Iragarkia
231. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
726E/2025 EBAZPENA, urriaren 24koa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita "Nazioartekotzeko bultzada bonuak" dirulaguntzaren 2026ko deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 864422.
Nafarroako Nazioarteko Planaren erronka nagusietako bat da Nafarroako enpresa txiki eta ertainak gehiago nazioartekotzea.
Nazioartekotzeko bultzada bonuen helburua da Nafarroako ETEei nazioartekotze prozesuetan laguntzea, dela esportazioaren bidez, dela helmugan ezartzearen bidez, horretarako behar diren gastuak diruz lagunduz, enpresa esportatzaileen kopurua handitzeko eta enpresa horien nazioartekotzea finkatzeko, bai eta Nafarroako esportazioen bolumena handitzeko ere.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. "Nazioartekotzeko bultzada bonuak" dirulaguntzaren 2026ko deialdia onestea.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 560.000 euroko gasturako baimena ematea, indarrean dagoen ekitaldiko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidea izanen den 2027ko gastuen aurrekontuko gaituko den partidaren kargura, baldin eta ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa badago: "Enpresentzako kanpo-sustapenerako dirulaguntzak" izeneko 810003 81400 4709 431300 partida.
Orobat, 100.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.
Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko urriaren 24an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
ERANSKINA.–2026KO NAZIOARTEKOTZEKO BULTZADA BONUEN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
"Nazioartekotzeko bultzada bonuen" helburua da Nafarroako ETEei nazioartekotze prozesuetan laguntzea, dela esportazioaren bidez, dela helmugan ezartzearen bidez, horretarako behar diren gastuak diruz lagunduz, enpresa esportatzaileen kopurua handitzeko eta enpresa horien nazioartekotzea finkatzeko, bai eta Nafarroako esportazioen bolumena handitzeko ere.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Dirulaguntza eskatzeko unean betebehar hauek betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira onuradunak:
a) Enpresa txiki edo ertaina izatea, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioko definizioari jarraikiz. Hori egiaztatzeko, ETE izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
b) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea Nafarroan.
c) Esporta daitekeen produktu, zerbitzu edo marka berekia izatea.
d) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.
e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
f) Nazioartekotzeko bultzada bonuen dirulaguntzaren onuradun ez izatea bi deialdi baino gehiagotan azken bost urteetan.
g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar dirulaguntza ematen duen organoari baimena ematea zuzenean eskura ditzan eskatzaileak bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, bai eta egiaztatzeko ere desgaitua ote dagoen dirulaguntzak eta laguntzak jasotzeko. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
2. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko entitateez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete direla ordainketa-epeak:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:
i. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
ii. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).
Agiri horiek hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, dirulaguntza eman izanaren ebazpena jakinarazten denetik. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe horretan, hilabete horretan eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortu ondoren, hiru hilabeteko epean aurkeztuko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera.
Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
3. Oinarri honetako 1. ataletako c) letratik g) letrara dauden baldintzak egiaztatzeko, eskaera-orriaren barneko erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.
4. Baldin eta esleipenaren ondotik enpresan egiturazko aldaketarik gertatzen bada (eraldatzea, bat-egitea, zatiketa edo aktibo eta pasiboen lagapen globala), ondorengoak oinarriotan ezarritako baldintzak bete beharko ditu onuradun izaerari eusteko, eta hori behar bezala frogatu beharko du. Nolanahi ere, subrogazioa laguntza ordaintzeko ebazpenean baimenduko da.
3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
1. Diruz lagungarriak izanen dira enpresak nazioartean ezartzeko edo esportatzeko estrategiei lotutako gastu hauek, offline zein online izan:
a) Kanpoko aholkularitza enpresa batek egindako enpresaren nazioartekotze plana diseinatzeko edo eguneratzeko gastuak.
b) Enpresaren xede-merkatuen prospekzio gastuak. Barne hartzen ditu merkatua eta merkatuko eragileak hobeki ezagutzeko azterlan guztiak: destinoko merkatuaren joerak, gobernuen politikak, arau esparrua, enpresa lehiakideak eta haien estrategia, produktu edo zerbitzu lehiakideak eta ordezkoak, bezerogaiak, banaketako kanalak, inportatzaileak eta merkatuan sartzeko oztopoak.
c) Nazioarteko sustapen gastuak. Barne hartzen ditu nazioarteko sustapeneko estrategia bat ezartzea xede duten zerbitzuak kontratatzeko gastu guztiak: sustapeneko euskarriak prestatzea, sustapen kanpainak diseinatu eta ordaintzea, publizitate kanpainak diseinatu eta kontratatzea, kontaktuen agendak eta eskaintza pertsonalizatuak aurkeztea.
d) Jabetza industrialari lotutako gastuak eta nazioarteko salmentan eragina duten homologazioak eta ziurtagiriak:
i. Patente eta marken erregistroa: kudeaketa gastuak eta xede herrialdeko erregistro ofizialetako inskripzio-tasak lagunduko dira diruz.
ii. Homologazioa eta ziurtapena: diruz lagunduko dira xede herrialdean eskatutako homologazioen gastuak, entitate egiaztatuek egindakoak, bai eta kanpoko bezero handien aurrean egindako ziurtagiriak eta aurrekalifikazioak ere.
e) Atzerrian edo online egindako nazioarteko azoketan parte hartzeko gastuak. Azokak nazioartekoak direla behar bezala egiaztatu beharko da, diruz lagungarriak izateko. Nolanahi ere, ezinbestekoa izanen da enpresak webgunea ingelesera itzulita izatea.
i. Enpresak bisitari gisa parte hartzen badu, enpresako pertsona batek azokan izena ematearen kostua lagunduko da diruz.
ii. Enpresak erakusketari gisa parte hartzen badu, espazioaren alokairuaren, muntaketaren eta erakustokiaren dekorazioaren gastuak lagunduko dira diruz. Gehienez ere bi azokatan erakusketari gisa parte hartzea lagunduko da diruz.
f) Bideragarritasuna aztertzeko eta nazioartekotze estrategiari lotutako negozio planak egiteko gastuak.
g) Nazioartekotze estrategia diseinatzeko eta ezartzeko behar den lege aholkularitzaren gastuak.
h) Nazioartekotze lanetarako langileak hautatzeko gastuak. Enpresan jatorrian edo destinoan kontratatzeko pertsonak hautatzeko gastuak sartzen dira, baita xede herrialdean agente edo ordezkari komertzialak hautatzeko gastuak ere.
2. Inola ere ez dira diruz lagunduko enpresaren ohiko kudeaketa gastuak (back office zereginak, hala nola kontabilitatea egitea, zerga aitorpenak...). Helburu zehatzak dituzten lan puntualak baizik ez dira diruz lagungarriak.
3. Oinarri honen lehenengo apartatuan adierazitako gastuak diruz lagungarritzat jotzeko, zerbitzu hori ematen gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatzen duten enpresek eman beharko dituzte.
4. Dirulaguntza izateko, diruz lagungarria den guztizko gastuaren gutxieneko zenbateko hauek eskatzen dira:
ESPORTAZIO BOLUMENA 2024. URTEAN | GASTUAREN GUTXIENEKO ZENBATEKOA |
≤ 50.000 euro | 5.000,00 euro |
> 50.000 euro eta ≤ 500.000 euro | 10.000,00 euro |
> 500.000 euro | 20.000,00 euro |
5. Diruz lagungarriak izateko, gastuak 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin, fakturatu eta ordaindu beharko dira, egun hori barne. Nazioarteko azoketan parte hartuz gero, aldi hautagarria hasi aurreko fakturak eta ordainketak onartuko dira, baldin eta azoka aldi hautagarrian egiten bada.
6. Gastu diruz lagungarrietako bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunek frogatu beharko dute enpresa hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela; horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.
Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen fakturatu eta ordaindu bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.
7. Enpresak bere merkataritza jardueraren ondoriozko gastu diruz lagungarriak izan baditu, gastu horiek ordainduta egon beharko dute aplikatzen zaion araudi sektorialean ezartzen diren ordainketa-epeetan, edo, bestela, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritakoetan.
4. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Aurreko oinarrian adierazitako gastuen %60 lagunduko da diruz, honako laguntza muga hauekin:
ESPORTAZIO BOLUMENA 2024. URTEAN | GEHIENEKO LAGUNTZA |
≤ 50.000 euro | 15.000,00 euro |
> 50.000 euro eta ≤ 500.000 euro | 30.000,00 euro |
> 500.000 euro | 50.000,00 euro |
5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.
2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/bonos-impulsa-de-internacionalizacion-2026 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).
3. Laguntzak eskatzeko, eskatzaileek eskabide telematikoa bete beharko dute, enpresaren datuak adierazita, eta 2.1 oinarriko c) letratik g) letraraino onuradun izateko ezarritako betebeharrak betetzen dituztela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena gehitu.
4. Eskabide-orri telematikoarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira, bakoitza artxibo batean eskaneatua eta bere izenarekin behar bezala identifikatua, eta, betiere, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei jarraikiz:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, enpresa ertain edo txikia dela adierazten duena, enpresaren legezko ordezkariak digitalki sinatua.
b) Dirulaguntzaren xede diren gastuei buruzko memoria.
c) Dirulaguntzaren xede diren gastuen aurrekontuak edo, bestela, eskatutako gastuaren zenbatespena egiaztatzen duten agiriak.
d) Zerbitzuak ematen dituzten enpresek sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, eskatzen zaizkien esperientzia urteetan egin dituzten lan nagusien gainekoa, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak egiaztatzeko moduan (3.3 oinarria).
e) Enpresa hornitzailearen hautaketaren gaineko justifikazioaren inprimakia, enpresaren legezko ordezkariak digitalki sinatua, eta 3.6 oinarrian ezarritako gainerako agiriak.
f) 6. oinarrian jasotzen diren balorazio irizpideak frogatzen dituen dokumentazioa.
5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
6. Eskaeran aurkeztutako gastuekin ateratzen den dirulaguntzaren zenbatekoak laguntzaren gehieneko zenbatekoa gainditzen badu (4. oinarria), Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak eskatzaileari eskatu ahalko dio eskaera berriz egiteko, eskatutako gastuen zenbatekoa laguntzaren gehieneko zenbatekora egokituta.
6. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 4. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
Kreditua ez bada behar adinakoa zerrendako azken eskatzaileari laguntza osoa emateko, eskaera birformulatzeko eskatuko zaio, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 20 bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
2. Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta, horiei esker, gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira.
1. irizpidea: Enpresa esportatzaile erregularra: 15 puntu. Enpresa esportatzaile erregulartzat hartzen da azken lau urteetan jarraian esportatu duena. 2021etik 2024ra bitarteko BEZaren aitorpenak aurkeztuz egiaztatuko da.
2. irizpidea: Esportazio bolumena 2024an, 15 puntu gehienez. Hori egiaztatzeko, 2024ko BEZaren aitorpenak aurkeztu beharko dira.
> 5.000 euro eta ≤ 50.000 euro | 5 |
> 50.000 euro eta ≤ 500.000 euro | 10 |
> 500.000 euro | 15 |
3. irizpidea: Eskatzailearen negozio bolumenaren gaineko esportazioaren ehunekoa 2024an, 15 puntu gehienez. Hori egiaztatzeko, 2024ko BEZaren aitorpenak aurkeztu beharko dira.
NEGOZIO BOLUMENAREN GAINEKO | PUNTUAK |
> %10 eta ≤ %25 | 5 |
> %25 eta ≤ %50 | 9 |
> %50 eta ≤ %75 | 12 |
> %75 | 15 |
4. irizpidea: Nafarroan enplegua handitzea, gehienez 10 puntu.
NAFARROAN ENPLEGUA HANDITZEA | PUNTUAK |
(2024an dauden enplegatuen batez besteko kopurua-2023an dauden enplegatuen batez besteko kopurua)/2023an dauden enplegatuen batez besteko kopurua | 0,25 puntu, handitzen den ehuneko puntu bakoitzeko (gehienez ere 10 puntu) |
Irizpide hau baloratzeko, enpresak Nafarroan duen Gizarte Segurantzako kotizazio-kontuaren kode bakoitzerako 2023ko eta 2024ko "Plantillan alta-egoeran dauden langileen batez besteko kopuruari buruzko txostenak" aurkeztu beharko dira.
5. irizpidea: Enpresak Nafarroako Nazioarteko Planaren talentuaren ardatzarekin duen konpromisoa, 10 puntu gehienez.
Honako hauek baloratuko dira:
a) Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak kudeatzen dituen beken edo Naex Talento beken azken hiru deialdietan onuradun izan direnak hartu izana Nafarroako enpresak atzerrian duen filial edo sukurtsal batean.
b) Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak kudeatzen dituen beken edo Naex Talento beken azken hiru deialdietako onuradunak kontratatu izana. Irizpide hau baloratzeko, laguntza eskaerarekin batera kontratuak aurkeztu beharko dira.
KONTRATATUTAKO EDOTA PRAKTIKETAN | PUNTUAK |
Pertsona bat | 5 |
Bi pertsona edo gehiago | 10 |
6. irizpidea: Enpresak genero-berdintasunarekin duen konpromisoa, 5 puntu.
Neurri hauetako baten bidez genero-berdintasunarekiko konpromisoa egiaztatzen duten enpresek 5 puntu lortzen ahalko dituzte:
a) Zuzendaritza postuetan emakumeen ehunekoa %50 edo handiagoa izatea. Hori egiaztatzeko, laguntzak eskatzen diren egunean, itxitako azken ekitaldi fiskalean erregistratutako (eta horretara behartuta egonez gero ikuskatutako) urteko kontuetan sexuaren arabera bereizita ageri den zuzendaritza-kideen kopuruari buruzko informazioa eman beharko da. Modu horretan justifikatu ezin denean, merkataritza-erregistroak zuzendaritza karguei buruz egindako ziurtagiriaren bidez edo enpresaren ordezkari batek sinatutako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horretan, enpresako zuzendaritza kideen kopurua jasoko da, sexuaren arabera banakatuta, eta kargua zehaztuko da, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera. Horrekin batera, enpresako akziodunak ez diren zuzendaritza kideen kontratuak eta azken nomina aurkeztuko dira.
b) Indarrean dagoen aitorpen edo bereizgarri bat lortu izana 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera tratu- eta aukera-berdintasuneko politikak aplikatzeagatik (adibidez, Berdintasun Ministerioaren "Berdintasuna Enpresan" bereizgarria, "Women Owned" eta abar), baldin eta, berdintasun plan bat izatera behartuta egonez gero, plan hori REGCON erregistroan erregistratu bada.
Deialdia kudeatzen duen organoak aholku eskatzen ahal dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, laguntza eskatzen duen enpresak aurkeztutako agiriak baloratzen lagundu dezan.
7. irizpidea: Enpresak jasangarritasunarekin duen konpromisoa, 5 puntu.
5 puntu lortzen ahalko dituzte garapen jasangarriarekiko konpromisoa egiaztatzen duten enpresek, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera lortutako ziurtagiri hauetakoren bat aurkeztuta, betiere ziurtagiri horiek indarrean daudela egiaztatzen badute:
a) Ingurumenaren kudeaketa: EMAS egiaztapena, ISO 14001 eta antzekoak (ISO 14006, ekodiseinuaren kudeaketari buruzkoa, edo ISO 14040, produktuaren bizi-zikloaren analisiari buruzkoa), produktuaren ingurumen adierazpena (PIA, ISO 14025 arauaren arabera), aztarna hidrikoa edo karbono-aztarna murrizteko estrategiak.
b) Energia-efizientziaren kudeaketa: ISO 50001.
c) Ekonomia zirkularraren kudeaketa: Ekonomia zirkularraren estrategiak, Zero Hondakin.
d) Gizarte-erantzukizunaren kudeaketa eta jasangarritasun globala: InnovaRSE sistema, IQNet SR10, ISO 26000, garapen jasangarrirako helburuei egindako ekarpena, Bcorp.
e) Enpresak jasangarritasuna hobetzearekin duen konpromisoa erakuts dezaketen beste ziurtagiri batzuk.
8. irizpidea: Despopulazioa, 5 puntu gehienez.
Baloratuko da enpresak jarduera ekonomikoa izatea despopulazio-arriskuan deklaratutako udalerrietako batean, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduaren arabera, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitatean despopulazio-arriskuan dauden udalerrien zerrenda (2023ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 9koa). Horretarako, Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroan kontsultatuko da enpresak zein udalerritan duen jarduera ekonomikoa.
DESPOPULAZIO ARRISKUA | PUNTUAK |
"4." motako arriskua (gainbehera bizia) edo "5." motakoa (gainbehera moderatua) | 1 |
3. motako arriskua (arrisku esanguratsua) | 3 |
1. motako arriskua (muturreko arriskua) edo 2. motakoa (arrisku bizia) | 5 |
Enpresak kokagune batean baino gehiagotan jarduten badu, puntuazio handiena lortu duena hartuko da kontuan.
9. irizpidea: Beste enpresa edo eragile batzuekin elkarlanean egindako proiektua, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera: 10 puntu.
10 puntu emanen zaizkie beren nazioartekotze estrategia beste enpresa batzuekin batera ezartzeko ekintzak egin dituzten enpresei. Hori egiaztatzeko, lankidetza hori berariaz eta argi eta garbi egiaztatzeko aukera ematen duen froga dokumentala aurkeztu beharko da.
10. irizpidea: Ezarpen proiektua, 10 puntu.
5.000 eurotik gorako ezarpen gastu hautagarriak dituzten proiektuei 10 puntu emanen zaizkie. Gastu horiei buruzko aurrekontuak aurkeztuta egiaztatuko da. Aurrekontu horietan berariaz eta argi eta garbi zehaztuko dira sartzen diren zerbitzuak. Gutxieneko zenbateko hori gauzatzen ez bada, berriz kalkulatuko da dirulaguntza emateko ebazpenean lortutako puntuazioa, eta horrek ez badu gainditzen laguntza lortzeko behar den gutxieneko puntuazioa, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
3. Eskatzaileek lortutako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, 1. eta 10. arteko irizpideetan, hurrenez hurren, lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da.
7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
2. Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretarako zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontu-baliabideen mugagatik ezetsitakoak.
3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez jakinaraziko da.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
4. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada hura kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek laguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, 2026ko irailaren 30erako (egun hori barne) nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean osorik edo partez ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.
8. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketen aldaketak.
Enpresa Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak honako aldaketa hauek baimendu ahal izanen ditu, baldin eta emandako guztizko zenbatekoa gainditzen ez bada:
a) Dirulaguntza emateko ebazpenean jasotako gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %30erainoko aldaketak.
b) Eskaeran aurreikusi gabeko gastuak sartzea, dirulaguntza emateko ebazpenean jasotako aurrekontu diruz lagungarri osoaren %30eko mugarekin, betiere behar bezala justifikatzen bada eta, beranduenez, 2026ko irailaren 30ean (egun hori barne) eskatzen bada, laguntzen fitxaren bidez.
9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.
1. Onuradunek 2027ko martxoaren 31 baino lehen, hura barne, justifikatu beharko dute egindako jarduera. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei egokituta, modu telematikoan, laguntzen fitxaren bidez:
a) Justifikaziorako inprimakia.
b) Fakturak eta ordainagiriak, enpresa onuradunaren izenean egon beharko dutenak (bankuko agiriak baino ez dira onartuko).
c) Proiektua justifikatzeko memoria.
d) Proiektuaren finantzabideen gaineko erantzukizunpeko adierazpena.
e) Dirulaguntzaren publizitatearen gaineko justifikazioa, 11.1.d) oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
f) Ebaluazio inkesta, laguntzen fitxan eskura dagoena.
2. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.
10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
2. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena lau hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.
11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan gaitutako izapidearen bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.
b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea 9. oinarrian ezarritako moduan eta epean.
c) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, zeinak 2.2 oinarrian adierazten baitira.
d) Beren webgunean edo, horrelakorik ez badute, eskura duten beste baliabide bat erabiliz adieraztea dirulaguntza honen onuradun direla, eta, horretarako, Nafarroako Nazioarteko Planaren logoa ikusgai jartzea. Logoa www.planinternacionaldenavarra.es helbidean deskarga daiteke.
e) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.
f) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 12. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
g) 2027Ko, 2028ko eta 2029ko ekitaldietako eraginkortasun-adierazleak kalkulatzeko datuak aurkeztea (salmenten, esportazioen eta enpleguaren zifrak), Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak hala eskatzen dionean.
h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.
Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 9.2 oinarrian ezarritako epean egiten bada.
12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
13. oinarria.–"De minimis" laguntzak.
Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Horren ondorioetarako, erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Interesdunek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaeran.
14. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta interesdunek erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, dirulaguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
16. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntza-ematea, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.
Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2513990
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
