1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko urriaren 22an hartua, Goñi udalerriaren izena aldatzea onesten duena. Hemendik aurrera "Val de Goñi / Goñerri" izanen da.
2025eko otsailaren 25eko sarrera datarekin, Goñiko Udalak Nafarroako Gobernuari igorri dio udalerri horren izen ofiziala aldatzeko eta "Val de Goñi / Goñerri" izan dadin izapidetutako espediente administratiboa.
2025eko otsailaren 27an, udal horri eskatu zitzaion instantziarekin batera aurkeztutako dokumentazioan atzemandako akatsak zuzen zitzan, eta berriro 2025eko ekainaren 11n aurkeztu eta egiaztapenak egin ondoren, izapidetutako espedientea igorri zen.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 22. artikuluak hau ezartzen du: "Udalerrien izenak aldatuko dira udalek horretarako erabakia hartzen dutenean, erabakia bera jendaurrean egon ondoren, gutxienez ere hilabetez. Udal erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onespena eman diezaion, eta onetsitzat hartuko da hilabete baten barnean ebazpenik ematen ez bada". Era berean, 21.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, udalerrien izenetan euskara erabiltzeko, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeari jarraitu behar zaio.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak 3. artikuluko 3. apartatuan ezartzen duenez, Euskaltzaindia da hizkuntza-arauak ezartzeko erakunde aholku-emaile ofiziala, eta botere publikoek beharrezkotzat jotzen dituzten txosten guztiak eskatuko dizkiote erakunde horri. Testu arauemaile berak 8.2 artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuak, Euskaltzaindiaren txostena jaso ondoren, Foru Komunitateko toponimoak zehaztuko ditu, bai eta biztanleguneen izen ofizialak ere.
Horrekin guztiarekin, 2025eko abuztuaren 26an, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak horri buruzko txostena eskatu zion Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari. Era berean, toki entitateari jakinarazi zitzaion prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea etenda egonen zela harik eta aipatutako txosten hori jaso arte, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22. artikuluaren 1 d) apartatuan ezarritakoarekin.
Bestalde, 2025eko urriaren 15ean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari bidali zion nahitaezko txostena, non zehazten baita Euskaltzaindiak baieztatu duela zuzena dela proposatutako euskal izena: Val de Goñi / Goñerri.
Azaldutakoarekin bat, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak izen aldaketa onestea. Izen aldaketari buruzko ebazpena Estatuko Administrazio Orokorrari igorriko zaio, Toki Entitateen Erregistroan inskribatzeko, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 25.3 artikuluari jarraikiz; inskripzio hori, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Toki Entitateen Erregistroan egin behar da.
Horretarako, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan xedatuarekin bat, "udalen izen aldaketek ofizialtasuna lortzeko ezinbestekoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko erregistroan jasotzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea".
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Onestea Goñi udalerriaren izena aldatzea. Hemendik aurrera Val de Goñi / Goñerri izanen da.
2. Izen aldaketa hau argitaratzea, dagozkion inskripzioak egin ondoren, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
3. Ebazpen hau Goñiko Udalari jakinaraztea eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko duela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du ukatzen Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
4. Izena aldatzeko erabaki hau Estatuko Administrazio Orokorrari igortzea, inskripzioa egin dadin Toki Entitateen Erregistroan; Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Arauen Garapenerako eta Toki Araubiderako Atalari eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalari, inskripzioa egin dadin Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan; Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuari, eta Nafarroako Estatistika Institutuari (NASTAT).
Iruñean, 2025eko urriaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2514494