiz eraiki gabea).
2.3. Zer hartzen den abandonu egoeran dauden eraikintzat ordenantza honen ondorioetarako:
Ordenantza honen ondorioetarako, honako hauek hartzen dira abandonu egoeran dauden eraikintzat:
1) Erabili gabe 10 urte baino gehiago daramatzaten eraikinak.
2) Ezarritako gutxieneko segurtasun-, osasungarritasun- eta apaindura-baldintzak betetzen ez dituzten higiezinak, hala jasota dagoenean Udaleko zerbitzu teknikoen txostenean.
3) Gaizki dauden eraikinak, hau da, egoera hauetakoren batean daudenak:
a) Bolumen aprobetxagarriaren %50 gutxienez falta duten eraikinak.
b) Kontserbazio-egoera dela eta, beren edukieraren %50 baino gehiagoan biztanlerik hartu ezin duten eraikinak.
4) Bukatu gabeko eraikinak, hau da, obrak gelditu dituztenak lizentzian ezarritako gehieneko bukaera-epea gainditu ondoren, edo, bukaturik egonda ere, lehen okupazioko lizentzia lortu ez dutenak.
5) Eraikinak, non behin eta berriz ez diren bete eraikina kontserbatzeko emandako betearazpen-aginduetan jasotako betebeharrak.
6) Legezko aurri-egoeran deklaratu diren higiezinak.
7) Aurreko apartatuetan deskribatutako egoeretan bete-betean egon gabe ere, horietako kasu batean sartuta dauden elementu komunak edo pribatiboak dauzkaten eraikinak. Kasu horretan, erroldan zehaztu beharko da zein diren abandonu-egoeran dauden zatiak.
3. artikulua. Obligaziodunak.
Orubearen titularrari, edo orubearen legezko jabari erabilgarria duenari (baldin eta pertsona bera ez bada), dagokio legerian eta ordenantza honetan jasotako kontserbazio- eta mantentze-betebeharra.
Udalak esku hartu behar badu ez-betetzeren bat gertatu delako, zuzenean eskatzen ahalko dio jabeari adieraz dezala ea baden erabiltzaile, gozamendun edo errentariren bat, erroldan sartzeko; hori dena, jabeak ez badu aurretik jakinarazi. Udalak ordenantza honekin lotuta egin behar dituen edozein motatako errekerimenduen ondorioetarako, jabetzat hartuko da Lur-ondasunen Erregistroan jabe gisa agertzen dena, salbu eta behar bezala frogatzen bada badela beste titular bat.
Ulertuko da obligaziodunak direla pertsona fisikoak nahiz juridikoak eta eskubide publikoko erakundeak ere.
4. artikulua. Ikuskatzeko eskumena.
Udal-administrazioak ikuskatze- eta zaintza-lanak eginen ditu, bermatzeko behar bezala betetzen dela ordenantza honetan xedatutakoa; nolanahi ere, salaketa bat izan daiteke garbitzeko edo hesia jartzeko espediente bat hasteko arrazoia.
Horretarako, Udalak egiaztatzen ahalko du ea betetzen diren ordenantza honetan ezarritako betebeharrak, eskatzen ahalko du horiek betetzeko, edo bere gain hartzen ahalko du horiek betetzea, ordezko gisa, betearazpen subsidiarioa baliatuz.
Alkatea da ordenantza honetan jasotakoei buruz ebazteko eskumena duen organoa.
III.–Abandonu egoeran dauden orube eta eraikinak garbitzea.
5. artikulua. Hondakinak botatzeko debekua.
Debeku da jabetza publikoko edo pribatuko lurzati, orube, eraikin edo espazio libreetan zaborrak, hondarrak edo edozein motatako hondakinak botatzea, isurtzea, eta, oro har, horiek uztea dakarren ekintza oro.
Higiezinen jabeak edo edukitzaileak horiek hondakinik gabe edukitzeko daukan betebeharra gorabehera, hondakinak bota edo uzten dituenak zehapena jasoko du.
6. artikulua. Mantendu eta kontserbatzeko betebehar orokorra.
Aplikatu beharrez Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 85. artikulua, behar bezalako baldintzetan eduki behar dira orubeak eta eraikinak, segurtasunaren, osasungarritasunaren, eta apaindura publikoaren aldetik. Hortaz, behar diren lanak egin beharko dira, baldintza horiei eusteko edo horiek berriz ezartzeko.
6.1. Orubeak.
Legezko betebehar hori gauzatzeak esan nahi du orubeek garbi egon behar dutela, hondakin organiko edo geldorik gabe, eta animalia edo intsektuak har ditzakeen landaredi espontaneo edo belar lehorrik gabe; izan ere, horrek guztiak sute-arriskua areagotu dezake eta usain txarrak edo jarioak eragin ditzake.
Ez da ordenantza honen ez-betetzetzat hartuko materialak modu kontrolatuan metatzea edo biltegiratzea, baldin eta halakoak egiten badira jarduera ekonomiko baten osagarritzat jotzen den orube batean. Betiere, ezin izanen dira metatu material erregaiak edo usainak eta jarioak eragin ditzaketenak, eta metaketa modu ordenatuan egin beharko da, hau da, gutxieneko baldintza batzuk betez, segurtasunaren, higienearen, osasungarritasunaren eta kutsaduraren prebentzioaren aldetik. Orobat, Murchanteko Udalari komunikatu beharko zaio.
6.2. Eraikinak.
Ordenantza honen arabera, honako hauek hartuko dira abandonu egoeran dauden eraikinak kontserbatzeko gutxieneko baldintzatzat:
1.–Segurtasun-baldintzak.
Eraikinen itxitura eta estalkietatik ezin izanen da ura igaro, eta egoera onean eduki behar dira erorketen aurkako babes-elementuak.
Egitura zaindu egin beharko da, eutsiko diola bermatzeko moduan.
Fatxadetako, estaldurako eta itxituretako estaldura-materialak –perimetralak eta baoetakoak– kontserbatu egin beharko dira, halako moduz non ez dieten arriskurik ekarriko pertsonei eta ondasunei.
2.–Osasungarritasun-baldintzak.
Egoera onean gorde behar dira zerbitzu-sareak, osasun-instalazioak eta aireztapen- eta argiztapen-baldintzak.
Eraikina eta espazio libreak nahikoa garbi egon behar dute.
Behar bezala funtzionatu beharko dute ke eta partikulen emisioak murrizteko eta kontrolatzeko elementuek.
3.–Apaindura-baldintzak.
Txukun egon behar dute eraikinetako fatxadek eta horien kanpo- eta barne-elementuek, mehelinek, beirek, baoek, hesiek eta itxiturek, eta horretarako garbitu egin beharko dira, osorik egon beharko dute estaldurek eta materialek, pintatu egin beharko dira eta abar.
7. artikulua. Garbitzeko betebeharra.
Ordenantza honek hizpide dituen orube eta eraikinetan, gutxienez garbiketa edo sastraka-kentze bat egin beharko da urtean. Lan horiek urte bakoitzeko uztailaren 1a baino lehen egin beharko dira.
Garbiketa horretan, gutxienez, hondakin organiko eta geldoak kendu eginen dira, bai eta orubean edo eraikinean egon daitekeen landaredi espontaneo edo lehorra ere.
Debeku da landareak edo hondakinak erretzea orubeak eta lursailak garbitzeko sistema gisa.
Orube edo eraikin jakin baten egoerak hala eskatuta, Udalak, Udaleko zerbitzu teknikoen txostena jaso ondoren, obligaziodunari eskatzen ahalko dio har ditzala aparteko neurri zehatzak; neurri horiek joanen dira urtean behingo garbiketa eta egokitzapen lanetatik haratago. Aparteko neurri horiek, orubeen kasuan, izan daitezke, adibidez, arratoiak edo intsektuak hiltzea, obra-hondakinak kentzea, drainatzea, hustubideak garbitzea eta abar; eraikinen kasuan, berriz, eskatzen ahal da hondatutako elementuak konpontzeko, ordezteko edo babesteko.
8. artikulua. Errekerimendu orokorra.
Betebehar hori sortzeko ez da beharrezkoa izanen jakinarazpen pertsonalik egitea; izan ere, betebehar hori, oro har, obligaziodunari egotz dakioke, aldez aurreko errekerimendurik behar izan gabe. Hala ere, Murchanteko Udalak, dagokion bandoaren bitartez, gogorarazten ahalko du garbitzeko eta sastrakak kentzeko betebeharra, ordenantzan errekerimendu orokor gisa adierazitako data baino lehen.
Era berean, komenigarritzat jotzen bada, eta salbuespenez, halako errekerimendu bandoak egiten ahalko dira, adierazita zer epetan bete behar diren aipatutako betebeharrak.
9. artikulua. Garbiketa-lanak eginen direla jakinaraztea.
Garbiketa-lanak egiten hasi aurretik, Udalari jakinarazi beharko zaizkio. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, adierazita noiz aurreikusten den egitea. Adierazpen horren helburua da lan horiek kontrolatu ahal izatea eta, ondoren, egin direla jasota uztea.
IV.–Udalak obligazioduna borondatez ordezkatzea.
10. artikulua. Behin-behineko lagapenak.
Erabilerarik ezaren ondorioz orubeak hondatu ez daitezen, jabeek Udalarekin hitzartzen ahalko dute orube horiek behin-behinean lagatzea, espazio libre publiko edo aire zabaleko aparkaleku gisa erabil daitezen edo interes publikoko beste edozein erabilera izan dezaten.
Horretarako eskaera-orria aurkeztu ondoren, Udalak, egokitzat jotzen badu, onartuko du, eta orubea egokituko du (zertarako erabiliko den, horren arabera). Une horretatik aurrera, eta lagapena indarrean den bitartean, Udala arduratuko da orubea behar bezala mantentzeaz.
Lagapen horrek akordio izaera hartuko du, eta honako alderdi hauek jaso beharko ditu:
–Lagapenari eusteko gutxieneko aldia, oinarritzat harturik orubea egokitzeko kostua.
–Adierazi beharko da lurzatia zehazki zertarako erabiliko den. Hain zuzen, Udalak ez du lurzatiaren gainean inolako eskubiderik eskuratuko, zehaztutako helbururako erabiltzeaz haratago.
Gutxieneko aldia bukatutakoan, lagapenaren luzapen mugagabeak ezartzen ahalko dira.
Akordioan ezarritako epea igarota, jabeari dagokio adieraztea lurzatiaren erabilera eta gozamena berreskuratu nahi dituela. Horretarako, eskaera eginen dio Udalari, idatziz, 4 hilabete lehenago gutxienez.
Lagapenean adierazitako erabilera bukatutakoan, jabeari egokituko zaizkio berriz ere garbitzeko eta hesitzeko betebeharrak.
V.–Orubeak hesitzea eta eraikinak mantentzea.
11. artikulua. Hesitzeko betebeharra.
Ordenantza honetan arautzen diren finken jabeek hesituta eduki behar dituzte, segurtasun-baldintzak bermatuta. Betebehar horrek ez du zerikusirik obrak egiteagatik orubea edo lurzatia hesitzeko dagoen betebeharrarekin.
Eraikin bat eraisten denean, eraikin berria egin arte, jabeak edo sustatzaileak orubea itxi egin beharko du hilabeteko epean, eraispena bukatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Orubeen jabeak salbuesten ahalko dira hesitzeko betebeharretik, baldin eta, udal zerbitzuen iritziz, ez bada komeni orube horiek ixtea, beren ezaugarri bereziak, kokapena edo erabilera direla eta.
Orube edo eraikin guztiak bi urteko epean egokitu beharko dira ordenantzan xedatutakora, baldin ordenantza hau onartzen den egunean hesituta badaude ordenantzako baldintzak bete gabe.
12. artikulua. Hesien ezaugarriak.
Nahitaezko hesi mota zehazteko, eremu hauek ezarri dira:
a) Babes bereziko eremua, hots, kale hauek: Conde kalea, Méndez Núñez kalea, la Paz kalea, Justicia kalea, Kale Nagusia, Triunfante kalea, La Plana kalea, Escuelas kalea, Navas de Tolosa kalea eta Tejería kalea.
b) Murchanteko gainerakoa.
Orube bat hesitutzat jo dadin, ordenantza honen ondorioetarako, honako ezaugarri orokor hauek bete beharko ditu hesiak:
a) Fatxadaren edo fatxaden lerro osoan zabalduko da, lerrokaduraren trazadura ofizialari jarraikiz.
b) Gutxienez 2 metroko altuera izanen du.
c) Orubean sartzeko ate bat, gutxienez, jarriko da, eta haren neurriek ahalbidetu behar dituzte garbitzeko eta hondakinak ateratzeko lanak.
d) Edonola ere, hesia eraikitzeko materialek bete beharreko ezaugarriek egokiak izan behar dute, bermatzeko haren egonkortasuna eta kontserbazio txukuna.
Kokalekuaren arabera, honako berariazko ezaugarri hauek izan behar dituzte orubeetako hesiek:
a) Babes bereziko eremuan, bizitegi edo zerbitzu erabilera duten lurzatietako itxiturak egin beharko dira adreiluzko fabrikaz, blokez edo hormigoizko aurrefabrikatuz, aliritzira amaituta. Fabrikazko, blokezko edo adreiluzko obra guztiek bete beharko dituzte dagozkien araudi teknikoak. Kasu zehatzen batean, eta Udalak baimena eman ondoren, opakuak ez diren materialez egiten ahalko da itxitura, osorik edo zati batean.
b) "Gainerakoa" eremuan dauden lurzatietan itxitura arinagoak egiten ahalko dira, elementuak elkarren artean finkatuta eta lurrera ainguratuta. Ahal dela, fabrikako itxitura opakuak erabiliko dira; hala ere, metalezko elementuak baliatuz ixten ahalko dira (bihurdura bakunekoak edo elektrosoldatuak). Horiek guztiak araudia betez paratuko dira, CE ziurtagiria duten elementuen bidez eta erabilerarekin bat datozen elementuak baliatuz. Metalezko itxituren kasuan, bereziki erreparatuko zaio orubearen ertzean egon daitekeen landarediari; izan ere, horrek, etorkizunean, espaloia har dezake.
Itxitura guztiek, zeharka nahiz luzetara, behar adinako zurruntasuna izanen dute, eror daitezen saihesteko. Jabearen betebeharra izanen da hesia edo itxitura segurtasun- eta apaindura-baldintza egokietan mantentzea, eta, behar bezala funtzionatu ezin badu narriadurengatik edo kalteengatik, hura ordeztu edo konpondu beharko du. Itxituretan ezin dira egon erortzeko arriskuan diren elementuak, ez eta oinezkoei kalte egiten ahal dieten elementu zorrotzak edo irtenak ere.
13. artikulua. Abandonu egoeran dauden eraikinak mantentzea.
Egoera horretan dauden eraikinetan, nahitaez egin behar dira segurtasun- eta osasungarritasun-baldintzak bermatzeko mantentze-lanak. Hala, gutxienez, honako neurri hauek hartu beharko dira: fatxadako baoak babestu beharko dira, horretarako erabiliz ingurunearekin bat datozen sistemak, aldi berean ez dutenak uzten barnealdera hondakinak botatzen; prebenitu eta kontrolatu behar da fatxadatik, egituratik edo gorputz irtenetatik ezer ez erortzea; estalkiak eta teilatu-hegalak egonkor mantendu behar dira; eta barnean hondakinak edo sastrakak pilatzea saihestuko da.
Udalak, zerbitzu teknikoen txostena jaso ondoren, eskatzen ahal du jarduera zehatzak egiteko, gutxieneko mantentze-lan horiek bermatzeko.
14. artikulua. Babes elementuen itxura.
Lizentziak iraungita dituzten obretako eraikinetako aldamioak eta fatxadak babesteko sareen estetikak bat etorri behar du ingurunearekin, bai eta eraikuntzetako elementu arriskutsuak finkatzeko, eskoratzeko edo babesteko ezartzen diren egituren estetikak ere.
15. artikulua. Beharrezko udal-baimenak.
Orube bat hesitzeko, nahikoa izanen da erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea (komunikatutako lizentzia). Paratzen den hesiak ez baditu betetzen ordenantza honetan ezarritako baldintzak, adierazpen hori erabat deuseza izanen da ondorio guztietarako.
Eraikinetan jarduteko, lizentzia eskatu beharko da. Lizentzia eskaerarekin batera, behar diren agiriak aurkeztu beharko dira, eta obra txiki edo handietarako aurreikusitako moduan izapidetuko da (egin nahi den jarduketa motaren arabera).
VI.–Orube ez diren lurzatietarako betebeharrak.
16. artikulua. Orube ez diren lurzatiak garbitzea.
Lurzoru urbanizagarriko eta urbanizaezineko lurzatiek, nahiz eta orube ez izan, osasungarritasun- eta apaindura-baldintza egokietan egon behar dute. Horretarako, aldian-aldian garbitu behar dira, ez daitezen metatu zaborrak, hondarrak, ur geldoak, kiratsak eta abar.
17. artikulua. Orube ez diren lurzatiak hesitzea.
Ez da nahitaezkoa lurzati horiek hesitzea. Dena den, segurtasuna bermatu behar denez, lurzatian arriskutsua izan daitekeen elementuren bat egonez gero (putzuak, idoiak, arnas hodiak, erauzitako lurrak eta abar) babestu egin beharko da, edo, bestela, behar bezala seinaleztatu.
VII.–Nahitaezko betearazpena.
18. artikulua. Betearazpen-aginduak.
Ordenantza honetan jasotako betebeharrak betetzen ez badira, eta, esaterako, orubeak ez badira behar bezala garbitzen edo hesitzen, dagokion zehapen-espedientea izapidetu ahal izatea gorabehera, betearazpen-agindu bat emanen da. Agindu horretarako espediente bat hasiko da, honako mugarri hauekin:
1. Orubearen egoerari buruzko txosten teknikoa.
2. Alkateak edo zinegotzi ordezkariak emandako ebazpena, eskatzeko egin dadila dagokion jarduketa, txostenean adierazitakoaren arabera. Ebazpenean, entzunaldia emanen zaio interesdunari, bidezko iruditzen zaiona alega dezan 10 eguneko epean. Ebazpen horretan, adieraziko dira jarduketaren aurreikusitako zenbatekoa eta betearazteko epea, eta azalduko da ezen, agindu hori epe barnean betetzen ez bada, behar bezala justifikatutako arrazoirik eman gabe, Udalak betearazpen subsidiarioari ekiten ahalko diola, edo hertsapen-isunak jartzen ahalko dituela.
3. Epe hori igaro eta garbiketarik egin ez bada edo gaiari buruzko idazkirik aurkeztu ez bada, ebazpen bat emanen da, betearazpen agindua xedatzeko. Agindu horretan:
–Frogatu beharko da orubeak ez dituela betetzen kontserbazio-baldintzak –eta, hortaz, garbitu behar dela, handik sastrakak kendu behar direla, egokitu behar dela....– edo ez dagoela behar bezala hesituta.
–Adierazi beharko da kasu bakoitzean zer egin behar den.
–Arrazoizko epe bat eman behar da proiektua betearazteko.
19. artikulua. Betearazpen subsidiarioa.
Betearazpen-aginduak betetzen ez badira, Udalak ahalmena izanen du betearazpen subsidiarioari ekiteko, aldez aurretik interesdunari ohartarazita, jarraikiz Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 198.3 artikuluari. Horretarako, honako administrazio-espediente hau hasiko da:
1. Orubearen edo eraikinaren egoerari buruz udal teknikariek egindako txostena. Bertan, adieraziko da zenbatekoa izanen den agindutako lanaren kostua, gutxi gorabehera.
2. Interesdunari jakinaraztea Udalak asmoa duela betearazpen subsidiariorako ahalmena baliatzeko, eta zein den dagokion aurrekontua. Jakinarazpen horretan adieraziko zaio 10 eguneko entzunaldia emanen zaiola, alegazioak egiteko edo agindua betearazteko.
3. Entzunaldi-epea bukatuta, formulatutako alegazioak ebatziko dira eta, kasua bada, betearazpen subsidiarioa aginduko da.
Udalak bere kabuz edo hirugarrenen bidez betearaziko ditu lan horiek, jarraikiz kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiari. Sortutako gastua ordainduko da udal-aurrekontutik dagokion aplikazioaren kargura.
Hala dagokionean, baimena eskatuko zaio Agintaritza Judizialari, hori xedatzen baitu Botere Judizialaren Lege Organikoaren 91. artikuluak.
Subjektu obligaziodunaren kargura izanen dira orubeak garbitu eta hesitzeko edo eraikinak apaintzeko obren edo eragiketen betearazpen subsidiarioak eragindako gastuak, kalteak eta galerak, eta premiamendu administratiboaren bidez eskatzen ahalko dira; horretarako, behin betiko likidazioa eginen da, honako prozedura honi jarraikiz:
1. Alkatearen ebazpena, dagokion likidazioa onesten duena, eta faktura ondoan duela. Ebazpen horretan adierazi beharko da zer nahitaezko betearazpen espedientetatik datorren, zer alderdi ez den bete eta horrek zer ondorio izan dituen eta zer enpresa kontratatu behar izan den (zenbatekoa adierazita).
2. Ebazpen horren jakinarazpena, zehaztuz ordainketa nola egin daitekeen, eta adieraziz betearazpen-bidetik galdeginen direla ordaindu gabeko zorrak.
Betearazpen subsidiarioa ezartzeak zera sortuko du: ordezko betearazpenetarako eta betearazpen-aginduetarako tasa ordaintzeko betebeharra.
20. artikulua. Isun hertsatzaileak.
Diskrezionaltasunez, betearazpen-agindu bat betetzen ez bada, eta betearazpen subsidiarioari ekin aurretik, gaitzen ahalko da urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako mekanismoa (lege horrek hizpide du administrazio prozedura erkidea), eta, hortaz, hertsapen-isunak jarri. Eskatutakoa betetzen ez den bitartean, isunak errepikatuko dira, behar besteko tartea utzita, eta 12 hilabetez gehienez.
21. artikulua. Presako izapidea.
Osasungarritasun- edo segurtasun-inguruabarrek eragindako larrialdi kasuan ohiko izapidea baliatzerik ez badago, eta Udaleko zerbitzu teknikoek txostena egin ondoren, Udalak zuzenean egiten ahalko ditu beharrezko garbiketa- edo mantentze-eragiketak.
VIII.–Zehapen araubidea.
22. artikulua. Zehapen prozedura.
Jarduketa jakin batek ordenantza hau urra dezakeela zehazteko, eta haren tipifikazioa eta dagokion zehapena ezartzeko, kontuan hartuko da, oro har, 39/15 Legea (lege horrek hizpide du administrazio prozedura erkidea), eta, prozedura espezifikoari dagokionez, berriz, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua (Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onestekoa), bai eta, orobat, horiek ordezten dituzten arauak ere.
23. artikulua. Zehapenen tipifikazioa.
Ordenantza honen arau-hauste administratiboak dira jarraian zerrendatzen diren jarduketak edo ez-egiteak. Arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.
Arau-hauste arintzat joko da:
–Ez betetzea orubeak eta eraikinak garbi edukitzeko betebeharra; alegia, honako hauek gabe: hondarrak, zaborra, hondakinak, obretako hondakinak, hondakin-materialak eta kontrolik gabeko pilatzeak.
–Orubean edo eraikinean egotea landaredi espontaneoak edo hondakin organiko edo mineralak, gaixotasunak transmititzen dituzten animaliak edo landareak elikatu edo har ditzaketenak edo usainak sor ditzaketenak.
–Ordenantza honetan xedatutakoaren arabera eraikitako hesia narriatuta egotea.
–Ohiko garbiketa- eta mantentze-lanak egiteko errekerimendua ez betetzea.
Arau-hauste astuntzat joko dira honako hauek:
–Jabeak edo hirugarren batek edozein motatako hondakina botatzea hesitutako orube batera.
–Orube edo obra bat hesirik gabe edukitzea, urratuta ordenantza honetan hesiei buruz xedatutakoa.
–Ez egitea intsektuak edo arratoiak hiltzeko lanak, desinfektatzekoak edo beste edozein lan, horiek egitea galdegin zaionean berariaz.
–Ez betetzea Udalak egindako errekerimenduak, atzemandako akatsak konpontzeko, baldin horrek arau-hauste arin bat baino gehiago badakar.
–Ez betetzea betearazpen-agindu bat.
–Hiru arau-hauste arin egitea urtebetean orube edo eraikin berean.
Arau-hauste oso astuntzat joko da:
–Erretzea erabiltzea orubeak eta lurrak garbitzeko sistema gisa.
–Ez betetzea Udalak egindako errekerimenduak, konpontzeko orube edo obretan atzemandako akatsak, baldin horrek arau-hauste astun bat baino gehiago edo astun bat eta arinen bat badakar.
–Hiru arau-hauste astun egitea urtebetean orube edo obra berean.
Gainera, kontuan hartuko dira erantzukizuna larritu edo arindu dezaketen inguruabarrak eta aplikatu beharreko araudian zehapenak aplikatzeari buruz xedatutakoa.
24. artikulua. Zehapenen zenbatekoa.
Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteek, baldin hirigintzako arau-hausterik ez badakarte, honako isun hauek sortzen ahalko dituzte:
–Arau-hauste arinak: 300 eurotik 750 eurora bitarte.
–Arau-hauste astunak: 751 eurotik 1.500 eurora bitarte.
–Arau-hauste oso astunak: 1.501 eurotik 3.000 eurora bitarte.
25. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen preskripzioa.
40/2015 Legearen 30. artikuluko araubide orokorra aplikatuz, hauek dira preskripzio-epeak:
–Arau-hausteak:
- Arinak: 6 hilabete.
- Astunak: 2 urte.
- Oso astunak: 3 urte.
–Zehapenak:
- Arau-hauste arinengatik: urtebete.
- Arau-hauste astunengatik: bi urte.
- Arau-hauste oso astunengatik: hiru urte.
Arau-hausteen preskripzio-epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen. Arau-hauste jarraitu edo etengabeen kasuan, jokabide arau-hauslea bukatzearekin batera hasiko da epea zenbatzen.
Zehapenen preskripzio-epea zenbatzen hasiko da zehapena ezartzen duen ebazpena exekutagarria den egunaren biharamunetik edo ebazpenaren aurkako errekurtsoa jartzeko epea bukatzen den egunaren biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENA
Jarraikiz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 70.2 artikuluari, ordenantza hau indarrean sartuko da tramitatu eta gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egunera, eta indarrean jarraituko du aldatu arte edo espresuki indargabetu arte.
Iragarkiaren kodea: L2514617
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
