1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
781/2025 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan ari diren irakasleei, euskara ikasteko edo hobetzeko, banakako laguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 867654.
Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, irakasleen prestakuntzaren inguruko gomendioak kontuan hartuta, eta indarreko legediari jarraikiz, bidezkotzat jotzen du irakasleen prestakuntza sustatzea, euskara ikasteko zein hobetzeko.
Hain zuzen, irakasleei dagokienez, ikusi da beharra dagoela euskara eta euskaraz ikasteko aukerak sortzeko, hezkuntza maila guztietan. Otsailaren 24ko 4/2015 Foru Legearen bidez, zati batean aldatu zen Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea, D eredua –euskarazko irakaskuntza– Nafarroa osora hedatzeko (2015eko martxoaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen foru lege hori, eta 2015eko apirilaren 28koan, haren akats zuzenketa; Estatuko Aldizkari Ofizialean, berriz, 2015eko martxoaren 20an argitaratu zen). Hedapen hori eta Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta ikasgeletan ematen den euskarazko irakaskuntza ahalbidetzeko, euskarazko gaitasuna duten profesional gehiago beharko dira. Horrenbestez, destinoko ikastetxean jarraitzeari uko egin gabe eredu horretan sartu nahi dutenen ikaskuntza erraztu beharko da, bai eta Nafarroa osoko irakasleen etengabeko ikaskuntza eta hobekuntza ere.
Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalak txosten bat egin du Nafarroako ikastetxeetan unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan ari diren irakasleei banakako laguntzak emateko deialdia onestearen alde, euskara ikasteko edo hobetzeko ikastaroak egin edo amaitu ditzaten 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra. Ikastaro horiek, euskara ikastekoak nahiz hobetzekoak, zentro publikoetan (hizkuntza eskola ofizialak, unibertsitateak...) edo helduak euskalduntzeko zentro pribatu homologatuetan egiten ahalko dira. Helburu bakarra euskara ikastea duen prestakuntza baizik ez da diruz lagunduko, eta bakar-bakarrik ikasketa plan baten barneko ikastaro baten formatua badu.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdia, haren oinarriak (ebazpen honen 1. eranskinean jasoak) eta eranskin guztiak onestea, Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan ari diren irakasleei banakako laguntzak emateko, euskara ikas edo hobe dezaten zentro publikoetan (hizkuntza eskola ofizialak, unibertsitateak...) edo helduak euskalduntzeko zentro pribatu homologatuetan, 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitarte.
2. Beharrezko den gehieneko gastua baimentzea, 20.000 euro, 2026ko aurrekontuko "Irakasleentzako euskarazko prestakuntzarako laguntzak" izeneko 420001 42400 4809 321200 aurrekontu partidaren kargura, edo aurrekontuan helburu horrekin gaitzen den partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.
3. Ebazpen hau eta eranskinak www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio (Berriak - Gaur-gaurkoa) eta www.nafarroa.eus (Tramiteak) webguneetan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.
5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Euskara Atalera eta Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegora.
Iruñean, 2025eko azaroaren 7an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
1. ERANSKINA.–OINARRIAK, NAFARROAKO UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IRAKASKUNTZAKO "IRAKASLEEI EUSKARA IKASTEKO EDO HOBETZEKO BANAKAKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA" ARAUTZEN DUTENAK
Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.
Hezkuntza Departamentuak Nafarroako ikastetxeetako unibertsitateaz kanpoko irakasleei banakako laguntzak emateko deialdia egin du, euskara ikasteko edo hobetzeko ikastaroak egin edo amaitu ditzaten, 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra arte. Ikastaro horiek, euskara ikastekoak nahiz hobetzekoak, zentro publikoetan (hizkuntza eskola ofizialak, unibertsitateak...) edo helduak euskalduntzeko zentro pribatu homologatuetan egiten ahalko dira. Helburu bakarra euskara ikastea duen prestakuntza baizik ez da diruz lagunduko, eta bakar-bakarrik ikasketa plan baten barneko ikastaro baten formatua badu.
Bigarren oinarria.–Parte hartzeko baldintzak.
2.1. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publikoetako eta itunduetako irakasleek eskatzen ahalko dituzte laguntzak, baldin eta ikasturtearen hasierako egunean edo matrikula egiten duten unean (ordainketa osoa edo partziala egiten dutenean) jarduneko zerbitzuan badaude edo administrazio edo lan kontratu bat badute, ikastetxe publikoen kasuan, edo lan kontratu bat, ikastetxe pribatu itunduen kasuan.
2.2. Prestakuntza jasotzen duten irakasleek eskubidea izanen dute 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean egindako edo bukatutako ikastaroen matrikularen zati bat ordain diezaieten (barnetegietan egiten diren ikastaroetan, ostatu eta mantenu gastuen zati bat ere bai), baldin eta gutxienez laguntzaren xede den ikastaroan eskolen %80ra bertaratu badira. Eskolen gutxieneko portzentajera bertaratu ez badira, ez da ordainduko eskatutako laguntza.
Hirugarren oinarria.–Banakako laguntzen deskribapena eta zenbatekoa.
3.1. Ikastaroen ezaugarriak.
Diruz lagunduko dira euskara ikastea edo hobetzea helburu duten aurrez aurreko ikastaro estentsibo nahiz trinkoak, baita barnetegiak, ikastaro erdipresentzialak, autoikaskuntzako ikastaroak eta online ikastaroak ere. Hobetzeko ikastaroen kasuan, irakasleek duten euskarazko hizkuntza-gaitasuna lantzea izanen da helburua.
Ikastaroak zentro publikoetan (hizkuntza eskola ofizialak, unibertsitateak...) edo helduak euskalduntzeko zentro pribatu homologatuetan eman beharko dira.
Ikastaroek ikasketa plan baten barnean sartuta egon behar dute, ez da dirulaguntzarik emanen klase partikularretarako.
Hortik kanpo daude metodologiari buruzko ikastaroak; izan ere, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak (EIBZ) eta irakasleentzako laguntza zentroek irakasleentzako doako prestakuntza eskaintzen baitute tarte horretan.
Helburu bakarra euskara ikastea duen prestakuntza baizik ez da diruz lagunduko.
Barnetegi ikastaroen kasuan, eskatzaile bakoitzak honako hauetarako eskatu ahal izanen du laguntza:
–Eskolako oporraldietan (Gabonak, Aste Santua, inauterietako astea eta uda) hasten eta amaitzen diren ikastaro guztiak.
–Aipatutako oporraldietatik kanpo, ikastaro bakarra.
Interesdunak ikastaro berbera (esaterako, maila, modalitate, helburu berekoa bada) behin baino gehiagotan egiten badu deialdiaren indarraldian, egindako lehenengoa baizik ez da diruz lagunduko.
3.2. Zenbatekoa.
Laguntza, hasiera batean, matrikularen eta ostatu eta mantenu gastuen %50ekoa izanen da (ostatu eta mantenu gastuak barnetegietan egiten diren ikastaroetan soilik).
3.2.1. Onartzen diren eskaera guztien zenbateko osoa kalkulatu ondoan, xede honetarako partidan dagoen kreditu erabilgarria gainditzen baldin badu, hainbanaketa eginen da. Hala, denei murriztuko zaie laguntzaren ehunekoa behar den heinean, eskaera guztiei erantzun ahal izateko.
3.2.2. Eskaera guztiei erantzun ondoan, xede honetarako partidan kreditu erabilgarririk gelditzen bada, hainbanaketa egin eta denei handituko zaie laguntzaren ehunekoa behar den heinean.
3.2.3. Jasotako laguntzak ez dio inoiz diru irabazi pertsonalik ekarriko hartzaileari, eta ez da, inola ere, 1.000 eurotik goitikoa izanen onuradun bakoitzeko.
3.3. Laguntzen banaketa.
Laguntzen %75 sare publikoko irakasleentzat izanen da, eta %25, sare itundukoentzat.
Sare bakoitzean erreserbatutako laguntza guztiak esleitzea posible ez bada, esleitu gabekoak beste sarean emanen dira.
Laugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 2026ko irailaren 1ean hasi eta hilabete horren 15ean bukatuko da, egun hori barne.
Bosgarren oinarria.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.
5.1. Eskaerak aurkeztea.
a) Ahal izatera, eskaera egiteko web-formulario bat erabiliko da. Eskaerak egiteko epea hasten denean (irailaren 1a) emanen da formulario horren URLa. Eranskin honen 5.2 puntuan jasotzen den dokumentazioa web inprimakiari atxikita aurkeztu beharko da. Hautapen batzordeak jatorrizko agiriak eskatzen ahalko ditu behar diren egiaztapenak egiteko, horrelakorik beharrezkotzat jotzen badu.
b) Bestela, Hezkuntza Departamentuko erregistroan ebazpen honen 2. eranskineko eskabidea eta dagokion dokumentazioa aurkeztuko dira.
Hala ere, arestian esandakoa galarazi gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako edozein moduren bidez ere aurkezten ahalko dira.
Eskabidea eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean sartuko dira, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkieten.
Deialdiaren prozesu osoa (eskaera, dokumentazioa aurkeztea, etab.) telematikoki egiten ahalko da web orri honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa Tramitatze elektronikorako beharrezkoa da NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala edukitzea.
Deialdi honetako laguntzetarako eskabideak Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.
5.2. Dokumentazioa.
–Web-formularioa edo eskabide orria (ebazpen honen 2. eranskina).
–Ikastarora bertaratu izanari buruzko ziurtagiria, antolatu duen entitateak egina, datu hauek jasoko dituena: parte-hartzailearen izena, ikastaroaren izena, ikastaroaren helburua (argi eta garbi azalduko da euskara ikastea dela helburu bakarra eta, hala badagokio, zer gaitasun lantzen den –ikaskuntza, azterketa prestatzea, ahozko praktika, eguneratzea, hobekuntza...–), maila, modalitatea (hirugarren oinarriko 1. puntua), prezioa, ikastaroaren hasiera eta amaiera egunak, guztira zenbat ordukoa den eta eskatzaileak guztira zenbat eskola ordu egin duen, hori zer bertaratze-ehuneko den zehaztuta (ikus bigarren oinarriko 2.2 puntua). Datu horiek guztiak nahitaezkoak dira laguntza ordaintzeko.
–Matrikula tasa ordaindu izanaren frogagiria (ez bada agertzen entitate antolatzaileak emandako ziurtagirian).
–Laguntza eskatzen duten irakasleek, eskaera egiteko epearen barnean, laguntza jasotzeko erabili nahi duten kontu zenbakia erregistratu beharko dute, kasu hauetan:
a) Lehendik ez badute halakorik egin.
b) Lehendik egin badute ere, kontu zenbakia aldatu badute.
Horretarako, bi aukera dituzte:
a) Ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve iraunkorra izanez gero, interesdunak esteka honen bidez erregistratzen ahalko du kontu zenbakia:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta
b) Bestela, "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (TOE)" jatorrizkoa aurkeztu beharko du (3. eranskina), kasuan kasuko banketxeak betea eta zigilatua.
Agiri hori helbide honetan ere jasota dago:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak
TOEa bete ondoren, era hauetan erregistratzen ahalko da:
1. Erregistro Orokor Elektronikoa:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa
Destinoa: Ekonomia eta Ogasun Departamentua. Diruzaintza Atala.
2. Jatorrizko inprimaki ofiziala, banketxeak sinatu eta zigilatu ondoren, postaren bidez igorriko dena edo honako helbide honetan entregatuko dena:
–Ekonomia eta Ogasun Departamentua:
- Diruzaintza Atala (Karlos III.aren etorbidea 4, 2. solairua - 31002 Iruña).
Nolanahi, bidalketa hori egin izana eta horren data Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, posta elektronikoz (euskaraatala@navarra.es).
Seigarren oinarria.–Bateragarritasuna.
2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra zentro publikoetan edo pribatu homologatuetan euskara ikasteko edo hobetzeko prestakuntza ikastaroak egiteko edo bukatzeko beste administrazio publikoen laguntzarik jaso bada, zenbateko hori egiaztatzen duen administrazio emailearen ziurtagiria aurkeztu beharko da. Horrela, Hezkuntza Departamentuaren laguntzaren eta gainerako laguntzen baturak inola ere ezinen du gainditu matrikularen zenbatekoa (edo matrikula gehi ostatuarena, barnetegietako ikastaroen kasuan). Edonola ere, eskatzaileak Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio jaso edo eskatu dituen laguntza guztiak.
Zazpigarren oinarria.–Hautapen batzordea.
Hautapen batzordea kide hauek osatuko dute:
–Euskara Ataleko burua, edo horrek eskuordetzen duen pertsona.
–Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegoko burua.
–Euskara Ataleko irakaskuntzako aholkulari bat.
Hautapen batzordeak eskaera guztiak baloratu eta esleituko ditu, deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera.
Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren ebazpena.
Hautapen batzordeak esleipen prozesuaren behin-behineko emaitzak zerrenda batean argitaratuko ditu, web-orri hauetan ("Berriak" menua - "Gaur-gaurkoa" atala):
–https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/actualidad (gaztelaniaz).
–https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actualidad (euskaraz).
–Nafarroako Ataria (www.nafarroa.eus).
Izapideak harpidetzeko aukera emanen du, interesdunak informazioa denbora errealean jaso ahal izan dezan.
Zerrenda horretan honako hauek agertuko dira:
–Behin-behinean esleitu diren eskaeren zerrenda.
–Baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zein izan den zehaztuta.
–Falta den dokumentazioa edo, hala bada, zuzendu behar den akatsa.
Eskatzaileek gehienez 10 egun naturaleko epea izanen dute falta zaien dokumentazioa aurkezteko edo akatsa zuzentzeko, aipatutako behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita. Halakorik egiten ez badute, eta epea iraganik, eskaerari uko egin diotela ulertuko da.
Orobat, hautagaiek hautapen batzordearen aurrean erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, aipatutako behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hiru egun balioduneko epean. Epe hori iraganik, erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, eta dokumentazioa aurkezteko eta zuzentzeko epea iraganik, esleitutako laguntzen behin betiko zerrenda argitaratuko du batzordeak, eta onuradunei ebazpena jakinaraziko die.
Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak gehienez hiru hilabeteko epean ebatziko du deialdi hau, batzordearen proposamenarekin bat, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Bederatzigarren oinarria.–Laguntzen ordainketa.
Deialdi honetan adierazitako baldintzekin bat, esleitutako laguntza osoa jaso aurretik bosgarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu behar dira.
Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan gertatzen den edozein aldaketak berekin ekartzen ahalko du laguntza emateko ebazpena aldatzea.
Laguntza hauen onuradunak Hezkuntza Departamentuari eskatzen dien informazio guztia ematera derrigortuta daude, eta behar diren finantza kontrolerako jarduketen menpe geldituko dira. Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.
Hamargarren oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta honetatik sortzen diren egintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, horiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
2. ERANSKINA.–PARTE HARTZEKO ESKABIDEA
IRAKASLEEI BANAKAKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, EUSKARA IKASTEKO EDO HOBETZEKO (2025EKO IRAILAREN 1ETIK 2026KO ABUZTUAREN 31RA)
DATU PERTSONALAK |
ABIZENAK | |
IZENA | | NANa | |
HELBIDEA | |
HERRIA | |
P. KD. | | PROBINTZIA | |
TELEFONO MUGIKORRA | | TELEFONO FINKOA | |
HELBIDE ELEKTRONIKOA | |
ERROLDATUTA DAGOEN HERRIA | |
DATU PROFESIONALAK. 2025-26 IKASTURTEA |
IKASTETXEA | |
HERRIA | |
SAREA (publikoa edo itundua) | |
HIZKUNTZA EREDUA | |
ESPEZIALITATEA | |
HEZKUNTZA ETAPA ETA MAILA | |
LAN EGOERA, MATRIKULA EGITEKO UNEAN (X bat jarri, behar den laukian) |
Jarduneko funtzionarioa | |
Ikastetxe publikoko irakaslea (administrazio kontratua edo lan kontratua) | |
Ikastetxe itunduko irakaslea (lan kontratua) | |
(Ikastaroaren edo ikastaroen datuak eta sinadura, hurrengo orrialdean, edo orrialdeetan, ikastaro bat baino gehiago egin badira)
BANAKAKO LAGUNTZAK, ESKATZAILEAK KUDEATUTAKO EUSKARA IKASTAROA(K) EGITEKO |
1. Ikastaroaren izena eta maila | |
Ikastaro mota | Estentsiboa (2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra) Trinkoa (2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra) (Erdi)presentzialak (2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra) Online (2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra) Barnetegia (2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra) Hobetzeko ikastaroa (2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra) |
Zentro antolatzailea | |
Herria | |
Egunak | Hasiera | Amaiera |
Ikastaroaren ordu kopurua, osotara | |
Matrikularen gastuak | |
Egin den edo egin nahi den ikastaroaren web-orriaren helbidea |
2. Ikastaroaren izena eta maila | |
Ikastaro mota | Estentsiboa (2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra) Trinkoa (2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra) (Erdi)presentzialak (2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra) Online (2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra) Barnetegia (2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra) Hobetzeko ikastaroa (2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra) |
Zentro antolatzailea | |
Herria | |
Egunak | Hasiera | Amaiera |
Ikastaroaren ordu kopurua, osotara | |
Matrikularen gastuak | |
Egin den ikastaroaren web-orriaren helbidea |
Sinadura
.....................................................(e)n, 2026ko .........................................aren ..........(e)(a)n
ELEANIZTASUNAREN ETA ARTE IKASKETEN ZERBITZUA.
HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA.
Iragarkiaren kodea: F2514701