231. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

715E/2025 EBAZPENA, urriaren 24koa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak emana, unibertsitateko tituludunentzako hiru prestakuntza beka emateko deialdia onesten duena, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 864437.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen.

Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiak lanerako esperientzia praktikoa eskaini nahi die unibertsitateko tituludunei, enpresen nazioartekotzearen kudeaketaren arloan eta Europako funtsen kudeaketaren eta kontrolaren arloan. Horretarako, hiru prestakuntza beka emateko deialdi hau onetsi da: beka bat Nazioartekotzeko Laguntzen Atalean aritzeko, beste bat Europako Programen Atalean aritzeko, eta beste bat Europako Funtsen Kontrolerako Atalean aritzeko, guztiak ere Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzukoak.

Jarduera hauetan eginen da prestakuntza: batetik, Nafarroako Nazioarteko Planaren ondoriozkoetan, eta, bestetik, Europako eskualde-politikari dagozkion betebeharren ondoriozkoetan. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren eskumena dira bi eremu horiek.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Unibertsitateko tituludunentzako hiru prestakuntza bekaren deialdia onestea. Bekadunek Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan beteko dituzte beren eginkizunak.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 125.677,44 euroko gastua baimentzea, urtero honela banatuko dena:

–2026. urteari dagokion gastua, 38.401,44 eurokoa, 2025eko gastuen aurrekontuko "Prestakuntza bekak" 810003-81400-4800-145100 partidaren baliokidea izateko asmoz 2026an gaitzen den partidaren kargura ordainduko da, betiere ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

–2027. urteari dagokion gastua, 41.892,48 eurokoa, 2025eko gastuen aurrekontuko "Prestakuntza bekak" 810003-81400-4800-145100 partidaren baliokidea izateko asmoz 2027an gaitzen den partidaren kargura ordainduko da, betiere ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

–2028. urteari dagokion gastua, 41.892,48 eurokoa, 2025eko gastuen aurrekontuko "Prestakuntza bekak" 810003-81400-4800-145100 partidaren baliokidea izateko asmoz 2028an gaitzen den partidaren kargura ordainduko da, betiere ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

–2029. urteari dagokion gastua, 3.491,04 eurokoa, 2025eko gastuen aurrekontuko "Prestakuntza bekak" 810003-81400-4800-145100 partidaren baliokidea izateko asmoz 2029an gaitzen den partidaren kargura ordainduko da, betiere ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik, hartan espedientearen erreferentzia zenbakia adierazita (0011-BFU2-2025-000000).

Iruñean, 2025eko urriaren 24an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da graduko unibertsitate-titulu ofiziala duten pertsonentzako hiru prestakuntza beka norgehiagokako araubidean emateko oinarri arautzaileak ezartzea. Beka bat Nazioartekotzeko Laguntzen Atalean aritzeko da, beste bat Europako Programen Atalean aritzeko, eta beste bat Europako Funtsen Kontrolerako Atalean aritzeko, guztiak ere Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzukoak.

Beken helburua da unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea enpresen nazioartekotzearen arloan, eta, horrekin batera, Europako funtsen kontrolaren eta kudeaketaren arloan trebatzea. Jarduera horiek dira, batetik, Nafarroako Nazioarteko Planaren ondoriozkoak, eta, bestetik, Europako eskualde-politikari dagozkion betebeharren ondoriozkoak. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko eskumena dira bi jarduera eremu horiek; horregatik, prestakuntza gauzatuko da zerbitzu horren zuzendaritzapean eta haren lokaletan (Iruñeko Arrieta kalea 8, 5. solairua).

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak izaten ahal dira onuradunak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gutxienez espainieraren C1 maila egiaztatu beharko dute, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (HEEEB).

c) Nafarroan erroldaturik egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean (hemendik aurrera, NAO) argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

d) Unibertsitateko gradudun titulu ofizial hauetakoren bat edukitzea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko hiru urtean lortua: Ekonomia, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Zuzenbidea, edo antzekoren bat.

e) HEEEBren arabera, ingeleseko B1 maila izatea. Maila hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean adierazitako edozein ziurtagiriren bidez egiaztatuko da (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

f) Xede bera duen beste laguntza edo beka bat jaso ez izana, ez Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik, ez beste administrazio publiko batetik, ezta entitate publiko edo pribatu batetik edo partikularretatik ere, Espainiakoak edo atzerrikoak izan.

g) Jarduteko gaitasun osoa izatea, eta ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, beken xedeko prestakuntzan aritzea galarazten dionik.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Beka eskatzeak berekin dakar dirulaguntza ematen duen organoari baimena ematea zuzenean eskura ditzan eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasunarekiko bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, bai eta egiaztatzeko ere desgaitua ote dagoen dirulaguntzak eta laguntzak jasotzeko. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. Oinarri honetako 1. ataletako f), g) eta h) letretako baldintzak egiaztatzeko, eskaera-orriaren barneko erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da. Gainerako baldintzak egiaztatzeko, 5. oinarrian adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, bekaldiak irauten duen bitartean mantendu.

4. Ebaluazio batzordeak ez ditu baloratuko oinarri honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenen eskaerak.

3. oinarria.–Jarduerak eta tutoretza.

1. Bekadunak, oro har, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren bulegoetan arituko dira (Arrieta kalea 8, 5. solairua, Iruña), astean 30 orduz gehienez. Bekaren iraupenaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia dagokio.

Bekadunek prestakuntzarako behar diren joan-etorriak ere egin beharko dituzte, eta eskubidea izanen dute zerbitzu eta bidaien arabera izaten diren gastuengatik funtzionarioei ematen zaizkien ordain berberak jasotzeko.

2. Hauek dira Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan egin beharreko jarduerak:

1. Europako Programen Atalean egin beharreko jarduerak:

a) Jarraipena egitea Europako Gizarte Funtsak (EGIF+) eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF), 2021-2027 aldian, Nafarroan finantzatutako eskualde-programetan sartutako proiektuei.

b) Programetan sartutako proiektuak gauzatzen dituzten entitateekin, unitateekin eta departamentuekin koordinatzea.

c) Programen barneko proiektuetarako Europar Batasunetik jasotako diru-sarrerak kontrolatzea eta entitate kudeatzaileen artean banatzea.

d) Programak kudeatzeko eta kontrolatzeko sistemak deskribatzea, aldatzea eta eguneratzea.

e) Txostenak egitea bitarteko erakundeak egindako gastuen egiaztagiriei buruz, hala eskatzen dietenean kudeaketa, kontabilitate eta auditoretza arloetako agintariek edo Europako Batzordeak.

f) Programen kudeaketarekin eta jarraipenarekin loturik, bitarteko erakundeak duen beste edozein eginkizun.

2. Europako Funtsen Kontrolerako Atalean egin beharreko jarduerak:

a) EGEF eta EGIF+ programen kargura aitortutako gastuak, 2021-2027 programazio aldikoak, egiaztatzea (onuradunek aurkeztutako itzulketa eskaeren gaineko egiaztapen administratiboak, atzemandako arriskuen arabera, eta eragiketa konkretuen gaineko egiaztapenak "in situ"), bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 74. artikuluan ezarritakoarekin.

b) EGEF eta EGIF+ programak kudeatzeko eta kontrolatzeko sistemak deskribatzea, aldatzea eta eguneratzea, kontrolari dagokionez.

c) Aitortutako gastuetan irregulartasunak harrapatzeko eta zuzenketa finantzarioa egiteko egokiak diren kontrol mekanismoak ezartzea eta haien jarraipena egitea.

d) Txostenak egitea bitarteko erakundeak egindako egiaztapenen edukiaz, hala eskatzen dietenean kudeaketa, kontabilitate eta auditoretza arloetako agintariek edo Europako Batzordeak.

e) EGEF eta EGIF+ programen kontrolarekin loturik, bitarteko erakundeak duen beste edozein eginkizun.

f) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, bai eta bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak ere.

3. Nazioartekotzeko Laguntzen Atalean egin beharreko jarduerak.

a) Nazioartekotzeari laguntzeko dirulaguntzen deialdiak kudeatzen laguntzea.

b) Nazioartekotzeari laguntzeko programak kudeatzen laguntzea.

3. Bekadunek egiten dituzten jarduerak Europako Programen Ataleko buruak, Europako Funtsen Kontrolerako Ataleko buruak eta Nazioartekotzeko Laguntzen Ataleko buruak zuzendu eta gainbegiratuko dituzte. Atalburu horiek zeregin zehatzak aginduko dizkiete, ordutegiak finkatuko dituzte eta bekadunek betebehar orokorrak eta espezifikoak betetzen dituztela zainduko dute.

4. oinarria.–Beken baldintzak: iraupena eta zenbatekoa.

1. Prestakuntza bekek, hasiera batean, hamabi hilabeteko iraupena izanen dute. Hala ere, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak proposaturik, organo eskudunak luzatzen ahalko ditu, epe bererako, hiru urte egin arte gehienez (hasierako aldia eta luzapenak barne), aurrekontu-baliabideen arabera. Bekak emateko ebazpenean zehazten den egunean hasiko dira bekak.

Bekak luzatzen badira, ez da inola ere aldatuko haien izaera.

2. Hiru prestakuntza beketako bakoitza urtean 13.964,16 eurokoa izanen da gehienez, Gizarte Segurantzako kotizazioak barne, eta hilean 1.100 euro gordin ordainduko dira. Ordaintzen den diruari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Bekadun bakoitzari ematen zaion dirua ez da soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta hurrengo hilabetean bukatuko da, argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean.

Eskaerak Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalaren Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura zuzenduko dira, eta nahitaezkoa da bide telematikoz aurkeztea, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Tramiteen Katalogoko dagokion fitxaren bidez: https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/tres-becas-de-formacion-para-personas-tituladas-universitarias-con-destino-en-el-servicio-de-proyeccion-internacional (aurrerantzean, beken fitxa).

2. Bekak eskatzeko prozesuan, eskatzaileek beren datuak bete beharko dituzte, eta erantzukizunpeko adierazpena egin, onuradun izateko 2.1 oinarriko f), g) eta h) letretan ezarritako baldintzak betetzen direla adieraziz.

3. Eskaera-orri telematikoarekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):

a) NANaren edo baliokidearen kopia.

b) Erroldatze-ziurtagiria, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren datatua, non erroldan duen alta-data jasoko baita.

c) Curriculum vitaea, non zehatz-mehatz adieraziko baitira alegatutako merezimendu guztiak, gehienez ere folio batean.

d) Unibertsitateko gradudun titulu ofizialaren egiaztagiria. Tituluaren kopiarik ez badu, nahikoa izanen da tasak ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztea. Tituluan ikasketak noiz bukatu ziren agertu ezean, kasuan kasuko unibertsitateak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, hori frogatzeko. Titulua atzerriko unibertsitate batek eman badu, ikasketen homologazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

e) Ikasketa-espediente ofiziala, ebaluatutako batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan agertu behar duena.

f) Ingeleseko ziurtagiria.

g) 7. oinarrian ezarritako merezimenduen egiaztagiriak.

h) Baldin eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultarako baimena ematen ez badu, eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiriak.

4. Ingelesa edo frantsesa ez diren atzerriko hizkuntzetan idatzitako dokumentuak entregatu behar badira, Nafarroako Foru Komunitateko edozein hizkuntza ofizialetara itzulita aurkeztuko dira.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. Ezin izanen da zuzenketarik egin 7.2 oinarrian adierazitako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ingeles-ziurtagiria izan ezik, zeina 2.1.e) oinarrian ezarritako baldintza egiaztatzeko soilik hartuko baita kontuan.

7. Prestakuntza beketarako eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

6. oinarria.–Ebaluazio batzordea.

Ebaluazio batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz eta prestakuntza bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz.

Kide anitzeko organo hori honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Miren Ausín Lecuna, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Ana Osés Marín, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Programen Ataleko burua.

Batzordekide titularra: Dolores Miranda Beguiristain, Europako Funtsen Kontrolerako Ataleko burua.

Ordezkoa: Cristina Fernández Marañón, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Enpresa Zientzietako diplomaduna.

Idazkaria: Cristina Arana Rey, Nazioartekotzeko Laguntzen Ataleko burua.

Ordezkoa: Borja Escudero Goldaracena, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

7. oinarria.–Bekak emateko irizpideak.

1. Beka hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

2. Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira. Eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik aurkeztutako egiaztagiriak baino ez dira baloratuko:

a) Europako funtsak kudeatzeko eta kontrolatzeko arloan aritzeko diren beketarako:

i. Ikasketa-espedientea: 30 puntu, gehienez; lortutako batez besteko notarekiko proportzioan esleituak.

ii. Ingelesa: 20 puntu, gehienez.

a. C2 maila: 20 puntu.

b. C1 maila: 15 puntu.

c. B2 maila: 10 puntu.

iii. Europar Batasunarekin, kontabilitatearekin, auditoretzarekin, administrazio publikoarekin eta Office-rekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak: 15 puntu, gehienez. 10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko. Prestakuntza ekintzetan parte hartu izana honela baloratuko da: puntu 1 ECTS kreditu bakoitzeko edo 0,4 puntu prestakuntzako 10 eskola-orduko. Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.

iv. Ingelesa ez den beste hizkuntza batzuk (euskara, alemana edo frantsesa): 10 puntu, gehienez.

a. C2 maila: 10 puntu.

b. C1 maila: 7,5 puntu.

c. B2 maila: 5 puntu.

v. Elkarrizketa pertsonal bat, zehazteko zenbateraino menderatzen diren garatu beharreko funtzioekin zerikusia duten gaiak, bai eta motibazioa, ekimena, argitasuna eta erantzunen ordena ere: 25 puntu, gehienez.

b) Enpresaren nazioartekotzearen arloan aritzeko den bekarako:

i. Ikasketa-espedientea: 30 puntu, gehienez; lortutako batez besteko notarekiko proportzioan esleituak.

ii. Ingelesa: 20 puntu, gehienez.

a. C2 maila: 20 puntu.

b. C1 maila: 15 puntu.

c. B2 maila: 10 puntu.

iii. Unibertsitateko master ofiziala (gutxienez 60 kreditu): 10 puntu, gehienez.

a. Kanpo-merkataritzari edo nazioarteko harremanei buruzkoa bada: 10 puntu.

b. Gainerako masterrak: 5 puntu.

iv. Kanpo-merkataritzarekin, nazioarteko harremanekin, Administrazio Publikoarekin eta Office-rekin lotutako prestakuntza ikastaroak: 5 puntu, gehienez. 10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko. Prestakuntza ekintzetan parte hartu izana honela baloratuko da: puntu 1 ECTS kreditu bakoitzeko edo 0,4 puntu prestakuntzako 10 eskola-orduko. Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko.

v. Ingelesa ez den beste hizkuntza batzuk (euskara, alemana edo frantsesa): 10 puntu, gehienez.

a. C2 maila: 10 puntu.

b. C1 maila: 7,5 puntu.

c. B2 maila: 5 puntu.

vi. Elkarrizketa pertsonal bat, zehazteko zenbateraino menderatzen diren garatu beharreko funtzioekin zerikusia duten gaiak, bai eta motibazioa, ekimena, argitasuna eta erantzunen ordena ere: 25 puntu, gehienez.

3. Eskatzaileek lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, ikasketa-espedientearen irizpidean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta, berdinketak jarraitzen badu, ingelesaren irizpidean lortutakoa, eta, azkenik, eskaera aurkezten den eguna.

4. Masterrak egiaztatzeko, Espainiako agintariek emandako edo homologatutako unibertsitate master ofizialaren titulua aurkeztu beharko da. Tituluaren kopiarik ez badu, nahikoa izanen da tasak ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztea.

5. Ingeles, euskara, frantses eta aleman maila egiaztatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean adierazitako edozein ziurtagiri aurkeztu beharko da (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

6. Elkarrizketa pertsonala egiteko, telefonoz eta posta elektronikoz abisatuko zaie eskatzaileei, gutxienez 72 ordu lehenago. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da; horrenbestez, agertzen ez denak ezin izanen du bekarik eskuratu.

8. oinarria.–Bekak ematea.

1. Beken ebaluazio batzordeak aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita aukeraturiko pertsonek beka lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela. Onartutako pertsona guztiei emandako puntuazio osoa ere adieraziko da proposamen horretan.

2. Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia da bekak emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta, gutxienez, beka jasoko duten eskatzaileak eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak jaso beharko ditu. Era berean, beken zenbatekoa eta beken hasiera data jasoko dira.

3. Ebazpen hori gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez jakinaraziko da.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago bekak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

9. oinarria.–Jardueraren hasiera eta uko egitea.

1. Prestakuntza beken onuradunek beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko dute lanean. Horrela egin ezean, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ez duen erabakitzen ezinbesteko arrazoiren bat edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera gertatu dela.

2. Onuradunen batek uko egiten badio bekari edo, beste arrazoiren bat tarteko, bekaren bat hutsik geratzen bada, onuradun izan ez direnei eskainiko zaie, ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak haiekin harremanetan jartzeko bi saiakera eginen ditu, bi eguneko epean, izena emateko eskaeran eman zituzten harremanetarako bideen bitartez, eta jasoa utziko du egindako dei bakoitza.

Pertsona batekin harremanetan jarri eta, izena emateko eskaeran adierazi zuen helbide elektronikoan eskaintza egin ondoren, erantzuten ez badu, eskaintzari uko egin diola ulertuko da, eta zerrendatik kanpo geldituko da hurrengo deietarako.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Prestakuntza beka hauen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Bekak emateko ebazpenean ezarritako egunean hastea bekaren jarduerak.

b) Bekaren xede den prestakuntza jarduera egitea eta justifikatzea.

c) Beka emateko finkatutako betebehar eta baldintzak betetzea.

d) Beka bukatu aurreko hilabetean, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, tutorearen adostasuna barne.

e) Organo eskudunek eman den bekaren gainean egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

f) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

g) Bekari berariaz uko eginez gero, organo eskudunari jakinarazi beharko zaio, jarduera utzi baino gutxienez hamabost egun natural lehenago.

h) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.

i) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean jakiten duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

j) Enpresen Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiaren barne araudia edo funtzionamendu araudia betetzea, han arituko baita.

k) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak proposaturik eta interesdunari entzunaldia eman ondoren; horrekin batera zuzkidura ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du, eska daitezkeen diru-itzulketak, berandutza interesak eta ezar litezkeen zehapenak galarazi gabe.

11. oinarria.–Lan harremanik ezaren adierazpena eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

1. Beka edukitzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin, ez eta antzeko eskubiderik eskuratzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko bekak bukatutakoan bekadunak bere plantillan sartzeko.

Prestakuntza beken onuradunei agintzen zaizkien lan edo jarduerak Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunek ezin izanen dituzte funtzionarioei dagozkien eginkizunak bete edo berentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

2. Bekadunek eskubidea izanen dute apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra.

Horren ondorioetarako, prestakuntzan aritzen denak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bekadun guztientzat sinatu duen aseguru kontratuaren istripuengatiko estaldura izanen du.

12. oinarria.–Beken bateragarritasuna.

Deialdi honetako prestakuntza bekak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste beka batzuekin.

13. oinarria.–Araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

14. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Beka eskaera eta interesdunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta beka hauek emateko prozesuan beharrezkoak diren komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

15. oinarria.–Emandako beken publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak, Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, beka zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren beken fitxan ere www.nafarroa.eus argitaratuko dira.

16. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako bekak emateko eta haien kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.

Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, eskaera fitxan adierazitako moduan.

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2513985