238. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

16E/2025 EBAZPENA, azaroaren 5ekoa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Trafiko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita konfigurazio euromodularreko multzoak ibiltzeko egokia den bide-sarea, Nafarroako Foru Komunitateko bideen mailan.

Uztailaren 21eko PJC/780/2025 Aginduak aldatu zituen Abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ibilgailuen araudi orokorraren II., IX., X eta XVIII. eranskinak. Zehazki, 6. apartatuko (Konfigurazio euromodularreko multzoak ibiltzeko baldintzak) bigarren puntuan adierazten du ezen Trafiko Burutza Nagusia Erakunde Autonomoak ebazpen bidez ezarriko duela zer baldintza tekniko bete behar dituzten konfigurazio euromodularreko multzoek akoplagailuetan eta segurtasuna hobetzeko gailuetan, ikuseremuari, seinaleztapenari, ohartarazpenei edo arrisku-egoerak prebenitzeari eta ibiltzeko baldintza espezifikoei dagokienez, erabiltzaile orokorren trafikorako irekitako eta ibiltzeko egokiak diren bide eta lur publikoetan ibili ahal izateko.

Hori dela eta, Trafikoko zuzendari nagusiaren 2025eko urriaren 21eko Ebazpenaren bidez, ibilgailu multzoek bete beharreko baldintza teknikoak ezarri ziren, konfigurazio euromodularrean ibili ahal izateko erabiltzaile orokorren trafikora irekitako eta zirkulaziorako egokiak diren Espainiako bide eta lur publikoetan.

Aipatu uztailaren 21eko PJC/780/2025 Aginduak, halaber, azaltzen du halako ibilgailu multzoen zirkulazioa mugatuta egonen dela bide-sare zehatz batera, zeina ezarriko baitu trafikoa arautzearen, antolatzearen eta kudeatzearen eskumena duen organoak. Hori osatzeko, aurretiaz, bideen titularren txosten lotesle bat jaso beharko da, bideetan konfigurazio euromodularreko multzoak igarotzeko aintzat hartu beharreko murrizketei buruzkoa. Murrizketa horien arrazoi izaten ahalko dira haien sarean dauden muga geometrikoak, egiturazkoak edo beste edozein motatakoak.

Hortaz, horrekin guztiarekin, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Barne Zuzendaritza Nagusiak definitu beharko du ibilgailu multzo honetarako bide-sarea, bideen titularren txostena jaso ondoren. Hori guztia, apirilaren 4ko 252/2023 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, eta, zehazki, 7. puntuko B) apartatua aintzat hartuta (errege dekretu horrek Estatuko Administrazioak trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan dituen eginkizunak eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzen dizkio).

Aurrekoagatik guztiagatik, Barneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 10eko 267E/2024 Ebazpenean, langileen, kontratazio publikoaren eta trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren arloko zenbait eskudantzia Trafikoko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkionean, eta 254/2023 Foru Dekretuan, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa arautzen duenean, xedatutakoari jarraikiz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.

Ebazpen honen xedea da ezartzea, Nafarroako Gobernuaren Barne Zuzendaritza Nagusiaren trafikoko ikuskapen eta diziplina eskumenak dituen eremuan, zer errepide-tarte egonen den konfigurazio euromodularreko multzoak ibiltzeko egokiak diren bide-sareen barnean, bideetako titularren txosten loteslearekin bat. Konfigurazio euromodularreko multzoak abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak onetsitako Ibilgailuen araudi orokorraren IX. eranskineko (Ibilgailuei buruzko Erregelamendu Orokorreko Masak eta Tamainak) 1. apartatuko (Definizioak) 1.23 puntuan xedatutakoaren araberakoak izan beharko dira.

Bigarrena.

Ebazpen honen I. eranskinean jasoko da zer errepide-tarte dauden konfigurazio euromodularreko multzoek erabiltzen ahal duten bide-sarearen barnean.

Sarean sartutako tarteez gain, sare horretatik kanpo 10 kilometro ibiltzeko aukera izanen dute konfigurazio euromodularreko multzoek, baldin eta hori ezinbestekoa bada sarearen parte diren errepide-tarte batetik bestera joateko edo beharrezkoa bada bidaiaren abiapuntutik sarera sartzeko zein saretik helmugara irteteko. Gehieneko distantzia hori zenbatzen hasiko da multzoa definitutako saretik irteten den bakoitzean, kontuan hartuta zer lekutan dagoen eta zer puntutan sartu edo irten den saretik.

Nolanahi ere, multzoko ibilgailu motordunaren titularrak ziurtatu beharko du behar bezala ibiltzen ahal dela egin nahi duen bideko tarte guztietan –eta horretarako beharrezkoa bada, bidea aurretiaz egin–, batez ere adarren lotuneei dagokienez.

Hirugarrena.

Trafiko Zerbitzuko web-orrian kontsultatzen ahalko dira bideetako titularrek txosten lotesleetan ezarritako murrizketak haien sareko muga geometrikoak, egiturazkoak edo beste edozein motatakoak direla-eta. Horrez gain, web-orri horretan bertan eskuragarri egonen dira trafiko eta bide-segurtasunarengatik ezarritako murriztapenak ere.

Aurrekoaz gain, bidaiari ekin aurretik, aldiro, aintzat hartu beharko da zer behin-behineko murrizketa dagoen bidaiari eragiten ahal dioten gorabeherengatik (obrak bideetan, egoera meteorologikoa edo antzekoak). Gorabehera horiek kontsultatzeko eskuragarri egonen dira trafikoaren egoerari buruzko informazioa emateko Trafiko Zerbitzuaren web-orrian.

Laugarrena.

Ebazpen honen bigarren puntuan ezarritako errepide-tarteetan soilik ibiltzen ahalko dira konfigurazio euromodularreko multzoak. Horietatik kanpo, beraz, ezin izanen dira ibili.

Edonola ere, errepideko zirkulazio arau orokorrak errespetatuko dira, bai eta bideetako seinaleetako mugak ere, abiadurari, igarotze-eremuei, masari eta tamainari dagokienez. Seinaleak ebazpen honetan xedatutakoaren gainetik egonen dira.

Bosgarrena.

Ebazpen honen I. eranskinean jasotako sarea handitzen ahalko da Trafiko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez, egoerak hala eskatzen badu eta sartuko diren bideetako titularren txostena izanda. Handitze horiek Trafiko Zerbitzuko web-orrian argitaratuko dira.

Seigarrena.

Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Ebazpen honen aurka, administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedaturikoari jarraikiz.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunean, baina, hala ere, Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Cordovillan, 2025eko azaroaren 5ean.–Trafiko Zerbitzuko zuzendaria, José Javier Boulandier Herrera.

I. ERANSKINA.–KONFIGURAZIO EUROMODULARREKO MULTZOENTZAKO
BIDE-SAREA

IZENA

ERREPIDEAREN IDa

TARTEAK, KP

AZALPENA

NAFARROAKO AUTOBIDEA

AP-15, 1. TARTEA

0,20 - 83,13

AP-68tik A-15era

NAFARROAKO AUTOBIDEA

AP-15, 2. TARTEA

96,2 - 112,15

A-15etik AP-15era

AP-15aren ADARRA N-113tik

AP-15-R

0,37 - 6,67

N-113tik AP-15era

IRUÑEKO MENDEBALDEKO INGURABIDEA

A-15, 1. TARTEA

83,13 - 96,20

AP-15etik AP-15era

IPARRALDEKO AUTOBIA

A-1

391,68 - 405,45

ARABAKO mugatik GIPUZKOAKO mugara

SAKANAKO AUTOBIA

A-10

0 - 30,44

AP-15etik A-1era

DONEJAKUE BIDEKO AUTOBIA

A-12

4,12 - 78,18

IRUÑEKO mugatik ERRIOXAKO mugara

LEITZARANGO AUTOBIA

A-15, 2. TARTEA

112,15 - 139,76

AP-15etik GIPUZKOAKO mugara

PIRINIOETAKO AUTOBIA

A-21

6,39 - 51,81

NOANDIK ZARAGOZAKO mugara

EBROKO AUTOBIA

A-68

84,1 - 116,54

N-232tik N-232ra

IRUÑEKO INGURABIDEA

PA-30

2,56 - 9,31

PA-31tik N-135eko gurutzagunera

IRUÑA - MADRIL

N-113

72,57 - 78,85

LOS ABETOS bidegurutzetik ERRIOXAKO mugara

IRUÑA - MADRIL

N-113

82,34 - 101,37

ERRIOXAKO mugatik ERRIOXAKO mugara

Iragarkiaren kodea: F2514498