238. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

203E/2025 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita elkarteen mendeko gazteentzako informazio zerbitzuei laguntzeko dirulaguntzen 2025-2026ko deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 867673.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak honako hau dio gazteriaren arloko berariazko politikez 14. artikuluan: "Gazteentzako informazioa eta aholkularitza, hau da, gazteei orientazioa eta aholkuak modu integralean ematea, horrela aukera gehiago sortuz eta garapen pertsonalerako erabaki libre eta arduratsuak hartzen lagunduz. Hori guztia gazteentzako informazio zerbitzu onartuen bitartez".

Nafarroako Gazteriaren Institutuak Gazte Informazioaren Europako Gutuna sinatu zuen 2022an, eta horrela Gazteentzako Informazio eta Aholkularitzako Europako Agentzian (ERYICA) sartu da eskubide osoko kide gisa.

Abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortu eta arautu zen, eta onarpen ofiziala duten gazteentzako informazio zerbitzuek dirulaguntzen deialdian parte hartzen ahalko dutela ezarri zen. Sostengu hori gauzatu nahian, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren iritziz deialdi bat onetsi behar da elkarteen mendeko gazteentzako informazio zerbitzuei dirulaguntzak emateko norgehiagoka bidez langileak kontratatzeko eta ekipamendua erosteko egiten dituzten gastuak finantzatzeko (denak edo batzuk), 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era arteko eperako.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko prozedura ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea dirulaguntzen deialdi bat langileak kontratatzeko eta ekipamendua erosteko, Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareko elkarteei, onarpen ofiziala badute, 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era arteko eperako.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. 15.000 euroko gastua erreserbatzea eta baimentzea. Horietatik, 10.000 euro izanen dira 2025eko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Elkarteen Mendeko Gazteentzako Informazio Sareko langileak kontratatzeko dirulaguntzak" izeneko 340002 34100 4819 232103 aurrekontu-partidaren baliokidea izanik, 2026ko gastu aurrekontuan gaituko den partida ekonomikoaren kargura, eta 5.000 euro, 2025eko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Elkarteen Mendeko Gazteentzako Informazio Sareko ekipamenduak erosteko dirulaguntzak" izeneko 340002 34100 7819 232102 partidaren baliokidea izanik, 2026ko gastuen aurrekontuan gaituko den partida ekonomikoaren kontura, baldin eta 2026ko ekitaldian kreditu egokia eta nahikoa badago.

4. Ebazpen hau eta haren I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratu ondotik.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera; eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera eta Idazkaritza Tekniko Nagusira; eta, orobat, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatura.

Iruñean, 2025eko azaroaren 6an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José María Burgaleta Encina.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, ELKARTEEN MENDEKO GAZTEENTZAKO INFORMAZIO ZERBITZUETARAKO LANGILEAK KONTRATATZEKO ETA EKIPAMENDUA EROSTEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIARENAK

1. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da arautzea nola emanen zaizkien 2025-2026ko dirulaguntzak, informazio guneak eta bulegoak sustatzeko, gazteentzako informazio zerbitzuei (GIZ), onarpen ofiziala badute eta Nafarroako elkarteen menpe badaude.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.

Deialdi honetako dirulaguntzen helburua da onarpen ofiziala duten elkarteen menpeko GIZei (hemen zehazten dira: 109/2005 Foru Dekretua, abuztuaren 22koa, Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortzen eta arautzen duena) honako hauek eragiten dizkieten gastuak, denak edo batzuk, finantzatzea:

–Langileak kontratatzea.

–Ekipamendua erostea.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

2. Entitate onuradunak.

2.1. Deialdi honetako dirulaguntzak honako hauek jasotzen ahalko dituzte:

–Abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuak, Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortzen eta arautzen duenak, ezartzen duenari jarraikiz Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) modu ofizialean onartutako GIZen titularrak diren elkarteek.

–Abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuak, Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sortzen eta arautzen duenak, ezartzen duenari jarraikiz 2026ko irailaren 30a baino lehen GIZ bat sortzeko konpromisoa hartzen duten elkarteek.

2.2. Elkarte horiek baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen den unean:

a) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

c) Batxilergoa, bigarren mailako Lanbide Heziketa edo horren baliokidea izanen du gutxienez lanpostua betetzen duenak. Gazteentzako informazio guneen kasuan, langileak astean 15 orduko lanaldia izanen du gutxienez, eta bulegoen kasuan, 30 ordu gutxienez.

d) Lanpostuko egitekoak honako hauek izan behar dira: gazteei zuzeneko informazioa ematea, informazioa zenbait euskarritan dinamizatzea eta abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuan ezartzen diren beste batzuk.

e) Langilea gazteentzako informazioan trebatuta egon behar da, edo konpromisoa sinatu behar du dirulaguntza-eskaera aurkeztu ondoko 12 hiletan trebatzeko.

3. Aurrekontua.

15.000 euroko gastua baimentzen da. Horietatik, 10.000 euro izanen dira 2025eko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Elkarteen Mendeko Gazteentzako Informazio Sareko langileak kontratatzeko dirulaguntzak" izeneko 340002 34100 4819 232103 aurrekontu-partidaren baliokidea izanik, 2026ko gastu aurrekontuan gaituko den partida ekonomikoaren kargura, eta 5.000 euro, 2025eko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Elkarteen Mendeko Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareko ekipamenduak erosteko dirulaguntzak" izeneko 340002 34100 7819 232102 partidaren baliokidea izanik, 2026ko gastuen aurrekontuan gaituko den partida ekonomikoaren kontura, baldin eta 2026ko ekitaldian kreditu egokia eta nahikoa badago.

4. Gastu diruz lagungarriak.

Ebazpen honetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten GIZek dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean langileak kontratatzeko eta ekipamendua erosteko egiten dituzten gastuak finantzatzeko.

Dirulaguntza erabiliko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei aplikatzen zaien hasierako soldata finantzatzeko, C mailarako 2025eko irailaren 30ean duen zenbatekoan, soldata osagarriak eta Gizarte Segurantzako enpresa kuota barne; hori guztia, lanaldi bati dagokiona.

Kontratatukoari kontratua bukatzean dagozkion kalte-ordainak ez dira inoiz ere diruz lagungarriak izanen. Era berean, ez dira diruz lagungarriak izanen enplegu publikoaren araudian jasotako gehieneko kontratazio epeak ez betetzeagatik ordaindu beharreko konpentsazioak.

Orobat, elkarteek dirulaguntza eskatzen ahalko dute honako hauek erosteko gastuetarako: material informatikoak eta digitalak, altzariak eta tresnak, bai eta material inbentariagarria erosteko egin beharrekoak ere, baldin eta gastuok zalantzarik gabe beharrezkoak badira Gazteentzako Informazio Zerbitzuek beren lana egiteko.

–Hauek jotzen dira material informatiko eta digitaltzat: ordenagailuak, inprimagailuak, ekipamenduen eguneratzea, softwarea, gailu mugikorrak, telefono mugikorrak, argazki- eta bideo-kamerak, USBak eta beste gailu digital batzuk.

–Hauek jotzen material higigarri eta tresneriatzat: mahaiak, aulkiak, apalategiak, armairuak, totemak, erakustokiak, etab.

–Material inbentariagarriak honako hauek dira: koadernagailuak, arbelak, plastifikatzaileak, birringailuak, panel informatiboak, ohol informatiboak eta abar.

5. Kredituaren banaketa.

15.000 euroko gastua baimentzen da; horietatik 10.000 euro langile gastuetarako erabiliko dira eta 5.000 euro ekipamendu gastuetarako, eta honela banatuko da:

–5.000 euro langile gastuetarako eta 2.500 euro GIZen ekipamendurako, NGIren laguntza eskatu bazuten aurreko deialdi batean gazte informazioko zerbitzuetarako.

–5.000 euro langile gastuetarako eta 2.500 euro ekipamendurako, gazte informazioko zerbitzuetarako NGIren dirulaguntzarik inoiz eskatu ez duten GIZentzat eta 2026ko irailaren 30a baino lehen sortzeko konpromisoa hartzen dutenentzat.

Aurreko deialdi batean NGIren laguntza eskatu zuten GIZei dagokienez aurkeztutako eskabide guztiei erantzun ondoren, erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua osorik agortzen ez bada, gainerako zenbatekoa gehituko zaie NGIren dirulaguntza inoiz eskatu ez duten GIZentzako dirulaguntzei eta 2026ko irailaren 30a baino lehen sortzeko konpromisoa hartzen dutenei, eta alderantziz.

6. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Langileak kontratatzeko dirulaguntza kostuaren %75 izanen da gehienez.

6.2. Ekipamendua erosteko dirulaguntza, gehienez ere, erosketaren kostuaren %100 izanen da.

6.3. Aurkeztutako eskaeren kopurua ikusi eta deialdi honetarako finkatutako dirua nahikoa ez bada aurreikusitako gehieneko dirulaguntzak emateko, diru hori onuradunen artean hainbanatuko da proportzionalki. Horretarako, aurreikusitako gehieneko zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den ehunekoan murriztuko dira.

6.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa inolaz ere ezin da izan entitate onuradunak kontratatutako langileen edo erositako ekipamenduaren kostua baino gehiago.

7. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.

7.1. Dirulaguntza eskaerak, hasierako dokumentazioa eta frogagiriak Nafarroako Gazteriaren Institutuari aurkeztu beharko zaizkio, eta telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez erregistro orokor elektronikoaren bidez, ahal dela "Tramiteak" katalogoaren bitartez, Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoan (www.nafarroa.eus). https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on?tramiteId=79574.

7.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.3. Dirulaguntza eskaerekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Eskabide orokorra eta erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina).

–Gazteentzako informazio lanak egiten dituzten langileen soldata gastuen aurrekontua, dirulaguntzaren aldirako aurreikusia (III. eranskina), bai eta enpresa hornitzaileen aurrekontuak eta/edo fakturak ere, eskuratu nahi den edo eskuratu den materiala modu arrazoituan jasotzen dutenak, eta horien laburpena. (IV. eranskina).

8. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

8.1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat:

–2025eko urriaren 1etik aurrera sortutako Gazteentzako Informazio Zerbitzuak:

Gazteentzako informazio gunea izatea

80 puntu

Gazteentzako informazio bulegoa izatea

100 puntu

–Gainerako Gazteentzako Informazio Zerbitzuak:

Gazteentzako Informazio Sareak antolatutako bileretara joan izana 2024ko urriaren 1etik 2025eko urriaren 1era bitartean*

%25

10 puntu

%50

20 puntu

%75 edo gehiago

30 puntu

Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskainitako prestakuntza saioetan parte hartu izana 2024ko urriaren 1etik 2025eko urriaren 1era bitartean*

%25

10 puntu

%50

20 puntu

%75 edo gehiago

30 puntu

Gazteentzako Informazio Zerbitzua zabalik edukitzea arratsaldez eta/edo asteburuetan

20 puntu

2024ko arreten memoria Gazteen Dokumentazio eta Informazio Zentroari ematea

20 puntu

* Gazteentzako informazio zerbitzuak 2024ko urritik aurrera aitortuta daudenean, portzentajea kalkulatuko da aitorpen ofizialaren datatik aurrera.

Eskaera bakoitzak 100 puntu lortzen ahalko ditu gehienez; dirulaguntza jasotzeko, 40 puntu lortu beharko dira gutxienez.

9. Antolamendua eta instrukzioa.

9.1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala izanen da.

9.2. Eskaerak ahalik hobekien ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.

Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskaera aurkeztu duen entitateari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko jakinarazpenaren biharamunetik 10 egun baliodun iragan baino lehen, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

10. Laguntzak emateko ebazpena.

10.1. NGIko zuzendari kudeatzaileak edukiko du eskumena dirulaguntzak emateari buruz ebazteko. Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko gehieneko epealdia hiru hilabetekoa izanen da eskaerak aurkezteko epealdia bukatzen denetik. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

10.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da. Orobat, dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

11. Justifikatzeko epea eta modua.

Dirulaguntza justifikatzeko epea amaituko da 2026ko urriaren 15ean.

Dirulaguntza ordainduko da diruz lagundutako jarduketa amaitutakoan eta eskatutako ziurtagiriak aurkeztutakoan. Dirulaguntzan onetsitako zenbatekoa osorik jasotzeko, dirulaguntzarako onetsitako gastuaren zenbatekoa, gutxienez, justifikatu beharko da. Justifikatutako gastua onetsitakoa baino txikiagoa bada, ordainduko den dirulaguntzaren zenbatekoa ere murriztuko da, modu proportzionalean.

Diruz lagungarriak diren jarduketen guztirako gastuaren justifikazioa elkarteko idazkariak egindako ziurtagiri bat aurkeztuz eginen da. Ziurtagiri horretan diruz lagungarriak diren langileen jarduketak (V. eranskina) eta ekipamenduaren ingurukoak (VI. eranskina) eta haien kostua zehaztu beharko dira, haietan egin diren gastu guztiak banakatuta. Ziurtagiri horri dagozkion fakturak eta froga-balio bereko agiriak erantsiko zaizkio, eta, kasua bada, gazteentzako informazio bulegoari edu guneari esleitutako langileen nominak.

Kasu guztietan, egindako gastu eta ordainketa guztien frogagiriak aurkeztu beharko dira.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZa, faktura egiten deneko eguna, zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, ordaintzeko modua eta aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).

Honako hauek ez dira inolaz ere onartuko: ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak eta froga-baliorik, merkataritzako trafiko juridikoan baliorik eta egindako gastua frogatzeko administrazio eraginik ez duten ziurtagiriak.

Egotzitako langile-gastua justifikatzeko, entitate onuradunak nominak aurkeztu beharko ditu.

12. Dirulaguntzaren ordainketa.

12.1. NGIko zuzendari kudeatzaileak dagokion ordainketa ebazpena eman eta jakinaraziko du, 11. oinarrian ezarritakoaren araberako egiaztagiriak aurkeztu ondoren. Dirulaguntzak transferentzia bidez ordainduko dira, dagokion ordainketa ebazpena onetsi ondoren.

Gastu diruz lagungarriaren %100 justifikatzen ez bada, benetan gauzatutako gastua zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da dirulaguntza.

13. Betebeharrak.

13.1. Dirulaguntzen onuradun den elkarteak dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko du, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, NGIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

13.2. Elkarte onuradunek bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan dirulaguntzen onuradunei ezarritako betebehar orokorrak.

13.3. Halaber, entitate onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak 12.4 artikuluan ezartzen duen gardentasun-betebeharra bete beharko dute. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

14. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Kontzeptu beretarako bi entitate edo gehiagoren laguntza jasotzen duten elkarteek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, presidenteak edo ordezkariak sinatua, eta bertan adierazi beharko dute dirulaguntza guztien batura egindako gastua baino gutxiago dela.

15. Ez-betetzeak.

Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

16. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beraren oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari, eta horretarako hilabete egonen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

17. Aplikatzekoa den legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2514722