238. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CAPARROSO

Ordenantza, bazkaleku eta finketako larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Caparrosoko Udalak, 2025eko abuztuaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Caparrosoko Udalaren bazkaleku eta finketako larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespena argitaratu zen 2025eko 179. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 9an, eta ondoren jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean. Epe hori iragan da, eta ez da aurkeztu erreklamaziorik, kexarik edo oharrik; beraz, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat jotzen da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da ordenantzaren testu osoa, jarraikiz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluei.

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratu eta biharamunean.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetako bat erabil daitekeela:

a) Zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Caparroson, 2025eko urriaren 30ean.–Alkatea, Carlos Alcuaz Monente.

ORDENANTZA, CAPARROSOKO UDALAREN BAZKALEKU ETA FINKETAKO LARREEN ADJUDIKAZIOA ETA APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DITUENA.

Atarikoa.–2003ko azaroaren 14an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, indarrean jar zedin, Caparrosoko herri-lurren bazkaleku eta finketako larreak esleitzea eta aprobetxatzea arautzen dituen ordenantza.

Hogei urte baino gehiago iragan dira, bada, indarren jarri zenetik, eta, horrenbestez, egoki iritzi zaio arau berria prestatzeari, eguneratzeak eta kontzeptu berriak sarturik. Esaterako, azienda Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan (AUE-REGA) inskribatu beharra. Edo larratze-modalitate berriak, hala nola larratze estentsiboa hesi birtualaren bidez.

Era berean, zehapen prozedura arautzen da, indarreko ordenantzan ez baitzegoen garaturik.

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Caparrosoko Udalaren bazkaleku eta finketako larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzea, bat etorriz Nafarroako uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluko II. kapituluarekin, eta bertan ezarritako mugen barnean (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

2. artikulua. Herri-larreen onuradun izateko, familia-unitateetako titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua, edota legez eratutako pertsona juridikoa.

b) Behar diren erroldetan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez sei urte lehenagotik.

c) Urtean gutxienez bederatzi hilabetez jarraian bizitzea Caparroson.

d) Abeltzaintza-jardueran jardutea, honako hauen bidez justifikatuta:

I.–Nekazaritzako autonomo gisa kotizatzea frogatzen duen egiaztagiria.

II.–Abeltzaintza Erregistroaren Liburua.

III.–Aziendaren Osasun Liburua.

IV.–Abeltzaintzako ustiategi baten titularra izatearen ziurtagiria; ustiategiak egon beharko du Caparroson kokaturik eta Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan (AUE-REGA) inskribaturik.

Eskaera aurkezteko unean, titularrak ez badu aziendarik erregistraturik bere izenean, geroago aurkeztu beharko ditu ziurtagiri horiek, Udalak ematen dion epean, larreak adjudikatu ondoren. Emandako epean aurkezten ez baditu, adjudikazioa deuseztatu eginen da.

e) Egunean izatea mota guztietako zerga betebeharrak Caparrosoko Udalarekin.

Baldin pertsona fisikoa legezko izaera juridikoa duen edozein motatako abeltzain elkarte bateko kidea bada, justifikatzen ahalko du betetzen dituela 2. artikuluko d) letrako II., III. eta IV. paragrafoetako baldintzak, aurkeztuz kidea den abeltzain elkarteko frogagiriak.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Caparrosoko Udalak argituko ditu, banan-banan, osoko bilkuran.

3. artikulua. Adjudikaziodun bakoitzak bere gain hartzen dituen betebeharrei erantzute aldera, horietako bakoitzak jarri beharko du, fidantza gisa, adjudikazioaren 8 urteak baturik guztira ateratzen den oinarriko zenbatekoaren ehuneko 4. Horretarako, 5 eguneko epea izanen dute, adjudikazioaren egunetik hasita. Fidantza jartzen ahalko da eskudirutan edo banku-abal baten bidez. Handitzen ahalko da, gainera, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumo-prezioen igoeraren arabera, Udalak egokitzat jotzen duen unean.

4. artikulua. Udalaren bazkaleku eta finketan, bertako larreak adjudikatzen diren kasuetan, honako hauek izanen dira tasazio-prezioa eta larratzen ahal diren aziendaburu esleituen gehienezko kopurua:

BAZKALEKUA

URTEKO ZENBATEKOA 2025ean

CABEZO DE LA MUGA

3.529,54

YERBA DE VACAS (1/2)

4.535,34

YERBA DE VACAS (1/2)

4.535,34

GOIKO MASADAS

2.227,09

BEHEKO MASADAS

2.227,09

SASO NUEVO (eskorta bakarrik)

697,32

TOMILLAR eta PITEO

2.236,57

TOMILLAR eta PITEO

2.236,57

VALES

3.023,60

CASCAJOS/BALSILLA DE MARÍN

1.722,20

POZOAGUDO/SARDA

2.951,46

Yerba de Vacasko bazkalekuan ez da sartzen "El Sotillo" izeneko parajea; alderdi horretako larreak, aspertsiozko ureztapenekoak, laborantzaren adjudikaziodunarenak izanen dira. Gauza bera gertatzen da aspertsiozko ureztapena duten loteetako larreekin Cascajosen (Balsilla de Marín), Pozoagudon (Sarda) eta Saso Nuevon; hain zuzen, horiek adjudikaziodunarenak izanen dira. Orobat, Valesko ureztapen estentsiboko loteetako larreei dagokienez, laborantzaren adjudikaziodunarenak izanen baitira.

5. artikulua. 4. artikuluan ezarritako zenbatekoak 2025erako proposaturiko kanonari dagozkio, eta urtero eguneratuko dira, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumo-prezioen igoeraren arabera.

Adjudikaziodunak seihilekoetan ordainduko dio Udalari adjudikazioaren urteko zenbatekoa.

Herri-lurretako aprobetxamenduek sortzen dituzten diru-sarrerak eskubide publikoko diru-sarrerak dira, eta ordainarazten ahalko dira, behar izanez gero, premiamendu-prozeduraren bidez, bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 25. artikuluan xedaturikoarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

6. artikulua. Caparrosoko Udalak gordetzen ahalko du larre guztien 1/5 (bosten bat) arte, urteko adjudikaziorako, adjudikaziodun berririk balitz ere.

7. artikulua. Ezarri diren bazkaleku edo finketako larreen adjudikazioa zuzeneko adjudikazioaren bidez eskainiko zaie familia-unitateetako titular diren abeltzain guztiei, baldin eta betetzen badituzte ordenantza honen 2. artikuluko baldintzak. Adjudikazio-prezioa izanen da bertan adierazitakoa, eta kalkulatuko da aprobetxamenduaren balio errealaren ehuneko 85ean.

Abeltzainak ez badira ados jartzen proportzionalki aprobetxatzeko, Udalak larreak eskatzaileei eskainiko dizkie aipatu den tasazioari eutsiz eta ahoz. Hala, abeltzain eskatzaile batek baino gehiagok eskatzen badute finka (lote) horietako bat, eskatzaileen artean zozketa eginez adjudikatuko du.

Aurreko prozedura horiek egindakoan ez badira larreak adjudikatu, edo loteren edo finkaren bat adjudikatu gabe gelditzen bada, hau da, herritarrentzako adjudikazioaren prozedura agortu bada, Udalak enkante publikoa eginen du ondoriozko finkekin, horretarako behar diren publizitate baldintzak beterik eta balio errealaren ehuneko 85 indizetzat jarririk, dagoeneko ezarri den bezala.

8. artikulua. Zuzeneko adjudikazioa egiten bada aurreko artikuluko lehen paragrafoan xedatzen den herritarrentzako sistemaren bidez, abeltzainek idatziz adieraziko dute adostasuna egokitu zaizkien loteekin edo zati alikuotekin, zehazteko, kasu bakoitzean, zer zenbateko ordaindu behar zaion seihilekotan Udalari. Hartara, zenbateko hori beren gain hartuko dute ondorio guztietarako.

9. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez dago baimendurik beste batzuei lagatzea edo azpierrentamendua egitea. Halakorik gertatu dela frogatuz gero, adjudikazioa bertan behera geldituko da, deusetan ukatu gabe arau-hausleak bestelako erantzukizun batzuk ere izatea. Erabat debeku da adjudikaturiko herri-larreak azpierrentamenduan ematea. Arau hori betetzen ez dutenei zehapena ezarriko zaie arau-hauste oso astuna egiteagatik.

10. artikulua. Aprobetxamenduen adjudikazioaren epea 8 urte izanen da, bat eginik herri-lurretako laborantza-lurrak banatzeko txandarekin.

Aprobetxamendu baten titularrak abeltzaintzako jarduera uzten badu ezarri den epea bukatu baino lehen, idatziz jakinarazi beharko dio Udalari. Azken horrek ahalmena izanen du larre horien erabilera xedatzeko, ezarririko epea bete arte.

11. artikulua. . Eskortetan sortzen den simaurra adjudikaziodunarena izanen da eta, hortaz, nahi bezala erabiltzen ahalko du, harik eta adjudikazioaren azken egunera arte; egun horretatik aurrera, Udalaren jabetza izanen da simaur hori.

Adjudikaziodunek beren gain hartuko dute eraginiko hondatze edo kalteen erantzukizuna, eskorta oker edo gehiegikeriaz erabiltzen badute, salbuetsirik erabilera normal edo arruntagatik eta denboraren ondorioz sortzen diren narriadurak.

Adjudikaziodunak kendu beharko ditu errentaldian, aziendak hobeki egon beharrez, estalpeetan eta eskortetan egin eta paratutako oholesiak eta langak, eta horiek erabiltzeagatik hondatutakoaren erantzukizuna izanen du. Hondatutakoak ahalik eta lasterrena konpondu beharko ditu; bestela, Udalak konponduko ditu, adjudikaziodunak jarritako fidantzaren kargura.

Adjudikaziodunak, orobat, bere kontura desinfektatu, zuritu eta garbituko ditu estalpe eta eskortak, hiru urtean behin gutxienez, eta bereziki aprobetxamenduaren epea bukatzean.

Udalaren lizentzia beharko da artegi, pasabide, idoi eta abarretan egiten diren hobekuntza-obra guztietarako; beraz, ez daitezke egin Udalaren baimenik gabe.

Belarren aprobetxamenduak iraun bitartean, Udalak bazkalekuetan artegi berriak eraikitzen baldin baditu, adjudikazioaren prezioa igo eginen da; hala, adjudikaziodunak Udalak ezarriko duen ehuneko bat ordaindu beharko du, egindako hobekuntza-obrak amortizatzeko.

12. artikulua. Bazkaleku, lote edo finka bakoitzean aldian-aldian bazkatzen den azienda kopuru gehienekoari ez zaio mugarik jarriko, garbi ikusten baita adjudikazioduna dela interes gehiena duena larreak arrazionalki aprobetxatzeko, eta azienda gutxi sartzeagatik belarrak galtzen ez uzteko, edo gehiegi ustiatzeagatik belarra ez ahitu eta ahultzeko.

13. artikulua. Udalak ahalmena izanen du noiznahi lurraren eta larreen erabilera bereganatzeko, bidezkotzat jotzen dituen arrazoiengatik, hala nola laboreak hobetzea, aldatzea, azpiegiturak egitea eta abar. Nolanahi ere, hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko dio adjudikaziodunari, eta, kasu horretan, dagokion kalte-ordaina ordainduko dio, edo larreen eskubidea jaitsiko, gozamena kentzeagatik, aplikatuz zenbateko osoari dagokion proportzionaltasuna, eta Udalak beretzat hartzen duen eremuaren ehunekoa.

Adjudikazioa hasiz gero, lurzati batzuetan baimentzen bada zainzuriak, mahastiak edo larreen aprobetxamendua mugatzen duten antzeko laboreak landatzea, behar den kenkaria eginen zaio adjudikaziodunari; hala, erreguko 1,50 euroko indizearen baremoa aplikatuko zaio, eta hura ere ordenantza honetan xedatu bezala eguneratuko da.

14. artikulua Lurra laboratzeko sasoia martxoaren 10ean hasiko da. Hortik ateratzen den lastoa lurzatiak laboratzen duenak aprobetxatzen ahalko du uztailaren 15era arte; hala ere, paratu beharko ditu ongi ikusteko moduko seinaleak, larreen adjudikaziodunak errespeta ditzan eta azienda sar ez dezan. Aipatu egunetik aurrera, abeltzain adjudikaziodunak nahierara erabiltzen ahalko du lastoa. Abeltzain adjudikaziodunak ez badu betetzen klausula honetan xedaturikoa eta azienda sartzen badu edo lastoa eramaten badu bere beharretarako, kalteen erantzulea izanen da, eta lurzatiak laboratzen dituenari 2 euro ordainduko dizkio erreguko.

15. artikulua. Larreen adjudikazioak izanen dira adjudikaziodunaren arrisku eta menturara.

16. artikulua. Adjudikaziodunek ordaindu beharko dituzte iragarkien gastuak, horiek beharrezkoak badira, zergak, eta aprobetxamenduak iraun bitartean ezartzen den antzeko beste edozein.

17. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izan beharko du, frogatzen duena indarreko foru-legean eta haren erregelamenduan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.

18. artikulua. Udalak eskubidea izanen du baimentzeko nekazaritzako beste produktu batzuk haz daitezen, neguko zerealak ez direnak. Hala ere, inola ere ez da baimenduko uztondoa ken dadin irailaren 20a baino lehen; kenduz gero, behar diren zehapenak ezarriko dira.

Debeku da uztondoak eta larre utziak erretzea; isuna izanen da 60 euro erreguko.

Udalak eskubidea izanen du, ordenantza honen xedeko bazkalekuetan (4. artikuluan adieraziak), laborantza-lurren adjudikaziodunei baimena emateko lur horiek erabil ditzaten zainzuriak egiteko, mahastiak landatzeko eta abar.

Abeltzain adjudikaziodunak herri-lurren lote baten adjudikazioduna bada finka edo bazkaleku berean, lugorri uzteko sasoian, bere aziendarentzako jana ereiten ahalko du lote horretan.

19. artikulua. Ez badago herri-lurretako idoi bat erabiltzerik, urik ez edukitzeagatik, bazkaleku horretan larratzen den azienda Udalak xedatzen duen idoian eradanen da.

Dauden idoiak agortuz gero, herri-larreetako abeltzainek ezin izanen diote Udalari kalte-ordainik eskatu. Izan ere, beren azienda urez hornitzea beren arazo eta ardura da.

Abeltzain adjudikaziodunak du bere gain bazkalekuetako idoiak onik zaindu eta garbitzea. Pertsona batek baino gehiagok erabiltzen badute idoi bera, zaintza proportzionala izanen da, aintzat hartuz bakoitzak zenbat aziendaburu dauzkan baimendurik.

Nekazariek debekatua dute idoietatik ura hartzea beste zerbaitekin erabilitako ontzietan, hala nola herbizida, intsektizida eta nekazaritzan erabiltzen diren beste produktu kimikoekin, baldin eta aziendarentzat eta ehizarentzat kaltegarri badira. Zehapena ezarriko zaie debeku hori errespetatzen ez duten guztiei.

Udal-mugarte osoan debeku da idoiak, ibaiak eta ur naturalaren beste zernahi iturri erabiltzea azienda bainatzeko.

20. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Zehatzeko ahala erabiliko da bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 177. eta 178. artikuluetan ezarritakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea). Bidezko diren zehapenak jarri aurretik, behar den prozedura izapidetuko da, bat etorriz xedaturik dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta urriaren 1eko 40/2015 Legean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Alkateak du eskumena zehatzeko ahala erabiltzeko.

2. Preskripzioa. Arau-hauste oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, astunek bi urteren buruan, eta arinek sei hilabeteren buruan. Falta oso astunetan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, falta astunetan ezartzen direnek bi urteren buruan, eta falta arinetan ezartzen direnek urtebetean.

3. Iraungitzea. Zehapen prozeduran ebazpen espresua eman eta jakinarazteko epea, gehienez, sei hilabetekoa izanen da, espedientea irekitzeko ebazpen administratiboa ematen den egunetik hasita. Ebazteko eskumena duen organoak erabakitzen ahalko du, ebazpen administratibo arrazoitu baten bidez eta behar bezala justifikatutako arrazoi batengatik, ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea luzatzea, baina, betiere, prozedura izapidetzeko ezarritako epea gainditu gabe.

4. Ordenantza honetan ezarritako arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.

a) Egitate hauek arau-hauste arintzat hartzen dira:

1.–Erregelamendu honetan xedatutakoari aurka egiten dion egitate edo ekintza oro, baldin ez badago arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkaturik.

b) Egitate hauek arau-hauste astuntzat hartzen dira:

1.–Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

2.– Azienda sartzea bazkaleku batean, horren adjudikaziodun izan gabe.

3.–Kalteak eragitea artegi, idoi, hesi edo larreetan.

4.–Belarren adjudikazio epeak ez errespetatzea.

c) Egitate hauek arau-hauste oso astuntzat hartzen dira:

1.–Adjudikaturik dauzkan larreen eskubidea azpierrentamenduan ematea edo eskualdatzea.

2.–Ez betetzea ezarririk dagoena Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta haren erregelamenduan.

21. artikulua. Arau-hauste horiek jarraian azaltzen den eran zehatuko dira.

1. Arau-hauste arinak: 60,00 euro eta 300,00 euro arteko isuna.

2. Arau-hauste astunak: 301,00 euro eta 600,00 euro arteko isuna.

3. Arau-hauste oso astunak: adjudikazioa azkentzea eta 601,00 euro eta 1.200,00 euro arteko isuna.

Arestian xedaturikoa gorabehera, kalteak ordaindu egin beharko dira eta erantzukizunei aurre egin beharko zaie, halakoak daudenean; halaber, bidezkoa bada, bahituko dira legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitartekoak edo tresnak.

22. artikulua. Ondasun publikoetan nahiz hirugarrenei eragindako galerak edo kalteak horien egileek ordaindu beharko dituzte, Udalak zehazten duen moduan.

23. artikulua. Udalaren aurretiazko eta berariazko baimena beharko du hesi birtualaren bidezko larratze estentsiboak, dela behi-aziendarena (salbu azienda suharra) edo zaldi-aziendarena. Udalak ezarriko du, kasu bakoitzean, zer baldintzatan egin daitekeen. Udalak modu arrazoituan ukatzen ahalko du larratze mota hori.

24. artikulua. Ordenantza hau interpretatzean eta Udaleko osoko bilkurak hura aplikatuz gauzatu egintzen edo hartu erabakien ondorioz sortzen diren auzi guztiak errekurtso hauetako bat jarriz ebatziko dira:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik gelditzen dira ordenantza honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo apalagoko udal-arau guztiak, eta, bereziki, Caparrosoko herri-lurren bazkaleku eta finketako larreak esleitzea eta aprobetxatzea arautzen dituen ordenantza, 2003ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 14an.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hurrengo egunean, eta hamabost egunera aplikatzen hasiko da, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 eta 70.2 artikuluak, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikulua. Ordenantzak indarrean jarraituko du espresuki aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L2514276