231. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAINTZARKO KONTZEJUA

Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Larraintzarko Kontzejuko Batzarraren 2023ko abenduaren 20ko erabaki baten bidez, hasiera batean onetsi zen Larraintzarko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, eta espedientea jendaurrean egon zen 2024ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 25ean.

Bi alegazio jaso ziren, baina ezetsi egin ziren, Batzarraren 2025eko ekainaren 6ko erabaki baten bidez, eta ordenantza behin betiko onetsi zen.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da ordenantzaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

Larraintzarren, 2025eko urriaren 15ean.–Kontzejuko burua, Antonio Gascue Larraya.

ORDENANTZA, LARRAINTZARKO (ULTZAMA) KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Larraintzarko Kontzejuaren mugarteko herri-ondasunen administraziorako, xedapen egintzetarako, defentsarako, berreskurapenerako eta aprobetxamendurako.

2. artikulua.

Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua.

Herri-ondasunak dira bertzerenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua.

Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: uztailaren 2ko 6/1990 Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, herri-ondasunei buruzko ordenantza hau, eta, bertzela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN-EGINTZAK

5. artikulua.

Herri-ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Larraintzarko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Larraintzarko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herri Ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua.

Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Larraintzarko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Larraintzarko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Jarraituko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua.

Larraintzarko Kontzejua herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzei.

8. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua.

Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Larraintzarko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela eta. Kontzejuko Batzarrak hartu beharko du jakinarazpen horien gaineko erabakia.

10. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa beharko du aldez aurretik, ondasunak herriaren ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze edozein tituluren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina emanen da edo ez, Zuzenbideak ezartzen duena.

12. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, zehaztuko den gisan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Larraintzarko Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortu diren gastuak.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua.

Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

a) Herri-larreen aprobetxamenduak.

b) Epaitzen aprobetxamenduak.

c) Herri-lurretako bertze aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua.

1. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Udal-erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urte bateko antzinatasunez.

c) Larraintzarren urtean bederatzi hilabetez, gutxienez, jarraian egiazki bizitzea.

d) Onuraduna zer toki-erakunderi dagoen lotua, zerga betebeharrak eguneratuak izatea haiexekin.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

II. HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

16. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak herri-lurretako bazkalekuak diren 14 lurzati edo belardi dauzka kontzeju-mugartean, eta horien aprobetxamendua honela eginen da:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante bidezko adjudikazioa.

17. artikulua.

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa, ohi bezala, 15. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eskatzaileei eginen zaie; gainera, Larraintzarren erroldatutako ustiategiaren abeltzain-kartilla aurkeztu beharko dute. Honako adjudikazio irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Eskatzaileek beren eskaeran azaldu beharko dute zein belardi nahi duten adjudikatzea haiei.

b) Belardi bererako eskatzaile bi edo gehiago baldin badaude, egungo adjudikaziodunak lehentasunerako eskubidea edukiko du. Adjudikatzeko diren belardi baino eskatzaile gehiago izanez gero, lehentasuna izanen dute abeltzaintza ogibide nagusia dutenek eta abeltzain gazteek (40 urtetik beherakoek). Gainerako belardiak zozketa bidez adjudikatuko dira.

c) Lehen adjudikazio horren ondoren, jakinaraziko da zein belardi dauden adjudikatu gabe, eta bigarren txanda irekiko da eskatzaileen artean zozketa egiteko. Txanda honetan adjudikatutako bigarren belardiak, adjudikazio aldiak irauten duen bitartean, eskaera berrietarako erreserbatutzat joko dira, denak berriz adjudikatuak izan arte. Erreserbaturiko belardien eskaerak ebatziko dira lehen txandako adjudikazioen prozedura beraren bidez.

d) Behin betiko adjudikazioa baino lehen behin-behineko adjudikaziodunek egokiak iruditzen zaizkien trukeak egiten ahalko dituzte haien artean, eta Kontzejuko Batzarrari horien berri eman beharko diote behin betiko adjudikazioa egin aurretik. Halaber, trukeak egiten ahalko dira adjudikazioak dirauen bitartean, adjudikaziodunak ados izanik eta Kontzejuko Batzarrari horren berri emanik.

e) Prozesu hori bukatu ondoren, adjudikatu gabe gelditu diren belardiak enkante publikoan adjudikatuko dira.

18. artikulua.

Aprobetxamendua 12 urterako izanen da.

19. artikulua.

Aprobetxamendu modu honen bidez herri-larreak hartzen dituzten onuradunek kanon hau ordainduko dute:

LOTE ZENBAKIA

METRO KOADROAK

PREZIOA BELARDIKO

1 zk.

38159,82

831,10 euro

2 zk.

35047,48

831,10 euro

3 zk.

37682,89

831,10 euro

4 zk.

36099,01

784,92 euro

5 zk.

36344,11

692,58 euro

6 zk.

37115,76

715,66 euro

7 zk.

34733,10

616,90 euro

8 zk.

35345,94

530,98 euro

9 zk.

36475,82

530,98 euro

10 zk.

47867,73

654,50 euro

11 zk.

44922,80

654,50 euro

12 zk.

49684,62

723,87 euro

13 zk.

29649,18

706,86 euro

14 zk.

5839,99

66,30 euro

20. artikulua.

Urtero berrikusiko da adjudikazioaren prezioa, Kontzejuko Batzarraren iritziaren arabera, egokitu dadin bizitzaren kostuak izaten duen igoerara, jarraikiz erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeei.

21. artikulua.

Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea. Horri dagokionez, Larraintzarko Kontzejuak ondoko kasu hauetan ulertuko du larreak ez dituela onuradunak zuzenean aprobetxatzen:

a) Azienda erregistrotik kentzen denean, edo bere jarduera abeltzaintzaren erregistrotik.

b) Larreen jabe izanik, hirugarrenei errentan ematen dizkietenak.

c) Kontzejuko Batzarraren txostenaren arabera, adjudikatutako larreak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ez dituztenak.

d) Adjudikazioduna hiltzen bada, abeltegiaren oinordekoek belardia erabiltzen jarraitzen ahalko dute jaraunspena onartzeko edo ustiategiaren titulartasuna aldatzeko izapidea bukatu arte. Izapide hau egin bitartean, heriotzaren urtean oinordekoek jarraitzen ahalko dute belardia erabiltzen, eta bertze urte bateko luzapena izaten ahalko dute, horrela eskatzen badute; betiere epe horretan ez bada amaitzen 12 urteko adjudikazio aldi orokorra.

22. artikulua.

Larreen adjudikaziodunak eskaera arrazoitua aurkeztu ondoan, Kontzejuko Batzarrak baimena ematen ahalko dio bertze norbaiten azienda sartzeko, horrela larre guztiak aprobetxa daitezen, urte sasoia dela-eta belar produkzioa ohi baino handiagoa denean. Bertzeren azienda sartzeko epea ez da bi hilabete baino gehiagokoa izanen urtean, mota bereko aziendak badira, eta lau hilabete baino gehiagokoa, bertze mota batekoak badira.

Diru-sarrera gehigarriak Kontzejuarendako izanen dira, eta diru-sarrera gehigarri horien %50 (gehienez) kentzen ahalko zaio adjudikaziodunari hurrengo ekitaldiari dagokion artzaintza kanonetik.

Ezin izanen da inola ere bertzeren mota bereko aziendarik sartu, horrek baldin badakar adjudikaziodunaren abelburu kopurua gutxitzea.

Beren larreak apartzerian eman edo lagatzen dituzten onuradunei herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte, baldin eta ez badute Kontzejuko Batzarraren baimena lortu horretarako.

Gisa honetara, lurzatirik gabe gelditu diren onuradunek apartzeria edo lagapena egin zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuaren Gordailuzaintzan.

23. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztatze lanak egiten ahalko ditu edozein unetan, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari direla ziurtatzeko.

24. artikulua.

Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa urtea amaitutakoan eginen da.

25. artikulua.

Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan ezarritako baldintzak (foru lege horren bidez arautu zen herri-larreetan bazkatzen den aziendaren babesa), eta bete beharko dira foru lege horretako eta haren erregelamenduetako baldintza guztiak.

26. artikulua.

Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Erroldatzearen ziurtagiria, alta noiz hartu zen agertuko duena.

b) Zinpeko aitorpena, urtean gutxienez bederatzi hilabetez erroldatuta dagoen helbidean bizi dela dioena.

c) Larraintzarko Kontzejuak emandako ziurtagiria, zerga betebeharrak eguneratuak dituela dioena.

d) Aziendaren zerrenda zehatza: espeziea, buruak, etab.

e) Larraintzarko ustiategi batekoa dela frogatzen duen abeltzain-kartilla.

27. artikulua.

Prozedura: Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua agertuta, 20 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

28. artikulua.

Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

29. artikulua.

Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira, 12 urterako, jarraikiz indarra duen araudiari eta ordenantza honetatik aplikatzekoa denari.

30. artikulua.

Aprobetxamenduarekin jarraitzea ezinezkoa zaien adjudikaziodunek borondatez atzera egiten ahalko dute, betiere Kontzejuko Batzarrari horren berri emanik uneko urteko abenduaren 1a baino lehen, eta frogaturik urteko kanona ordaindu dutela. Ondoren, Batzarrak irekiko du goian adierazitako moduko adjudikazio prozesu bat, iragarki-taulan argitaratu ondoren, eta hamabortz eguneko epea ezarriko du eskabideak aurkezteko. Aldez aurretik, adjudikazioa indarrean dutenei, nahi izanez gero, aukera emanen zaie utzi egin den belardia adjudikatzeko, eta berea adjudikatzeko libre utziko du.

31. artikulua.

Herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunek garbi eduki behar dituzte lurzatiak, hau da, sasitzarik gabe, ongi ongarrituak eta, oro har, egoki nekazaritzarako.

III. KAPITULUA.–EPAITZEN APROBETXAMENDUA

33. artikulua.

Oihanean aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Larraintzarko Kontzejuak etxerako egur epaitzak banatuko ditu denen artean, betiere herrian bertan erabiltzekoak badira. Eskabideak aurkezteko epea urte bakoitzaren martxoaren 31n amaituko da. Ondotik (eta loteak markatu aurretik) egindako eskabideak baldin badira, Kontzejuak erabakiko du kasu zehatzean, basozaintzako teknikarien araberako aholkularitzarekin eta oihanean aski bada.

34. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko egur epaitzen bolumena, oihanean dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

35. artikulua.

Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

36. artikulua.

Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; hondakin horiek ezin dira pilatu bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bertzelako tokietan. Betiere, kasu eginen zaie mendi zaindariordeak ematen dituen jarraibideei.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

IV. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BERTZELAKO APROBETXAMENDUAK

37. artikulua.

Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri gogo den bertze edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Larraintzarko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza orriei lotuko zaizkie. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabortz egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

38. artikulua.

1. Larraintzarko Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake lurretako aprobetxamenduen adjudikazioak honako xedea duenean:

a) Herri-lurren gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu hauek Kontzejuak nahiz herritar interesdunek berek sustatzen ahal dituzte.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuak onestea.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, bai eta titularrei emandako kalte-ordainak sorrarazitako kalte eta galerengatik eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

39. artikulua.

Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hamabortz egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondotik.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

40. artikulua.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea iragandako urtean.

c) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.

d) Lurrak lantzea Kontzejuaren adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

e) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

f) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

g) Ez betetzea Herri-larreetan Bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta lege hori garatzen duen Erregelamendua.

h) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

i) Larratze-eremuak ez errespetatzea.

j) Herri-lurretako zuhaitzak botatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

l) Herri-lurren aprobetxamendua bukatzen denean finkak behar bezala zainduak ez egotea.

41. artikulua.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), e) eta g) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

f) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea.

Gainerako arau-hausteengatik, zehapena izanen da ordaintzea egindako kaltearen balioa halako bortzetik hamar bitarte. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L2514135