Iragarkia
238. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1223E/2025 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita Cortesko udal mugartean (Nafarroa) "Digestio anaerobikoko eta biogasarekin biometanoa sortzeko instalazioa" jartzeko proiektuari buruz. Sustatzailea Ribercorgas SL da.
Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala, organo substantiboa den aldetik, Ingurumen Ebaluaziorako Atalera igorri du lehen aipatutako espedienteari buruzko ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera. 2025eko otsailaren 18an, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak eta Ingurumen Ebaluaziorako Atalak errekerimenduak egin ondoren, sustatzaileak proiektuaren espedientearen dokumentazioa osatu zuen proiektuaren ingurumen ebaluazioa hasteko ezinbestekoak diren alderdi tekniko jakin batzuekin.
2025eko irailaren 4an, sustatzaileak instalazioaren elementuak kokatzeko proposamen berri bat jakinarazi zuen, eremu horretan dagoen hegazti-ustiategi batetik 500 metrora baino gehiagora kokatzeko.
Bere ezaugarriak direla-eta, proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko b) atalean sartuta dago. Beraz, bertan ezarritakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
Proiektuaren xedea Cortesko 8. poligonoko 774. eta 775. lurzatietan jarri nahi den instalazio bat da, bertan digestio anaerobioaren bidez 68.400 tona biohondakin inguru (abeltzaintzakoak eta nekazaritzako elikagaien industriakoak) balorizatu eta horrekin digestatoak eta biometanoa sortzeko. 775. lurzatiaren erdialdean, autohornikuntzarako parke fotovoltaiko txiki bat proiektatu da. Ekoitzitako digestatoak banatzeko lurralde-planaren aurretiazko proposamen bat jaso da. Horretarako, mila lursail baino gehiago ditu erabilgarri, lehorrekoak zein ureztalurretakoak, Nafarroan, Aragoin eta Errioxan, instalaziotik 55 km-ra arteko distantziara gehienez.
Txosten honen II. eranskinean laburbildu dira proiektuaren datu adierazgarriak, eta III. eranskinean, berriz, aurkeztutako dokumentaziotik ateratako planoak erakusten dira.
–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.
Aurkeztutako ingurumen dokumentazioa bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzeko zehaztutako edukiarekin.
Aurkeztutako alternatiben azterketan hiru alderdi baloratzen dira: lehenik, kokapenari dagokionez, baztertu egiten dira aztertutako gainerako kokalekuak, beste jarduera batzuetatik hurbil egoteagatik, erliebea egokia ez izateagatik edo ebakuaziorako erabili nahi den gas-hoditeriatik urrun egoteagatik; bigarrenik, tratatu beharreko hondakinak kudeatzeko hautatutako teknologiari dagokionez, adierazten da proposamena hobea edo bideragarriagoa dela beste batzuk baino, hala nola jatorrian murriztea, tratamendu integrala, animaliak elikatzeko erabiltzea, erraustea eta zabortegian botatzea; eta, azkenik, instalazioaren tamainari dagokionez, txikiagoa balitz ez luke inbertsioa konpentsatuko, eta handiagoa balitz material-kontzentrazio handia eta digestatoa kudeatzeko premia handiagoak lirateke.
Goian aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren, Uraren Kalitatearen eta Obra Hidraulikoen Atalaren eta Lurra (Nafarroa) elkartearen erantzunak jaso dira. Txosten honen I. eranskinean, izapide horren laburpen bat dago.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoiduna emanen duela proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena egin beharrari buruz, ezartzen diren baldintzekin.
–Proiektuaren azterketa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
- Jarduera motari eta ingurumen kalitatean duen eraginari dagokionez:
Jarduerak hobekuntza dakar Nafarroako biohondakinen kudeaketan, alderatuta egungo kudeaketarekin (aplikazio zuzena soroetan, konpostatzea, zabortegian botatzea, etab.). Gainera, ekonomia zirkularra bultzatzen du, ongarri kimikoen beharra murrizten du eta erregai fosilen ordez iturri berriztagarriko biometanoa erabiltzea sustatzen du.
Proiektatutako jarduerek eragina izan lezakete ingurumen kalitatean (airearen kalitatea, hondakinak, lurzoruaren eta uren kutsadura, baliabideen eta energiaren kontsumoa, etab.); alderdi horiek jardueraren ingurumen baimen integratuan baloratzen eta kontrolatzen dira.
Instalazio berria eta digestatoen lurralde-planaren aurretiazko proposamenean sartutako lurzatietako batzuk Ebro - Aragoi 2. eremuaren barruko lursailetan daude (lurpeko ur masak: 049 zenbakikoa, Ebro eta Aragoiko alubioi-lurrak: Lodosa-Tutera eta 052 zenbakikoa, Ebroko alubioi-lurrak: Tutera-Alagón). Eremu hori nekazaritzako nitratoen kutsadurarekiko kaltebera gisa izendatuta dago Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 23ko 85/2025 Foru Dekretuan, zeinaren bidez berrikusten baita nekazaritzako nitratoez uretan kutsadura difusoa izan dezaketen eremu kalteberen izendapena.
- Kokapenari eta Natura 2000 Sarearen eta natura-inguruneen, floraren, faunaren eta habitaten gaineko inpaktuei dagokienez:
Digestatoen lurralde-planaren aurretiazko proposameneko lurzatien artean, ibar-erabilera duen lurzati bat dago "Ebro ibaia" Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE), beste bat ureztalurretan, KBE horren barruan, eta badira lehorreko alor batzuk ere, Nafarroako estepako hegaztien kontserbaziorako eremu kritikoetan eta/edo Natura 2000 Sareko bi eremutan ("Peñadil, Montecillo eta Monterrey" KBEa Ablitasen eta "Errege Bardea" KBEa), barruan nahiz kanpoan.
Las Lechas errekazuloko ibilgu kanalizatua 774. eta 775. lurzatien artean igarotzen da, azken hori inguratzen du eta Cortes eta Buñuel arteko mugan barna jarraitzen du Aragoiko Ubide Inperialerantz. Ibilgu horrek biltzen ditu ureztatze sarea eta jariatze-urak, Lodosako Ubidetik datozenak eta A-68 errepidearen azpitik igarotzen direnak. Proiektuaren ondoko tartearen ertzetan, Cortesko ureztalurrak modernizatzean birlandatu ziren tamariz eta makal batzuk daude.
Ibilgu hori, kanalizatuta badago ere, ingurumen balioa duen elementua da, bere sekzioagatik, emariagatik eta ur-bazterren egoeragatik (lurretan eta landarediz estalirik). Are gehiago, proiektuaren eremutik eta Aragoiko Ubide Inperialetik Ebro ibaiaren ibai-eremuraino eta ibilguraino ("Ebro ibaia" KBEa) egiten duen ibilbideagatik, elementu dibertsifikatzailea da eraldatutako nekazaritza-espazio baten barruan (Cortesko ureztalurrak), eta laguntzen du KBE horren eta Ablitasko "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" KBEko ibarbideen eta lursailen (larreetan eta basoetan) arteko lotura ezartzen. Gainera, ibilgu hori eta hurbileko beste batzuk habitat egokia dira Ebro ibaiaren ibai-eremuko bertako fauna taldeentzat, bereziki zenbait espezie katalogaturentzat, bisoi europarrarentzat (proiektuaren eremuan dago) eta igaraba paleartikoarentzat, adibidez.
Las Lechas tarteari, proiektuko lurzatietatik igarotzean, eragiten ahal zaio haren ertzetatik gertu jarriko diren instalazioko elementuak eraikitzeko lanekin, batez ere 774. lurzatian proposatutakoak, bai eta instalazioko bi eremuetako itxiturak jartzeko lanekin ere (ibilgu horren bi aldeen ondo-ondoan daude). Bestalde, badirudi 774. lurzatira sartzeko pontoia aldatu behar dela, trafiko astuna igaro ahal izateko bertatik, materiala sartzen eta ateratzen. Era berean, baliteke ibilgu hori gurutzatu behar izatea, sortutako digestatoa digestoreetatik (775. lurzatia) digestatoaren faseak bereizteko sistemara (774. lurzatia) eramaten duten hodiekin, eta, kontrako norabidean, bereizketa horren ondotik lortutako frakzio likidoa hirugarren mailako digestoreetaraino eramaten dutenekin, horietan gordetzeko. Beraz, ingurumen inpaktuaren txosten honetan balizko ukipen hori minimizatzeko neurriak proposatzen dira.
Proiektuko lurzatiak, Cortesko 8. poligonoko 838. lurzatiarekin batera (hor ere, ureztalurrak modernizatzean, materiala atera eta ondoren bete egin zen), Cortesko iparraldean eta mendebaldean nekazaritzakoak ez diren lurzati bakarrak dira. Oro har, balio txikiko landaredi belarkara eta nitrofiloa hazten da bertan, eta kanabera (Arundo donax) zarpa batzuk eta Atriplex halimus espezieko ale batzuk daude. Proiektuko lurzatietako sakonuneetan landaredi higrofiloa hazten da (belardiak eta lezkadiak).
Proiektuaren eremuan fauna orokorreko ohiko espezieak daude; istiltze-guneetan, Nafarroa hegoaldeko bertako anfibioak aurki daitezke, eta hainbat hegazti mota ikus daitezke, bereziki harrapariak, proiektuaren eremua erabiltzen dutenak mugitzeko, ehizatzeko eta elikatzeko.
Instalazioa Buñuel eta Cortesko parke eolikoetako zenbait haize-sorgailutatik hurbil egonen da (500-700 m). Instalazioaren konfigurazioak eta jarduerak (hondakinen biltegia, konpostatze-eremua, argiztapena eta landareztatzea) inguruko intsektu, ugaztun eta hegazti oportunista gehiago egotea eragin dezakete, eta horrek hegaztiak eta kiropteroak erakarriko lituzke jardueraren ingurunera. Horren ondorioz, hegaztien eta kiropteroen hilkortasuna handituko litzateke, haize-sorgailuen palekin talka eginda. Proiektuak adierazten du digestatoak ez direla erakargarriak faunarentzat, bereziki intsektu eta hegaztientzat, ez dutelako hondarreko materia organikorik eta hura egonkortuta dagoelako. Planteatzen du, halaber, hondakin solidoen biltegia estalita egotea. Eguzki instalazioekiko konexio elektrikoko lineak lurpekoak izanen dira.
Instalazioaren funtzionamenduak tanga edo bainuontzi motako ibilgailuen sarrera- eta irteera-fluxua sortuko du, egunean 10 kamioi inguru. Kamioi horiek instalazioan lehengaiak eramateko sartuko dira, edo digestatoak eta konposta banatzeko aterako dira. Udal esparrua gainditzen duen lurralde-eremu batetik datozen hondakinak jasoko dira, eta aurkeztutako lurralde-planaren hasierako proposamenean eskualdea gainditzen duen eta 3 autonomia erkidegotan eragina duen lurralde-eremu batean banatutako lurzatiak agertzen dira.
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela kalte nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotako baldintzak betetzen badira. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ribercorgas SLk Cortesen (Nafarroa) sustatutako "Digestio anaerobikoko eta biogas bidez biometanoa sortzeko instalazioa" egiteko proiektuak ez du, aurreikuspenen arabera, ondorio nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan.
2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:
1. Txosten hau egin da, alde batera utzi gabe sustatzaileak aplikatu beharreko araudi espezifikoan ezartzen diren baimen guztiak lortzea, eta, bereziki, instalazioaren ingurumen baimen integratua, bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginak arautzen duen administrazio-prozedurarekin (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina). Izapide horretan, instalazioaren ingurumen alderdi nabarmenenak ebaluatuko dira: teknika erabilgarri onenen (TEO) aplikazioa, baliabideen kontsumoa, isuri atmosferikoen eta akustikoen arloko ukipenak, isurketak eta hondakinen sorrera.
2. Las Lechas errekazuloa, proiektuko lurzatietatik igarotzean, babestu eta indartu eginen da ingurumen elementu gisa (fauna anfibioaren eta ibaiertzeko faunaren habitata), elementu dibertsifikatzaile gisa eta "Ebro ibaia" KBEaren, Cortesko hegoaldeko eremuaren eta Ablitasko "Peñadil, Montecillo eta Monterrey" KBEaren arteko ingurumen lotura gisa. Horretarako, tarte horretan ertzak leundu eginen dira 2H: 1V edo gutxiagoko malda lortu arte, eta dauden zuhaitzak babestuko dira. Gainera, eguzki-parkearen eta instalazioaren esparruko itxiturak ibilgu horren ertzen goiko aldetik 10 metro baino gehiagora kokatu beharko dira.
3. Aldatu behar bada 774. lurzatian sartzeko pontoia, Las Lechas errekazuloaren gainekoa, proiektu bat eginen da, baldintza hauek beteko dituena: pontoiaren argiak ahalik eta sekziorik handiena izatea, ibilgu horren ertzei eta ibai-oheari eragin txikiena egitea, eta estriboak jartzea ondoko ibaiertz-tarteak leundu eta landareztatzeko moduan.
4. Ibilgua hodiekin gurutzatu behar bada, ahal dela pontoiaren albotik atxikita zintzilikatuko dira edo zulaketa gidatuaren bidez jarriko dira. Hori ezinezkoa bada, gurutzatze hori ibilguaren azpian proiektatuko da, obren ondoren, ertzak eta ibai-ohea behar bezala lehengoratuta egon daitezen, etenik gabe, eta, ibaiertzen kasuan, leunduak eta landareztatzeko egokiak izan daitezen.
5. Lurzoruaren gaineko geruza babestuko da behin betiko okupatuko diren lurretan, eta geruza hori erabiliko da berriz landareztatuko diren edo lorategi itxura emanen zaien espazioetan, bai eta aldi baterako ukitutako lurrak lehengoratzeko ere. Lur horiek kalitate onekoak ez badira edo kantitatez aski ez badira, landare lur gehiago jarri beharko da, edo gehigarri organikoekin hobetu beharko dira.
6. Eguzki-parke berriaren eta instalazioaren itxituretatik kanpo, ukitutako lursailetan, lurra berdinduko da eta lur emankorreko geruza batekin estaliko, ondoren belar espezieak ereiteko bertan, berez hazi daitezen.
7. Hegaztiek talka egin ez dezaten inguruko haize-sorgailuen palekin, landaketa horietan ez da erabiliko zuhaitzen neurria har dezakeen espezierik, basa hegaztiek ez ditzaten babesleku edo begiratoki gisa baliatu. Horregatik, eta espezie aloktonoa delako, proiektatutako altzifre landaketaren ordez proposatzen da landaketak han-hemenka egitea, instalazioko bideak eta zelaiguneak baino zerbait sakonagoak diren guneetan, tamariza (Tamarix africana edo Tamarix canariensis) edo tamaina txikiagoko espezieak erabiliz, hala nola otabera horia (Retama sphaerocarpa).
8. Las Lechas errekazuloaren ertzak profilatu eta lur emankorrarekin estali ondoren, tamarizak landatuko dira, lerro bana bi ertzetan, ale bat 10 metrotik eta hiruzuloka sartuta, bukaeran tamariz bat egon dadin ibilguaren 5 metroko tarte bakoitzeko.
9. Landaketa guztietan ureztapena eta zainketak eginen dira, instalazioaren iraunaldi osoan haien egoera ona bermatzeko. Horrez gain, hesietatik kanpo dauden eremu landatu horiek abereengandik babestuko dira.
10. Eguzki-parkearen eta instalazioaren okupazioaren zuinketa egiteko, Las Lechas ibilgua naturalizatzeko lanak egin aurretik, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari jakinaraziko zaio (11. barrutia, Tuterakoa, 948 84 70 33, 609 90 49 57, gmatudela@navarra.es), gainbegiratu dezan proiektuaren ekintzek ibilguan duten eragina, eta erabaki dezan beharrezkoa den neurri zehatzak ezartzea fauna katalogatuaren balizko presentzia dela eta (bereziki, bisoi europarra).
11. Instalazioen barnean karraskarien eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta eginen litzateke, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz; izan ere, guztiz debekaturik dago pestizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.
12. Instalazioa hegazti eta kiropteroentzat erakargarria izan ez dadin eta, horren ondorioz, inguruko haize-sorgailuetan fauna talde horien heriotza-tasa handitu ez dadin, hondakin solidoak nabe itxi batean jaso eta gordeko dira. Konpostatzea ere estalitako toki batean edo nabe itxi batean eginen da.
13. Egiaztatzen bada ezen, sustatzaileak hartutako neurriak gorabehera, biometanoaren eta bioongarrien instalazioaren jarduerak laguntzen duela handitzen inguruko parke eolikoetako abifaunaren eta kiropteroen talken ondoriozko heriotza-tasa, maila onartezinetaraino, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak behar adina neurri ezartzen ahalko ditu inpaktu hori saihesteko, barne dagoela biometanoaren eta bioongarrien instalazioko jarduera gelditzea, eta ezin izanen da kalte-ordainik eskatu horregatik.
14. Era berean, instalazioaren kanpoko argiztapenak ez ditu intsektuak erakarri behar, ez eta, beraz, kiropteroak ere. Horregatik, eta ingurumen agiriak jasotzen duen bezala, Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko Erregelamendua (1890/2008 Errege Dekretua) eta EA-01 Energia-efizientzia jarraibide tekniko osagarria beteko dira.
15. Fauna katalogatuaren habitaten gaineko ukipenari aurrea hartzeko (batez ere estepako hegaztien espezie katalogatuen populazioak) azkenean baimentzen den banaketa planean jasotzen diren eta Natura 2000 sarean edo Nafarroako estepako hegaztientzat kritikoak diren eremuetan dauden lurzatietan, txosten honen IV. eranskinean dagoen protokoloa beteko da. Sustatzaileak kontrol-sistema bat ezarri beharko du, frogatzeko moduan egiaztatu ahal izateko eremu horietako nekazaritzako ongarritzea egiten dela estepako abifaunaren ugalketarako aldi kritikotik kanpo.
16. Autohornikuntzako parke fotovoltaiko berritik aterako den linea elektrikoak lurpetik joan beharko du.
17. Egun jardunean den transformazio zentrotik ateratzen den linea elektrikoan (instalaziorako energia elektrikoaren hornidura nagusia) edo gasa ebakuatzeko hodian edozein aldaketa egiteko, aurkeztu beharko dira ingurumen ukipenen nahitaezko ebaluazioa egiteko, non zehaztuko baita espero diren inpaktuak txosten honetan ebaluatutakoen antzekoak edo handiagoak diren (abifaunaren gaineko balizko inpaktuengatik, ingurumen balioa duten elementuen gaineko ukipenengatik, Las Lechas errekazuloan, adibidez, etab.). Berdin jokatuko da, txosten hau egin ondoren instalazioak urez hornitzeko hodi bat izapidetu behar bada, edo sarbide berriak proposatu behar badira edo inguruko egungo landa-bideak aldatu behar badira.
18. Ingurumena zaintzeko plan bat aurkeztuko da jardueraren funtzionamendu-faserako, basafauna instalazioetara ez erakartzeko neurriei dagokienez.
19. Proiektuaren bizitza teknikoa bukatuta, instalazio guztiak deseginen dira, eta okupatutako lurrak jatorrizko egoerara lehengoratuko dira.
20. Jarduera abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak txosten bat aurkeztu beharko du (memoria eta dokumentazio grafikoa), ingurumen inpaktuaren txosten honetan zuinketarako eta lanetarako jasotako neurri guztiak beteta daudela adierazita (ibilgurainoko distantziak, Las Lechas errekazuloaren naturalizazioa, pontoi berria egiteko, beharrezkoa izanez gero, eta hodiekin ibilgua gurutzatzeko proiektuen xehetasunak eta aurreikusitako lehengoratzea, birlandaketak, argiztapena, nabeak eta konpostatze zelaia estaltzeko egitura, etab.).
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Cortesko Udalari, Basozaintzari (11. barrutia, "Tutera") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko urriaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAK UKITZEN DITUEN ADMINISTRAZIOEI ETA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTA IZAPIDEAREN LABURPENA
2025eko martxoaren 21ean, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta-izapidea hasi zuen ukitutako administrazio publikoekin eta interesdunekin, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, eta kontsulta egin zien Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari (Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua), Uraren Kalitatearen eta Obra Hidraulikoen Atalari (Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzua) eta ingurumena babesteko 5 elkarteri: Iruñeko Ekologistak Martxan, Gurelur-Ingurune naturala babesteko Nafarroako funtsa, Lurraren defentsarako Lurra elkartea, Sustrai Erakuntza Fundazioa eta Erriberako Ekologistak Martxan-Landazuria.
Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak adierazi du proiektu honi buruzko informazio garrantzitsuena ebaluatzen ari dela izapidetzen ari den ingurumen baimen integratuaren espedientean.
Uraren Kalitatearen eta Obra Hidraulikoen Atalak adierazi du, jarduera nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezakeen eremu kaltebera batean kokatzeari buruz, ezen irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduan zehazten direla otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuak lurpeko eta azaleko uretako nitrato kontzentraziorako ezartzen duen atalasea (50 mg/l) gainditzen duten eremuen mugak, eta I. eranskinean zehazten den jarduketa programan jasotzen direla soilik nekazaritzaren arloko jardunbideak, eta ez dela bertan bestelako jarduera ekonomikorik arautzen.
Lurra – Nafarroa elkarteak, 2025eko apirileko erantzunean, adierazten du ingurumen inpaktuaren adierazpena (IIA) izapidetu behar zela IBIaren aurretik, eta, era berean, aurretik egin behar zirela proiektuaren aurretiazko kontsultak ere, orain eskatzen direnak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera.
Horri dagokionez, jakinarazten da proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar duela, eta prozedurari amaiera ematen dion dokumentua "ingurumen inpaktuaren txostena" dela, eta ez "ingurumen inpaktuaren adierazpena", erantzunak adierazten duen bezala.
Espedientearen izapidetzeari dagokionez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 45. artikuluan ezartzen duenez, proiektua baimentzeko prozedura substantiboaren barruan, sustatzaileak ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera aurkeztuko dio organo substantiboari, sektoreko legeriak eskatutako dokumentazioarekin batera. Hala, prozedura substantiboa hasi ondoren, eta ez lehenago, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo substantibo gisa, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak bidaltzen dizkio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
Une horretatik aurrera, ingurumen organoak hasiera ematen dio ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedurari, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko izapidearekin (21/2013 Legearen 46 art.).
Ingurumen inpaktuaren txostenak nahitaezko txosten erabakigarri baten izaera juridikoa du. Era berean, adierazten da ezin direla prozedura substantiboaren izapideak amaitu ingurumen ebaluazioaren izapidetzea amaitu arte, baina horrek ez duela esan nahi ingurumen ebaluazioaren izapidetzea substantiboa baino lehenago egin behar denik; aitzitik, prozedurari dagokionez, aldi berean egin daitezke, baina ingurumen ebaluazioa substantiboa hasi ondoren hasiko da.
II. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA
–Deskribapen orokorra:
Hondakin organikoak balorizatzeko instalazio bat proiektatu da Cortesko 8. poligonoko 774. lurzatian eta 775. lurzatiaren mendebaldean, udalerriaren iparraldean, Buñuelgo mugaren ondoan. Instalazioa energia elektrikoz autohornitzeko, 775. lurzatiko instalazioen ondoan, parke fotovoltaiko txiki bat proiektatu da.
68.400 tona hondakin organiko balorizatuko dira urtean (mindak, simaurra eta oilo-zirina, instalazioaren kokalekutik gertu dauden abeltzaintza-ustiategietan sortuak, baina azpiproduktu ugari ere balorizatuko dira, hala nola glizerina-urak eta nekazaritzako elikagaien industriako hondakinak). Digestio horren ondoren, biogasa sortzen da, eta hori garbitu eta hobetu eginen da, sarean injektatuko den biometanoa sortzeko (urtean 5.000 tona inguru, 28,09 Gwh). Gainera, 63.500 tona inguru digestato solido eta likido sortzen dira, eta, oro har, nekazaritzan ongarri gisa erabiltzeko banatuko dira, lurralde-plan bati jarraituz, digestato solidoetako batzuk izan ezik, horiek urtean 6.800 tona konpost lortzeko baliatuko baitira. Urtean 260 lanegun izanik, kalkulatzen da egunean 5,19 kamioi (20 t) sartuko direla hondakinekin eta 5 aterako direla.
–Ekoitzitako digestato solido eta likidoak banatzeko lurralde-plana:
Ekoitzitako digestato solido eta likidoak banatzeko lurralde-planaren aurretiazko bertsioak jasotzen duenez, urtean 1.790 lurzati (lehorreko lurrak eta ureztalurrak) ongarrituko dira, Errege Bardean eta 43 udal entitatetan (Nafarroako 35, Zaragozako 6, Errioxako 2 eta Huescako bat). Plan hori egiteko, hondakinak instalaziora ekarriko dituzten abeltzaintza-jardueretako simaurrak kudeatzeko planen oinarria hartu da abiapuntutzat. Jarduera horietako batzuk instalazioaren sustatzaile dira.
–Instalazioak eta prozesuak:
Instalazioak banatuta daude okupatuko diren bi lurzatietan. 775. lurzatian, sarbide nagusia eta haren instalazioak daude (sakangune sanitarioa, kamioiak pisatzeko baskula, etab.), banaketa-zabalgune batekin eta instalazio nagusiekin batera (bulegoak, hondakinen harrera, biltegiratzea eta digestioa, eta gasaren hobekuntza eta garbiketa). Eremu horren ondoan autohornikuntzako eguzki-parke berria proiektatu da. 774. lurzatian, berriz, digestato likido eta solidoen bereizgailua, digestatoen zati solidoaren biltegia eta konpostatze-zabalgunea daude. Instalazioak bihurdura bakuneko sarearen bidezko itxitura bat izanen du, 2 metroko altuerakoa, bi eremuak inguratuko dituena. Instalaziorako sarbidea landa-bideetan joanen da, Ebro A-68 autobiaren ondoko zerbitzu-bide asfaltatutik hasita.
Hondakin solidoak (elikagaien hondarrak, animalien simaurra, oilo-zirina, nekazaritzako hondakinak, etab.) estalpe angeluzuzen batean jaso eta biltegiratzen dira digestoreetan sartu aurretik, hondakin likidoekin batera. Digestoreetatik gertu, biltegi multzo bat egonen da, hondakin likidoak (mindak, etab.) jaso, biltegiratu eta nahasteko, eta horien atzean banaketa-balbulak. Nahasketa homogeneizatua lehen mailako digestore anaerobiora pasatzen da eta han biogasa, ura eta mineralak sortzen dira, eta horiek bigarren eta hirugarren digestoreetan sartzen dira gas gehiago lortzeko eta medeagarri organikotzat jotzen den materiala ekoizteko.
Lehen eta bigarren mailako digestoreak zirkularrak eta itxiak izanen dira, 30,5 metroko diametrokoak eta 9 metroko altuerakoak. Hirugarren mailako bi digestore egonen dira, erreaktore zirkular eta itxiak (estankoak), 36,5 metro inguruko diametrokoak eta 9 metroko altuerakoak. Beren funtzioaz gain, digestatoetarako biltegi gisa erabiliko dira. Digestoreek mintz bat izanen dute goialdean, ekoitzitako biogasa biltegiratzeko (gasometroa). Lehen eta bigarren mailako digestoreen artean eraikin bat egonen da, eta bertan honako hauek: tailerrerako gune bat, konpresoreak eta oxigeno-sorgailua; kontrol-gela; koadro elektrikoen gela; laborategia eta komunak.
Gasometroetan jasotzen den biogasa garbiketa-ekipora eramaten da, non lehortu eta desulfurizatzen baita. Azkenik, upgrading eremura (hobekuntza) eramaten da eta bertan biometano bihurtzen da, egokia inguruko gas naturala garraiatzeko sarean injektatzeko, 775. lurzatitik igarotzen den tartean, injekzio-modulutik.
775. lurzatiko digestoreetan sortutako digestatoak beste lurzatian (774) kokatutako zati likido eta solidoen bereizgailura garraiatzen dira; nabe angeluzuzen, itxi eta zolatu batean dago, eta bertan zati solidoa ere biltegiratzen da (350 m³). Zati likidoa hirugarren mailako digestoreetan biltegiratuko da (10.744,27 m³). Digestatoa 111 egunez biltegiratuta egoten ahalko da, araudiak ezarritako 90 eguneko epetik gora.
Digestato solidoen konpostatze-eremuak 3.473 m² izanen ditu; 1.733 m²-ko espazio bat izanen du materiala gelaxka-lerroetan jartzeko, konbekzio behartuaren bidez aireztatuta, eta beste espazio bat, 1.442 m²-koa, konpostaren parbak ontzeko eta egonkortzeko. Eremu horretako jariatze-urak bildu eta lehen mailako digestorera ponpatzen dira, kudeatzeko. In situ biltegiratu daitezke, euri-jasa handiak daudenean.
Proiektuak beste elementu batzuk barne hartzen ditu, hala nola larrialdi-zuzia, galdara-gela, transformazio-zentroa, etab. Kanpo-argiztapenak, hasiera batean, ez du funtzionatuko gauez, eta paldoak, kanpai linealak, proiektoreak eta luminariak izanen ditu, potentzia desberdinetakoak eta, oro har, LED motakoak. Honako hauek bete beharko dira: Kanpoko Argi Instalazioen Energia Efizientziari buruzko Erregelamendua (1890/2008 ED) eta EA-01 jarraibide tekniko osagarria, energia efizientziari buruzkoa. Argiztapen oro lurrera bideratuko da, argi-kutsadura saihesteko.
Ez da jaso edateko urez hornitzeko proposamenik. Instalazioaren funtzionamendurako behar den ura prozesuetatik bertatik eta lixibiatuak dituzten uren birzirkulaziotik lortuko da. Lixibiatuekin kutsatutako garbiketa-urak eta euri-urak harrera-baltsan jasoko dira prozesuan sartzeko.
Ingurumen inpaktua minimizatzeko eta paisaian integratzeko, altzifreen (Cupressus sempervirens) landaketa perimetral bat proposatzen da, eta, lur-mugimenduen bidez, lurzatiaren iparraldean pantaila bat osatzea, biogas-instalazioa trenbidearen ondoko eremutik ezkutatzeko.
Ez da zehazten parke fotovoltaiko osagarriaren linea elektrikoa, baina proiektuan lurpeko linea elektriko bat sartuta dago, 775. lurzatiaren ekialdean dagoen parke fotovoltaikoaren transformazio zentrotik (TZ) instalazioaren TZara, eguzki-parke horren zerbitzu-bidearen ertzean barna.
III. ERANSKINA.–INSTALAZIOEN KOKAPENA ETA PLANOA


IV. ERANSKINA.–NATURA 2000 SAREAN ETA FAUNARENTZAKO EREMU KRITIKOETAN MINDAK, DIGESTATOA ETA/EDO SIMAURRAK BEHAR BEZALA KUDEATZEKO NEURRI OSAGARRIAK
Abeltzaintzako ustiategi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo mehatxaturik egon daitezkeen bestelako espezieak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak edo Natura 2000 sarean eta estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko garrantzizko eremuetan sartutako guneak), bermatu beharko da faunaren kontserbazioari mesede egiten dion nekazaritza jarduera mantentzen dela eta lehorreko laboreen txandaketa egiten dela, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:
–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.
–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko zereal alorretan martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.
–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi-zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri-sistema eraldatzea.
–Debeku da presio baxuko aspertsiozko ureztapen lokalizatuko banaketa sistema (fertirrigazioa). Espazio horietan onartzen da tutu esekiak dituzten zisternen bidezko banaketa lokalizatua, lehenago aipatutako oharrekin: aplikazioak errespetatu egin beharko du estepako hegaztiak babesteko egutegia, eta bermatu beharko du ez dela sortzen intereseko habitatei kalte egiten ahal dieten istiltze edo jariatzerik.
–Ur ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte sasoi bateko ibilguak izan edo etengabeak. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxoiak), habitat horiek Natura 2000 Sarearen barnean sartuak egon ala ez. Nolanahi ere, ezin izanen da hustubideetara edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur jariatzerik egin.
–Ez dago baimenduta mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur-masa iraunkorretatik 50 metroko distantziatik behera, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sareetakoak.
Iragarkiaren kodea: F2514341
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
