Iragarkia
23. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 4a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
202C/2024 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Enpresa Politikaren, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, Adimen-desgaitasuna edo garapenaren nahasmendua duten pertsonen eta haien familien aldeko Nafarroako Elkartea (ANFAS) enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Ikusi da Adimen-desgaitasuna edo garapenaren nahasmendua duten pertsonen eta haien familien aldeko Nafarroako Elkartea (ANFAS) enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31000602011983), zeina 2024ko irailaren 16an sartu baitzen erregistro honetan, eta 2024ko ekainaren 21ean sinatu baitzuten enpresaren eta sindikatuen ordezkaritzek, 2024ko urriaren 31n zuzentzeko eskatu eta zuzenketa egin ondotik.
Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, laneko akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Adimen-desgaitasuna edo garapenaren nahasmendua duten pertsonen eta haien familien aldeko Nafarroako Elkartea (ANFAS) enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31000602011983).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezaten.
Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez diola amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal diola Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Iruñean, 2024ko abenduaren 20an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
ENPRESAREN HITZARMENARI BURUZKO AKORDIOAREN AKTA
2024ko ekainaren 21ean, 13:00etan, ANFASek Burlatan dauzkan bulegoetan, behean sinatzen duten pertsonak bildu dira, elkarte horren hitzarmen kolektibo berrirako negoziazio mahaiko kide diren aldetik.
Langileen aldetik, Enpresa Batzordearen gehiengoa bertaratu da, ELA sindikatuko hautagai-zerrendako kide hauek osatua: María Asensio, Leyre Merino, Iñigo Asensio, Nerea Berruezo eta Santiago Aldaz (ELA). Bestalde, Laura Ezcurra eta Natasha Castañeda ere bertaratu dira, Enpresa Batzordeko kideak eta LAB sindikatuko ordezkariak.
ANFASen aldetik: Helena Gallego (kudeatzailea) eta Miguel Mingo de Miguel (aholkulari juridikoa).
Langileen ordezkariek (ELA sindikatuko hautagai-zerrendakoak, Enpresa Batzordearen gehiengoa ordezkatzen baitute) eta enpresaren ordezkaritzak erabaki dute ANFAS Adimen-desgaitasuna edo garapenaren nahasmendua duten pertsonen eta haien familien aldeko Nafarroako Elkartean aplikatuko den hitzarmen kolektiboaren testua, ondoren heldu dena, onestea eta sinatzea, hitzarmeneko puntuak banan-banan irakurri ondoren bi alderdiek ez baitute inolako kontrako arrazoirik azaldu. Hitzarmenak 35 artikulu ditu, xedapen gehigarri bat, bi azken xedapen, eta soldata-taulak dakartzan eranskina. Aldi berean, erabaki dute hitzarmenaren testuaren ale bat arlo horretako eskumena duen Nafarroako Gobernuaren kontseilaritza edo departamentura igortzea, jakinaren gainean egon dadin. Espresuki eskatuko zaio behar dena xedatu dezala, gero Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ahal izateko. Hitzarmen kolektiboa lan arloko agintaritzaren edo eskudun diren administrazio publikoen aurrean erregistratu eta argitaratzeko behar diren kudeaketa guztiak egiteko, berariaz baimentzen da ELA sindikatua gestio horiek baimendutako langileen bidez egin ditzan.
Langileen aldetik, enpresa batzordeko kideak, ELAren izenean. Hitzarmena honako hauek sinatu dute:
Leyre Merino andreak.
María Asensio andreak.
Iñigo Asensio jaunak.
Nerea Berruezo andreak.
Santiago Aldaz jaunak.
Langileen aldetik, enpresa batzordeko kideak, LABren izenean. Hitzarmena sinatu ez, baina agerle gisa sinatu dute:
Laura Ezcurra andreak.
Natasha Castañeda andreak.
Enpresaren aldetik:
Helena Gallego andreak.
ANFAS (ADIMEN-DESGAITASUNA EDO GARAPENAREN NAHASMENDUA DUTEN PERTSONEN ETA HAIEN FAMILIEN ALDEKO NAFARROAKO ELKARTEA) ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA
1.–APLIKAZIO EREMUA
1. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmen kolektibo hau ANFASek gaur egun Nafarroan dituen edo hitzarmenaren indarraldian instalatzen dituen bulego eta zerbitzu guztietan aplikatuko da.
2. artikulua. Denbora eremua.
1. Indarraldia: Hitzarmen honek indarra izanen du 2022ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31 bitarte.
2. Hitzarmenaren luzapena, salaketa eta berrikuspena: Hitzarmen hau salatu dela ulertuko da hasieran hitzartutako indarraldia amaitzen denean (2024ko abenduaren 31n). Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, berariaz adostu da ezen, hitzarmena salatu eta itundutako iraunaldia amaitu ondoren, hitzarmenak aurreraeraginean jarraituko duela harik eta bi alderdiek horren ordezko bat sinatzen duten arte.
Salbuespen gisa, hitzarmenaren klausuletakoren bat edo beste berrikusten ahal da, horretarako arrazoirik baldin badago eta sinatu duten bi alderdiak ados badaude.
Adostutako epea amaitzen denean, automatikoki salatuko da hitzarmena, eta, hilabeteko epean, alderdiek hitzarmena berritzeko negoziazioak hasi beharko dituzte (ez da luzatzen ahalko epe hori).
3. artikulua. Langile eremua.
1. Hitzarmen kolektibo hau ANFASko langileei aplikatuko zaie, salbu eta langile horiek integratuta dauden etxebizitza edo zentroan ANFASek Desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko Nafarroako zentro pribatu itunduen sektorerako hitzarmen kolektiboa –une bakoitzean indarrean dagoena– aplikatu behar badu, etxebizitza edo zentro horretan desgaitasuna duten pertsonen arreta espezializatuko zerbitzuaren kudeaketarako kontratazioa eta burutzapena arautzen dituen baldintza-agiriak eskatuta. Egoera horretan dauden langileei hitzarmen hori aplikatuko zaie.
2. Era berean, administrazio kontrataziorako baldintza agiri horiek hala eskatuta ANFASek beste edozein hitzarmen aplikatu behar badu, langile horiek hitzarmen honen langile eremutik kanpo geratuko dira, eta kasu horretan baldintza agiri horietan eskatzen den hitzarmen kolektiboa aplikatuko da.
3. Gaur egun indarreko hitzarmen kolektiboaren menpe egon arren, hitzarmen honen indarraldi edo aurreraeraginak iraun bitartean, lehiatzeko baldintza-agiri edo baldintzetan hitzarmen kolektibo jakin bat aplikatzea eskatzen duen kontratazio publikoko prozesu baten bitartez, Nafarroako Gobernuarekiko edo beste edozein administrazio publikorekiko itunen menpe geldituko diren zerbitzuetan ari diren langileak administrazio kontratazioa arautzen duen baldintza-agirian eskatutako hitzarmen kolektiboaren menpe geldituko dira zerbitzua kontratazio publiko horren arabera emateak indarra hartzen duen unetik aurrera.
4. Langileek beren lanaldiaren zati bat administrazio publikoekin itundutako zerbitzuetarako esleituta badute eta zerbitzu horien kontratazio publikorako baldintza-agiri edo baldintzetan hitzarmen kolektibo jakin bat aplikatzea eskatzen bada, eta lanaldiaren beste zati bat ANFASen gainerako zerbitzuetarako esleituta badute, lanaldiaren eta lansarien arloetan hitzarmen bakoitzak zuzenduko ditu jarduera bakoitzerako egindako lanaldiaren proportzioan, eta, gainerako arloetan, lanaldi luzeagoa esleituta duten jardueraren hitzarmen kolektiboak zuzenduko ditu.
4. artikulua. Hitzarmen honetan itundutako lan baldintzak ez betetzea (ez aplikatzea).
Hitzarmenak indarrean dirauen bitartean, enpresak ezin izanen dio inola ere heldu hitzarmen hau eta bere eranskina ez aplikatzeko aukerari Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluko prozeduraz baliatuz, eta lehenik eta behin saiakera egin beharko du mugaeguna baino lehen hitzarmena berriz ere negoziatzeko, beste hitzarmen bat lortzeko edo Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluak aurreikusten duen berrikuspena egiteko.
II.–LAN BALDINTZAK (OROKORRAK)
5. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Enpresak langilearen egiazko soldataren %100era arte osatuko du, lehenbiziko egunetik hasita, aldi baterako ezintasuna gertatzen denean, dela laneko zein lanetik kanpoko istripuaren ondorioz, dela laneko eritasunaren nahiz eritasun arruntaren ondorioz, dela haurdunaldiko arriskuaren ondorioz.
Artikulu honetako aurreko paragrafoan aipatzen den ehunekoa aldi baterako ezintasun egoera gertatu aurreko hilabete naturalean langileak jaso zuen oinarrizko soldataren eta antzinatasun sariaren %100i dagokio. Dena dela, aldi baterako ezintasun egoeran dagoen langilearen soldata erreala ezin izanen da egoera horretan ez balego kobratuko lukeena baino handiagoa izan.
Kontzeptu honetan aipatzen den osagarria, enpresak ordaindu beharrekoa, lanerako aldi baterako ezintasunak dirauen bitartean ordainduko da, gehienez ere 12 hilabetean, baina beste sei hilabete ere luzatzen ahal da.
6. artikulua. Lanaldia eta oporrak.
Urtean, 2022an, 2023an eta 2024an 1.648 orduz egin beharko da lan.
Langileen lan-egutegia zerbitzu, zona edo programa bakoitzerako prestatzen den urteko egutegia bezalakoa izanen da, bakoitzaren egoeraren eta beharren arabera. Egutegi horiek ANFASko zuzendaritzak onetsi beharko ditu.
Langile guztiek urtean urteko urtarrilaren 31 baino lehen eduki beharko dute beren zona, programa, zerbitzu edo departamentuko lan-egutegia. Egutegi horretan, zerbitzurik gabeko aste bat agertuko da Aste Sainduan eta Eguberrietan (etxebizitzetan izan ezik) eta beste aste bat, eskualdeko festetan.
Ahaleginak eginen dira lan-egutegi horretan norberak opor egunak nahi bezala hartzearen irizpidea eta efizientziaren irizpidea orekatzeko. Hortaz, opor egunen %65, gutxienez, jarraian hartzea finkatzen da eta, orobat, egunen %85 eskualdean zerbitzurik ez dagoen egunetan hartu beharra. Eskualdean udako jarduerak egiten badira ("udakoak" ere bai), opor egunen %95 zerbitzurik ez dagoen egunetan eta jarduera horiek egiten diren egunetan hartuko dira. Erreferentziako plantillaren %50 egotea bermatuko da, eta langile guztiek udako jarduerako hiru txandatan lan eginen dute.
Udan, hau da, ekainaren 15etik irailaren 15era (biak barne), lanaldi osorako kontratatutako langile guztiek, udan zerbitzuak emateko berariaz kontratatu ez badira eta desgaitasuna duten pertsonei arreta zuzena ematen badiete, 7 orduko benetako lanaldi jarraitua izateko eskubidea izanen dute, betiere zerbitzuaren beharrek eta zerbitzuak ematen dituzten jardueren edo programen ordutegiek horretarako aukera ematen badute.
Hitzarmen honen eraginpeko talde profesionalak 30 egun naturaleko oporrak izanen ditu urtean. Oporraldiaren hasierako data langileen eta enpresaren artean adostuko da, zeinak negoziatzen hasiko baitira oporraldiak hasi baino bi hilabete lehenago gutxienez, elkartearen programei kalterik ez eragiteko. Adostasunik ez bada, Nafarroako lan arloko epaitegiak erabakiko du.
Artikulu honetan ezarritako oporraldi osoan, zeina benetan lan egindako denboraren arabera sortzen baita, une bakoitzean indarra duen soldata kobratuko da, kontzeptu hauei dagokiena: oinarrizko soldata eta, hala egokitzen bada, antzinatasuna.
Urteko oporrak kasuan kasuko urte naturalean hartu behar dira. Opor egunak finkatutakoan, aldatzen ahalko dira, laneko istripua, laneko eritasuna edo eritasun arrunta gertatuz gero.
Oporretarako finkatutako aldian laneko istripua, laneko eritasuna, eritasun arrunta, ama izateagatiko atsedenaldia edo haurdunaldiko arriskuagatiko baja gertatuz gero, langileak eskubidea izanen du oporrak beste egun batzuetan hartzeko; gertaera horien ondoriozko baja-egunak aurreikusitako opor egunekin bat egin duten adina egun, ez gehiago. Kasu horretan, bi alderdiek itunduko dute noiz hartu egun horiek.
Oporraldi batean aldi baterako ezintasuna gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak urte naturalean dagozkion oporrak hartzerik ez badu, ezintasuna bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, ezintasuna sortu duen kontingentzia eta igarotako denbora edozein direla ere.
Talde profesionalaren ordezkariei aurretik jakinarazita, urteko lanaldiaren %3 arteko banaketa irregularra duten egutegiak ezartzen ahalko dira, legeak finkatutako gutxieneko atsedenaldiak errespetatuz.
7. artikulua. Bizitza pertsonala eta lana bateratzea: lanaldi murrizketa legezko zaintzagatik.
Plantillak lanaldia murrizteko eskubidea izanen du Langileen Estatutuaren 37.6 artikuluan ezarritako kasu eta baldintzetan. Murrizketa hori gauzatzeko, eguneko, asteko, hilabeteko edo urteko lanaldia hartzen ahalko da erreferentzia-alditzat.
8. artikulua. Balioaniztasuna.
Langilearen eta enpresaburuaren artean, balioaniztasun funtzionala adostuko da, hau da, talde baten baino gehiagoren eginkizunak betetzea. Soldata kategoria bakoitzean emandako denboraren arabera zehaztuko da soldataren ordainketa.
9. artikulua. Lan baldintzen aldaketa nabarmenak.
Enpresako zuzendaritzak funtsezko aldaketak erabakitzen ahalko ditu lan baldintzetan, Langileen Estatutuaren 41. artikuluan jasotako gaietan eragina duten arrazoi ekonomikoak edo antolaketakoak daudela frogatzen direnean.
Banako aldaketaren kasuan, langileari jakinarazi beharko zaio eragina izan baino 30 egun lehenago, gutxienez.
Langileen Estatutuaren 41.2 artikuluan araututako mugak gaindituz gero, eta lan baldintzen funtsezko aldaketa kolektibotzat jo behar denean, enpresaburuak langileen ordezkariei jakinarazi beharko die, aldaketak eragina izan baino 15 egun lehenago gutxienez ere; orobat, hitzarmenaren batzorde paritarioari, txostena presta dezan, zeina, gehienez ere, 7 egunean prestatu beharko baita.
10. artikulua. Mugigarritasun geografikoa, funtzionala eta lan baldintzen funtsezko aldaketa.
Lanbide taldeari dagozkion eginkizunak betetzeko mugigarritasun funtzionala egin ahal izateko, hura justifikatzen duten arrazoi ekonomikoak edo antolaketakoak beharko dira eta ezinbesteko denboran bakarrik; enpresaburuak bere erabakia eta horretarako arrazoiak eman beharko dizkio aditzera profesionalen taldeari. Ordainsari handiagoko kategoria batera aldatuz gero, langileak nomina bakoitzean jasoko du soldata alde hori.
Langileak, urtebetean sei hilabetez edo bi urtean 8 hilabetez betetzen baditu goragoko eginkizunak, igoera erreklamatzen ahalko du posturako eskatzen diren lanbide edo ikasketa titulurik badu; betiere, ez da zentroan adostutako barne igoeraren sistemaren aurka eginen, hori beti gailenduko baita, non ez den elkarteko langile bat falta dela-eta hura ordezten; halakorik gertatuz gero, hura bukatutakoan atzera itzuliko da.
Erabakiak eragina izan baino hilabete lehenago, gutxienez ere, jakinarazi beharko dio enpresaburuak langileari lekuz aldatzeko erabakia.
11. artikulua. Ordaindu gabeko baimenak.
Enpresan urtebetetik gorako antzinatasuna duten langileek aukera izanen dute, enpresari eskatu ondoren, ordaindu gabeko hiru hilabete bitarteko baimena hartzeko, bi alditan zatitu daitekeena; baimena lortzeko, langileak idatziz eskatu beharko du eta zertarako nahi duen behar bezala justifikatu; baimena erabili ahal izateko, enpresaren aldez aurreko baimen idatzia beharko da.
Enpresak baimena emanez gero, ordaindu gabeko baimenaren aldi hori enpresako antzinatasunaren ondorioetarako konputatuko da.
12. artikulua. Borondatezko eszedentziak.
Borondatezko eszedentziarako eskubidea izateko betebeharrak hauek dira: idatziz eskatzea hogeita bat egun lehenago, enpresan urtebetetik gorako antzinatasuna izatea eta aurreko bi urteetan borondatezko beste eszedentziarik hartu gabea izatea. Eszedentzia lau hilabetetik bost urte bitartekoa izanen da.
Eszedentzia urtebetetik gorakoa bada, ez dago lanpostua erreserbatzeko eskubiderik. Dena dela, langileak utzi duen lanpostua bezalako bat edo antzeko bat gelditzen bada hutsik, enpresara berriz itzultzeko lehentasuna izanen du.
Borondatezko eszedentzian dagoen bitartean, langilearen eskubide eta betebehar guztiak etenda geldituko dira, eta horrenbestez, ez du inolako kontzepturen ordainketarik jasoko, eta eszedentziako denbora ez zaio antzinatasunerako konputatuko.
Langileak lanera itzuli nahi badu, idatziz eskatu beharko du eszedentzia bukatu baino hamabost egun lehenago, gutxienez. Borondatezko eszedentzian egonik lanera itzultzeko eskaera eszedentzia amaitu baino hamabost egun lehenago aurkezten ez duen langileari behin betiko baja emanen zaio enpresan.
13. artikulua. Baimen ordainduak.
Ondoko arrazoiengatik, langileak lanera ez agertzeko eskubidea izanen du, dagokion ordainsaria kobratuta, ahalik eta lehenen abisatzen badu eta gero behar bezala justifikatzen:
LIZENTZIAREN ARRAZOIA | LIZENTZIAREN IRAUPENA | FROGAGIRIAK |
1. Ezkontzagatik edo izatezko bikotearen legezko onarpenagatik | 16 egun natural | Familia-liburua edo epaitegiaren ziurtagiria edo bizikidetzaren ziurtagiria |
2. Ezkontidearen, bikotekidearen, seme-alaben, gurasoen eta aitaginarrebaren/amaginarrebaren istripu edo eritasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoagatik | 5 egun baliodun | Ospitaleko egonaldiaren edo etxean atseden hartu behar izanaren ziurtagiria |
3. Anai-arreben, suhiaren/errainaren, koinatuaren/koinataren, aitonaren/amonaren eta bilobaren istripu edo eritasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoagatik | 5 egun baliodun | Ospitaleko egonaldiaren edo etxean atseden hartu behar izanaren ziurtagiria |
4. Langilearekin bizi den, langileak zaintzea behar duen eta aurreko puntuetan aipatu ez den beste edozein pertsonaren istripu edo eritasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoagatik | 5 egun baliodun | Ospitaleko egonaldiaren edo etxean atseden hartu behar izanaren ziurtagiria eta bizikidetzaren ziurtagiria |
5. Ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen edo semearen/alabaren heriotzagatik | 7 egun natural | Egiaztagiria |
6. Gurasoen, anai-arreben eta biloben heriotzagatik | 5 egun natural; egun natural bat gehiago 150 km baino urrutiago dauden probintzietan gertatuz gero | Egiaztagiria |
7. Aitaginarrebaren/amaginarrebaren, koinatuaren/koinataren eta aitonaren/amonaren heriotzagatik | 3 egun natural. Ehorzketa langilearen helbidetik 150 km baino urrutiago baldin bada, egun bat gehiago emanen zaio | Egiaztagiria |
8. Osabaren/izebaren, ilobaren heriotzagatik | 1 egun natural. Ehorzketa langilearen helbidetik 150 km baino urrutiago baldin bada, egun bat gehiago emanen zaio | Egiaztagiria |
9. Ohiko bizilekua aldatzeagatik, altzarien garraioa badago | 1 egun | Aldaketaren idatzizko jakinarazpena zuzeneko arduradunari 24 ordu lehenago gutxienez. |
10. Aitaren/amaren, semearen/alabaren, anaiaren/arrebaren, aitonaren/amonaren, ilobaren edo bilobaren ezkontzagatik (odolezko edo ezkontzako ahaideak) | 1 egun natural | Egiaztagiria |
11. Titulu ofizial bat lortzera bideratutako ikasketak zentro ofizialetan egitearen ondoriozko azterketak egiteko | Azterketa egiteko behar-beharrezkoa den denbora; 3 egun gehienez, garraioa barne (zentro ofizialetan) | Zentroaren ziurtagiria |
12. Bederatzi hilabetetik beherako semeari/alabari esnea emateko | Bederatzi hilabetetik beherako seme-alabei esnea ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik ordu betez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan banatzen ahal dute. Erditze anizkoitzen kasuan, baimenaren iraupena luzatuko da. Emakumezko langileak eskubide hori ohiko lanaldiaren eguneko ordu erdiko murrizketarekin ordezkatzen ahal du, hala nahi badu, helburu bererako, edo denbora hori lanaldi osotan pilatzen ahal du. Baimen hori amak nahiz aitak hartzen ahal du, beren nahierara, biak lanean ari badira. (L.E.aren 37.4 art.) | Familia liburua edo epaitegiaren ziurtagiria + aukera horretaz baliatzeko zuzeneko buruari egindako idatzizko eskaera |
13. Semearen/alabaren bataioagatik edo jaunartzeagatik edo beste erlijio erritu bategatik | Ospakizunaren eguna | Egiaztagiria |
14. Ezkontideari edo izatezko bikoteari, seme-alabei edo gurasoei medikuarengana laguntzeagatik, familiako norbaitek laguntzea beharrezkoa denean | Gehienez 16 ordu urtean | Medikuaren egiaztagiria |
15. Eginkizun publiko utziezin bategatik | Behar-beharrezkoa den denbora | Egiaztagiria |
16. Norberaren aferetarako | 2 egun | Ez da egiaztagiririk behar. Zuzeneko buruari idatziz eskatzea, gutxienez 24 ordu lehenago. |
17. Gizarte Segurantzako medikuarengana joateko, kontsulta lanorduetan baldin bada, eta kontsulta hori medikuntza orokorreko fakultatiboak agindu badu. | Beharrezkoa den denbora | Medikuaren aginduaren egiaztagiria |
3. eta 4. zenbakietako baimenetan, beharrezkoa izanen da baimen aldiak iraun bitartean ospitaleraturik egotea.
Enpresak baimena emanez gero, baimen hori geroago hartzen ahal da. Gozamen geroratuaren sistema berri honen bidez, langileak ezin izanen du inola ere hartu lanegun gehiago baimena sortzen duen gertakaritik beretik aurrera eta ospitaleratzeak iraun bitartean dagozkion egun naturalak hartu izan balitu baino.
Egun naturalak zenbatzea adostu den kasu guztietan, gertaera sortzailetik aurrera zenbatuko dira, ezkontzagatik edo izatezko bikotearen legezko onarpenagatik emandako baimena izan ezik; kasu horretan, egun horiek gertaera eragilearen hurrengo lanegunean hasiko dira zenbatzen, lanegunean gertatzen ez bada.
5., 6., 7. eta 8. puntuetan jasotako baimenei dagokienez, egun naturalak adierazten dira. Horiek egun baliodunetara aldatzean, normalean, Langileen Estatutuaren 37.3 b bis artikulua zuzenean aplikatzetik sortutako egun baliodunen kopurua gainditzen duten baimen egunak sortuko dira. Hala ere, kasuren batean langilearentzat onuragarriagoa bada Langileen Estatutuaren 37.3 b bis artikuluan xedatutakoa aplikatzea, arau hori aplikatuko da.
Artikulu honetan jasotzen ez den guztirako, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
14. artikulua. Langileen prestakuntza.
Enpresako zuzendaritzak konpromisoa hartzen du urteko lehenengo hiruhilekoan urteko prestakuntza plan bat egiteko, ikusten diren beharren araberakoa, zerbitzu guzti-guztiak bermatzeko eta langile guztien gaitasun tekniko eta profesionala hobetzeko. Ahaleginak eginen dira prestakuntza orokorreko ekintzak zuzeneko arretarik ez dagoen egunetan izan daitezen, eta hori urteko ekintza planean adostu eta jasoko da.
Prestakuntza protokolo bat prestatuko da eta han garbi azalduko dira prestakuntza ekintzetan parte hartzeko irizpideak.
Elkarteak antolatzen dituen ikastaroetan parte hartzeko eskaintza plantilla guztiari eginen zaio.
Langile bakoitzari, urtean, gutxienez 20 ordu esleituko zaizkio prestakuntzarako. Gai hori nolakoa den ikusita, erabaki da puntu honetan malgu jokatzea eta batzorde misto baten esku uztea jarraipena egitea.
Prestakuntza orduak lan egindako ordutzat hartuko dira, baita joan-etorrietakoak ere. Dietak baldin badaude, hitzarmen honen 26. artikuluan erabakitakoari jarraituko zaio.
ANFASek antolatu edo eskainitako prestakuntza ekintzetan, profesionalen prestakuntzaren arloko arduradunak guneko arduradunari eta programako arduradunari eskainiko die ikastaroa, eta zein langilerentzat izaten ahal den egokia adieraziko du. Guneko arduradunak eta programako arduradunak erabakiko dute nori eskaini ikastaroa, honako hauen arabera: langileen ezaugarriak, prestakuntzarako interesaren norbanakoen galdetegian erantzundakoa, lanpostuaren ezaugarriak eta bakoitzak egindako prestakuntza orduak.
Profesionalen batek ANFASek ez beste erakunde batek eskainitako prestakuntza ekintza batera joan nahi badu, zuzendaritzari edo haren zuzeneko arduradunari eskatuko dio baimena. Parte hartzea egokitzat jotzen bada, ordu kopuruaren erdia lanaldi gisa zenbatuko da eta beste erdia langileak jarriko du, lanaldiari egokitzen saiatuz. Parte hartze hori egokitzat hartzen ez bada, horren berri emanen zaio langileari.
15. artikulua. Lanpostu berriak, barne igoerak eta lekualdatzeak.
Kasu guztietan, lanpostu hutsen bat gertatuz gero, lehenbizi, barreneko txandan betetzeko eskainiko da, eta lantoki bakoitzaren iragarki oholean iragarriko da edo/eta posta elektronikoko mezua igorriko zaie langile guztiei.
Lanpostu berriak betetzeko hautapen taldeak osatuko dira –6 hilabetetik gorako lekualdatzeak eta barne igoerako lanpostuak betetzeko izangaiek hala eskaturik–, enpresako 2 kidek eta Enpresa Batzordeko kide batek osatuak.
Langilea lanpostuaren eskakizunei egokitzen zaiela kontuan hartuta, lehentasun irizpide hauek izanen dira:
1. Barne igoera edo kategoria beraren barreneko lekualdatzea.
2. Lanaldi partzialeko langileak.
3. Ordezkoak eta laguntzarako langileak.
4. Kanpoko langileak.
16. artikulua. Familia laguntza.
ANFASeko langileen seme-alabek adimen-desgaitasunen bat baldin badute, eskubidea dute doako arreta izateko, langileak, enpresarekin ados jarrita, aukeratzen dituen elkartearen programetan.
17. artikulua. Erretiroak.
Enpresak indarrean den legeriaren arabera erretiro partziala eskuratzen ahal duten langileei aukerabide hori onartuko die, eta errelebo-kontratuak egiteko konpromisoa hartzen du, beharrezkoa den kasuetan.
Kasu horietan, lana noiz eginen den eta lanaldi partzialeko ordutegi berria bi aldeek negoziatu beharko dute. Adostasunik lortzen ez bada, enpresaren esku izanen da haiek finkatzea.
18. artikulua. Lan ordutegitik kanpo lan egindako orduen konpentsazioa.
Lan ordutegitik kanpo lan egindako orduak langilearen zuzeneko arduradunarekin adostuta konpentsatuko dira (denboran, dirutan edo bietan). Adostasunik ez bada, batzorde paritariora bideratuko da arazoa.
III.–BALDINTZA EKONOMIKOAK
19. artikulua. Oinarrizko soldata.
2022., 2023. eta 2024. urteetarako erantsitako soldata-taulak adostu dira, hitzartutakoaren araberako soldata igoera barne.
20. artikulua. Asteburuko plusa aisialdiko eta autogestioko langileentzat (larunbata eta igandea).
Asteburu osoko lana egiten denean, aisialdiko eta autogestioko teknikariei honela zenbatuko zaizkie egindako lanorduak:
–Larunbatean: larunbateko 22:00ak bitarte ohiko lanalditik aparte egiten duten lanordu bakoitzeko, atseden ordu bat emanen zaie.
–Ordu horretatik aurrera eta igandean –noiznahi delarik ere– itzuli arte, lanordu bakoitzeko, atseden ordu bat emanen da, 8 ordu gehienez, eta aginte lanpostuaren eta erantzukizun bereziaren plusa jasoko da, 70 eurokoa.
21. artikulua. Jaieguneko osagarria.
Igande eta jaiegunetan lan egiten dutenek soldata-osagarri bat jasoko dute: 5 euro, lan egiten duten jai-ordu bakoitzeko.
22. artikulua. Etxebizitzetako langileendako osagarria
Etxebizitzetako programan ari diren langile guztiek, igandeetan eta jaiegun ofizialetan lan eginez gero, 5 euroko osagarria jasoko dute lan egindako jai-ordu bakoitzeko, jai-orduetako plus gisara.
Gainera, norberaren lan-txandarentzat ezarritako lanalditik kanpo edo planifikatutako koordinazio bilerez gainera lanera joan behar baldin badute, 2 orduko konpentsazioa emanen zaie lanordu bakoitzeko. Konpentsazioa atseden-ordutan, eskudirutan edo bietara hartzen ahalko dute. Atseden orduak aukeratuz gero, zuzeneko arduradunarekin adostu beharko du.
Eguberrietako egun berezietako plusa ezarri da. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean arratsaldeko eta gaueko txandetan lan egiten duten langile guztiek jasoko dute. 56,94 euro emanen dira egindako lanaldi oso bakoitzeko, edo dagokion zatia.
Era berean, abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta urtarrilaren 6an goizeko edo arratsaldeko txandetan lan egiten duten langile guztiek, jaiegunagatik dagokien ordainsariaz gainera, plus bat jasoko dute. 45,55 euro emanen dira egindako lanaldi oso bakoitzeko, edo dagokion zatia.
23. artikulua. Udako oporretarako langileen osagarria.
Gure udako oporretan parte hartzen duten ANFASko langileen kasuan, eguneko lanaldi bakoitzeko 16 ordu kontatuko zaie, eta 10 eguneko txanda bakoitzeko 100 euroko konpentsazioa emanen zaie, edo proportziozko konpentsazioa, txandaren iraupena ezberdina bada.
24. artikulua. Aparteko eskersariak.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek aparteko bi eskersari jasoko dituzte, hilabete bateko soldata adinakoak, une bakoitzean indarrean dagoen soldataren arabera. Eskersari horretan, honako hauek sartuko dira: oinarrizko soldata gehi antzinatasuna, horrelakorik duten langileen kasuan.
Uztaileko aparteko paga hil horren 5ean ordainduko da edo egun baliodun bat lehenago, data hura jaiegun bada; Eguberrietako aparteko paga abenduaren 22an ordainduko da edo egun baliodun bat lehenago, data hura jaiegun bada.
Bi eskersariok sei hilabetez behin sortuko dira, halatan non uztaileko aparteko pagaren sortzapen epea urtarrilaren 1etik ekainaren 30era artekoa izanen baita, urtero, eta Eguberrietakoa, uztailaren 1etik abenduaren 31ra artekoa.
Epe horietako batean enpresan sartzen diren langileek eskubidea dute eskersari bakoitzari dagokion seihilekoaren aparteko pagaren zati proportzionala kobratzeko.
25. artikulua. Antzinatasuna.
Antzinatasunaren osagarria hirurtekotan sorrarazten da eta hirurtekoa betetzen den egunetik hilabetera hasiko da ordaintzen. Gehienez ere bost hirurteko ordainduko dira. Hirurteko gehiago egiaztatu dutenen egoera pertsonalak errespetatuko dira, eta horiek kobratzeko eskubideari eutsiko diote. Alabaina, bosgarren hirurtekotik aurrera aitortuak dituztenak baino hirurteko gehiago ez dira sorraraziko.
Oinarrizko soldataren %4,8 ordainduko da antzinatasun hirurteko bakoitzagatik.
Hirurtekoak kontatzean, probaldiak eta ikasten emandako denbora ere kontatuko dira.
Enpresak hirurteko bakoitzaren mugaegunaren eta kobrantzaren berri emanen die langileei idatziz.
Enpresan lanean hamabost urte betetakoan, hau da, bosgarren hirurtekotik aurrera, lanaldi osorako kontratatutako langileek norberaren aukerako 8 ordu izanen dituzte, eta lanaldi partzialerako kontratatutakoek ordu kopuru proportzionala hartzen ahalko dute. Eskubide hori urtero baliatu ahal izanen dute.
Bosgarren hirurtekotik aurrera, antzinatasuna bosturtekoen arabera zenbatuko da, eta lehenengo bosturtekotik aurrera (20 urte), lanaldi osorako kontratatutako langileek norberaren aukerako beste 8 ordu izanen dituzte, eta lanaldi partzialerako kontratatutakoek ordu kopuru proportzionala hartzen ahalko dute. Ordu horiek ere urtero baliatu ahal izanen dituzte. Era berean, hurrengo bosturtekoetan ere norberaren aukerako beste 8 ordu sorraraziko dira bosturteko bakoitzeko.
26. artikulua. Kilometrajea/dietak.
2024ko ekainaren 1etik aurrera, enpresak 0,34 euro ordainduko ditu kilometroko, enpresaren zerbitzura langileak bere ibilgailuan eta zuzendaritzak agindutako lanerako egiten dituen joan-etorrietan.
Joan-etorriak langilearen lantokitik neurtuko dira, salbu eta langilea etxetik abiatzen baldin bada eta distantzia laburragoa bada.
ANFASek istripu aseguru bat izenpetuko du, joan-etorriak egin ohi dituzten langileen arriskuak estaltzeko.
2024ko ekainaren 1etik aurrera, enpresak dietengatik justifikatzen den benetako diru kopurua ordainduko du. Janarietako dieta, gehienez, 14,00 eurokoa izanen da.
27. artikulua. Baldintzarik hoberenak.
Hitzarmen hau sinatu aurretik bere lanposturako finkatutakoa baino gehiago kobratzen zuten pertsonek horrela kobratzen segituko dute, hitzarmen honetan langile guztientzat aitortuak dauden gehikuntzekin, harik eta enpresarekiko lan harremana bukatu arte, non ez den, elkarrekin ados jarririk, aldatzeko erabakia hartzen.
28. artikulua. 2024ko ordainsari berezi bakarra.
2024aren amaieran, enpresak 44,00 euro ordainduko ditu ordainketa bakarrean. Langile guztien artean banatuko dela aintzat hartuta, soldata masa osoaren %0,2 da.
Hitzartutako ordainsaria berbera izanen da hitzarmen honen aplikazio eremuan sartuta dauden langile guztiendako, lanaldiaren ehunekoa eta kategoria edozein direla ere.
Kontratua 2024. urtean zehar amaitzen duten langileek urte horretan lan egindako denboraren zati proportzionala jasoko dute. Enpresak ordainsaria kontratua amaitzean ordainduko du, eta kitapenean sartuko du.
2024an egiten diren kontratazio berri guztiek urte horretan lan egindako denborari dagokion zati proportzionala jasoko dute.
IV.–LANEKO SEGURTASUNA ETA OSASUNA
29. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.
Enpresak indarreko legerian laneko segurtasunari eta osasunari buruz ezarrita dauden xedapen guztiak beteko ditu lantoki guztietan.
30. artikulua. Laneko arropa.
Arropa beharra duten langileei, eskatuz gero, eman eginen zaie, edo bestela, urtean 35,00 euro.
31. artikulua. Bizi eta istripu asegurua.
Enpresak istripu aseguruaren poliza bat itunduko du, arriskuetarako, lanbideari mugatua, enpresako langile guztientzat.
Honako kapital hau aseguratuko da:
–30.051 euro, laneko istripuaren ondoriozko heriotzagatik.
–30.051 euro, laneko istripuaren ondoriozko lanerako ezintasun iraunkor eta absolutuagatik.
–Enpresak heriotza aseguruen poliza bat itunduko du, istripu aseguruarekin bateraezina, 15.000 eurokoa, enpresan jardunean diren langileen alde.
32. artikulua. Laguntza medikoa eta psikiatrikoa.
Aldeek erabakitzen duten maiztasunez eginen da osasun azterketa, langile guztien lanpostuen balorazioen arabera, eta azterketa psikiatrikoa eskatzen dutenei eginen zaie.
V.–LANGILEEN ORDEZKARIAK
33. artikulua. Enpresa batzordearentzako laguntzak.
Enpresa batzordearentzako laguntza gisa, langileen ordezkaritzari 300 euro emanen zaizkio urtean, eta gastuak justifikatu beharko dira.
34. artikulua. Ordu sindikalak metatzeko aukera.
Ordu sindikalen konputua hilero eginen da, eta enpresako langileen ordezkarien orduak metatzen ahalko dira.
Bi hilabeteko edo gehiagoko ordu sindikalak metatzeko, eskaera justifikatua aurkeztu beharko da, zuzendaritzak baimena eman dezan.
35. artikulua. Langileen batzarra.
Langileek urtean 4 ordu hartzeko eskubidea izanen dute beren ohiko lan-ordutegian enpresan bilerak egiteko, betiere enpresako jarduerei traba egiten ez bazaie. Horretarako, ahalik eta azkarren, bilera egiteko eskaera aurkeztu beharko zaio zuzendaritzari, gai zerrenda eta guzti.
VI.–XEDAPEN GEHIGARRIAK
1. Hitzarmen honek arautzen ez dituen alderdi guztietan, desgaitasunak dituzten pertsonentzako arreta zerbitzu eta zentroen XIV. hitzarmen kolektibo orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
1. Batzorde Paritarioa:
Hitzarmen honen interpretazioaren eta jarraipenaren gaineko auziei erantzuteko, eta lan arloko agintaritzak eta organo jurisdikzionalek legez aitortuak dituzten eskumenak galarazi gabe, hitzarmena sinatzearekin batera batzorde paritario bat eratuko da, langileen 3 ordezkarik eta enpresaren 3 ordezkarik osatua.
Batzordearen bi aldeetako edozeinek hura biltzeko eskaturik, 15 eguneko epean bilduko da, beranduenez.
Batzordeak 15 eguneko epea izanen du hitzarmen honen interpretazioaren inguruan sortzen diren planteamendu edo zalantzak ebazteko.
Batzordeak eskumen hauek izanen ditu:
A) Hitzarmen kolektibo honetako edozein arau interpretatzea.
B) Hitzarmen honetako konpromisoak garatzea.
Edozein ordezkaritzaren herenek, beren eskubideak baliaturik, hala eskatzen badute, batzorde paritarioa elkartu eginen da.
Batzorde paritarioan dagoen sindikatuen ordezkaritza bakoitzak eta, orobat, enpresaren ordezkaritzak aholkularien laguntza izaten ahal dute. Aholkulari horiek hitza izanen dute, baina botorik ez.
Edozein batzordekidek ordezko bat izaten ahalko du, batzordeari aurretik abisatzen badio.
Batzorde paritarioaren akordioek balioa izateko, ordezkaritza bakoitzaren botoen %51ren babesa izan beharko dute.
Batzorde paritarioko kide titularrek eskubidea izanen dute bilkuretarako baimen ordaindua izateko hura biltzen den egunetan, eta eginkizun horiek betetzen sortzen diren gastuak enpresak ordainduko ditu.
1. ERANSKINA.–SOLDATA TAULAK
KATEGORIAK | OINARRIZKO SOLDATA (eurotan) | 2022KO | 2023KO | 2024KO OINARRIZKO SOLDATA | URTEAN | PORTZENTAJEAK | HILEKO HIRURTEKOAK (eurotan) | ORDUAREN PREZIOA (1.648) |
TEKNIKARIAK ETA KOORDINAZIOKO LANGILEAK | ||||||||
Iruñeko zonako arduraduna | 2.866,85 | 2.876,85 | 2.886,85 | 2.970,57 | 41.5597,98 | %3,62 | 142,59 | 25,24 |
Tuterako zonako arduraduna | 2.345,59 | 2.365,59 | 2.375,59 | 2.444,48 | 34.222,72 | %4,22 | 117,34 | 20,77 |
Lizarrako zonako arduraduna | 2.150,13 | 2.190,13 | 2.210,13 | 2.274,22 | 31.839,08 | %5,77 | 109,16 | 19,32 |
Zerbitzu Zentralen arduraduna | 2.008,76 | 2.069,02 | 2.141,44 | 2.235,66 | 31.299,24 | %11,3 | 107,31 | 18,99 |
Zonetako eta programetako arduradunak | 1.954,67 | 2.013,31 | 2.083,78 | 2.175,47 | 30.456,58 | %11,3 | 104,42 | 18,48 |
ZUZENEKO ARRETAKO LANGILEAK | ||||||||
Haur eta Gazteen Garapeneko teknikaria (AGko profil profesional guztiak barne) | 1.824,35 | 1.879,08 | 1.944,85 | 2.030,42 | 28.425,88 | %11,3 | 97,46 | 17,25 |
Fisioterapeuta | 1.772,23 | 1.825,40 | 1.889,29 | 2.030,42 | 28.425,88 | %14,57 | 97,46 | 17,25 |
Psikomotrizista | 1.772,23 | 1.825,40 | 1.889,29 | 2.030,42 | 28.425,88 | %14,57 | 97,46 | 17,25 |
Psikologoa | 1.824,35 | 1.879,08 | 1.944,85 | 2.030,42 | 28.425,88 | %11,3 | 97,46 | 17,25 |
Gizarte langilea | 1.772,23 | 1.825,40 | 1.889,29 | 2.030,42 | 28.425,88 | %14,57 | 97,46 | 17,25 |
Irakaskuntza Berezietako irakaslea | 1.571,51 | 1.628,96 | 1.685,97 | 1.864,55 | 26.103,7 | %18,65 | 89,50 | 15,84 |
Aisialdiko eta hezkuntzako jardueren teknikaria | 1.571,51 | 1.628,96 | 1.685,97 | 1.864,55 | 26.103,7 | %18,65 | 89,50 | 15,84 |
Hezitzailea | 1.314,77 | 1.354,21 | 1.401,61 | 1.499,82 | 20.997,48 | %14,07 | 71,99 | 12,74 |
Aisialdiko jardueretako monitorea (zaintzaileak aisialdiko monitore izatera pasatzen dira) | 1.183,29 | 1.218,79 | 1.261,45 | 1.343,05 | 18.802,7 | %23,07 | 64,47 | 11,41 |
Zaintzailea 1.091,27 | Zaintzailea 1.124,01 | 1.163,35 | ||||||
ADMINISTRAZIOKO LANGILEAK | ||||||||
1. mailako administrari-ofiziala | 1.503.41 | 1.548,51 | 1.602,71 | 1.777,62 | 24.886,68 | %18,24 | 85,33 | 15,10 |
2. mailako administrari-ofiziala | 1.348,89 | 1.389,36 | 1.437,99 | 1.605,66 | 22.477,84 | %19,04 | 77,07 | 13,64 |
Administrari laguntzailea | 1.183,29 | 1.229,09 | 1.272,11 | 1.432,48 | 20.054,72 | %21,06 | 68,76 | 12,17 |
Mandataria | 854,61 | 1.010,00 | 1.117,80 | 1.220,43 | 17.086,02 | %42,81 | 58,58 | 10,37 |
ZERBITZUETAKO LANGILEAK | ||||||||
Zerbitzuetako langileak | 920,35 | 1.010,00 | 1.117,80 | 1.220,43 | 17.086,02 | %42,81 | 58,58 | 10,37 |
Iragarkiaren kodea: F2418780
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
