1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
399/2025 EBAZPENA, urriaren 29koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Bertizaranako eta Donamariako udal mugarteak aldatzeko espedientea hastea, jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako udalak sortu eta ezabatzeko prozesuak, baita beren mugarteak aldatzekoak ere, foru lege horretan eta berau garatuko duten erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eginen dira.
Arau horren 2. apartatuak adierazten du aipatutako prozesuetako xedeak hauek izan behar dutela:
a) Udal eskumeneko zerbitzuen eskaintza hobetzea.
b) Kasuan kasuko toki entitateen kudeaketa ahalmena handitzea.
c) Udal mugarteak errealitate fisiko, demografiko, urbanistiko eta kulturaletara egokitzea.
d) Tokiko arazoetan herritarren partaidetza erraztea eta zerbitzuak benetan ematen direla bermatzea.
Era berean, arauaren hirugarren apartatuak xedatzen duenez, udalak sortu eta ezabatzeko prozesuek, baita mugarteen aldaketek ere, ezin izanen dute inoiz ere ekarri herrigune jarraitu bat udal mugarte batean baino gehiagotan zatitzea.
Arauaren 15. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du, halaber, udal mugarteak alda daitezkeela, besteak beste, udal bat edo batzuen lurraldearen zati bat banatu eta beste bati edo batzuei gehitzeko, eta 2. apartatuak, berriz, ezartzen du gisa horretako aldaketak egiteko beharrezkoa dela mugarteak mugakideak izatea.
Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 17. artikuluko 1. apartatuak ezartzen du udal mugarteak aldatzeko prozesua, 15.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan, herritarren, interesdun diren udalen edo Nafarroako Gobernuaren ekimenez abiatu daitekeela. Ekimena abian jarri ondoren, Foru Komunitateko Administrazioak jarraitu beharreko prozeduran honako hauek egin behar dira: espedientea gutxienez ere bi hilabetez jendaurrean jartzea, ukitutako udal eta kontzejuei entzunaldia ematea epe horretan berean, eta Nafarroako Kontseiluaren irizpena jasotzea, Estatuko Administrazioari horren berri emanda. Udal mugarteen aldaketaren gaineko ebazpena ematea Nafarroako Gobernuari dagokio.
Aztergai dugun kasuan, proposatutako aldaketaren jatorria Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren urriaren 31ko 548/2024 Ebazpenean dago, zeinaren bidez xedatu baitzen hasiera ematea Bertizaranako udal mugartearen eta Donamariako eta Doneztebeko udal mugarteen arteko muga-marrak berreskuratzeko eta haien hobekuntza geometrikoa egiteko lanei.
Testuinguru horretan, Bertizaranako eta Donamariako udal batzordeek komenigarritzat jo zuten bi udalerrien arteko muga-marraren mugaketa-aktaren lehenengo mugarritze-puntuaren (Baztango udal mugartea ere mugatzen duena) eta bigarren mugarritze-puntuaren arteko lotura trazatzea, "Illerriko" errekaren topografiara egokituz, lerro zuzenaren bidez egin beharrean, dokumentu historikoak ematen duen bezala. Egokitzapen horrek, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren ustez, udal mugarteak aldatzea dakar, lortu nahi diren helburuak direla eta (TAFLren 13.2 artikuluaren b) eta c) letrak).
Era berean, erabaki zen aldaketak ez ziela eraginen aktako lehenengo eta bigarren mugarriei, zeinak errekaren ertzetan baitaude. Horrela, udal mugarteak aldatzeak ez du Baztan udal mugarteari eragiten, Bertizaranarekin eta Donamariarekin partekatzen duen mugarritze-puntuaren kokapen historikoa errespetatzen duelako.
Bat etorriz Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamenduaren 14.1 artikuluan ezarritakoarekin (erregelamendu hori uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), espedientean honako hauek bildu dira: aldatu nahi den lurraldearen planimetria, muga berriak zehaztuta, eta erregelamenduan eskatzen den gainerako dokumentazioa, bai eta proposatutako aldaketa justifikatzeko zergatiak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 13.2.b) eta c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
6/1990 Foru Legearen 13., 14. eta 15. artikuluetan aldaketarako aurreikusitako oztopoetatik bat ere ez dagoenez, bidezkoa da espedienteari hasiera ematea eta jendaurreko tramitea eta ukitutako udalei entzunaldia emateko tramitea betetzea, Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
Horrenbestez, goian adierazitakoarekin bat, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Bertizaranako eta Donamariako udal mugarteak aldatzeko espedientea hastea.
2. Espediente hori jendaurrean jartzea eta entzunaldia ematea Bertizaranako eta Donamariako udalei, Legasako Kontzejuari eta Baztango Udalari. Azkenik, entzunaldia emanen zaie Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalari.
3. Espedientea jendaurrean egoteko eta aipatu entitateei entzunaldia emateko tramitearen epea bi hilabetekoa izanen dela adieraztea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Horrenbestez, espedientea aztergai egonen da Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Arrieta kalea 12-4.a, Iruña).
4. Ebazpen hau aipatutako erakunde guztiei jakinaraztea, bai eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kartografia, Topografia eta Geodesia Atalari eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Lurraldeko Informazio Sistemen Atalari ere.
5. Ebazpen hau Geografia Institutu Nazionalaren Eskualde Zerbitzuari igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian argitaratzea:
https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/jendaurreko-informazioaren-tramitea/espediente-042.25.002
6. Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuari agintzea espedientearen instrukzioaz arduratzea hurrengo izapideetan.
Iruñean, 2025eko urriaren 29an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.
Iragarkiaren kodea: F2514251