Iragarkia
236. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
159C/2025 EBAZPENA, urriaren 24koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Fiteroko San Raimundo zahar-egoitzaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Aztertu da Fiteroko San Raimundo zahar-egoitzaren hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31102490012025); erregistro honetan sartu zen 2025eko urriaren 20an, 2025eko urriaren 10ean enpresaren eta sindikatuen ordezkariek sinatu ondoren.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, laneko akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Fiteroko San Raimundo zahar-egoitzak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31102490012025).
Bigarrena.–Agintzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko urriaren 24an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
FITEROKO SAN RAIMUNDO ZAHAR-EGOITZAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
2025-2026
Fiteron, 2025eko urriaren 10ean.
1. artikulua. Negoziazio alderdiak. Pertsona eremua eta eremu funtzionala.
Lan hitzarmen kolektibo hau Fiteroko San Raimundo zahar-egoitza erakunde autonomoko ordezkariaren eta enpresari atxikitako langileen legezko ordezkaritzaren arteko negoziazioaren eta akordioaren emaitza da.
Hitzarmen kolektibo honek Fiteroko San Raimundo zahar-egoitza erakunde autonomoan zerbitzu ematen duten langileen lan baldintzak arautzen ditu, langile finkoenak zein behin-behinekoenak, mendekotasuna duten pertsonak artatzeko eta autonomia funtzionala sustatzeko zerbitzuen sektorearen baitan (egoitzak).
2. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmen honek Fiteroko San Raimundo zahar-egoitza fundazioa erakunde autonomoari eragiten dio.
3. artikulua. Denbora-eremua.
Enpresako hitzarmen kolektibo honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, harik eta itundu den indarraldia bukatu arte; salbuespenak dira beste indarraldi baterako espres adostu diren arauak eta baldintzak.
Horrenbestez, hitzarmen kolektibo honek 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31 arte indarraldia izatea adostu dute alderdiek.
Langileen Estatutuaren 86.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmen kolektibo honen indarraldia bukatzen den egunetik salatutzat joko da.
Indarraldia bukatuta, hitzarmen kolektibo honek aurreraeragina izanen du mugarik gabe, hura berritzen duen hitzarmenak ordezten duen arte. Hitzarmen kolektibo honen aurreraeraginak dirauen bitartean, luzatu eginen da hitzarmenean jasotako xedapen guztien aplikazioa, konbentzio edo arau izaera duten xedapenak barne.
Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek xedatzen dute ezen, aplikatu beharreko sektoreko hitzarmen kolektibo berri batek enpresa hitzarmen honen baldintzak hobetzen baditu, nahiz eta Langileen Estatutuaren 84.2 artikuluan adierazitako gaiak izan, hitzarmen sektoriala aplikatuko dela hobetutako gaietan.
Enpresa hitzarmen honetan arautzen ez diren gai guztietarako, alderdiek sektoreko hitzarmen probintzialera joko dute ordezko gisa aplikatzeko; horrelakorik egon ezean, estatuko hitzarmenera joko dute, nahiz eta horrek hasierako indarraldia galduta izan.
4. artikulua. Ondorioak.
Alderdiek adostu dutenez, hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo zatiezina osatzen dute; beraz, ez dago arauetako bat edo batzuk bakarrik aplikatzerik, gainerakoak baztertuta.
Hitzarmen honetako ordainsariek eta gainerako baldintzek erabat deuseztatzen dituzte aurreko baldintza guztiak, beste hitzarmen kolektibo, arau edo itun baten edo banaka aitortutako beste edozein baldintza baten ondorio direnak, kobratzen ahal diren lansarien eta lanez kanpoko sarien jatorria edozein izanik ere. Beraz, hitzarmen honetan ezarritako sariak geldituko dira soilik, eta ezin izanen dira beste batzuk ezarri, zeren haiek lehendik daudenak edo etorkizunean izan daitezkeenak osorik konpentsatu eta irensten baitituzte. Nominak horien arabera eguneratuko dira.
5. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lanaren antolaketa tekniko eta praktikoa zahar-egoitzako zuzendaritzari dagokio, indarra duten legezko xedapenen arabera.
Zentroko zuzendaritzak langileen urteko lan egutegiak prestatu eta entregatu beharko ditu aurreko urteko abenduaren 1erako.
Lan egutegia urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra aplikatuko da urtero.
Lan baldintzetan funtsezko edozein aldaketa egiteko, langilearekin eta ordezkaritza sindikalarekin adostu beharko da.
6. artikulua. Kategoria handiagoko edo txikiagoko lanak.
1. Langileak bere kategoriatik gorako lanak salbuespeneko premia larriak direla-eta eginen ditu.
2. Lanpostu berriak ordainsari handiagoa badu, langileak lanpostu berriari dagokion ordainsaria jasotzeko eskubidea izanen du hasiera-hasieratik. Kategoria handiagoko lan batean aritze hutsak ez du inoiz finkatuko goragoko soldata, ez eta kategoria ere.
3. Premia larriak edo aurreikusi ezin direnak direla eta, zahar-egoitzak langile bati ordainsari txikiagoko lanpostu bati dagozkion zereginak esleitu beharra badu, zilegi izanen du hala egitea, gehienez ere urtebetez, eta mantendu eginen dira langilea atxikita dagoen taldeko eta lanpostuko ordainsaria eta gainerako eskubideak, eta horren berri emanen zaie langileen ordezkariei; hori guztia, Langileen Estatutuaren 41. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.
7. artikulua. Lanbide prestakuntza.
1. Hitzarmen honen esparruko langileei erraztasunak emanen zaizkie titulu akademikoa edo profesionala eskuratzeko ikasketak egiteko, orobat, lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko, lanbide hobekuntzako ikastaroak egiteko, eta lanbide birmoldaketarako eta gaikuntzarako ikastaroak egiteko.
2. Ikasketa akademikoak eta lanbide prestakuntza edo hobekuntza arlokoak egiten ari diren langileek lehentasuna izanen dute oporrak eta lan txandak aukeratzeko, baita lanaldi arrunta egokitzeko ere, ikastaroetara joan ahal izateko, laneko premiak eta antolaketak horretarako bide ematen duten neurrian.
3. Zentroko lanak egokitze eta hobetze aldera antolatzen diren ikastaroetan langileek emandako denbora benetako lanalditzat joko da.
4. Lanbide prestakuntza, birmoldatze eta gaikuntzako ikastaroen gastuak (matrikula, egonaldia eta kilometrajea) diruz lagunduko dira, ikastarook enpresaren irizpideen eta beharren arabera gauzatu baldin badira.
8. artikulua. Lanbide kategoriak eta probaldia.
Lanbide kategoria bakoitzean kategoria horren arabera dagozkion eginkizunak bete beharko dira. Edonola ere, zahar-egoitzako edozein langilek isilpean gorde beharko ditu erabiltzaileen prozesu patologikoei buruzko gaiak, bai eta haien intimitateari buruzko edozein gai ere, edo pertsona fisikoen datuak babesteari buruzko legerian jasota dagoena, Datuen Babesari buruzko Lege Organikoa betez.
Sukaldeko laguntzaile lanpostua duten langileak enpresan hiru urte egindakoan sukaldari lanpostura igoko dira.
Hitzarmen honen V. taldeko lanbide kategoria duten langile guztiek, hitzarmena sinatzean erizaintzako laguntzailearen titulazio ofiziala, laguntzaile soziosanitarioarena edo parekoa badute, IV. taldeari dagokiona, IV. taldeko soldata jasoko dute kontzeptu guztietan eta talde horretan sartuko dira.
1. taldea.–Zuzendaritza.
2. taldea.–Unibertsitateko tituludunak.
3. taldea.–Goi mailako Lanbide Heziketa.
4. taldea.–Erdi mailako Lanbide Heziketa. Gerokultoreak, zaintzaileak, erizaintzako laguntzaileak, laguntzaile soziosanitarioak. Sukaldariak, mantentze-lanetako langileak.
5. taldea.–Kualifikaziorik edo titulazio homologaturik ez duten langileak. Garbiketako eta ikuztegiko langileak, zerbitzu orokorretako langileak, sukaldeko laguntzaileak, mantentze-lanetako laguntzaileak.
1. taldea.–Zuzendaria, goi mailako tituludunak eta espezialistak.
Zuzendaria, kudeatzailea, administratzailea:
Enpresaren edo zentroaren jardunari dagozkion jarduerak planifikatu, antolatu, zuzendu eta koordinatzen ditu.
Zeregin tekniko konplexuak eta heterogeneoak betetzen ditu, helburu global zehaztuekin eta autonomia, ekimen eta erantzukizun maila handiarekin. Haren eginkizunek berekin dakarte unitate funtzional bereko lankide talde baten eginkizunak integratu, koordinatu eta gainbegiratzea.
Bere eginkizunak betetzeko eskatzen den titulazioa edo esperientzia izanen du, indarreko araudian araututakoaren arabera.
–Proiektu asistentzialaren buru izatea, koordinatzaile asistentzialarekin batera edo, halakorik ez badago, bere kabuz.
–Urte bakoitzeko helburuak finkatzea, eta helburu horien betetze-mailari buruzko kontrol-sistemak ezartzea, batzordearekin batera aztertzeko.
–Egoiliarrei instalazio egokia ematea.
–Adinekoentzako zerbitzu integraleko arlo guztietako programazioak diseinatzea, kontrolatzea eta haien jarraipena egitea.
–Asistentzia arloen arteko kontrol- eta komunikazio-zirkuituak ezartzea.
–Langileen kudeaketa zehatz-mehatz gainbegiratzea programazio horiek bete daitezen; horretarako, erabiltzaileek behar dituzten lan-plan indibidualizatuak eta asistentzia-ordutegiak antolatuko ditu eta horien jarraipena eginen du, jasotzen duten arreta egokia dela bermatzeko.
–Erabiltzaileei behar duten laguntza ematea, bere gaitasun profesionalaren barrenean.
–Argibideak ematea egoiliarrei, bai eta haien senideei ere, egoitzako zerbitzuei, dependentziei eta bertan bete beharreko bizikidetza-arauei eta bizimoduari buruz.
–Erabiltzaileen urritasun motak eta mendekotasun mailak ebaluatzea, eta horiek berrikusteko aldiak zehaztea, egoiliar talde bakoitzaren ezaugarrien arabera, eta, horren ondorioz, erabiltzaile guztientzako banakako helburuak ezartzea.
–Egoiliarren kontrol idatziaz arduratzea, baimena edukita gaua zahar-etxetik kanpo eman behar badute, kanpoan bazkaldu behar badute, etab.
–Jardueren programa orokorra egitea, kontrolatzea eta jarraitzea (estimulazioa, aisialdia, terapia okupazionaleko jarduerak eta jarduera fisikoa barne), eta, egoiliarren zaletasunak, joerak, aukerak eta abar kontuan hartuta, antzekotasunak dituztenen arteko taldeak sor daitezen sustatzea.
–Egoiliarrek egindako eskaerak, kontsultak eta gatazkak jaso eta haiei erantzutea, aholkuak emanez eta konpontzen saiatuz, eta lehendakariaren eta gobernu batzordearen esku uztea konponbide zaila edo egoitzaren funtzionamenduan eragina dutenak.
–Egoiliarren senideekin harremanetan jartzea eta egotea, haien arteko harreman pertsonala errazteko.
–Posta, mandatuak eta telefonoz edo idatziz jasotako mezuak hartzea eta interesdunei ahalik eta lasterren helaraztea.
–Elikadura programatzen laguntzea eta haren kalitatea eta aurkezpena zaintzea.
–Egoiliarrak, langileak eta, oro har, zahar-etxean dauden pertsona guztiak begirunez eta adeitasunez tratatzea.
–Egoitzako partaidetza kontseiluarekin aldizkako bilerak egitea, zentroko harremana osatzen duten pertsona guztien arteko harremanak sustatzeko eta bizipen-dinamika suspertzeko.
–Unean-unean indarrean dauden lan arloko eta gizarte zerbitzuen arloko legeria, estatutuak eta zentroaren barne-araudiak betetzea eta betearaztea.
–Zentroko zerbitzu guztien antolaketaz, kontrolaz, funtzionamenduaz, koordinazioaz eta jarraipenaz arduratzea.
–Langileen etengabeko prestakuntzako programak diseinatu eta garatzea. Langileei aholku emanen zaie erabiltzaileekin harremanak garatzeko moduei buruz, egoitzako asistentzia- eta bizikidetza-dinamikan parte-hartze aktiboaren bidez.
–Egoitzari atxikitako langileak antolatzea, eta bereziki:
- Bertaratze-kontrola.
- Ordutegiak.
- Oporrak.
- Baimenak.
- Lizentziak.
- Laneko bajak.
- Ordezkapenak eta lan-poltsa.
- Lan egutegia.
- Ordezkaritza negoziazio kolektiboan.
- Osasun azterketak.
- Laneko arriskuen prebentzioa.
- Absentismoa eta osasun ikuskapenerako zerbitzuen esku-hartzea.
- Lan-istripuen parteak.
–Erabiltzaileen laguntza premiei erantzuteko behar diren giza baliabideen neurri egokia eta lanpostuen lanbide-profilak ezartzea.
–Administrazioaren ikuskaritza-zerbitzuen eta erakundeen ordezkarien bisitak hartzea.
–Datu pertsonalen babeserako legeria betetzea eta betearaztea.
–Lehendakariari eta gobernu batzordeari eskatzen dituzten txostenak ematea, bai eta bere esperientzien emaitzak eta egoiliarren onerako izan daitezkeen oharrak ere, eta haien erabakiak izapidetzea eta betearaztea.
–Lehendakariak eta gobernu batzordeak zehazten dituzten beste eginkizun batzuk betetzea, zuzendaritza zereginaren arabera.
–Bere lanbide kualifikazioarekin zuzenean lotutako beste jarduera batzuk egitea.
2. taldea.–Unibertsitateko tituludunak.
Psikologoa:
Dagokion titulua eta lanbidean aritzeko legezko gaitasuna dituen langilea da.
Jarraian zehazten diren eginkizunak beteko ditu, baita hari eskatu eta haiekin eta/edo bere titulazioarekin eta gaitasun profesionalarekin zerikusia dutenak ere:
–Banako zein taldeko tratamendu psikoterapeutikoak egitea erabiltzaile guztiei.
–Egiten den tratamenduaren aplikazioaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
–Diziplinarteko taldearekin parte hartzea erabiltzaileen balorazio psikologikoak egiten eta behar duten arreta ematen.
–Estimulazio kognitiboaren programa gauzatzea.
–Sustapen lana egitea, egoiliarrak zentroko eta inguruneko bizitzan integratu daitezen eta parte har dezaten.
–Talde teknikoko kide den aldetik, parte-hartze aktiboa izanen du pertsonarengan zentratutako arreta integraleko eredua ezartzen, lan-metodologia gidatuko du, zerbitzuan etengabeko prestakuntza-jardueretan parte hartuko du, zaintza humanizatzeko programak garatuko ditu, eta etengabeko harremana izanen du egoiliarrekin eta haien familiekin, besteak beste.
–Garapen komunitarioko programa orotan parte hartuko du, egoitzaren eremuaren barruan zein kanpoan.
–Zuzendaritzak agintzen dion beste edozein eginkizun sozioasistentzial.
Egoitzetako gainbegiralea, koordinatzaile asistentziala:
Titulazio eta/edo prestakuntza egokia dituen langilea da, eta egoitzaren koordinazio-, kudeaketa- eta antolaketa-lanak egiten ditu autonomiaz, ekimenez eta erantzukizunez, egoitzako zuzendaritzaren mende zuzenean.
Egoitzako zuzendariak eskuordetuta, honako eginkizun nagusi hauek betetzen ditu: egoitzako zerbitzuak antolatzea, banatzea eta kontrolatzea, bere ardurapean dauden langileen gaineko aginte hierarkikoa betetzea, egoitzaren, erabiltzaileen eta haien familien arteko harremanak koordinatzea, ardurapean duen taldea kudeatzea, langileak bildu eta hautatzea, eta langile berriak trebatzea, eta jarraipen- eta ebaluazio-bilerak egitea.
Egoitzako zuzendaria ordezten ahalko du hura ez badago.
Eskatzen zaion titulazioa eta/edo esperientzia izanen du bere eginkizunak betetzeko, indarrean dagoen araudiarekin bat.
Talde teknikoko kide den aldetik, parte-hartze aktiboa izanen du pertsonarengan zentratutako arreta integraleko eredua ezartzen, lan-metodologia gidatuko du, zerbitzuan etengabeko prestakuntza-jardueretan parte hartuko du, zaintza humanizatzeko programak garatuko ditu, eta egoiliarrekin eta haien familiekin etengabeko harremana izanen du, besteak beste.
Garapen komunitarioko programa orotan parte hartuko du, egoitzaren eremuaren barruan zein kanpoan.
Erizaina:
Dagokion titulua eta lanbidean aritzeko legezko gaitasuna dituen langilea da.
Jarraian zehazten diren eginkizunak beteko ditu, baita hari eskatu eta haiekin eta/edo bere titulazioarekin eta gaitasun profesionalarekin zerikusia dutenak ere:
–Zenbait egoeratan, eta enpresak eskatzen badu, profesional honek koordinatu eta gainbegiratzen ahalko ditu erabiltzaileen zainketa eta arreta planean aurreikusten diren zainketak, betiere bere eremu funtzionalaren barnean baldin badaude.
–Erabiltzaileak eta haien giza eta osasun behar orokorrak zaindu eta artatzea, batik bat haren zerbitzuen beharra dutenean.
–Botikak prestatu eta ematea sendagileen aginduen arabera (tratamenduak zehazki).
–Odolaren presioa, pultsua eta tenperatura hartzea.
–Sendagileei laguntzea erabili beharreko materiala eta medikamentuak prestatzen.
–Historia klinikoak ordenatzea eta jaso beharreko funtzioarekin lotutako datuak idaztea.
–Gaixotasunagatik oheratutako erabiltzailea artatzea, agindu bezala postura aldatzea, gaixoentzako otorduen zerbitzua kontrolatzea eta elikadura zuzenean ematea, horretarako instrumentalizazioa behar denean (zunda nasogastrikoa, zunda gastrikoa, etab.).
–Kolostomizatutako erabiltzaileen itsasgarria eta estoma zaintzea eta garbitzea.
–Erabiltzaileen higiene pertsonala kontrolatzea, baita haiek geletan dituzten medikamentuak eta janariak ere.
–Zentroko langileen osasun beharrei kasu egitea, haiek bere eskumenekoak badira.
–Fisioterapeutei laguntzea jardueretan, haien kalifikazio maila bateragarria bada erizain titulazioarekin eta bere berariazko eginkizunek horretarako aukera ematen badute.
–Farmaziako, analitikako eta erradiologiako eskariak egitea espezialistarik ez duten zentroetan.
–Medikuak agindutako jarduera fisikoak zaindu eta begiratzea, eta horiek egitean gerta daitezkeen gorabeherak behatzea.
–Oinetako azazkalak moztea erabiltzaile diabetikoei eta antikoagulatzaileen bidezko tratamendua jasotzen dutenei, bai eta azazkal inkarnatuen eta erpurukoaren tratamendua dutenei ere.
–Talde teknikoko kide den aldetik, parte-hartze aktiboa izanen du pertsonarengan zentratutako arreta integraleko eredua ezartzen, lan-metodologia gidatuko du, zerbitzuan etengabeko prestakuntza-jardueretan parte hartuko du, zaintza humanizatzeko programak garatuko ditu, eta etengabeko harremana izanen du egoiliarrekin eta haien familiekin, besteak beste.
–Garapen komunitarioko programa orotan parte hartuko du, egoitzaren eremuaren barruan zein kanpoan.
–Zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun sozioasistentzial.
Fisioterapeuta:
Dagokion titulazioa eta lanbidean jarduteko legezko gaitasuna edo lanbide gaitasuna dituen langilea da.
Jarraian zehazten diren eginkizunak beteko ditu, baita eskatzen zaizkionak ere, haiekin eta/edo bere titulazioarekin zerikusia dutenak:
–Agindutako errehabilitazio-tratamenduak eta -teknikak egitea.
–Eskatzen zaionean, zentroko lanbide anitzeko taldean parte hartzea, bere lanbide espezializazioarekin zerikusia duten probak edo balorazioak egiteko.
–Tratamenduaren aplikazioaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
–Bere espezialitateko tratamenduaren aplikazioa ezagutzea, ebaluatzea eta informatzea eta, hala badagokio, aldatzea, tratamenduak egiten direnean besteren baliabideak erabiliz.
–Bere espezialitateko baliabideak ezagutzea lurralde eremuan.
–Zentroan batzarretarako eta lan-saioetarako deia egiten bada, horietan parte hartzea.
–Bere eskumeneko gaietan laguntzea erabiltzaileen familiei eta erakundeei zuzendutako prestakuntza- eta informazio-programetan.
–Behar duten profesionalei aholkularitza ematea teknika fisioterapeutek eragina duten mobilizazio-jarraibideei eta tratamenduei buruz.
–Zentroetan tratamenduen berrikuspenerako, jarraipenerako eta ebaluaziorako egiten diren saioetara joatea.
–Talde teknikoko kide den aldetik, parte-hartze aktiboa izanen du pertsonarengan zentratutako arreta integraleko eredua ezartzen, lan-metodologia gidatuko du, zerbitzuan etengabeko prestakuntza-jardueretan parte hartuko du, zaintza humanizatzeko programak garatuko ditu, eta etengabeko harremana izanen du egoiliarrekin eta haien familiekin, besteak beste.
–Garapen komunitarioko programa orotan parte hartuko du, egoitzaren eremuaren barruan zein kanpoan.
–Zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun sozioasistentzial.
Terapeuta okupazionala:
Dagokion titulua eta lanbidean aritzeko legezko gaitasuna dituen langilea da.
Jarraian zehazten diren eginkizunak beteko ditu, baita eskatzen zaizkionak ere, haiekin edo bere titulazioarekin edo gaitasun profesionalarekin zerikusia dutenak:
–Zentroko jardueren plan orokorrean parte hartzea.
–Terapia okupazionalari dagozkion esku-hartzeak egitea, hala nola oinarrizko eguneroko bizitzako jarduerak eta jarduera instrumentalak, lana, hezkuntza, aisia eta parte-hartze soziala entrenatzea, mantentzea eta garatzea. Era berean, erabiltzaileak errehabilitatzea/gaitzea, ingurunearekin erlazionatzeko edo jarduera okupazionalak egiteko gaitasunak berreskuratzea edo mantentzea, eta ortesiak, protesiak eta laguntza-produktuak egitea, egokitzea eta erabiltzen entrenatzea.
–Zentroko erabiltzaileen aisialdiko eta denbora libreko arloetan parte hartzea.
–Diziplina anitzeko gainerako taldearekin batera, parte hartzea zentroko erabiltzaileen suspertze- edo laguntza-prozesuaren ebaluazioan eta jarraipenean.
–Bere eskumeneko gaietan laguntzea (okupazio arloen errehabilitazioa, laguntza-produktuak agintzea, egokitzapenak, irisgarritasuna, ergonomia, ekonomia artikularra, mobilizazio funtzionala eta erakundeen erabiltzaileen familiei informazioa ematea), erakundeen erabiltzaileen familiei prestakuntza eta informazioa emateko egiten diren programetan.
–Talde teknikoko kide den aldetik, parte-hartze aktiboa izanen du pertsonarengan zentratutako arreta integraleko eredua ezartzen, lan-metodologia gidatuko du, zerbitzuan etengabeko prestakuntza-jardueretan parte hartuko du, zaintza humanizatzeko programak garatuko ditu, eta etengabeko harremana izanen du egoiliarrekin eta haien familiekin, besteak beste.
–Garapen komunitarioko programa orotan parte hartuko du, egoitzaren eremuaren barruan zein kanpoan.
–Zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun sozioasistentzial.
Gizarte langilea:
Dagokion titulazioa eta lanbidean jarduteko legezko gaitasuna dituen langilea da.
Jarraian zehazten diren eginkizunak beteko ditu, baita eskatzen zaizkionak ere, haiekin edo bere titulazioarekin edo gaitasun profesionalarekin zerikusia dutenak:
–Zentroko gizarte lana planifikatu eta antolatzea, helburuen programazio egokia eta lanaren arrazionalizazioa direla bide.
–Egoitzan sartzeko prozesuan arreta ematea eta erabiltzailearen historia eta fitxa soziala egitea.
–Egoiliarrekin zerikusia duten alderdi sozialak ikertzen laguntzea eta horretarako azterketak egitea.
–Administrazio-jarduerak egitea eta erabiltzaileen txosten sozialak eta zentroko zuzendariak eskatzen dizkienak egitea. Baliabide berekiei eta kanpokoei buruzko informazioa ematea, eta haien egoera pertsonal, familiar eta sozialaren balorazioa egitea.
–Zuzeneko arreta ematea, banaka, taldeka eta komunitatean.
–Sustapen lana egitea, egoiliarrak zentroko eta inguruneko bizitzan integratu daitezen eta parte har dezaten.
–Parte hartzea erabiltzaileak zentrora egokitzeko programak prestatzen eta abiarazten.
–Gizarte eta kultur sustapeneko lantaldeak eta jarduerak koordinatzea.
–Batzorde teknikoan parte hartzea.
–Erabiltzaileen arazo sozialak konpontzeko behar diren kudeaketak egitea, batez ere entitate eta erakundeekikoak.
–Gizarte eta osasun zerbitzuen sistemako profesionalekiko eta baliabideekiko koordinazioa sustatzea, komunikazio-bideak ezartzeko.
–Parte hartzea, profesional anitzeko taldearekin edo osasun sailarekin, erabiltzaileek behar dituzten orientabideak edo arreta prestatzen.
–Logelak eta jantokiko mahaiak esleitzen eta aldatzen parte hartzea erizaintza sailarekin eta zuzendariarekin batera.
–Osasun zentroetako erabiltzaileen jarraipena egitea eta, hala badagokio, behar diren bisitak egitea.
–Erabiltzaileei zentroan gizarte arreta emateko prozesuan familiari informazioa, orientazioa, aholkularitza eta laguntza ematea.
–Talde teknikoko kide den aldetik, parte-hartze aktiboa izanen du pertsonarengan zentratutako arreta integraleko eredua ezartzen, lan-metodologia gidatuko du, zerbitzuan etengabeko prestakuntza-jardueretan parte hartuko du, zaintza humanizatzeko programak garatuko ditu, eta etengabeko harremana izanen du egoiliarrekin eta haien familiekin, besteak beste.
–Garapen komunitarioko programa orotan parte hartuko du, egoitzaren eremuaren barruan zein kanpoan.
–Zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun sozioasistentzial.
3. taldea.–Langile kualifikatuak (Lanbide Heziketa, goi mailako zikloa).
Zerbitzu orokorren arloko koordinatzaile gobernaria:
Titulazio eta/edo prestakuntza egokia duen langilea da, eta autonomiaz, ekimenez eta erantzukizunez koordinazio- eta gainbegiratze-lanak egiten ditu.
Jarraian zehazten diren eginkizunak beteko ditu, baita eskatzen zaizkionak ere, haiekin eta/edo bere titulazioarekin, gaikuntzarekin edo gaitasun profesionalarekin zerikusia dutenak:
–Bere eskumeneko administrazio-eginkizunak eta kudeaketa eskuordetua egitea, zentroko erosketen arloan eta hornitzaileekiko eta kanpoko beste zerbitzu batzuekiko harremanen arloan, zentroko zuzendaritzak ezarritako argibideen eta jarraibideen arabera.
–Bere ardurapean dauden langileen jarduera gainbegiratzea eta banatzea, bai eta plantillako txandak egitea ere. Begiratzea bere ardurapean dituen materialak, tresnak, erremintak eta makinak behar bezala eta ekonomiaz erabiltzen direla; horien zenbaketa eta inbentarioa egitea.
–Sukalde-zerbitzuarekin koordinatuta, arduratuko da behar bezala funtzionatzen dutela jantoki-zerbitzuak, janari-banaketak, eta zerbitzua muntatu, garbitu eta kentzeko lanak.
–Ezagutzea zenbat zerbitzu egiten diren egunero zerbitzuan.
–Laguntza- eta osasun-langileekin koordinatuta, erabiltzaileek geletan dituzten elikagaien egoera ona kontrolatzea.
–Zentroetan otorduak egiten baldin badira hirugarrenekin sinatutako itunen bidez, aretoen eta zerbitzatutako elikagaien osasun baldintzak gainbegiratzea.
–Bere eskumen-eremuan kontratatutako zerbitzuen funtzionamendu egokia gainbegiratzea.
–Zaintzea bere ardurapean dauden langileen lan profesionala betetzen dela, bai eta haien higienea eta uniformeak ere.
–Bere ardurapeko langileei laneko arropa eta materiala ematea.
–Premiazko edo ustekabeko beharrak direla-eta, zentroaren ohiko jarduerak hala eskatzen badu, salbuespen gisa eta denbora mugatu batez, bere ardurapeko langileen berezko jardueretan laguntzea.
–Arduradun hurrenari jakinaraztea bere lanean ikusitako gorabeherak edo anomaliak.
Eskatzen zaien titulazioa edo gaikuntza eta/edo esperientzia izanen dute beren eginkizunak betetzeko, indarrean dagoen araudiarekin bat.
Mantentze-lanetako ofiziala:
Zentroko instalazio guztiak ustiatu eta mantentzeko ardura zuzena du. Egin beharreko lana programatzen du, eta kontratatutako kanpoko enpresek egindako lana koordinatu eta kontrolatzen du, zentroaren jarduera-protokoloan hala aurreikusita dagoenean.
Jarraian zehazten diren eginkizunak beteko ditu, baita eskatzen zaizkionak ere, haiekin eta/edo bere titulazioarekin, gaikuntzarekin edo gaitasun profesionalarekin zerikusia dutenak:
–Instalazioen araudietan edo horiek garatzen dituzten jarraibide teknikoetan zehaztutako eragiketak egitea, eta parametroen balioak eskatutako mugen barnean edukitzea.
–Mantentze-lan prebentibo eta zuzentzailerako planak egitea zentroko instalazio, ekipo, ibilgailu eta azpiegituretarako, eta aldizkako ikuskapenak kontrolatu eta/edo egitea zentroaren azpiegiturako elementuetan.
–Mantentze-lanak egiteko liburuak, erabilera-eskuliburua, indarreko legerian ezarritako bisita-liburua edo etorkizunean ezar daitezkeenak gordetzea eta zaintzea.
–Instalazioetan egiten diren eragiketak idatziz jasotzea eta zentrokoak ez diren enpresetako langileek egiten dituztenak berrikustea.
–Garbitasun- eta funtzionamendu-egoera egokian mantentzea makina-gela, instalazioak, koadro elektrikoak, transformadoreak, tailerra eta dagozkion materialak.
–Kontrolatzea nola muntatu, ibili eta desmuntatzen diren zentroko jarduerak behar bezala garatzeko beharrezkoak diren oholtzak, agertokiak, eserlekuak, zinema-proiektagailua, bozgorailuak eta abar.
–Zerbitzu teknikoetako ofizialek esleituta dituzten eginkizun guztiak egitea, eta, sail horretako arduraduna den aldetik, zuzenean arduratzea egindako lanez eta lan horien banaketaz, enpresak ematen dizkion aginduak betetzeaz eta betearazteaz, eta ataletako buruek igortzen dituzten matxura-parteak jasotzeaz.
–Bere ardurapean dauden langileek beren jarduera profesionala erregulartasunez betetzen dutela begiratzea, eta ikusten dituen faltak zuzendaritzari jakinaraztea.
–Bere kargua betetzean, erraztasunak ematea lanbide prestakuntza ezin hobea lortzeko.
Bere eginkizunak betetzeko eskatzen zaion titulazioa edo gaikuntza eta/edo behar den esperientzia izanen du, indarrean dagoen araudiarekin bat.
Jarduera soziokulturaletako teknikaria:
Jarduera soziokulturaletako teknikariak lan egin behar du gainerako profesionalekin koordinatuta eta erabiltzaileen zainketa eta arreta planaren baitan. Horretarako, jarduera kulturalak, sozialak, hezkuntzakoak eta aisialdikoak antolatu eta gauzatuko ditu modu kualifikatuan.
Jarraian zehazten diren eginkizunak beteko ditu, baita eskatzen zaizkionak ere, haiekin edo bere titulazioarekin edo gaitasun profesionalarekin zerikusia dutenak:
–Esku-hartze kulturaleko prozesuak ezagutzea, proposatzea eta gauzatzea, kudeaketaren aldetik zein hezkuntzaren aldetik.
–Kultura eta hezkuntza esparruen eta prozesu sozial eta ekonomikoen arteko erlazioak ezartzea.
–Informazio iturrietara eta prozeduretara jotzea behar diren baliabideak eskuratzeko eta prozesu kulturalak abian jartzeko.
–Orotariko kualifikazioa duten profesionalekin koordinaturik aritzea esku-hartze kulturaleko estrategiak diseinatu eta gauzatzeko orduan.
–Askotariko proiektu eta programak eta horien aurrekontuak egitea, bai eta behar diren txosten eta ebaluazioak ere.
–Programa eta proiektu espezifikoak egitea.
–Erabiltzaileen garapen osoa sustatzea hezkuntzako jolas-ekintzaren bidez.
–Banako edo taldeko animazio teknikak garatu eta gauzatzea, erabiltzaileak aisialdiko jardueretan murgilarazteko eta horrela haien integrazioa eta garapena sustatzeko, banaka nahiz taldeka.
–Erabiltzaileei erakustea parte-hartzea garrantzizkoa dela haien integrazioa eta ingurunearekiko harreman ona lortzeko.
–Bere lanean edo animatzaile soziokulturalen lanean gertatzen den edozein gorabeheraz arduratzea.
–Aldian behin bilerak egitea gainerako taldekideekin eta animazio soziokulturaleko lana egiten duen zentroetako arduradunekin.
–Boluntarioak eta animazio soziokulturaleko praktikak egiten ari diren ikasleak koordinatzea.
–Bere lanbide kategoriarekin zerikusia duten irakaskuntza lanak, solasaldiak eta txostenak egitea.
–Zentroetako jarduera eta aurrekontuen plan orokorrean parte hartzea.
–Animazio soziokulturaleko lantaldeak, jarduerak eta aurrekontuak koordinatzea.
–Arduradun hurrenari jakinaraztea bere lanean ikusitako gorabeherak edo anomaliak.
Bere eginkizunak betetzeko eskatzen den titulazioa edo esperientzia izanen du, indarreko araudian araututakoaren arabera.
–Talde teknikoko kide den aldetik, parte-hartze aktiboa izanen du pertsonarengan zentratutako arreta integraleko eredua ezartzen, lan-metodologia gidatuko du, zerbitzuan etengabeko prestakuntza-jardueretan parte hartuko du, zaintza humanizatzeko programak garatuko ditu, eta etengabeko harremana izanen du egoiliarrekin eta haien familiekin, besteak beste.
–Garapen komunitarioko programa orotan parte hartuko du, egoitzaren eremuaren barruan zein kanpoan.
–Zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun sozioasistentzial.
4. taldea.–Langile kualifikatuak (Lanbide Heziketa, erdi mailako zikloa).
Gerokultorea:
Zentroko zuzendariaren menpean edo zehaztuko den pertsonaren menpean, honako eginkizun nagusia duen langilea: eguneroko jardueretan erabiltzaileak zaindu eta laguntzea, haien kabuz egin ezin dituztenean, eta haiei laguntza pertsonala eta haien ingurunekoa emateko helburua duten lan profesional guztiak egitea.
Jarraian zehazten diren eginkizunak beteko ditu, baita hari eskatu eta haiekin eta/edo bere titulazioarekin, gaikuntzarekin edo gaitasun profesionalarekin zerikusia dutenak ere, ezarritako protokoloekin bat:
–Diziplinarteko taldeari sostengua ematea erabiltzaile berriei harrera egiteko, eta zaintza-plan indibidualizatua egokitzen laguntzea.
–Eguneroko jarduerak gauzatzeko, diziplinarteko lantaldeak programatutako esku-hartzeak egitea.
–Laguntzea prebentzio jarduerak, okupazionalak eta asialdikoak planifikatzen, antolatzen eta gauzatzen.
–Erabiltzaileen higiene pertsonala mantentzea.
–Botikina eta haren edukia garbitzea, bai eta gainerako material sanitario edo asistentziala ere.
–Egoiliarrei elikagaiak banatu eta ematea, eta jaten laguntzea hala behar badute.
–Bere gain hartzea erabiltzailearen gelan elikagaiak jaso, banatu eta jasotzeko lana.
–Jarrera-aldaketak egitea, eta bere prestakuntza teknikoaren arabera esleitzen zaizkion zerbitzu osagarriak ere bai.
–Lankidetzan aritzea erizaintzako zerbitzuarekin oheratuta daudenen jarrera-aldaketak egiteko, bai eta horiek aztertu eta behatzeko behar diren jardueretan ere.
–Egoiliarrei laguntzea lekualdatzeko prestatzen, laguntza-, zaintza- eta sostengu-jarduerak eginez.
–Lankidetzan aritzea osasun langileekin medikazioa banatzeko.
–Lankidetzan aritzea, erizainek gainbegiratuta, kolostomizatuta dauden edo zundak dituzten egoiliarrak zaintzen eta xiringa bidez janaria ematen.
–Erizaina ez badago, glukosaren proba egiten ahalko du, eta larruazalpeko bidetik erabiltzaileei intsulina eta heparina eman, baldin eta tratamenduaren dosia eta segimendua medikuek edo erizainek egiten badute.
–Erizainik ez badago, medikazioa emanen du, baldin eta tratamenduaren dosia eta segimendua medikuek edo erizainek egiten badute.
–Erabiltzaileei lagun egitea gaitasun fisikoak eta motorrak mantentzea eta hobetzea errazteko jarduerak egiten dituztenean, bai eta programatutako jardueretan ere, dela mediku-hitzorduetara edo txangoetara joatea, dela gestioak eta abar egitea, eta erabiltzaileei laguntza ematea jarduera horietan parte har dezaten.
–Lankidetzan aritzea istripuak prebenitzeko teknikak aplikatzeko, bat etorriz ezarritako protokoloekin eta goragoko arduradunaren jarraibideekin.
–Lankidetzan aritzea jarduera soziokulturaletako teknikariarekin erakundeko eguneroko bizitza animatzeko eta dinamizatzeko.
–Erabiltzaileei laguntzea mantentze-jarduerak eta -ariketak egiten, profesional eskudunen orientabideei jarraituz.
–Ohiko garbiketarako berariaz kontratatutako langileak inola ere ordeztu gabe, tresnen, arroparen eta gelen garbiketa eta higienea egiten ahalko du, zerbitzuko inguruabarrek hala eskatzen dutenean.
–Erabiltzaileen komunikazioa laguntzea eta estimulatzea, eguneroko jardunean moldatu eta harreman sozialak izatea sustatzeko.
–Teknikariek agindutako jardueretan lagundu eta haiek egin eta baloratuko dituzte.
–Lankidetzan aritzea diziplinarteko lantaldearekin, erabiltzaileen senideak zentroko bizitzan integratzeko.
–Erabat isilpean gordetzea erabiltzaileen patologiari eta zaintza-plan indibidualizatuari buruzko gaiak, bai eta haien intimitateari dagokion edozein gai, eta beti jardutea zuzenean beren gainetik dauden profesionalekin koordinatuta eta haien ardurapean.
–Erabiltzaileen gauzak garbitzea eta mantentzea, laguntza ematea gelak txukun edukitzeko, arropa jasotzea, hura garbitegira eramatea, erabiltzaileen arropa pertsonalaz arduratzea eta zenbaitetan oheak egitea, erabiltzaile bakoitzaren beharren arabera, ezarritako kalitate-irizpideekin bat, halako eran non mihiseria garbi, zimurrik eta hezetasunik gabe eta posizio egokian geldituko baita, arreta berezia jarrita erabiltzaileen gorputz-tolesturei eta arrisku bereziko beste toki batzuei eta haien intimitatea errespetatuz. Nafarroako Gobernuak Open House ituntze-sisteman emandako jarraibideak kontuan hartuta, zuzendaritza saiatuko da, ahal den neurrian, zerbitzu orokorretako langileak arduratu daitezen lan hori egiteaz.
–Erabiltzaileen osasunaren inguruko gorabeheren berri ematea. Hautemandako portaera-aldaketa eta/edo aldaketa fisiko oro behatzea eta gorabeheren liburuan erregistratzea.
–Instalazioak txukundu eta garbituko ditu, bai eta egoitzako ontziak, tresnak eta bestelako objektuak ere, beharrezkoa denean (batez ere gaueko txandan). Nafarroako Gobernuak Open House ituntze-sisteman emandako jarraibideak kontuan hartuta, zuzendaritza saiatuko da, ahal den neurrian, zerbitzu orokorretako langileak arduratu daitezen lan hori egiteaz.
–Esleitzen zaizkion eta egin dituen parteak, jarraipenak eta erregistroak beteko ditu.
Bere eginkizunak betetzeko eskatzen zaion titulazioa edo gaikuntza eta/edo behar den esperientzia izanen du, indarrean dagoen araudiarekin bat.
–Talde asistentzialeko kide den aldetik, parte-hartze aktiboa izanen du pertsonarengan zentratutako arreta integraleko eredua ezartzen, lan-metodologia beteko du, zerbitzuan etengabeko prestakuntza-jardueretan parte hartuko du, zaintza humanizatzeko programak garatuko ditu, eta egoiliarrekin eta haien familiekin etengabeko harremana izanen du, besteak beste, ematen zaizkion oharren arabera. Erreferentziako langileak izaten ahalko dira, eta banakako arretarako planak, jarraipenak, bizi-historiak eta gainerako ebaluazioak egiten laguntzen ahalko dute.
–Garapen komunitarioko programa orotan parte hartuko du, egoitzaren eremuaren barruan zein kanpoan, hala nola egoiliarrak gauza pertsonalak erostera laguntzea, paseo bat egitera, eta egoitzatik kanpo pertsonei laguntzeko beste jarduera batzuk egitea.
–Zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun sozioasistentzial.
Sukaldaria:
Zerbitzuko arduraduna izanik eta nagusi hurrenarekin bat, sukaldeari atxikitako langile guztiak antolatu, banatu eta koordinatzeaz arduratuko da, baita otorduak prestatu eta gozatzeaz ere. Menua eta elikadura erregimenak zentroko zuzendaritzari proposatuko dizkio, onets ditzan, baita sail medikoari edo nutrizio sailari ere, gainbegira ditzan. Indarrean dagoen osasun araudia zorrotz beteko du.
Jarraian zehazten diren eginkizunak beteko ditu, baita eskatzen zaizkionak ere, haiekin eta/edo bere titulazioarekin, gaikuntzarekin edo gaitasun profesionalarekin zerikusia dutenak:
–Menuak ezarritakoaren arabera prestatzea, betiere gizarte eta osasun arlotik edo nutrizio arlotik idatziz ematen diren argibideetara egokituta. Dieten zaintza berezia egitea. Menua planifikatzea, kontuan hartuta egutegia, egun garrantzitsuak, eguberriak, urtebetetzeak, herriko jaiak eta abar.
–Prestatutako menuak daramatzaten gurdien muntaketa antolatzea sukaldeko langileen artean.
–Menuen kalitatea eta aurkezpena zaintzea.
–Kantitateak medikuek agindutakoari egokitzea.
–Elikagaiak jasotzea eta biltegiratzea, kantitatea eta kalitatea gainbegiratuta. Stockaren kontrola egitea.
–Eskaerak zerbitzu orokorren koordinatzaileari edo gobernariari aurkeztea, eta haiek kudeatzea, hala aurreikusita dagoenean.
–Bere goragoko arduradun hurrenarekin batera, elikagaien kudeaketaren ondoriozko datu ekonomikoak gainbegiratzea, hala aurreikusita dagoenean.
–Egunero zaintzea elikagaiak noiz iraungiko diren eta hozkailuetan zuzen banatuta daudela, elikagai bakoitzaren ezaugarrien arabera eta osasun arloko agintaritzak ezarritako araudiaren arabera.
–Egunero prestatzen diren menuen laginak gordetzea, indarrean dagoen araudiarekin bat.
–Era berean, sukaldeko makinak eta tresnak garbi daudela gainbegiratzea.
–Gastronomiako instalazioen, ekipamenduen eta tresnen garbitasuna, mantentze-lanak eta ordena antolatzea, gainbegiratzea, egitea eta kontrolatzea. Horrez gain, elikagaiak ontzeko prestatuko ditu, labea piztu eta mantenduko du, eta labea eta sukaldeko tresnak garbituko ditu.
–Begiratzea sukaldeko tresnak eta makinak behar bezala erabiltzen direla eta egoera onean daudela.
–Zaborra kontrolatzea eta gainbegiratzea, indarrean dauden arauei jarraituz.
–Hondakinak zentroan zehaztutako tokira eramatea, hortik kanpora eraman ahal izateko.
–Menuak otorduetan plateretan jartzea eta, behar izanez gero, jangelan zerbitzatzea.
–Bere eremu funtzionalean elkarlanean aritzea, talde teknikoak hala eskatuta, erabiltzaileen hezkuntza-premietan, bere lanbidearekin zerikusia dutenetan.
–Goragoko arduradunari jakinaraztea bere lanean ikusitako gorabeherak edo anomaliak.
–Begiratzea sukaldeko langile guztien uniformeak zuzen daudela eta higiene-neurri egokiak betetzen direla.
–Elikagaien higienea kontrolatzea eta erregistratzea, elikagaien kutsadura-arriskuak behatuz, ontziratzea eta manipulazioa kontuan izanik eta oinarri harturik arriskuen eta kontrol puntu kritikoen azterketako prebentzio-sistema eta egindako eragiketak.
–Zaintza berezia alergenoak dituzten elikagaietan, indarrean dagoen legeriaren arabera.
5. taldea.–Zerbitzuetako laguntzaileak.
Garbiketako eta ikuztegiko/lisatzeko langilea:
Garbiketa-, ikuzketa- eta lisatze-lanak egiten dituen langilea da, erantzukizun mugatuarekin eta gobernariaren edo zuzendariaren mende.
Jarraian zehazten diren eginkizunak beteko ditu, baita eskatzen zaizkionak ere, haiekin eta/edo bere gaikuntzarekin edo gaitasun profesionalarekin zerikusia dutenak:
–Sukalondo-jantokiko lanak egitea eta arreta berezia jartzea erabiltzen diren materialei.
–Arropa eta mihiseria garbitzeari dagozkion lanak egitea, bai eta makinak erabili eta kasu egitekoak ere, erabiltzaileen eta zentroko arropa zaintzea eta materialak ahalik eta hobekien erabiltzea.
–Gelak eta eremu komunak garbitzea (oheak, arropa-aldaketak, komunak, leihateak eta balkoiak, altzariak, etab.), erabiltzaileei ahalik eta eragozpen gutxien eraginez.
–Erabiltzaileen arropa beti garbi eta prest edukitzea, bai pertsonala, bai oheko arropa, eskuoihalak eta abar, bai eta hura jaso, sailkatu, banatu eta markatzea.
–Arduradun hurrenari jakinaraztea bere lanean ikusitako gorabeherak edo anomaliak.
Bere eginkizunak betetzeko eskatzen zaion gaikuntza eta/edo behar den esperientzia izanen du, indarrean dagoen araudiarekin bat.
Garbitzaileek erabiltzaile bakoitzaren beharren arabera egin beharko dituzte oheak, ezarritako kalitate-irizpideekin bat, halako eran non mihiseria garbi, zimurrik eta hezetasunik gabe eta posizio egokian geldituko baita, arreta berezia jarrita erabiltzaileen gorputz-tolesturei eta arrisku bereziko beste toki batzuei eta haien intimitatea errespetatuz.
Hainbat lanbidetako laguntzailea:
Beste profesional batzuen agindupean lan egiten duen langilea da; lanbide prestakuntza lortzen saiatuko da, eta arreta osoa jarrita beteko ditu esleitutako zereginak.
Jarraian zehazten diren eginkizunak beteko ditu, baita eskatzen zaizkionak ere, haiekin eta/edo bere gaikuntzarekin edo gaitasun profesionalarekin zerikusia dutenak:
–Zentroko makineria eta tresnak garbitasun- eta funtzionamendu-baldintza egokietan mantentzea.
Bere eginkizunak betetzeko eskatzen zaion gaikuntza eta/edo behar den esperientzia izanen du, indarrean dagoen araudiarekin bat.
Sukaldeko laguntzaile kategoria duten pertsonak hurrengo lanbide kategoriara igaroko dira (sukaldaria), lanpostu berean hiru urteko esperientzia izan ondoren.
Probaldiak.
–Zuzendaritza: 6 hilabete.
–OLT/EUDak: 45 egun.
–Beste unibertsitate-gradu batzuk: 45 egun.
–Gerokultoreak: 30 lanegun.
–Garbitzaileak: 15 lanegun.
9. artikulua. Kontratazioak.
1. Errelebo-kontratua, erretiro partziala.
Hala eskatzen duten plantillako langileek, errelebo-kontratuaren modalitatearen bidez erretiro partziala hartzeko aukera formalki egiaztatzen badute, horri heltzeko eskubidea izanen dute. Horretarako, dagokion dokumentazioa eta eskaera aurkeztu beharko dituzte, gutxienez urtebete lehenago, plantilla organikoko lan-kontratu finkoko lanpostu bat eskuratzeko administrazio-baldintzak bete ahal izateko. Nolanahi ere, erretiro partzialaren ondorioz antolamendu-esparruari dagokionez sortzen ahal diren gai guztiak enpresaren ardura dira.
2. Langile batek enpresan jarduera bere borondatez eten nahi badu, 15 egun aurretik jakinarazi beharko dio. Abisua egiten ez bada, enpresak eskubidea izanen du langilearen likidaziotik eguneko soldata deskontatzeko abisua atzeratzen den egun bakoitzeko.
3. Zerbitzuaren beharrak direla-eta eginen dira kontratazioak, Mankomunitateko batzarrak onetsitako plantilla organikoan oinarrituta. Horretarako, administrazio publikoko langileak kontratatzeko prozesuetan ezarritako zerrenda-ordena aplikatuko da.
10. artikulua. Lanaldia, atsedenaldiak eta oporrak.
1.–Lanaldia.
Urteko lanaldia, benetan egindako lanorduetan, bai lanaldi jarraituan bai zatituan, 1.717 ordukoa izanen da 2025ean, 1.710 ordukoa 2026an eta 1.690 ordukoa 2027ko hasieratik.
Laneko denbora kontatzeko, eguneko lanaldiaren hasieran eta bukaeran langileak bere lanpostuan egon beharko du, lan egiteko behar diren baldintzetan.
Lanaldi hori ezarri bada ere, langileek izan ditzaketen baldintza hobeak errespetatuko dira, hau da, urteko lanorduen kopururako arestian adierazitakoa baino kopuru erreal txikiagoak. Laneko arau egokiena zein den zehazteko, hots, hitzarmen honetan ezarritako lanaldia edo legezko edo itundutako beste xedapen batzuetan ezarritakoa, arau batean eta bestean finkatutako lanaldia, oporrak eta bestelako atsedenaldiak osorik zenbatuko dira; horrenbestez, ez da bidezkoa izanen araubideak erkatzea eta bakoitzetik atalik onuragarrienak hartzea. Nolanahi ere, kontuan harturik artikulu honetan aztertutako gaiak homogeneoak direla eta haien erregulazioan errespetatu direla behar diren gutxieneko zuzenbidezko printzipioak, alderdi sinatzaileek itundu dute ezen, hitzarmenean ezarritakoaren eta lanaren arloko indarreko beste arauen artean sor daitezkeen gatazketan, hitzarmen honetan ezarritakoa hobetsiko dela.
Enpresak bermatuko du lanaldia egunero erregistratzen dela, hau da, langile bakoitzaren lanaldia noiz hasten den eta noiz bukatzen den zehazki.
Enpresak 4 urtez gordeko ditu lanaldiaren erregistroak, eta langileen, haien legezko ordezkarien eta lan-ikuskatzaileen eskura egonen dira.
Lanaldia erregistratzeko sistema objektiboa, fidagarria eta eskuratzeko modukoa izanen da.
Datu pertsonalei buruzko araudia eta eskubide digitalak bermatzekoa errespetatuko dira kasu guztietan.
Zahar-egoitzaren jardueraren ezaugarriak direnak direlako eta zerbitzuak etenik gabe eman behar direnez, beharrezkoa den arloetan, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan emanen dira zerbitzuak, urtero prestatzen den egutegiaren arabera.
Enpresak lanaldiaren %10 modu irregularrean banatzen ahalko du.
2.–Atsedenaldiak eta jaiegunak.
Oporrak:
Oporrak 32 egun naturalekoak izanen dira hitzarmen honen eraginpeko langile guztientzat.
Enpresak bi alditan zatitzen ahalko ditu oporrak, edo hirutan, opor egunei pilatzen bazaizkie ordaindu beharreko jaiegun berreskuraezinetan lan egiteagatik ematen diren atseden egunak.
Oporraldiak enpresak eta langileek elkar hartuta finkatuko dituzte, arau hauekin bat:
a) Enpresak oporralditik kanpo utz dezake enpresak produkzio handiena izaten duen aldia, gehienez 45 egun urtean. Urtero, aldi hori otsailaren hamabosta baino lehen jakinarazi behar zaie langileek enpresan dituzten legezko ordezkariei. Jakinarazpen hori egin ezean, produkzio handieneko alditzat hartuko dira herriko jaiak (zaindariarenak zein bestelakoak), Aste Santua eta abuztua.
b) Langileek, gutxienez, hartu baino bi hilabete lehenago jakinen dute noiz izanen dituzten oporrak.
Oporrak gozatzeko edo haien ordaina jasotzeko eskubidea urte naturalen arabera zenbatuko da; hau da, urte naturala bukatzean langile guztiek hartuta izanen dituzte dagozkien oporrak.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez da aplikatuko langileak bi hilabete lehenagotik gutxienez ez badaki noiz izanen dituen oporrak, non ez den enpresarekin adostu.
Langileek bi opor egun hartzen ahal dituzte urtean beren nahierara, baldintza hauekin: ezin dira enpresak produkzio handiena duen aldian izan, abisua eman behar dute 15 egun aurretik, eta atal edo lan-zentro bereko bi langilek ezin dute eskubide hau egun berean baliatu.
Oporren zenbaketa benetako lanegun batean hasiko da beti, lan-zentroa oporrengatik ixten denean izan ezik.
Oporretatik itzultzen direnean, langileek beti izanen dute asteko atsedenaldirako eskubidea.
Oporraldian amatasun-baimena jasoz gero, oporraldia eten eginen da.
Enpresaren oporren egutegiaren arabera finkatutako oporraldiak bat egiten badu langile baten haurdunaldiaren edo erditzearen ondoriozko edo esnea emateko aldi baterako ezintasun egoerarekin edo Langileen Estatutuaren 48. artikuluko 4., 5. eta 7. apartatuetan ezarritako lan-kontratua eteteko aldiarekin, langileak eskubidea izanen du opor egunak hartzeko aldi baterako ezintasuna edo arau hori aplikatuta dagokion baimena bukatutakoan edo kontratuaren etenaldia bukatutakoan, urte naturala bukatu bada ere. Oporraldia bitartean aurreko paragrafoan aipatu ez den arrazoi batengatik aldi baterako ezintasun egoera bat gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak oporrak dagokion urte naturalean hartzerik ez badu, osorik edo partez, ezintasun egoera bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, betiere opor horiek sortu diren urtea bukatzen denetik 18 hilabete baino gehiago igaro ez badira.
2) Asteko atsedenaldia:
Asteko atsedenaldia bi egunekoa izanen da.
Bi eguneko asteko atsedenaldia hartu beharrean, langileek egun eta erdiko atsedenaldia hartzea hautatzen ahal dute, ordainetan hilean 51,11 euroko plusa jasota 2025ean. Hala ere, aurreko urtean plantillan batez beste 10 langile baino gutxiago izan diren enpresetan enpresaren ahalmena izanen da aukera hori aplikatzea.
Plantillako batez besteko langile kopurua zenbatzean ez dira kontuan hartuko langileak eszedentzian edo lan-kontratua etenda egon diren aldiak.
Enpresek beren lan egutegietan zortzi astera arteko epealdietan kontatzen ahal dituzte asteko bi eguneko atsedenaldiak, indarreko legerian ezarritako asteko gutxieneko atsedenaldia errespetatuz gero.
3) Jaiegunak:
Enpresak erabakiz gero, langileek lan egin beharko dute ordaindu beharreko jaiegun berreskuraezinetan. Halakoetan, enpresak konpentsazio bat eman beharko die langileei jaiegunean lan egindako orduengatik. Konpentsazioa baldin bada atsedena beste egun baliodun batean hartzea, egun hori laneguna izan beharko da; beraz, konpentsazioko atseden-eguna ezin da izan asteko atsedenaldiko bat, ez eta ordaindu beharreko jaiegun berreskuraezin bat ere.
Ordaindu beharreko jaiegun berreskuraezinak atsedenaldia beste lanegun batera pasatuz konpentsatzen direnean, egunen kreditua metatu gabe, banaka hartuta, atseden-eguna langileak hautatuko du, baina muga hauekin:
A. Enpresak hautapenetik kanpo utz ditzake produkzio handiko aldiak (gehienez 45 egun urtean). Enpresak otsailaren 15a baino lehen jakinarazi behar die langileei zein diren konpentsaziorako hautatu ezin diren egunak. Hori egin ezean, produkzio handiko alditzat hartuko dira herriko jaiak (zaindariarenak zein bestelakoak), Aste Santua eta abuztua.
B. Nolanahi ere, langileak konpentsazioko atsedenaldia hartu nahi duen eguna baino 10 egun lehenago jakinarazi beharko dio enpresari; aipatu atseden egunen artean 10 eguneko tartea egon beharko da, gutxienez ere.
C. Hala ere, enpresak konpentsazio-atsedenerako hautatutako egunak ukatzen ahal dizkio langileari. Hala gertatzen denean, 38,21 euro ordainduko dizkio 2025ean konpentsazio gisa eta beste noizbait atseden-egun bat hartzeko aukera emanen dio.
Baldin eta ordaindu beharreko jaiegun berreskuraezinen kreditua epealdi batean edo bitan metatzen bada jarraian hartzeko, oporraldiak finkatzeko baliatzen diren irizpide berak erabiliko dira jaiegun horietarako.
4) Lanaldien arteko atsedena:
Lanaldi baten amaieraren eta hurrengoaren hasieraren artean hamabi ordu pasatu beharko dira, gutxienez.
5) Norberaren aukerako eguna:
Langileek urtean norberaren aukerako egun bat hartzeko eskubidea dute (ordaindu gabea 2025ean; 2 egun, 2026an; eta 3 egun, 2027an) norberaren gauzetarako, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:
–Abisu ematea enpresari 15 egun lehenago.
–Atal edo lan-zentro bereko bi langilek aldi berean ez erabiltzea eskubide hori.
–Herriko jaietan edo antzeko egunetan ez izatea.
Norberaren aukerako eguna konpentsatzeko, enpresak sistema hauetako bat baliatuko du:
–Opor-egun bat kenduta oporralditik edo jaiegun bereskuraezinetan lan egiteagatik langileari dagozkion atseden egunetatik, konpentsatu gabe baditu.
–Aparteko orduekin konpentsatuta.
–Lanalditik konpentsatuta, behar diren orduak berreskuratuta.
Konpentsatzeko modu horietako bakar bat ere ezin denean enpresan aplikatu, oporraldian lantokia ixten delako, jaiegunetan lan egiten ez delako, aparteko ordurik egiten ez delako eta ezin delako lanaldiarekin konpentsatu, langileak edo langileen ordezkariek beste konpentsazio modu bat adostu beharko dute enpresarekin norberaren aukerako eguna hartzeko.
11. artikulua. Baimenak, lizentziak eta eszedentziak.
Honako egoera hauetan, langileak baimena izanen du denbora batez lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidea galdu gabe, betiere aldez aurretik abisatu eta justifikatzen badu:
a) Ezkontzagatik, hamabost egun natural.
b) Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideek (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badu, ospitaleratu behar badute edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa baldin badu, bost egun.
c) Gurasoen, seme-alaben edo ezkontidearen heriotzagatik, lau egun. Arrazoi horregatik langileak joan-etorria egin behar badu, epea 6 egunekoa izanen da.
d) Semea edo alaba jaiotzeagatik, hiru egun. Arrazoi horregatik langileak joan-etorria egin behar badu, epea lau egunekoa izanen da; kontuan eduki behar da baimenaren hiru egunetako bi lanegunak izanen direla.
e) Ohiko bizilekua aldatzeagatik, egun bat.
f) Nahitaezko eginbehar publiko eta pertsonal bat betetzeko, behar-beharrezkoa den denbora. Legez edo hitzarmen bidez ezarritako arau batean denbora jakin bat finkatua badago, arau horretan absentziaren iraupenari eta horren konpentsazio ekonomikoari buruz xedatuta dagoenari jarraituko zaio.
Goian aipatu den eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko tartean lanorduetako ehuneko 20 baino gehiagotan ezin izan bada egin beharreko lana bete, enpresak eszedentzia egoerara pasa dezake langilea, Langileen Estatutuaren 46. artikuluaren 1. atalean arautu bezala.
Langile batek kalte-ordaina kobratzen badu eginbeharra betetzeagatik edo karguan jardun beharragatik, diru kopuru hori bera deskontatuko zaio enpresak ordaintzen dion soldatatik.
g) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko: lege edo hitzarmen bidez ezarritakoa.
h) Seme-alaben, anai-arreben edo gurasoen (odol nahiz ezkontza bidezkoak) ezkontzagatik, egun bat.
i) Langileak urteko oporrez balia daitezke artikulu honetan araututako baimen ordainduak luzatzeko, baina gehienez hiru egun gehi ditzakete.
j) Halaber, langileek gehienez hamar ordu erabiltzen ahal dituzte urtean ezkontideari, seme-alabei edo gurasoei medikuarenera laguntzeko edo norberaren osasun kontuetarako. Kasu horietan, langilea saiatuko da kontsulta medikoak lanorduetan ez izaten, ahal delarik.
k) Langileek gehienez 10 ordu erabiltzen ahal dituzte urtean langilea bera mediku espezialistaren kontsultara joateko, honako muga hauekin:
1. Edonola ere, enpresari jakinarazi beharko zaio gutxienez 10 egun aurretik.
2. Baimen hau aurreko k) letran araututako 10 orduak bete eta agortu ondoren erabiltzen ahalko da. Hau da, aurreko k) letran araututako 10 orduko saldoan denbora dagoen bitartean, langileak ordu horiek izanen ditu k) letran araututako egoeretarako, langilea bera mediku espezialistaren kontsultara joatea barne. Hala, k) letran aipatutako 10 orduak agortzean, langileak letra honetan araututako 10 orduak aplikatzen ahalko ditu, langilea bera mediku espezialistaren kontsultara joateko.
3. Lanaldi partzialeko kontratuak dituzten langileen kasuan, egunean benetako lanaldia, batez beste, hiru lanordukoa edo txikiagoa bada, 10 orduei dagokien zati proportzionala aplikatuko da, lan egindako denboraren arabera.
Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, izatezko bikotekideei ezkontideek dituzten eskubide berak onartzen zaizkie. Horretarako, langileak izatezko bikotekidea duela frogatu beharko du etxebizitza berean erroldaturik daudela ziurtatzen duen agiriaren bidez eta izatezko bikoteen erregistroko inskripzioaren bidez.
Artikulu honetan araututako baimenen ondorioetarako, joan-etorritzat hartuko dira 90 km-tik gorako distantzia guztiak.
Izatezko bikoteetako kideek ere ezkontzetarako ezarri den 15 eguneko baimena izaten ahal dute honako baldintza hauek betez gero:
–15 eguneko baimena bikotea izatezko bikoteen erregistroan inskribatu den egunean hasiko da.
–Enpresari gutxienez bi hilabete lehenago eman behar zaio abisua idatziz.
–Bikotea izatezko bikoteen erregistroan inskribatuta egoteari buruzko ziurtagiria aurkeztu behar da; bertan bikotekideen datu pertsonalak eta inskripzio-eguna agertuko dira.
–Geroago bikotea ezkontzen bada, langileek ez dute edukiko beste baimen bat izateko eskubiderik arrazoi beragatik.
–Baimen hau izan dutenek ezin dute sei urtean beste bat eskatu beste bikote bat eratzeagatik.
Gertaera eragilea jaieguna bada, baimena hartzeko lehenengo eguna hurrengo laneguna izanen da.
Halaber, aginduzko legeria aplikatuko da, indarrean dagoen araudiarekin bat.
Eszedentzia:
Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileek eskubidea dute borondatezko eszedentzia hartzeko, lau hilekoa gutxienez eta bost urtekoa gehienez, eta lehen urtean lanpostua gordeko zaie.
Langile batek eskubide hori berriro baliatu ahal izateko, lau urte igaro beharko dira aurreko eszedentzia bukatu zuenetik.
Seme-alabak edo ahaideren bat zaintzeko eszedentzian dauden langileei lehenbiziko lau urteetan lanpostua gordeko zaie, Langileen Estatutuak arautzen duenaren arabera.
Legezko zaintza dela-eta hamabi urtetik beherako adingabe baten edo desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala duen pertsona baten ardura zuzena duten langileek lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute, eta horren araberako soldata murrizketa eginen zaie, Langileen Estatutuaren 37. artikuluan ezarritako baldintzetan eta proportzioan.
Edoskitzea:
Jaiotzaren, adopzioaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreraren kasuan, 45.1.d) artikuluarekin bat, langileek eskubidea izanen dute ordu batez lanetik kanpo egoteko, bularreko haurra zaintzearren, horrek bederatzi hilabete bete arte. Ordu hori bi zatitan banatzen ahal da.
Ume bat baino gehiago jaiotzen edo adoptatzen bada, edo ume bat baino gehiago adoptatzeko zaintza edo harrera kasuetan, baimenaren denbora modu proportzionalean handituko da. Eskubide hori baliatzen duenak, hala nahi badu, eskubide hori lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezake, helburu berbererako, edo denbora hori lanaldi osotan pilatzen ahal du, negoziazio kolektiboan ezarritako baldintzetan edo enpresarekin adostuta (betiere negoziazio kolektiboan ezarritakoa errespetatuz).
Atal honetan jasotako lanaldi murrizketa langileen eskubide indibiduala da, eta eskubidea baliatzeko aukera ezin zaio beste guraso, adoptatzaile, zaintzaile edo harreragileari utzi. Hala ere, enpresa bereko bi langilek subjektu eragile beragatik baliatzen badute eskubide hori, aldi berean baliatzeko aukera mugatzen ahalko da enpresaren funtzionamenduari lotutako arrazoi funtsatu eta objektiboengatik, idatziz behar bezala adierazita. Kasu horretan, enpresak ordezko plan bat eskaini beharko du bi langileak eskubide horretaz baliatzen direla bermatzeko eta kontziliazio-eskubideak baliatzea ahalbidetzeko.
Bi gurasoek, adoptatzaileek, zaintzaileek edo harreragileek iraupen eta araubide berean baliatzen badute eskubide hori, denbora hori bularreko haurrak hamabi hilabete bete arte luzatzen ahal da, eta soldata proportzioan murriztuko da umeak bederatzi hilabete betetzen dituenetik aurrera.
Eskubide honen ordez hamahiru laneguneko baimena har daiteke; baimen hori jarraian hartu behar da, amatasun-baimenaren ondoren. Eskubide hori baliatu nahi izanez gero, aurrez abisua eman behar zaio enpresari idazki baten bidez, hilabete lehenago gutxienez.
12. artikulua. Ordainsariak.
Ostalaritzako Hitzarmen Kolektiboan ezarritako mantenu-plusa eta hitzarmen-plusa oinarrizko soldatari gehituko zaizkio, eta, beraz, aurreko hiru kontzeptuen batura izanen da. Soldata-taulak akordio honen I. eranskinaren araberakoak izanen dira.
2026. urterako, %3ko igoera ezartzen da oinarrizko soldataren kontzeptuetarako, plus aldakorrak barne (antzinatasuna eta lotura-plusa). 2027. urterako, Nafarroako Administrazio Publikoak bere langile lan-kontratudunentzat egiten duen igoeraren pareko soldata-igoera ezarriko da.
Ad personam osagarri bat sortuko da, irentsezina, konpentsaezina eta errebalorizagarria, hitzarmen honetako soldata-igoeretarako ezarritako baldintzetan. Osagarri hori hitzarmena sinatzen denean IV. taldetik V. taldera igarotzen diren pertsonei aplikatuko zaie, galera ekonomikorik izan ez dezaten. Ad personam osagarriaren zenbatekoa soldata-taulen arabera IV. eta V. kategorien oinarrizko soldaten arteko aldea adinakoa izanen da.
Lan harremana iraungitzeari lotutako kalte-ordaina:
Langileak lan-kontratua iraungitzea hautatzen badu, kalte-ordaina jasoko du konpentsazio gisa, baldin eta 2019ko uztailaren batean hogeita hamabost (35) urtetik gorako antzinatasuna bazuen enpresan eta adin hauetakoren batekoa bada:
LANGILEAREN ADINA | KALTE-ORDAINA |
58 urte | 300 euro |
59 urte | 300 euro |
60 urte | 3.957,27 euro |
61 urte | 3.363,67 euro |
62 urte | 2.760,88 euro |
63 urte | 2.466,39 euro |
64 urte | 2.176,49 euro |
65 urte | 1.067,54 euro |
Langileak taulako adinetako batera heldu eta bere lan-kontratua iraungitzen duenean jasoko du kalte-ordain hori. Gehieneko muga: 65 urte betetzen dituen eguna.
Langile batek bere borondatez utzi nahi badio enpresan lan egiteari eta kalte-ordain hori jaso nahi badu, idatziz jakinarazi behar du hilabete bat lehenago gutxienez.
Aipatu baldintzetan lan-kontratua iraungitzea hautatzen duten langileek, erretiro partzialeko egoeran badaude erreleboko kontratuarekin, aipatu kalte-ordain osoa jasoko dute; zein adin duen langileak lan harremana behin betiko uzten duenean, haren arabera.
13. artikulua. Oinarrizko soldata.
a) I. eranskinen ageri dira lanbide kategoria bakoitzari dagozkion oinarrizko soldatak.
b) Lanaldi partzialeko langileak, finkoa edo aldi baterakoak.
Lanaldi partzialeko kontratua dutenek une oro egindako lanaldiaren araberako ordainsariak jasoko dituzte.
14. artikulua. Soldata-osagarriak.
1.–Antzinatasuna.
Zenbateko hauek aplikatuko dira hilero, 12 pagatan, antzinatasunaren kontzeptu gisa:
1. Enpresan lanean sei urte betetzen direnetik:
2025EKO MAILAK.
I. MAILA (zuzendaritza) 2025: 136,92 euro.
II. MAILA (unibertsitate-teknikariak) 2025: 118,42 euro.
III. MAILA (zaintzaileak eta sukaldeko langileak) 2025: 105,48 euro.
IV. MAILA (kualifikaziorik gabeko langileak) 2025: 101,77 euro.
2. Enpresan lanean bederatzi urte betetzen direnetik:
2025EKO MAILAK.
I. MAILA 273,83 euro.
II. MAILA: 236,85 euro.
III. MAILA: 210,95 euro.
IV. MAILA: 203,54 euro.
Enpresan lanean bederatzi urte betetzen dituzten langileek eskubidea izanen dute, antzinatasunaren kontzeptuan, urte kopuru horretara heltzen diren egunean finkatuta daukaten kopurua jasotzeko, eta nominan honela agertuko da: "antzinatasun finkatua".
Soldatako "antzinatasun finkatua" kontzeptua konpentsaezina eta irentsezina izanen da.
2.–Fideltasun saria.
Langile guztiek, enpresan lanean 19 urte betetzen dituzten unetik aurrera, 173,60 euroko zenbatekoa eskuratuko dute 2023an, 178,80 eurokoa 2024an, eta 184,17 eurokoa 2025ean, urteko fideltasun sari gisa.
Fideltasun sari hori, urtekoa, enpresan lanean 29 urte betetzen dituzten unetik aurrera, 260,38 eurokoa izanen da 2023an, 268,19 eurokoa 2024an, eta 276,24 eurokoa 2025ean.
3.–Gaueko lanaren plusa.
Gaueko 10etatik goizeko 6ak bitartean lan egindako orduek ordainsari berezia izanen dute, handiagoa; hona lanbide kategoria eta mailen arabera xehakatuta:
2025 | |
I. MAILA | 3,08 euro/ordua |
II. MAILA | 2,60 euro/ordua |
III. MAILA | 2,36 euro/ordua |
IV. MAILA | 2,33 euro/ordua |
4.–Jaiegunen eta igandeetan emandako zerbitzuen ordainsaria:
Hitzarmen kolektibo honi lotutako langileek plus bat jasoko dute benetan lanean ematen duten igande edo jaiegun bakoitzeko, igande eta jaiegunetako plusa izena duena. 2025ean 32,42, eurokoa izanen da.
Kopuru hori lanaldi osoari dagokio; lanaldi partziala eginez gero, dagokion zati proportzionala aplikatuko zaio.
Dena delakoagatik (oporrak, asteko atsedena, laneko baja, baimena edo beste arrazoi batzuk) igande edo jaiegun batean lanik egiten ez bada, plus hau ez da ordainduko.
Igande eta jaiegunetako plusa hurrengo hileko soldatarekin batera ordainduko da.
15. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko ordu bakoitza honela ordainduko da:
a) Laneguneko aparteko ordua banakako ordu erreal baten balioaren %75 gehituta ordainduko da.
b) Jaieguneko aparteko ordua banakako ordu erreal baten balioaren %100 gehituta ordainduko da.
Zerbitzuaren beharrak hala ahalbidetzen duenean, diru-konpentsazioa jaso ordez langileak zilegi izanen du atsedenaldia hartzea, lanegunetan lan egindako aparteko ordu bakoitzeko ordubete eta berrogeita bost minutu hartuz, eta bi ordu, jaiegunetan lan egindako ordu bakoitzeko.
16. artikulua. Aparteko pagak.
a) Hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileek aparteko bi paga izanen dituzte urtean; horietako bakoitza oinarrizko soldataz eta antzinatasunaz osatutako hileko soldata oso baten parekoa izanen da.
Paga horiek uztaileko lehenengo astean eta abenduko lehenengo astean kobratuko dira. Lehena urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarte sortuko da, eta bigarrena uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitarte.
b) Seihilekoaren barrenean lanean hasi edo lana uzten duten langileen kasuan, denbora horretan lanean aritutako egunen araberako aparteko paga izanen dute.
17. artikulua. Aldi baterako ezintasuneko ordainsariak.
Enpresaren eta langilearen arteko lan harremanean, lan-istripuaren edo lanbide-eritasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasunetan, enpresak osagarri bat ordaindu beharko dio langileari, Gizarte Segurantzak aldi baterako ezintasunaren prestazioagatik ematen dionari gehituta, kotizatutako legezko soldataren %100era irits dadin, igande eta jaiegunetako plusa kenduta.
Lanetik kanpoko istripuaren edo eritasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasunetan, enpresak eriari edo istripua izan duenari ondoren adieraziko diren osagarriak soilik ordaindu beharko dizkio:
a) Aldi baterako ezintasunaren ondoriozko bajaren 2. egunetik 90.era arte, kotizazioko legezko soldataren %100 gehienez, igande eta jaiegunetako plusa kenduta.
b) Aldi baterako ezintasunaren ondoriozko bajaren 91. egunetik 180.era arte, enpresak kotizazioko legezko soldataren %100era iristeko behar dena jarriko du, igande eta jaiegunetako plusa kenduta, baldin eta enpresako aldi baterako ezintasunagatiko absentismoa aurreko hilean %5,5etik gorakoa ez bada izan.
Langile bat eritasunagatik edo lanekoa ez den istripu bategatik ospitaleratzen badute, enpresak langileari dagokion kotizazioko legezko soldata osora iristeko behar dena jarri beharko du, igande eta jaiegunetako plusa kenduta, bajan dagoen lehen 90 egunetan.
Aldi baterako ezintasunen kasuetan, langileak enpresaren osasun zerbitzuen azterketak onartuko ditu nahitaez.
Aldiz, artikulu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko enpresak langileen legezko ordezkariekin adostuz gero; izan ere, beste osagarri-sistema batzuk ezartzen ahal dira aldi baterako ezintasun kasuetarako.
18. artikulua. Istripuetarako asegurua.
Enpresak istripuetarako aseguru poliza bat hitzartuko du bertan hilabete baino gehiagoko antzinatasuna duten langile guztientzat.
Honako kapitala aseguratuko da:
- 36.000 euro istripuaren ondoriozko heriotzagatik, istripua lanekoa zein bestelakoa izan.
- 36.000 euro, istripuaren ondoriozko lanerako ezintasun iraunkor eta absolutuagatik, istripua lanekoa zein bestelakoa izan.
19. artikulua. Bizi kalitatea, osasuna eta segurtasuna.
1.–Osasunarentzat kaltegarri duelako, zentro ofizial bateko txosten medikoaren bidez lanpostuz aldatu beharra frogatzen duen langileak bere egoera fisikoari edo psikikoari egokitutako lanpostu bat lortzeko eskubidea izanen du, zahar-egoitzan egon daitezkeen aukeren artean. Haren osasunari kalte egiten diolako beste lanpostu batera aldatzen den langileak ez du galera ekonomikorik izanen, ez du lanbide kategoria galduko, eta ez du horren ondorioz inolako kalterik izanen.
2.–Osasun azterketak.
Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legean ezarritakoaren arabera, langile guztiek dute eskubidea urtean osasun azterketa bat, osoa, egin diezaieten. Azterketa hori zahar-egoitzako prebentzio zerbitzuek eginen dute.
3.–Laneko arropa.
Enpresak behartuta daude gutxienez bi uniforme ematera, beroki bat barne (betiere kanpora uniformea jantzita ateratzera behartuta badaude). Eman beharko dituzte, halaber, langileek beren eginkizunak betetzeko egokiak diren nahitaezko babes pertsonaleko bitartekoak ere; besteak beste, beharrezkoak diren oinetakoak eta eskularru homologatuak. Langileak behartuta daude, lanean ari diren bitartean, enpresak emandako arropa eta babes pertsonaleko bitartekoak erabiltzera eta zaintzera.
20. artikulua. Absentismoa.
Sinatzaileen asmoa da lan-absentismoa murriztea, bai eta lanpostuaren kalitatea hobetzeko egungo mekanismoak berrikustea ere, Langileen Estatutuan xedatutakoa alde batera utzi gabe.
Batzorde paritarioa arduratuko da lanpostuaren kalitatea hobetzera bideratutako formulak garatzeaz, prebentzio jarduera berrien bidez, laneko arriskuei, lan-planei, lanaldi-murrizketei, erretiroa hartzeari eta abarri dagokienez.
Diziplina araubidea
21. artikulua. Faltak eta zehapenak.
Enpresak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei lana ez betetzeagatik, ondoko falten eta zehapenen mailaketari jarraikiz:
A) Falta arinak.
Atzerapena eta zabarkeria eginkizunak betetzean, bai eta enpresaren lokalak, baliabideak, materialak edo dokumentuak behar ez bezala erabiltzea, ez bada ageriko astuntasuna dela-eta falta astuntzat har daitekeela.
Justifikatutako arrazoiengatik lanera joan behar ez denean aurretik behar den denboraz ez jakinaraztea, jakinarazi ezina frogatu ezean.
Hilabete batean 3, 4 edo 5 aldiz atzeratzea lanera sartzean edo lanpostutik edo zerbitzutik alde egitea justifikatutako arrazoirik gabe, 15 minutuz gehienez.
Norberaren garbitasun edo txukuntasun eza.
Helbidea, bizilekua, telefonoa edo familiaren egoera aldatzen bada enpresari ez jakinaraztea, aldaketa horiek zerga arloko edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan ondorioak izaten ahal badituzte.
Baimenik gabe aldatzea lan-parteetan ageri diren zerbitzuen ordutegiak.
Lanaldiaren barrenean, sakelako telefonoa norberaren aferetarako erabiltzea, larrialdietan izan ezik.
Identifikazio txartela ikusgarri ez izatea edo arauzko uniforme osoa ez eramatea lanorduetan.
Zuzendaritzak ezarritako funtzionamendu-arauak ez betetzea.
Egoiliarrei edo familiei tratu desegokia ematea, agintekeriaz, komunikazioan errespetua galduta edo pertsonarengan zentratutako arreta integralaren ereduak ezarritakoarekin bat ez datorren edo desegokia den edozein tratamenduren bidez.
Parte ez hartzea pertsonarengan zentratutako eta zainketak humanizatzean oinarritzen den arreta integralaren ereduan markatutako funtsezko laguntza-prozesuetan (erreferentziazko langileak, bizi-historia, etab.).
B) Falta astunak:
Eginkizunak berandu edo zabarkeriaz betetzea, hala nola enpresaren lokalak, baliabideak materialak edo dokumentuak behar ez bezala erabiltzea, ageriko astuntasuna dagoenean.
30 eguneko epean, 1-3 egunetan lanera ez joatea, justifikatutako arrazoirik gabe, eta absentziaren berri ez ematea, hori egitea ezinezkoa izan dela frogatu ezean.
30 eguneko epean behin eta berriz (5 egunez gutxienez eta 10 egunez gehienez) atzeratzea lanera sartzean justifikatutako arrazoirik gabe, 15 minutuko atzerapenarekin gehienez.
Lantokitik ateratzea, justifikatutako arrazoirik izan gabe.
Lanean segurtasun eta osasunerako ezarritako arau eta neurriak ez betetzea edo bertan behera uztea, horren ondorioz osasunerako eta osotasun fisikorako arriskuak sortzen ahal direnean izan ezik, halakoetan falta oso astuntzat joko baita.
Egoitzako nahiz egoiliarren edo lankideen gauzak ebastea edo lapurtzea.
Enpresaren denbora, uniformeak, materialak edo baliabideak beste gauza batzuetarako edo norberaren mesederako erabiltzea.
Etxeko laguntzarako zerbitzuaren erabiltzailearen etxeko giltzaz arduratzea enpresaren baimen idatzizkoa izan gabe.
Lanean ari dela erretzea edo edari alkoholdunak edatea.
Errespeturik ez agertzea erabiltzaileei, edozein kategoriatako lankideei, senideei, laguntzaileei edo enpresarekin harremanetan dagoen beste edozeini, eta agintekeria.
Enpresak emandako sakelako telefonoaren edo pertsona-bilagailuaren deiari ez erantzutea lanorduetan, justifikatutako arrazoirik gabe; guardia lokalizatuetan gertatzen bada, falta oso astuna izanen da.
Zuzendaritzak ezarritako funtzionamendu-arauak ez betetzea behin baino gehiagotan.
Behin baino gehiagotan, egoiliarrei edo familiei tratu desegokia ematea, agintaritza desegokiaren bidez, komunikazioan errespetu faltaren bidez edo pertsonarengan zentratutako arreta integralaren ereduak ezarritakoarekin bat ez datorren edo desegokia den edozein tratamenduren bidez.
Behin baino gehiagotan parte ez hartzea pertsonarengan zentratutako eta zainketak humanizatzean oinarritzen den arreta integralaren ereduan markatutako funtsezko laguntza-prozesuetan (erreferentziako langileak, bizi-historia, etab.).
Falta arina errepikatzea, desberdina bada ere, 90 eguneko epean, baldin eta arrazoi horregatik ohartarazpena egin edo zehapena jarri bazaio.
Lan profesionala betetzeagatik opariak, dirua eta/edo haborokinak onartzea.
C) Falta oso astunak:
Egoiliar edo erabiltzaile baten prozesu patologikoaren, haren intimitateko kontu baten edo indarreko legeek babesten duten beste edozein datu pertsonalen berri ematea.
Kontratuko onustea haustea, eta iruzurra, desleialtasuna edo konfiantza-abusua agindu zaizkion kudeaketetan.
Lanera ez joatea hiru egun baino gehiagotan 30 eguneko epe batean, justifikatu gabe.
Behin eta berriz (10 egun baino gehiagotan 30 eguneko epe batean, edo 30 egun baino gehiagotan 90 eguneko epe batean) atzeratzea lanera sartzean justifikatu gabe.
Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, psikikoak edo moralak, egoiliarrei, edozein kategoriatako lankideei edo haien senideei eta laguntzaileei, baita enpresarekin harremanetan dagoen beste edozein pertsonari ere.
Zentroaren edo zerbitzuaren erabiltzaileengandik onura ekonomikoak edo gauzazkoak galdatzea, eskatzea, onartzea edo eskuratzea.
Erabiltzaileen, zentroaren, zerbitzuaren edo langileen objektuez, agiriez, materialez eta abarrez jabetzea.
Sexu-jazarpena, sexuan, sexu-orientazioan edo sexu-identitatean oinarritua, laneko jazarpena eta jazarpen morala.
Beste pertsona bat zerbitzua egiten jartzea enpresaren baimenik gabe.
Zabarkeria botikak ematerakoan edo prestatzerakoan, edo egoitzako edo zerbitzuko erabiltzaileen osasunean edo osotasunean ondorioak ekartzen dituen beste edozein zabarkeria.
Bidegabeko lehia, familiakoei egoitza edo zerbitzua aldaketa egin dezaten edo egoiliarrak langileen edo partikularren etxeetara eraman ditzaten sustatuz edo iradokiz. Halaber, egoiliarren edo haien senideen datu pertsonalak edo telefonoak egoitzakoak edo zerbitzukoak ez diren pertsonei ematea.
Langileak, aldi baterako ezintasun egoeran dagoen bitartean, norbere zein besteren kontura lan egitea, bai eta ezintasun egoera hori luzatze aldera manipulazio edo iruzurrak egitea ere.
Enpresako edozein pertsonarenganako jarduera eta jokabide sexual iraingarriak izatea, hitzezkoak nahiz fisikoak, larrietan larrienak izanik aginte edo hierarkia egoeratik eragindakoak, kontratu mugagabea ez dutenen aurka egindakoak, edo salaketa egin dutenen aurkako mendeku hartzekoak.
Lantokian diziplinarik ez izatea.
Enpresak emandako mugikorraren edo pertsona-bilagailuaren deiari ez erantzutea guardia lokalizatuetan, justifikatutako arrazoirik gabe.
Laneko osasunaren eta segurtasunaren arloan ezarrita dauden arau eta neurriak ez betetzea edo baztertzea, ez betetzearen ondorioz osasunarentzat eta osotasun fisikoarentzat arriskuak sor badaitezke.
Lanean agintekeriaz jokatzea.
Falta astuna errepikatzea 180 eguneko epean, bestelako izaera izanda ere, aurretik ohartarazpena jaso bada.
Langileen Estatutuaren 54.2 artikuluan hala tipifikatutako beste edozein jokabide.
22. artikulua. Zehapenak.
Falten kalifikazioaren arabera enpresak ezartzen ahal dituen zehapenak hauek dira:
a) Falta arinak.
–Idatzizko kargu-hartzea.
–Enplegu eta soldata gabe uztea, gutxienez egun batez, eta, gehienez, lau egunez.
b) Falta astunak.
–Bost egunetik hogeita hamar egunera bitarte enplegu eta soldata gabe uztea.
c) Falta oso astunak.
–Hilabetetik hiru hilabetera bitarte enplegu eta soldata gabe uztea.
–Kaleratzea.
Zehapenak modu arrazoituan eta idatziz jakinaraziko zaizkio interesdunari, jakin ditzan eta behar diren ondorioak izan ditzaten. Langileen ordezkaritza bateratuari ere falta astun edo oso astunen ondoriozko zehapenen berri emanen zaio.
Falta astun eta oso astunengatiko zehapenak ezartzeko, ukitutako langileek eskubidea izanen dute idatzizko alegazioak aurkezteko, 5 egun naturaleko epean. Epe horretan, langileak lanpostutik alde eginen du, ordaindutako baimen gisa.
Enpresa batzordeko kideen edo langileen delegatuen kasuan, bai kargu sindikaletan jardunean daudenak bai garantien arauzko epean daudenak, zehapenak jartzeko ezinbestekoa da kontraesanezko espedientea tramitatzea, zehapenaren astuntasuna edozein delarik ere.
23. artikulua. Falten preskripzioa.
1.–Falta arinek hamar egunen buruan preskribatuko dute; astunek, hogei egunen buruan, eta oso astunek, hirurogeiren buruan, Administrazioak faltaren berri izaten duen egunetik aitzina, eta, nolanahi ere, falta egin eta sei hilabeteren buruan.
2.–Preskripzioa eten eginen da prozedurari hasiera ematea erabakitzen den unetik, eta horretarako hartzen den erabakiak behar bezala erregistratua behar du izan. Espedientearen tramitazioa hilabete baino gehiago eteten bada langileari egotzi ezin zaion kausa bategatik, preskripzio epea ez dela eten ulertuko da.
Eskubide sindikalak
24. artikulua. Langileen ordezkariak.
1. Hitzarmen honen aplikazio eremuan sartuta dauden langileek eskubidea dute beren lan baldintzak ezartzeko prozesuan parte hartzeko, legeak ezarritako moduan, artikulu honetan araututako organoen bitartez.
2. Langileen ordezkaritza Enpresa Batzordeko kideei edo langileen delegatuei dagokie, eta sindikatuen atalei, berriz, beren afiliatuen ordezkaritza.
3. Langileen ordezkariek (langileen delegatuak edo enpresa batzordeko kideak) eta atal sindikaletako ordezkariek eskubide, betebehar eta berme arautuak izanen dituzte, Langileen Estatutuaren 64. artikuluan eta hurrengoetan eta Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren IV. tituluan ezarritakoaren bidez, hurrenez hurren.
4. Batzordeko kideek edo delegatuek ordu sindikalak metatzen ahalko dituzte, legez ezarritakoak gainditu gabe.
5. Lanpostu finkoak edo aldi baterakoak betetzeko deialdiaren epaimahaian bereziki egonen dira langileen ordezkariak.
Langileen ordezkaritzaren bermeak:
Langileen Estatutuaren 68. artikuluaren a), b), c) eta d) ataletan ezarritako bermeez gainera, langileen ordezkariek hileko ordaindutako ordu kopuru baten kreditua izanen dute beren ordezkaritza lanak betetzeko, ondoko eskalaren arabera:
1 - 25 langile: 20 ordu.
26 - 50 langile: 25 ordu.
51 - 100 langile: 30 ordu.
101 - 250 langile: 35 ordu.
251 langiletik gora: 40 ordu.
Kredituaren erabilerak lehentasunezko dedikazioa izanen du, muga bakarrarekin: aldez aurretik jakinarazi beharko da, gutxienez 48 ordu lehenago, ordezkapena aurreikusteko, hasi baino lehen, eta iraupena, salbuespenezko egoeretan izan ezik.
Ordezkarientzako hileko ordu ordainduen kreditua ordezkari batengan edo batzuengan metatzen ahalko da. Metatze hori behar besteko aurrerapenaz jakinarazi beharko zaio enpresari.
Era berean, iragarki taulak jarriko dira ordezkari sindikalen erantzukizunpean, egin beharreko oharrak eta jakinarazpen egokiak jar daitezen. Aipatu iragarki taulak gune eta leku ikusgarrietan banatuko dira, informazioa erraz irits dakien langileei.
25. artikulua. Biltzeko eskubidea.
Langileek batzarrak egiten ahalko dituzte, gisa honetara:
a) Batzarrak lanaldiaren hasieran edo bukaeran egin beharko dira. Salbuespenez, batzarrak lanaldiaren beste tarte batean egiten ahalko dira, horrela kalte gutxiago egiten bazaio zerbitzuen ohiko funtzionamenduari.
b) Baimena emanen da aipatu diren baldintzak betetzen badira. Salbuespenezko kasuetan izan ezik, batzarra egiteko baimena gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago eskatu beharko da. Kontrako ebazpen berariazkorik ematen ez bada, baimena emantzat joko da; batzarra egin baino hogeita lau ordu lehenago gutxienez jakinarazi beharko da ebazpen hura.
c) Batzarra zahar-egoitzaren areto batean egin gogo bada, aurreko atalean ezarri bezala egin beharko da eskaera.
26. artikulua. Jarraipen batzordea.
1. Langileek hautatutako ordezkariek osatuko dute jarraipen batzordea.
2. Batzorde paritario bat sortuko da, hitzarmen kolektibo honetan araututakoa aplikatu, bete eta interpretatu dadin, hura negoziatzen parte-hartzen dutenen artean; langileen legezko ordezkariak eta bere konfiantzako pertsona batek, eta enpresako ordezkari batek osatuko dute; azken horrek ere bere konfiantza osoko pertsona bat izaten ahalko du lagun.
Bi alderdietako batek hala eskatuta elkartuko da batzordea, hamabost eguneko epean, eta landuko diren gaiak aipatu beharko dira hitzorduan.
Batzordearen erabakiak baliodunak izateko hura osatzen duten bi kideen adostasuna beharko da.
Batzorde paritarioak eginkizun hauek izanen ditu:
1. Hitzarmen honen klausula guztien aplikazioa interpretatzea.
2. Itundutakoa betetzen den zaintzea.
3. Hitzarmenaren eraginkortasun praktikoa hobetzen duten beste jarduera guztiak.
Batzordeak ebazpena emanen du landutako gaien inguruan, adostasuna egon edo ez, 10 egun naturalean, bileraren egunetik zenbatzen hasita.
27. artikulua. Konpentsazioa eta irenspena.
a) Hitzarmen honetan itundutako baldintza guztiek multzo organiko bat osatzen dute, eta indarra hartu aurretik zeuden guztiak ordeztu, konpentsatu eta irentsiko dituzte urteko eta guztirako kopuruei dagokienez, edozein dela ere haien izaera, jatorria edo izena.
AZKEN XEDAPENA
Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusten ez denari dagokionez, mendetasun egoeran dauden pertsonak artatzeko eta autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzuen estatuko esparru-hitzarmenean jasotako xedapenak edo, hala badagokio, hura garatzen duten legezko xedapen osagarriak aplikatuko dira, edo Nafarroako hitzarmen sektoriala.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarra hartzen duenetik aurrera, hitzarmen honek ordeztuko ditu bertan jasotzen diren gaiak beste era batera arautu dituzten xedapen guztiak.
28. artikulua. Hitzarmen honetan hitzartutako lan baldintzak ez aplikatzea.
Hitzarmen kolektibo honen indarraldian, enpresak ezin izanen du eskatu hitzarmenaren ondorio diren baldintza ekonomikoak nahiz bestelakoak ez aplikatzea; baldintza horiek LELTBren 82.3 artikuluan jasota daude.
Era berean, ez du erabiliko izaera kolektiboko lan baldintzak funtsean aldatzeko ahalmena.
Bi kasuetan, langileen legezko ordezkariekin beste zentzu bateko akordioa berariaz lortu izana beharko da.
Uko horrek ekartzen du ezin zaiola heldu, adostasunik lortzen ez bada, laudo lotesleari Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Nazionalean edo, ondorio horietarako, gatazkak judizioz kanpo konpontzeko eskudun izan daitekeen erakundean.
1. ERANSKINA.–2025EKO SOLDATA TAULAK
LANBIDE KATEGORIAK | IKASKETA TITULUA | LANALDIA | SOLDATA | OSOa | OSAGARRIA | GUZTIRA |
ZUZENDARIA | UNIBERTSITATE-GRADUA + MASTERRA | 1717 | 2.350,00 | 36.000,00 | 2.900,00 | 38.900,00 |
ERIZAINTZA | ERIZAINTZAKO UNIBERTSITATE-GRADUA | 1717 | 2.150,00 | 30.100,00 | ||
TERAPEUTA OKUPAZIONALA | UNIBERTSITATE-GRADUA | 1717 | 2.119,35 | 29.670,92 | ||
FISIOTERAPIA | UNIBERTSITATE-GRADUA | 1717 | 2.119,35 | 29.670,92 | ||
PSIKOLOGIA | UNIBERTSITATE-GRADUA | 1717 | 2.119,35 | 29.670,92 | ||
GIZARTE LANGILEA | UNIBERTSITATE-GRADUA | 1717 | 2.119,35 | 29.670,92 | ||
GIZARTE HEZITZAILEA | UNIBERTSITATE-GRADUA | 1717 | 2.119,35 | 29.670,92 | ||
ADMINISTRAZIOKO LANGILEAK | LH GOI MAILA | 1717 | 1.675,00 | 23.450,00 | ||
ZAINTZAILEAK/LAGUNTZAILEAK | LH ERDI MAILA | 1717 | 1.688,03 | 23.632,42 | ||
SUKALDARIA | LH ERDI MAILA | 1717 | 1.688,03 | 23.632,42 | ||
ZERBITZU OROKORRETAKO LANGILEAK/GARBIKETAKO/IKUZTEGIKO LANGILEAK | ESKOLA-GRADUATUA EDO FUNTSEZKO KONPETENTZIAK | 1717 | 1.400,00 | 19.600,00 | ||
SUKALDEKO LAGUNTZAILEA | ESKOLA-GRADUATUA EDO FUNTSEZKO KONPETENTZIAK | 1717 | 1.400,00 | 19.600,00 |
Oharrak:
Zaintzaileek, gaur egun, soldata-egitura hau dute (2025eko soldatak):
Oinarrizko soldata, 4. maila | 1.318,44 | 14 paga |
Mantenu-plusa | 139,57 | 14 paga |
Hitzarmeneko plusa | 230,02 | 14 paga |
Urteko soldata gordina | 23.632,42 | 1.688,03 |
Igande, jaiegun eta gaueko lanaren plusa 2024an bezala mantenduko da, gehi %3ko eguneratzea.
Iragarkiaren kodea: F2513928
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
