238. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1244E/2025 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Arroitzen biogas instalazioa jartzeko proiektuari buruz. Sustatzailea AGR Biogás SA da.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak, organo substantiboa den aldetik, Ingurumen Ebaluaziorako Atalera igorri du lehen aipatutako espedienteari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera.

Bere ezaugarriak direla-eta, proiektua Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko b) atalean sartzen da. Beraz, bertan ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Proiektua honetan datza: instalazio bat jartzea Arroizko 3. poligonoko 987. eta 988. lurzatietan, El Soto mugartean, nekazaritzako elikagaien industriako eta abeltzaintzako hondakin ez arriskutsuen 140.000 tona (urteko) digestio anaerobioaren bidez baliarazteko, digestatoak eta biometanoa sortuta. Beste biohondakin batzuk ere tratatzea aurreikusi da, iturri horietako bat edo beste ordeztu behar izanez gero.

Instalazioak autohornikuntzarako parke fotovoltaiko txiki bat izanen du, 1,05 MW-eko potentzia erpinekoa, 1,6 hektarea hartuko dituena. Sortuko diren digestatoak banatzeko lurralde planaren hasierako proposamen bat txertatu da proiektuan.

Txosten honen II. eranskinean ikus daitezke aurkeztutako dokumentaziotik hartutako planoak.

–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.

Ingurumen dokumentazioak barne hartzen du Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren izapiderako zehazten den edukia, eta, horrez gain, beste hauek ere biltzen ditu: zero alternatibaren analisia, teknologia eta kokagune alternatiboak eta ebakuaziorako gasbidearen eta linea elektrikoaren trazadurarako beste aukera batzuk, estepako hegaztiendako balioa duen gune baten bazterreko leku bat aukeratuta.

Goian aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin zien, 2025eko ekainaren 30ean, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Erantzunak jaso dira honako hauen partetik: Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala eta Sustrai Erakuntza Fundazioa. Txosten honen I. eranskinean, izapide horren laburpen bat dago.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebatziko duela, arrazoiak emanez, proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar den edo ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar duen, txostenean adierazten diren baldintzak ezarrita.

–Proiektuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Kokapenari, Natura 2000 Sarearen eta natura-inguruneen, floraren, faunaren eta habitaten gaineko inpaktuei dagokienez:

Instalazioa terraza baten muturreko muino batean dago, "AC 5: Allo-Arellano-Arroitz-Deizkaztelu-32. fazeria-Lerin" izeneko Estepako Hegaztien Kontserbaziorako Eremu Kritikoaren mugaketaren mendebaldean.

Sustatzaileak abifaunari buruzko azterketa bat aurkeztu du, eta hartan, baztertu egiten da instalazioaren inguruan estepako abifaunaren espezie katalogatuen presentzia (basoilo arruntarena eta handiarena esaterako); badira, ordea, mirotz urdinarentzat eta zingira-mirotzarentzat bizi-eremuak, eta horiek espezie kalteberatzat katalogatuta daude.

Horrez gain, estepako habitatean izan daitekeen galera konpentsatze aldera, sustatzaileak proposatu du Arroizko 7. poligonoko 562. lurzatia (instalaziotik 650 metro hegoaldera gutxi gorabehera), "AC 5" eremuaren barnekoa, errentan hartzea, bi urtez, bertan lugorri naturala ezartzeko; asmoa da aldi horretan landare estalki naturala sor dadila, nekazaritzako makineria erabili gabe eta bertan herbizidarik, intsektizidarik edo fitosanitariorik aplikatu gabe. Ebazpen honetako baldintzetan jaso bezala, konpentsazio neurri hori instalazioaren bizitza tekniko guztian zehar aplikatu beharko da.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Espezieen Bulegoak 2025eko uztailaren 4an emandako txostenaren arabera, Arroizko biogas instalazioa bateragarria da estepako hegaztiak zaintzearekin, baldin eta sustatzaileak proposatutako konpentsazio neurriak kontuan hartzen badira; alegia, lugorri eremu bat sortzen bada instalaziotik gertu dagoen lurzati batean, estepako espezieentzat habitat egokiak egon daitezen laguntzeko.

Digestatoak banatzeko proposatu den lurralde planaren proposamenean, badira lurzati batzuk "Estellerriko Erriberako igeltsuak" kontserbazio bereziko eremu barruan daudenak, baita estepako hegaztien kontserbaziorako eremu kritiko batzuetan ere. Lurzati horietan, banaketak muga jakin batzuk bete beharko ditu gune horietan dauden habitat eta fauna-espezie katalogatuen gaineko ingurumen-inpaktuak minimizatzeko, III. eranskinean erantsitako protokoloarekin bat.

Proiektuko lurzatiak, gaur egun, lehorreko belarkietarako erabiltzen dira (zereala batik bat, eta ureztatutako olibadi bat edo beste); nekazaritzako gune homogeneo bat osatzen dute, baso-estalki edo estalki naturalik gabea, salbu eta eremua zeharkatzen duten ibilguetan –berezko zuhaitz eta zuhaixkez orlatuak baitaude– eta zenbait ezpondatan, esaterako aukeratutako kokalekua mendebaldetik, hegoaldetik eta iparraldetik inguratzen dutenetan (bertan daude sasitzak, abariztiak, karraska masa txikiak eta naturalizatutako olibondo ale batzuk).

Urbanizatzean, eraikitzean eta instalazioko elementuak paratzean erauzitako lurrak eta betelanetarako lurrak lurzatiaren barruan izanen direnez, ez liekete inola eragin behar aipatu ezpondei, ez eta bertan hazten diren garaiera handiko karraskei zein abaritzei ere. Nolanahi ere, eta ingurua babestuko dela bermatzeko, komeni da neurri osagarriak ezartzea instalazioa diseinatzean eta eraikitzean.

Instalazioak partez okupatuko du Arroizko 3. poligonoko 988. lurzatiaren mendebaldean dagoen sakonune bat, non lotura baitago Bueno ibaiaren ezkerreko ertzarekin, El Soto mugartean.

Hainbat alternatiba aztertu dira instalazioa hornitzeko lotura-eroanbideei dagokienez, linea elektrikoari dagokionez –instalazioaren ekipamendu nagusia izanen baita– eta sortutako biometanoaren ebakuazioari dagokionez, oraingo sarean txertatzeko. Azkenean, lur azpiko eroanbideen alde egin da, eta egungo landabideak jarraituko dituzte. Arcumulla bidea instalaziorako sarbide egokia izan dadin, hura 6 metrora bitarte zabaltzea aurreikusi da; horrek berekin dakar oraingo plataforma (4 metro inguru) nabarmen zabaltzea, eta, hortaz, lurra okupatzea, erauzitako lurrak, arekak eta lubetak direla-eta. Dena dela, ez da ikusi horrek lursaileko mugetan dauden heskai naturalak edo zuhaitzak kendu beharra ekarriko duenik.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen-inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, proposatu du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako baldintzak betetzen badira. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Arroitzen biogas instalazioa jartzeko proiektuak ez du, aurreikuspenen arabera, ondorio adierazgarririk izanen ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan. Sustatzailea AGR Biogás SA da.

2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

1.–Txosten hau egin da kontuan izan gabe sustatzaileak aplikatu beharreko araudi espezifikoan ezartzen diren baimen guztiak lortzen dituen ala ez, eta, bereziki, instalazioaren ingurumen-baimen integratua, bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginak arautzen duen administrazio-prozedurarekin (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina). Izapide horretan, instalazioaren ingurumen-alderdi garrantzitsuenak ebaluatuko dira: teknika erabilgarri onenen (TEO) aplikazioa, baliabideen kontsumoa, isuri atmosferikoen eta akustikoen arloko ukipenak, isurketak eta hondakinen sorrera.

2.–Bai instalazioa jartzeko behar diren lur-mugimenduak egiteko, bai proiektu osagarriek eragindako hondeaketak egiteko, Nafarroako Gobernuaren Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena beharko da (proiektu osagarriak dira zuzkidura elektrikoa, ur-hornidura eta biometanoaren ebakuazioa, sarera txertatzeko).

3.–Abifaunari eragiten ahal zaizkion kalteak murrizteko, lanak hegaztien ugaltze- eta umatze-garaitik kanpo eginen dira (martxoaren 15etik ekainera 15era bitartean izaten da hori).

4.–Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Espezieen Bulegoak egindako txostenarekin bat etorriz, Arroizko 7. poligonoko 562. lurzatian ingurumen-kudeaketa eginen da, instalazioaren bizitza tekniko guztian, eremuko estepako habitata hobetzeko. Lurzati hori kudeatzeko hasiera batean proposatu diren bi urteetan, lurzatiaren egoeraren jarraipena eginen da, eta aztertuko da estepako hegaztien zer espezie dauden lurzatian eta inguruan. Bi urte horiek igarotakoan, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak zehaztuko du beharrezkoa den jarraipenak egiten segitzea edo beste ingurumen-neurri batzuk ezartzea, betiere instalazioaren inguruan estepako hegaztiak zaintzeari begira.

5.–Instalazioaren urbanizatze- eta eraikitze-lanetan aurreikusitako lur-mugimenduen, indusketen, lur-erauzketen eta lubeten ondoriozko lurrak lurzatian bertan zabalduko dira, topografia naturalizatua osatuz, eta ez zaie kalterik eraginen kokalekuaren hegoaldean, mendebaldean eta iparraldean dauden ezpondei, zeinek landaredi naturala baitute (bazkalekuak, abariztiak eta karraska masak). Lur horiek lurzatian zabaltzea ezinezkoa bada, hondakinen arloan indarreko araudiak ezartzen duenaren arabera kudeatuko dira, hots, baimendutako beste obra batera edo birgaitze proiektu batera bideratu beharko dira.

6.–Hautatutako kokagunea inguratzen duten ezponden goiko partetik gutxienez 5 metro harago izanen dira urbanizatu beharreko eremua eta instalazioaren itxitura, batetik, ezpondak obretatik babesteko, eta, bestetik, instalazioaren mugetan ingurumen-balioko landaredi naturala haz dadin bultzatzeko, horrek konpentsatuko baitu proiektuaren eraginez eremuan izanen den naturaltasunaren galera.

7.–Erauzitako lurrekin eta betelanekin osatuko diren ezpondetan eremuko berezko belarki eta zuhaixka autoktonoak erein edo hidroereinen dira. Arroizko 3. poligonoko 988. lurzatiaren mendebaldean sortuko den lubetaren oinean, ibarbaso eta ibaiertzetako berezko espezieak landatuko dira, bereziki makalak, Bueno ibaiaren inguruan hazten direnak bezalakoak.

8.–Landatutako eremu horiek –eta bestelako baimenetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak izan daitezkeenak– ureztatutako dira, eta instalazioaren bizitza osoan zehar egoera egokian mantenduko direla bermatzeko zainketa-lanak eginen zaizkie. Horrez gain, landatutako eremu horiek hesietatik kanpo egonez gero, abereengandik babestuko dira.

9.–Natura 2000 Sarearen eta/edo Estepako Hegaztien Kontserbaziorako Eremu Kritikoen barneko habitat eta fauna espezie katalogatuen gaineko ukipenak ahalik eta txikienak izan daitezen, digestatoak kudeatzeko planari dagokionez, gune horien barneko lurzatietan men eginen zaie txosten honen III. eranskinean jasotako jarraibideei.

10.–Instalazioen barnean karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta egin beharko litzateke, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz; izan ere, guztiz debekaturik dago pestizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.

11.–Instalazioaren kanpo-argiteriak honako hauek bete beharko ditu: Kanpoko Argi Instalazioen Energia Efizientziari buruzko Erregelamendua (1890/2008 ED) eta EA-01 jarraibide tekniko osagarria, energia efizientziari buruzkoa.

12.–Proiekturako behar diren linea elektrikoa eta ur-hornidura lur azpitik gauzatu beharko dira, landabideetatik.

13.–Gasa ebakuatzeko eta eremuko sarera txertatzeko eroanbideak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean sartutako proiektu mota denez gero, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua bete beharko du organo eskudunaren baimena lortzeko aurkezten denean. Edonola ere, ingurumen aldetik mesedegarrien den aukera gisa baloratu behar da aurkeztutako dokumentazioan adierazitako trazaduraren antzeko bat, eremuko landabideetan barna doana.

14.–Proiektuaren bizitza teknikoa bukatuta, instalazio guztiak deseginen dira, eta okupatutako lurrak jatorrizko egoerara leheneratuko dira.

15.–Oliba-patsa eta, kasua bada, hondakin likidoak eta sortutako digestato likidoak biltegiratzeko putzuek itxitura bat izanen dute, fauna basatia (ornodun txiki eta ertainak batez ere) bertara erori eta itotzea galarazten duena.

16.–Jarduera abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak txosten bat aurkeztu beharko du (memoria eta dokumentazio grafikoa), ingurumen-inpaktuko txosten honetan bildutako neurri guztiak betetzen direla ziurtatzeko, eta, bereziki, hauekin: Arroizko 7. poligonoko 562. lurzatian konpentsazio-neurria abiatu dela egiaztatzeko agiria, landareztatze-plana eta putzuetan ornodunak erori eta itotzea galarazteko neurriak.

3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalera, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldera (9. barrutia: Lizarrako hegoaldea), Arroizko Udalera eta interesdunari.

Iruñean, 2025eko azaroaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAK UKITZEN DITUEN ADMINISTRAZIOEI ETA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTA IZAPIDEAREN LABURPENA

2025eko ekainaren 30ean, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak proiektuak ukitzen dituen administrazioei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea abiatu zuen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluarekin bat; honako hauei egin zien kontsulta: Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala (Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua), Airearen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Atala (Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzua), Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala (Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzua), Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala (Kultura Zuzendaritza Nagusia) eta ingurumenaren babesean aritzen diren 5 elkarte –Iruñeko Ekologistak Martxan, Gurelur-Ingurune naturala babesteko Nafarroako funtsa, Lurraren defentsarako Lurra elkartea, Sustrai Erakuntza Fundazioa eta Erriberako Ekologistak Martxan-Landazuria–.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak adierazi du proiektu honi dagokion informazio garrantzitsua ingurumen-baimen integraturako espedientean aztertzen ari dela, orain izapidetzen ari baitira, eta, horregatik, ezin duela fase honetan eskatutako txostena egin.

Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak txostenean adierazi du haren ustez Arroizko biogas instalazioa eta sustatzaileak abiatu asmo dituen konpentsazio neurriak bateragarriak direla estepako hegaztiak zaintzearekin.

Sustrai Erakuntza Fundazioak erantzunean adierazi du badirela dokumentazioan zuzendu beharreko zenbait akats, hain zuzen, abifaunari buruzko azterketa ez dago osorik (Ingurumen Ebaluaziorako Atalak errekerimendua egin ostean amaitu zuten, abuztuaren 31n), digestatoa kudeatzeko plana ez dago xehe-xehe zehaztuta, ezta behar diren azpiegiturak ere (hornidura, zuzkidura elektrikoa eta sortutako gasaren ebakuazioa). Horrez gain, adierazten duenez, ez dira modu egokian baloratzen ez zero alternatiba (ingurumen-azterketak "biometanizazio prozesuaren amaierako hondakinek sortzen duten kutsadura gutxiesten duelako"), ez inpaktu sinergiko metagarriak, eta sortuko den errepideko zirkulazioaren azterketa eta azterketa akustikoa falta dira. Horregatik guztiagatik ondorioztatzen du aurrerago berriro egin beharko dela jendaurreko informazioaren izapidea, dokumentazio guztia osorik dagoenean.

Ondorioz, ingurumen-ebaluazioa bete beharko dute, bakoitza bere aldetik eta beranduago, gas hodien proiektuek, sare elektrikoak eta ur-hornidurak; eta proiektuak zatikatuta aurkezten badira ezin da proiektuaren inpaktua orotara ebaluatu, ezta balizko eragin metagarriak ere.

Eskatzen du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete dezala, hala ezartzen baitu Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak II. eranskinean sartuta egoteaz gain ingurumen aldetik sentsibilitate handiko kokalekuetan dauden proiektuentzat. Kasu honetan, proiektuak eremu hauetako galzoriko animaliengan izan dezake eragina: "AC 5: Allo-Arellano-Arroitz-Deizkaztelu-32. fazeria-Lerin" izeneko Estepako Hegaztien Kontserbaziorako Eremu Kritikoa (2023) eta "Riomayor ingurua" estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremua (2007).

II. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN PLANOAK

III. ERANSKINA.–MINDAK, DIGESTATOA ETA/EDO SIMAURRAK BEHAR BEZALA KUDEATZEKO NEURRI OSAGARRIAK NATURA 2000 SAREAN ETA FAUNARENTZAKO EREMU KRITIKOETAN

Ustiategi edo jarduera bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak edo Natura 2000 sarean edo estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko eremu kritikoetan sartutako guneak), bermatu beharko da faunaren kontserbazioari mesede egiten dion nekazaritza jarduera mantentzen dela eta lehorreko laboreen txandaketa egiten dela, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko zereal alorretan martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze-garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi-zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri-sistema eraldatzea.

–Debeku da presio baxuko aspertsiozko ureztapen lokalizatuko banaketa sistema (fertirrigazioa). Onartzen da tutu esekiak dituzten zisternen bidezko banaketa kokatua espazio horietan, lehenago aipatutako oharrekin: aplikazioak errespetatu egin beharko du estepako hegaztiak babesteko egutegia, eta bermatu beharko du ez dela sortzen intereseko habitatei kalte egiten ahal dieten istiltze edo jariatzerik.

–Ur ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte sasoi bateko ibilguak izan edo etengabeak. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxoiak), habitat horiek Natura 2000 Sarearen barnean sartuak egon ala ez. Nolanahi ere, ezin izanen da hustubideetara edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur jariatzerik egin.

–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metroko distantziatik behera, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea.

Iragarkiaren kodea: F2514452