238. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1275E/2025 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Berriobeitiko Udal Plan Orokorraren ingurumen adierazpen estrategikoaren indarraldia beste bi urtez luzatzen duena. Adierazpen hori Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 212E/2023 Ebazpenaren bidez egin zen.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 212E/2023 Ebazpenaren bidez, Berriobeitiko Udal Plan Orokorraren ingurumen adierazpen estrategikoa egin zen. Adierazpen hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikulua aplikatuz egin zen, ingurumen ebaluazio estrategiko arruntaren esparruan baitzegoen, eta 2023ko 67. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 4koan.

Aipatutako 21/2013 Legearen 27.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen adierazpen estrategikoak indarra galduko du baldin eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi urteko epean udal plana onesten ez bada.

2025eko otsailaren 25ean, Berriobeitiko Udalak eskaera bat aurkeztu zuen bere Udal Plan Orokorraren ingurumen adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzeko. Eskaera horrekin batera, honako hauek aurkeztu zituen besteak beste: memoria (behin betiko onespenerako agiria, 2025eko ekainekoa), araudia eta lurzoru urbanizaezinaren kategoriak jasotzen dituzten planoak (2025eko irailean ikus-onetsiak).

Planaren behin betiko onespenerako luzapen eskaerarekin batera aurkeztutako agiriak aztertuta, egiaztatu da agiri horietan ez dela sartu egindako ingurumen ebaluazio estrategikoaren zentzua (aldekoa) aldarazteko moduko aldaketarik. Aurkeztutako agirietan, jaso da ebazpenaren zatiko oharretan esandakoa, alegia, ezpondetako eta ibilguko landarediari kalterik ez eragiteko berariazko neurriak sartzeko obligazioa SR2 Añezkar eta SR2 Oteitza sektoreen garapenean.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak uste du ez dela funtsezko aldaketarik egin ingurumen adierazpen estrategikoa egiteko oinarritzat hartu ziren funtsezko elementuetan (212E/2023 Ebazpena), eta onetsi du indarraldia beste bi urtez luzatzea.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Beste bi urtez luzatzea Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 6ko 212E/2023 Ebazpenaren bidez egindako ingurumen adierazpen estrategikoaren legezko indarraldia, 2023ko 67. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 4koan, argitaratu zenetik aurrera zenbatuta.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Berriobeitiko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko azaroaren 12an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2515072