Iragarkia
238. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 27a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ELORTZIBAR
Deialdia, administrari-ofizialen bi plaza oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Elortzibarko Udaleko alkate udalburuak, 2025eko azaroaren 7ko 2025-1450 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen. Hona hemen oinarriak:
OINARRIAK
1. Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren lanpostuaren 2.14 eta 2.16 plazak betetzea, lehiaketa-oposizio bidez, funtzionarioen araubidean; C mailakoak dira plazak, eta Elortzibarko Udalaren (aurrerantzean, Udala) zerbitzura aritzeko dira.
Halaber, eta 12. oinarriarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko, lehen proban puntuazioaren %50 gutxienez lortu duten izangaiekin.
Deialdia gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituen ekainaren 4ko 7/2025 Foru Legea, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
Plazak txanda hauetan banatuko dira:
–Plaza bat txanda irekian.
–Plaza bat igoera txandan.
1.2 Igoera txandako lanpostua txanda irekikoari gehituko zaio, baldin bete gabe gelditzen bada, izangaiek ez dutelako eskuratu hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa.
Bestalde, igoera txandako plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
1.3. Izendatzeak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dituzte izendatuak, eta izanen dituzte Udaleko funtzionarioentzat indarrean dauden xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira. Lanpostuen ordainsariak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailakoak izanen dira, baita plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere. Plazak Idazkaritza, Zerbitzu Orokor, Hirigintza, Ingurumen, Obra eta Zerbitzuen Alorrari atxikita daude.
1.4 Bete beharreko eginkizunak deialdian azaldutako mailari eta arloari dagozkionak izanen dira. Besteak beste, azalpen gisa eta ez modu mugatzailean, honako hauek:
2.14 plaza.
–Hirigintzako arduradunari laguntzea.
–2.16 plaza betetzen duen ofizialaz arduratzea.
–Hirigintzako batzordea: prestatzea, deialdia egitea eta irizpenak ematea.
–Honako hauen tramitazioaren gaineko kudeaketa administratiboa: plangintza-espedienteak, hirigintzako kudeaketa, obra publikoa, obra handietarako lizentziak, lurzoru urbanizaezinerako baimenak, obra-kontratuak, laguntza eta hornidurak.
–Interesdunei arreta ematea telefonoz eta aurrez aurre.
–2.16 plaza betetzen duenaren ordezko aritzea, haren oporretan.
–Udalak unean-unean agintzen ahal dizkion beste eginkizun batzuk, bere mailaren araberakoak.
2.16 plaza.
–Hirigintzako alorreko dirulaguntza espedienteen tramitazioaren gaineko kudeaketa administratiboa.
–Honako espediente hauen tramitazioaren gaineko kudeaketa administratiboa: ingurumen arlokoak, obra txikiak eta erantzukizunpeko adierazpenak, obra txikien kontratazioa, laguntza eta hornidurak, hirigintza-diziplina, lurzoru publikoaren okupazioa eta ibiak.
–Artxiboa kudeatzea.
–2.14 plaza betetzen duen ofizialari laguntzea agintzen zaizkion zereginetan.
–Interesdunei arreta ematea telefonoz eta aurrez aurre.
–2.14 plaza betetzen duenaren ordezko aritzea, haren oporretan.
–Udalak unean-unean agintzen ahal dizkion beste eginkizun batzuk, bere mailaren araberakoak.
2. Baldintzak.
2.1 Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek –baldin zuzenbidez bananduta ez badaude–, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.
c) Batxilergoko titulua edo bigarren mailako Lanbide Heziketakoa izatea, edo horietako baten baliokidetzat jotako beste titulu bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak.
Epaimahaiak izendapen proposamena egin aurretik eskatuko da titulazioa aurkeztea.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko berariazko betebeharrak.
Txanda honetako izangaiek, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte, aurreko apartatuan adierazitakoez gain:
a) Nafarroako administrazio publikoetako langile finkoa izatea eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona lanean ari bada deialdia egin duen udal bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragoko batekoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.
2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaz jabetu arte.
3. Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Elortzibarko Udaleko edozein erregistrotan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Eskabideak I. eranskinean argitaratzen den ereduari egokituko zaizkio. Horiek eskura daitezke https://noain.es/eu/ helbidean.
Desgaitasuna izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak aurkez dezake egoki iruditzen zaion dokumentazioa, eskaera aurkeztean, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 25,00 euroko tasa ordaindu beharko da. Tasa ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu honetan: ES48 2100 5264 4922 0006 5040.
Frogagirian honako hauek jasoko dira nahitaez:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–Kontzeptua: administrari-ofizialen bi plaza betetzeko azterketa.
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
(a) Deialdia argitaratzen den egunean langabe gisa inskribatuta daudenak.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
–Deialdiko igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, baldin eta deialdia egin duen administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak badira, eskabideari erantsi beharko dizkiote, gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarriko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak.
–Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.
–Udalari azterketa-eskubideen tasa ordaindu izanaren frogagiria.
–Lehiaketaldian baloratzeko agiriak aurkezten dituzten izangaiek Nafarroako edozein entitate publikok emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, zeinetan modu argian adierazi beharko den zer zerbitzu egin duten.
3.5 Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4. Izangaiak onartzea.
4.1 Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du argitara dadila Udalaren webgunean, deialdiaren fitxan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Izangai bazterturik ez badago, alkateak zuzenean onetsiko du onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4.2. Bigarrena.–Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, izangai baztertuek hurrengo hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko argitara dadila Udalaren webgunean, deialdiaren fitxan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
4.4 Izangairen bat kanporatzen bada hautapen-prozesutik berari egotz dakiokeen arrazoi batengatik, ez zaizkio parte hartzeko tasak itzuliko.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdiko prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, horrek galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:
–Epaimahaiburua: Luis Maya Arméndariz, Elortzibarko Udaleko alkatea.
–Epaimahaiburuaren ordezkoa: Mikel Navarro Ayensa, Elortzibarko Udaleko alkateordea.
–Epaimahaikidea: Carlos Revilla Pascual, Elortzibarko Udaleko kontu-hartzailea.
–Ordezko epaimahaikidea: Teresa Monreal Pérez de Ciriza, Elortzibarko Udaleko administrari-ofiziala.
–Epaimahaikidea: José Ángel Ipiña Paris, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.
–Ordezko epaimahaikidea: Eva Salinas Urra, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.
–Epaimahaikidea: Elortzibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat.
–Ordezko epaimahaikidea: Elortzibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat.
–Epaimahaikide idazkaria: Víctor Manuel Mendívil Zubizarreta, Elortzibarko Udaleko idazkaria.
–Ordezko idazkaria: Alfonso Arizcuren Sánchez, Elortzibarko Udaleko administrari-ofiziala.
5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.
5.3 Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari buruz eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak izan dezake aholkulari adituen laguntza, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1 Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia ondotik.
6.2. Oposizioa 2026ko urtarrilean hasiko da.
6.3. Lehiaketaldia: Ez da baztertzailea izanen, eta oposizioaldiaren aurretik eginen da. Gehienez ere 10 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:
–Nafarroako administrazio publiko batean administrazio-ofizialaren lanetan zerbitzu egiten emandako urte bakoitzeko: 2 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.
Urteen kopurua osoa ez bada, puntuazio proportzionala emanen zaie izangaiei, zerbitzuan emandako egunen araberakoa.
Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda deialdiaren web-fitxan, eta zehaztuko ditu bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak. Behin-behineko kalifikazio horien aurka, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte 5 egun naturaleko epean.
6.4. Oposizioaldiak 2 proba izanen ditu. Oposizioaldiko ariketei gehienez ere 90 puntu emanen zaizkie.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
6.5. Probak.
6.5.1. Lehen proba, gehienez ere 50 puntu:
Lehen proban, test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdiaren 2. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Aukera batzuk eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, erantzun zuzenaren balioaren %25ekoa.
Ariketa honetan gehienez 50 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak.
Epaimahaiak finkatuko du ariketa bakoitzaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.
6.5.2. Bigarren proba, gehienez ere 40 puntu:
Praktikoa izanen da. Agiri administratiboak prestatu beharko dira, bete behar den lanpostuko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzkoak; epaimahaiak hautatuko ditu deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendatik.
Kalifikazio-epaimahaiak proba egiteko beharrezko deritzon laguntza teknikoa eskatzen ahalko du.
Ariketa honetan gehienez 40 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak.
6.6. Izangai guztiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.7. Plika-sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen ditu kalifikazioen zerrenda eta plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.
6.8. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Udalaren webgunean (www.noain.es/eu), deialdiaren fitxan, argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena balorazioei buruz.
6.9. Hautaproba egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
7. Probak gainditu dituztenen zerrenda.
7.1. Hautaprobak amaitu ondoren, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du, Udalaren webgunean (www.noain.es/eu), gainditu duten pertsonen zerrenda, bakoitzak oposizioan lortutako kalifikazioarekin, txandaren arabera eta lortutako puntuazioaren ordenan; horrez gain, Udaleko idazkariari igorriko dio zerrenda, plaza hutsak aukeratzeko tramiteak egin daitezen. Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.
7.2. Azkeneko emaitzan berdinketarik izanez gero, bigarren proban puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna.
Berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak jendaurrean eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da.
8. Plaza hutsak aukeratzea.
8.1. Alkateak deia eginen du plaza hutsak aukeratzeko ekitaldirako, argitaratuz aukeratu beharreko plazak, izangaien zerrenda (plaza hutsak hautatzeko lehentasun ordenan, txanden eta puntuazioaren arabera) eta plazak hautatzeko epea.
Informazio hori jendaurrean jarriko da Udalaren webgunean.
Ondoren, izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, zer plaza huts nahiago duten.
8.2. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute, gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.
8.3. Plaza lortzen duten genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, edozein txandatan eta izaera hori egiaztatzen badute, lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak hautatzeko orduan, hargatik eragotzi gabe desgaitasuna duten pertsonek plazak aukeratzeko duten lehentasun gorena.
8.4. Hautaprobak barne-igoerako txandatik gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiaren xede diren plaza hutsak aukeratzeko txanda irekiko izangaien aurretik, kontuan harturik, betiere, desgaitasuna dutela egiaztatzen duten izangaientzat eta genero-indarkeriaren biktima direla egiaztatzen duten emakumeentzat ezarritako lehenespena.
9. Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Izendapen proposamena egin aurretik, epaimahaiak eskatuko du bost eguneko epean aurkez dadila 2.1.1.c) oinarrian eskatutako titulazioa. Ondoren, alkateari igorriko dio izendapen proposamena, espediente osoarekin batera. Hautaprobak gainditu eta deialdiko lanpostuetan sartzen diren izangaien alde eginen du proposamena.
Izendapen proposamena Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.
9.2. Izendapen proposamena Udalaren web-orriko fitxan argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:
9.2.1. Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien balio bereko beste bat.
c) Osasun ziurtagiria, lanpostuaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela frogatzen duena.
d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
9.2.2. Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko apartatuko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jarduneko zerbitzuan daudela jatorrizko administrazioan, baita espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak ere (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abar).
9.2.3. Desgaitasuna alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz egina. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.
9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez dituen izangaia. Halaber, ezin izanen da izendatu deialdiko 2. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela frogatzen ez duena ere. Halakoetan, baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe eskabidearen faltsukeria dela-eta egozten ahal den erantzukizuna.
9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, alkateak lanpostua beteko du prozesua gainditu dutenen zerrendan (7. oinarrian aipatua) hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
10. Izendapena, plaza hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.
10.1. Alkateak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak izendatuko ditu Udaleko funtzionario, eta plaza hutsak adjudikatuko dizkie.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako pertsonek izendapenaren ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.
Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala gertatuz gero, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.3. Aurreko apartatuan aipatutako kasuan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plazen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak adjudikatuko zaizkie zuzenean.
11. Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunendako jakingarri den informazio guztia ere, Udalaren webgunean (www.noain.es/eu) argitaratuko da, deialdiaren fitxan.
12. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
12.2. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, alkatearen ebazpen baten bidez honako zerrenda hauek onetsiko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik plaza lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gainditu arren plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Probak gainditu ez baina hautapen-prozesuko lehen proba gainditu duten izangaien zerrenda.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.
12.2. Deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
12.3. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak Udalaren webgunean argitaratuko dira.
12.4. Gainditu arren lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da izangaien ordena.
Orobat, hautapen-prozesua gainditzen ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da lehen proban lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.
Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.
12.5. Aurreko apartatuan ezarritako ordenari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari jarraikiko zaio. Horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangai zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, erreserbatuko da zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, betiere hautaprobak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin, aintzat hartuz eskuratutako puntuazioa.
12.6. Era berean, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari jarraikiko zaio; horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan hamar lanpostutik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek betetzeko, betiere dagozkien hautaprobak gainditu badituzte eta beren egoera frogatzen badute.
13. Datuen babesa.
Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna. Tratamenduaren helburua da administrari-ofizialen bi plaza betetzeko deialdia kudeatzea eta izapidetzea.
Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko).
Eman diren datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko 12/2007 Foru Legea eta Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Legez ezarritako kasuetan argitaratuko dira datuak, deialdian ezarritakoaren arabera, eta komunikatzen ahalko dira bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea).
Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, egoitza elektronikoaren bidez (datuak babesteari buruzko izapideak), edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@noain.es).
Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
14. Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen udal organoari zuzenduta, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bai aurkezten diren errekurtso guztiak bai haien ebazpena Udalaren webgunean argitaratuko dira, hautapen-prozesu honen barneko interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko ondorioetarako.
Noainen (Elortzibar), 2025eko irailaren 17an.–Alkatea, Luis Maya Armendáriz.
1. ERANSKINA.–ESKABIDEA
2. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. zatia.–Oinarrizko araudia.
1. gaia.–Espainiako Konstituzioa. I. titulua.
2. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.
- II. titulua: udalerria. I. kapitulua: lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: antolamendua.
- V. titulua: toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.
3. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
- I. titulua: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. I. kapitulua: udalerriak.
- III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.
- IV. titulua: toki-erakundeen ondasunak.
- V. titulua: jarduerak, zerbitzuak eta obrak.
- IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola. Bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).
4. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako toki-erakundeen baliabideak. Motak. Tributu bidezko diru-sarrerak: kontzeptua eta motak. Zergak: kontzeptua eta motak. Tasak.
5. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, onesten duena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.
- II. titulua. Lurralde eta hirigintza arloko antolamendua. II. kapitulua. Hirigintzako udal-plangintza. 2., 3. eta 4. atalak.
- IV. titulua. Plangintzaren exekuzioa. 1. atala.
- V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina. I. kapitulua. Esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileran.
6. gaia.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, arautzen dituena ingurumenean eragina duten jarduerak. I. tituluaren V. kapitulua: jarduera sailkaturako udal lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua: diziplina eta ingurumen arloko legezko egoera lehengoratzea.
7. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, administrazio-isiltasuna, epemugak eta epeak. Administrazio egintzak: baldintzak eta efikazia. Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.
8. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
9. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: legearen xedea, printzipioak eta aplikazio-eremua.
- I. titulua, III. kapitulua. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa.
- I. titulua. V. kapitulua. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak. 2., 3., 5. eta 6. atalak.
- III. titulua. Administrazio Publikoen kontratuen araubide juridikoa. I. kapitulua: obra kontratuak.
10. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Dirulaguntza publikoei buruzko xedapen orokorrak. Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak (atariko tituluko II. kapitulua eta I. titulua). Emateko eta kontrolatzeko prozedura. Dirulaguntzak itzuli beharra.
11. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Administrazio-kontratudunak.
12. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea.
13. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.
14. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
15. gaia.–Dokumentazio administratiboa. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, ebazpen administratiboak. Administrazio espedientea. Administrazio publikoek egindako kopien baliozkotasuna.
II. zatia.–Informatika.
1. gaia.–Windows 10i buruzko oinarrizko kontzeptuak. Mahaigaina eta haren elementuak; atazen administratzailea; fitxategien arakatzailea; kontrol-panela; inprimagailuak eta eskanerrak; "hasi" botoia; ataza-barra; "exekutatu" komandoa; laguntza; sarean lan egitea; erabiltzaile kontuak.
2. gaia.–Testu tratamenduko programak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Word 2021: laneko area; aukeren zinta; idatzi eta editatzea; testu formatua; orrialde-diseinua eta konfigurazioa; estiloak; txantiloiak; taulak; artxiboak administratzea; posta-konbinazioa; eremuekin lan egitea; inprimatzea.
3. gaia.–Kalkulu-orriak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Excel 2021: laneko liburuak; orriak; gelaxkak; aukera-zintak; gelaxkak hautatzea eta komandoak; datuak sartzea; formulak eta loturak sortzea; funtzioak erabiltzea; orrialde-diseinua eta konfigurazioa; kalkulu-orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; inprimatzea.
4. gaia.–Datu-baseak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Access 2021: oinarriak; taulak; kontsultak; formularioak; txostenak; inprimatzea; aukera-zintak.
Iragarkiaren kodea: L2514677
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
