238. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

419E/2025 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez irizpena ematen baita Oltza zendeako udal mugartean grafito artifiziala eta bigarren mailako beste produktu batzuk fabrikatzeko dagoen instalazio baten aldaketa-proiektuari buruz, adieraziz aldaketa hori, helburu duena bigarren mailako produktuen biltegia lekuz aldatzea, ez-funtsezkoa eta ez-nabarmena dela. Instalazioaren titularra Graftech Ibérica SL da.

Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 428/07 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 164E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 21eko 169E/2020 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2025eko urriaren 20an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi du, bigarren mailako produktuen biltegia lekuz aldatzeko, hots: 22x33 m-ko biltegi bat, 726 m²-ko azalera duena (horietatik 325 m² estaliak daude), gaur egun kokatuta dagoen instalazioaren ondoko lurzati batera lekuz aldatzea.

Ikusirik industria-instalazioa aldatzeko proiektuari buruz aurkeztutako jakinarazpena eta egiaztagiriak, zerbitzu honen iritziz aldaketa hori ez-funtsezkoa eta ez-nabarmena da, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Izan ere, ez dakar berekin aipatutako erregelamenduaren artikulu horretan ezarritako inguruabarretatik bat ere, ez eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako inguruabarretatik bat ere (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Nolanahi ere, aldaketa ez-funtsezko eta ez-nabarmen hori egiteko proiektuaren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren testua aldatu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Bestalde, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, aldaketa-proiektuak ez du ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, ez baita proiektu independente bat, dagoeneko eginda dagoen jatorrizko proiektu baten aldaketa baizik, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez baitakar aipatu 7. artikulu horren 2. puntuko c) letran zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Irizpena ematea Oltza zendeako udal mugartean grafito artifiziala eta bigarren mailako beste produktu batzuk fabrikatzeko dagoen instalazio baten aldaketa-proiektuari buruz, adieraziz aldaketa hori, helburu duena bigarren mailako produktuen biltegia lekuz aldatzea, ez-funtsezkoa eta ez-nabarmena dela, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Instalazioaren titularra Graftech Ibérica SL da.

Bigarrena.–Proiektatutako instalazioa jabari publiko hidraulikoaren babes eremuan kokatuko denez, zehazki polizia-eremuan, titularrak dagokion baimena eskatu beharko dio Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, obrak egin aurretik.

Hirugarrena.–Horrenbestez, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 29. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), titularrak aurreikusitako proiektua gauzatzen ahalko du. Halere, horrek ez du esan nahi tramitatu behar ez direnik dagokion obra-lizentzia edo behar diren beste baimen batzuk.

Laugarrena.–Irizpen honek hamar hilabeteko balioa du ebazpen hau ematen denetik, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bosgarrena.–Instalazioaren ingurumen baimen integratuaren testua aldatzea, bertan sartuz ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Zazpigarrena.–Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Graftech Ibérica SLri, Oltza zendeako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko azaroaren 12an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Larrañeta Nido.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2514899