1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
301/2025 EBAZPENA, azaroaren 11koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio "Karlos III.a Nafarroakoaren eta Leonor Gaztelakoaren hilobia" kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari, ondasun higigarri gisa sailkatuta. Hilobi horren titularra Iruñeko Katedraleko Kabildoa da.
Hilobi hori ondasun inbentariatu izendatu zuten 100/2004 Foru Aginduaren bidez. Babes mota igotzea eta kultur intereseko ondasun bihurtzeko egokitasuna piezaren berezitasunari eta kalitateari zor zaio, bai eta haren kontserbazioari ahalik eta arreta handiena eskaintzeko beharrari ere.
Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du hasiera eman dakion Iruñeko Katedraleko Kabildoaren titulartasunekoa den "Karlos III.a Nafarroakoaren eta Leonor Gaztelakoaren hilobia" kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari (ondasun higigarri gisa sailkatuta).
Espediente osoa honako hauek osatzen dute: Ondare Historikoaren Zerbitzuak emandako aldeko txostena, piezaren hiru irudi eta Clara Fernández Ladreda artearen historiako doktoreak idatzitako artikulua, "Karlos III.a, gobernu onaren erregea" erakusketaren katalogorako prestatua.
Errege hilobi hori XIV. mendearen bukaerako eta XV. mendearen lehen erdiko Burgundiako eskultura gotikoaren sortze-lan nabarmenetako bat da, eta korronte horretako lanetatik hobekien kontserbatu direnetako bat. Bi fasetan landu zen, 1413ko azken hilabeteen eta 1419ko uztailaren artean.
Obra Johan Lome maisuak zuzendu zuen. Karlos III.ak kontratatu zuen, Frantziara egindako azken bidaian. Dokumentuen arabera, 1411n agertu zen lehen aldiz Nafarroan, Erriberriko jauregirako San Joan Bataiatzailearen eskultura bat entregatzera. Lomerekin batera, antzeko mailako eskultore talde batek lan egin zuen. Horien artean aipagarrienak Anequin Sorakoa eta Michel Reimsekoa dira, obra osoan zehar etengabe lagundu zutenak. Beste batzuek, hala nola Johan Lislakoak, Vicent Huyartek eta Johan Burgundiakoak, lehenengo fasean bakarrik parte hartu zuten. Bigarren fasean, Colin Reimsekoak, Johan Garniakoak eta Johanto Tolosakoak esku hartu zuten, azken horrek ikastun gisa. Lantaldearen jatorria franko-flandriarra zen batez ere, eta horrek erakusten du Europako iparraldeak Nafarroako XV. mende hasierako eskulturan izan zuen eragin artistiko nabarmena.
Errege-erreginen hilobia ohe exentuaren tipologiakoa da, eta haren ezaugarri nagusiak dira monumentaltasuna eta tratamendu arkitektoniko integrala. Hareharrizko paralelepipedo batez osatuta dago, jatorriz beltzez margotua zegoena –gaur egun berde ilunez, marmola imitatuz–, eta haren gainean lauza molduradun bat dago, orriz apaindua. Oinarri horren gainean, errege-erregina etzanen irudiak daude, harzurian landutako ohezeru handien azpian. Epitafioak ohezeru horien goiko aldean idatzita daude, eta irudien oinak animalia sinbolikoen gainean oinarritzen dira: lehoi bat erregearen kasuan, eta bi txakur erreginaren kasuan. Sarkofagoaren alboetan negargile segizio bat dago, horiek ere harzurizkoak, denak ohezeru txikien azpian kokatuak.
Hilobiaren material nagusia harzuria da, polikromiaz eta urreztaduraz aberastua, zeinak obrari fintasun tekniko eta bisual aparta ematen baitio, berdingabea garai hartako penintsulako eskulturaren testuinguruan.
Errege-erreginen irudiak etzanak daude, otoitzean, hieratikoak eta ahoz gora, eta, haien jantziei erreparatuta, irudi luke zutik kokatzeko sortu zirela, etzanda egoteko baino. Karlos III.a Valoisko dinastiako monarka frantsesen jantzi zeremonialekin dago beztituta, Karlos V.a Frantziako erregearen antzera; tunika, lis-lorez apaindutako tunika gainekoa, eta errege-soingainekoa, sorbaldan lotua. Janzkera hori arkaikoagoa da bere garaikoa baino, eta Frantziako koroatze protokolora garamatza. Erregearen burua, zeina finki modelatua eta naturalismo handiz tratatua baitago, haren erretratu fideltzat har daiteke. Hazpegi ongi zehaztuak ditu ezaugarri: sudur fina, ezpain meheak, ilea katilu errara moztua, eta urrezko koroa. Leonor erregina, kontrara, garai hartako modaren arabera apaindua ageri da: eskote handiko soingaineko irekia, alboetan irekidurak dituena, zaia estua eta urregintzako gerrikoa. Haren aurpegiak silueta leunak eta begitarte idealizatua ditu, garai hartako emakumeen kanonei jarraikiz, erretratu errealistatik urrunduta. Kofia bat darama, bitxiz apaindua, eta koroa bat, senarrarenaren antzekoa. Bi buruak kuxin apaindu batzuen gainean bermatuta daude, non errege-erreginen "Bone foy" leloaren arrastoak kontserbatzen baitira. Erregearen oinetan lehoi bat dago, indarraren eta erregetzaren sinboloa, eta erreginaren oinetan, berriz, lehian dauden bi txakurtxo, hezur bat nork bereganatuko, denboraren joanaren eta bizitzaren hauskortasunaren metafora gisa. Errege-erreginak babesten dituzten ohezeruak miniaturazko arkitektura gotikoaren maisulanak dira. Konplexutasun handiko ganga eta trazeria kalatuz osatuta daude, eta zeru-ganga irudikatzen dute, betiereko gloria sinbolizatuz.
Multzoa osatzeko, hogeita zortzi negargilez osaturiko segizio bat dago, sarkofagoaren alboetan banatuak, nor bere ohezeruaren azpian. Nahiz eta gaur egungo kokapena ez datorren bat jatorrizko ordenarekin, negargileen analisi ikonografiak bi talde nagusi bereizteko aukera ematen du: elizakoak eta laikoak. Elizakoen artean, ordena bateko eta besteko kardinalak, apezpikuak, kalonjeak eta monjeak daude; laikoak, berriz, gorteko nobleak eta ofizialak dira, eta doluz jantzita agertzen dira, formaltasun maila desberdina erakusten dutela norberaren mailaren arabera. Analisiak antolamendu hierarkiko bat iradokitzen du: dignatario erlijiosoak hilobiaren aurrealdean, ondoren beste kleriko batzuk eta, azkenik, laikoak.
Eskulturek simetria eta parekatze zentzu aipagarria erakusten dute, gorputz jarrerak eta keinuak elkarren isla gisa errepikatzen baitira: bi kardinal, bi apezpiku, bi kalonje eta beste laiko pare batzuk.
Negargileei aterpe ematen dieten ohezeruak oinplano trapezoidaleko egiturak dira, pinakuluak, trazeriak eta lore handiak dituztenak. Ohezeruei eusten dieten mentsulak oparo landuta daude, landareen, gizakien eta animalien motiboekin. Horien artean nabarmentzekoak dira haritz-hostoak, irudi sinbolikoak (konparazio batera, gizon berdea edo serafin hegalduna) eta inspirazio moralizatzailea duten animalien eszenak: dragoiak, lehoiak, hartzak eta txakurrak. Horietako batzuk Iruñeko katedraleko kapitel eta mentsuletan ere ageri dira, eta horrek iradokitzen du tailer berak bi obretan parte hartu zuela.
"Karlos III.a Nafarroakoaren eta Leonor Gaztelakoaren hilobia" gotiko berantiarreko hileta-artearen funtsezko bi eredutan inspiratzen da: Filipe Ausarta Burgundiako dukearen hilobia, Claus Sluterren tailerrak egina, eta Karlos V.a Frantziakoaren eta Joana Borboikoaren hilobia. Nafarroaren eta Frantziako koroaren arteko harreman dinamiko, kultural eta artistiko estuek eta Karlos III.aren beraren heziketa frankofonoak azaltzen dute zergatik aukeratu zuen erreferente hori.
Oro har, Iruñeko errege-hilobia Frantziako eta Burgundiako hileta-tradizioen sintesi pertsonala da, tradizio horiek fintasun teknikoarekin eta zentzu sinboliko handiarekin berrinterpretatu baitziren. Hilobiaren obratzeak nazioarteko gotikoak Nafarroan izan zuen unerik gorena markatzen du, eta Johan Lome bere garaiko eskultore nabarmenetako bat izan zela berresten du, gai izan baitzen kanpoko ereduak Nafarroako monarkiaren eskakizun ikonografiko eta debozionaletara egokitzeko.
Laburbilduz, "Karlos III.a Nafarroakoaren eta Leonor Gaztelakoaren hilobia" izeneko hileta-monumentua Europako eskultura gotikoaren maisulana da, bai haren gauzatze materialagatik, bai haren esanahi politiko eta artistikoagatik. Zorroztasun dokumentalaren, ikonografia sinbolikoaren eta birtuosismo teknikoaren konbinazioari esker, genero horren adierazpen nabarmenetako bat bilakatu da.
"Karlos III.a Nafarroakoaren eta Leonor Gaztelakoaren hilobiari" legezko babesik handiena ematea justifikatzen duten arrazoien artean, honako hauek daude: haren kalitate handia eta berezitasuna, eta haren kontserbazioari ahalik eta arreta handiena eskaini beharra.
2025ean, Karlos III.aren heriotzaren VI. mendeurrena ospatzen da, eta, horren ondorioz, Karlos III.aren irudia zabaldu da herritarren artean gobernu onaren errege gisa, eta kontzientzia sozial handia sustatu da haren ondare material eta sinbolikoa eta, zehazki, hilobi hau kontserbatu beharrari buruz.
Horrenbestez, Ondare Historikoaren Zerbitzuak uste du behar bezala justifikatuta daudela "Karlos V.a Nafarroakoaren eta Leonor Gaztelakoaren hilobia" garrantzia eta berezitasuna, eta, bat etorriz Nafarroako Kultura Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin, proposatzen du hasiera ematea "Karlos III.a Nafarroakoaren eta Leonor Gaztelakoaren hilobiaren" kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari, ondasun higigarri gisa sailkatuta. Hilobi horren titularra Iruñeko Katedraleko Kabildoa da.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak emandako eskudantzien indarrez, eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Hasiera ematea "Karlos III.a Nafarroakoaren eta Leonor Gaztelakoaren hilobia" kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari, ondasun higigarri gisa sailkatuta. Hilobiaren azalpena eta ezaugarriak espedientean ageri dira.
2. Espedientea jendaurrean egoteko epea irekitzea, 30 egunekoa, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia alega dezaten.
3. Ebazpen hau igortzea Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Iruñeko Katedraleko Kabildoari eta Kultur Intereseko Ondasunen Erregistro Orokorrari, zeina atxikia baitago Kultura eta Kirol Ministerioko Ondare Historikoaren Erregistroen eta Dokumentazioaren Zuzendariordetza Nagusiari, ondasunaren prebentziozko idatzoharra egin dadin, bai eta ukitutakoei ere, espedientean agertzen denarekin bat.
Iruñean, 2025eko azaroaren 11n.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.
Iragarkiaren kodea: F2514808