Iragarkia
23. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 4a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
199C/2024 EBAZPENA, abenduaren 10ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Redín y Becerra SLU enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ikusi da Redín y Becerra SLUk aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31100472012013), zeina 2024ko azaroaren 25ean sartu baitzen erregistro honetan, eta 2024ko urriaren 15ean sinatu baitzuten enpresaren eta sindikatuen ordezkaritzek, 2024ko azaroaren 26an zuzentzeko eskatu eta zuzenketa egin ondotik.
Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, laneko akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Redín y Becerra SLU enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31100472012013).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezaten.
Hirugarrena. Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela amaitzen administrazio bidea, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal duela, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Iruñean, 2024ko abenduaren 10ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
HITZARMEN BERRIAREN IDAZKETA
1. artikulua. Aldeak zehaztea.
Redín y Becerra SLU enpresaren hitzarmen kolektibo hau Redín y Becerra SLU enpresak (ugazaba), eta langileen ordezkariek (langileen aldetik) sinatu dute.
2. artikulua. Langile eremua, eremu funtzionala, lurralde eremua eta iraunaldia.
1. Langile eremua:
Hitzarmen honek Redin y Becerra SLU enpresari atxikitako langile guztiengan du eragina.
2. Eremu funtzionala:
"Hitzarmen hau halabeharrez bete beharko dute Redin y Becerra SLU enpresak eta hari besteren kontura zerbitzu ematen dioten langileek, orga jasotzaileak erosi, saldu, alokatu eta konpontzeko jardueretan, orga jasotzaileko gidarien prestakuntzan eta bezeroek zerbitzu nagusia emateko eskatzen duten beste orotan.
Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko metalaren merkataritza sektorearen hitzarmen kolektiboaren eremu funtzionalean aurreikusitakoen artean enpresak egiten ahal duen beste edozein jarduerari eraginen dio."
3. Lurralde eremua:
Hitzarmen hau Nafarroan aplikatuko da.
4. Iraunaldia:
Hitzarmen kolektibo honek hiru urte iraunen du: 2023ko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra arte.
3. artikulua. Salaketa.
Hitzarmen kolektibo honen indarraldia 2023ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2025eko abenduaren 31n amaituko.
Hitzarmen hau salatu nahi bada, hitzarmena edo urteko luzapena bukatu baino hiru hilabete lehenago gutxienez egin beharko da.
Iraunaldia amaitu ondoren, hitzarmena urtero luzatuko da mugagabe, harik eta bi alderdiek horren ordezko bat sinatzen duten arte.
4. artikulua. Lanaldia.
Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, itundutako lanaldia honako hau izanen da:
–1.740 benetako ordu gehienez hitzarmenaren indarraldirako.
Lanaldi osoa arautzeko, enpresak bere jardueraren eskakizunen arabera lan egutegi bat prestatuko du urtero. Egutegian kontuan hartuko dira langileen ordezkariek egindako proposamenak.
Lanaldi jarraituaren kasuetan, gutxienez eta gehienez hamabost minutuko atsedenaldia ezarriko da. Aurreko paragrafoan aurreikusi den atsedenaldia benetako lan denboratzat hartuko da.
Langileek lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute Langileen Estatutuaren 37.5 artikuluan ezarritako kasu eta baldintzetan.
5. artikulua. Ordainsarietako kontzeptuak.
Aldeek honako soldata igoera hau hitzartu dute:
–2023: Nafarroako 2022ko KPI historikoaren igoera (%6,4) 2022ko soldata gordinen gainean.
–2024: Nafarroako 2023ko KPI historikoaren igoera (%2,9) 2023ko soldata gordinen gainean.
–2025: Nafarroako 2024ko KPI historikoaren igoera 2024ko soldata gordinen gainean.
KPIaren balioa %0 edo txikiagoa bada, %0tik aurrera igoko da.
Hitzarmen kolektibo honetan itundutako soldata igoerak langile bakoitzaren soldata errealaren gainean aplikatuko dira.
6. artikulua. Antzinatasuna.
Antzinatasunagatiko sustapen ekonomikorako araubide bat ezartzen da, eta enpresako langile guztiei aplikatuko zaie. Hitzarmeneko kategoriaren oinarrizko soldataren %5eko laurtekoak izanen dira, eta unean-unean indarrean dauden legezko xedapenetan ezarritakoa beteko da.
Langileek sortzen ahal duten laurtekoen kopurua mugagabea izanen da, eta ikastun sartu berriei edo gaur egun ikastun edo izangaiaren kategoria dutenei ikaskuntza aldia ere kontuan hartuko zaie.
Aldi baterako kontratu bat mugagabeko kontratu bihurtzen denean, aldi baterako kontratu horren iraupena ere kontuan hartuko da antzinatasuna kalkulatzeko.
7. artikulua. Lanbide sailkapena.
Nafarroako metalaren merkataritza sektorearen hitzarmenean (indarrean dagoen azkena) agertzen den lanbide sailkapena mantenduko da.
Lanbide kategoria berri bat sartuko da lanbide praktika lortzeko prestakuntza kontratuetarako. Kategoria hori gehienez 12 hilabetez aplikatuko da, hori baita kontratu mota horietarako muga, eta bigarren mailako ofizioko profesional baten soldataren %90 izanen da.
8. artikulua. Produkzio primen osagarriak eta aparteko orduak. Mantenduko dira langileek produkzio primen kontzeptuan kobratzen dituzten zenbatekoak.
–Aparteko orduak:
Aparteko orduak jaiegunen bidez konpentsatuko dira, lan egindako ordu bakoitzeko 1,5 ordu emanez, aldeen artean hala adostuz gero, edo bestela ordaindu eginen dira:
–2024. urtea: 24,09 euro orduko.
Hurrengo urteetan zenbateko hori hitzarmen honetan itundutako soldata igoeren ehuneko berean eguneratuko da.
9. artikulua. Gaueko lanaren osagarriak.
22:00etatik 06:00etara bitartean lan egindako ordu guztiek gaueko lanaren plusa izanen dute, %25ekoa hain zuzen.
Gaueko lanaldiko lanetarako berariaz kontratatu diren langileek ez dute jasoko osagarri hori.
10. artikulua. Aparteko eskersariak.
Enpresek uztaileko eta eguberrietako aparteko eskersariak ordainduko dizkiete horietarako eskubidea duten langile guztiei. Eskersari hori hilabeteko soldata bat adinakoa izanen da, ordainsari guztiak hartuta.
Enpresek langileei eskersari aldakorrak emanen dizkie, salmenten edo mozkinen arabera. Eskersariak establezimendu bakoitzaren berariazko antolaketara moldatuko dira eta ez dira, inola ere, langileak hilabetean jasotzen dituen ordainsari guztiak baino txikiagoak izanen. Aurreko paragrafoak aipatzen duen eskersaria urtean behin ordainduko da eta, kasu guztietan, urte bakoitzeko lehendabiziko hiruhilekoan likidatu beharko da.
11. artikulua. Bidaiak eta dietak.
Lanarekin lotutako bidaiak treneko lehenengo klasean eginen dira, gutxienez, edo horren mailakoan, beste lokomozio-bide bat erabiliz gero. Enpresak ordainduko ditu langileak egiten dituen gastuak, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude. Langileak bere ibilgailua erabiltzen badu joan-etorriak egiteko, 2024. urtean enpresak 0,36 euro ordainduko dizkio kilometroko (nominako kilometraje kontzeptua). Hurrengo urteetan zenbateko hori eguneratzeko, hitzarmenean ekitaldi bakoitzerako itundutako soldata igoeraren ehunekoa aplikatuko zaio.
Langileak 30 egun baino gehiago eman behar baditu beste herri batean bizitzen bertan zerbitzuak eskaini behar dituelako, enpresak erraztasunak eman beharko dizkio langileari etxera gutxienez 2 egunerako itzul dadin, inolako kalte ekonomikorik gabe. Goizeko lanaldiaren eta arratsaldeko lanaldiaren arteko atsedenaldia ordu eta erditik beheitikoa baldin bada, enpresak ordainduko ditu bazkari gastu logikoak, betiere langileak ordainagiria aurkeztuta, kontuan hartu gabe gastua langilea bizi den herrian egin den edo ez.
Lantokia lekuz aldatuz gero, enpresaburuak bere gain hartuko ditu garraio kostuak, baldin langileak 5 kilometro baino gehiagoko distantzia egiten badu edo herriz aldatzen bada.
12. artikulua. Eritasuna eta istripua.
Edozein gertakizunen ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran, haurdunaldiko arriskua barne dela, enpresek Gizarte Segurantzak ematen duenaren eta soldata osoaren arteko diferentzia ordainduko dute.
Behin-behinean lanpostu egokiago bat emanen zaie –halakorik badago– haurdun dauden emakumezko langileei, lanpostuz aldatzea beharrezkoa badute, medikuak justifikatu ondoren eta enpresako aukera teknikoak eta antolaketakoak kontuan hartuta.
13. artikulua. Kontratuen blindajeari buruzko klausulak.
Kontratuaren amaitze edo kaleratze mota guztietan (diziplinakoa nahiz objektiboa, banakakoa nahiz kolektiboa), kaleratzeagatiko kalte-ordaina unean uneko legeri indardunean ezarritakoa izanen da.
14. artikulua. Heriotzagatiko laguntza.
Langilea hiltzen bada, enpresak hiru hilabeteko soldata ordainduko die haren eskubidedunei, bakoitza langileak kobratu duen azken soldata adinakoa.
15. artikulua. Laneko jantziak.
Enpresak laneko bi jantzi edo gehiago emanen dizkie langileei, bakoitzak dituen eginkizunetarako egokiak.
Jantzi horiek enpresaren eta langilearen arteko lan harremanaren hasieran banatuko dira eta urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan berrituko dira, edo beharrezkoa denean, narriaduragatik lehenago berritu behar izateari kalterik egin gabe.
2023an zehaztutako enpresaren hotz eta bero protokoloaren arabera, enpresak txanoak edo leporako bufandak eta kamiseta termikoak emanen dizkie eskatzen duten pertsonei. Arropa horiek langile bakoitzak bere etxean garbitu beharko ditu, enpresak ez baititu garbituko, gainerako jantziak bezala.
Bestalde, langileak lanaldian emandako laneko arropak eta norbera babesteko ekipamenduak (NBE) erabili beharko ditu, eta behar bezala erabili eta ongi mantendu beharko ditu.
16. artikulua. Oporrak.
Urteko oporrak unean uneko lan egutegi indardunean ezarritakoak izanen dira, eta langileak eta enpresaburuak adostutako garaian hartuko dira.
Oporrak hartzeko, beti hartuko dira kontuan enpresak ezartzen dituen beharrezko txandak eta gutxieneko langile kopurua, enpresaren ohiko funtzionamendua ez oztopatzeko. Oporrak hartzeko garaiari buruz adostasunik ez izatera, Lan Arloko Epaitegira jotzen ahalko da eta hark erabakiko du oporrak noiz hartu. Oporraldia langilearen aldi baterako ezintasunarekin bat badator, eta langileak ezin baditu dagozkion urte naturalean hartu, ezintasuna amaitu ondotik hartzen ahalko ditu, edozein izanik ere ezintasuna sortu duen gertakizuna eta ezintasun-aldiaren iraupena.
Edonola ere, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio.
17. artikulua. Lizentzia ordainduak.
Langile orok, aurretik abisatu eta justifikatuta, baimena izanen du lanera ez agertzeko, egiazki ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbeste denborarako:
a) Langilearen ezkontzagatik: 20 egun natural. Oporraldiarekin metatzen ahal dira, betiere enpresarekin adostuta eta haren funtzionamendu normala eragozten ez bada.
b) Seme-alaben, gurasoen eta anai-arreben ezkontza: egun bat.
c) Ezkontidearen, izatezko bikotekidearen edo bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideen (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne), istripu edo gaixotasun larriagatik, ospitaleratu beharrarekin edo ospitaleratzerik ez baina etxean atseden hartzea dakarren ebakuntza kirurgikoagatik, bai eta langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonarengatik ere: bost egun.
d) Aitona-amonen, anai-arreben, biloben, aita-amaginarreben eta koinata-koinatuen heriotza: bi egun.
e) Gurasoen heriotza: hiru egun.
f) Seme-alaben heriotza: lau egun.
g) Ezkontidearen heriotza: bost egun.
h) Tratamendu onkologikoan dauden ezkontideei edo lehen mailako ahaideei laguntzeko: urtean 16 ordu gehienez.
i) Ohiko bizilekua aldatzea: egun bat.
j) Nahitaezko eginbehar publiko bat betetzeko baimena: behar-beharrezkoa den denbora.
k) Norberaren aukerako 16 orduko baimena hitzarmen honen eraginpeko langileentzat, betiere gutxienez lau egun lehenago jakinarazita.
Ordu horiek ez dira erabiltzen ahalko oporrak luzatzeko edo jaiegunekin zubiak egiteko, enpresak berariaz eta idatziz baimena eman ezean.
Ordu horiek erabiltzen ahalko dira Gizarte Segurantzako medikuntza orokorreko medikuen eta espezialisten kontsultara joateko, kontsultaren ordutegia bat datorrenean lan ordutegiarekin. Halaber erabiltzen ahalko dira ezkontideari edo odoleko lehen graduko ahaide bati Osasun Zerbitzu Publikoko familia medikuarengana edo espezialistarengana laguntzeko eta Osasun Zerbitzu Publikoan proba diagnostikoak egiteko.
l) Bularreko haurra zaintzeko: eguneko ordu bateko murrizketa. Dena dela, Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, langileek baimen hori metatzen ahal dute.
m) Jaio aurreko azterketak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, adopzioaren, harreraren edo adoptatzeko egiten den zaintzaren kasuetan, informazio eta prestakuntza saioetara joateko eta egokitasun deklarazioaren aurreko txosten psikologiko eta sozialak egiteko behar den denbora, betiere lanorduetan egin behar badira.
Lizentzia horien ondorioetarako, larritzat joko da ospitaleratu beharra dakarren eritasuna.
Auzitegi Gorenaren doktrina berriaren arabera (2018ko otsailaren 13koa), lizentzia ordaindu ororen lehen eguna beti izanen da gertaera eragilea gertatu den jaiegunaren ondoko lehen laneguna. Non eta langilea, bere lizentzia baliatuz, ez den bere lanpostutik lekutu gertaera eragilearen egun berean, halakoetan horixe izanen baita lizentziaren lehen eguna. Heriotza, eritasuna edo seme-alaben jaiotza gertatzen den kasu guztietan, joan-etorria egin behar bada, dagokion lizentziak bi egun gehiago izanen ditu.
Ondorio horietarako, izatezko bikoteek ere 17. artikulu osoan jasotzen diren lizentziak izanen dituzte.
18. artikulua. Lanaldi murrizketa.
Legezko zaintza dela-eta langile batek hamabi urtetik beheitiko haurren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen desgaitu bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, Langileen Estatutuaren 37.6 artikuluan ezarritako kasu eta baldintzetan. Murrizketa hori gauzatzeko, eguneko, asteko, hilabeteko edo urteko lanaldia hartzen ahalko da erreferentziazko alditzat.
19. artikulua. Borondatezko eszedentzia eta borondatezko eszedentzia berezia.
Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langile orok eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, lau hilabeterako gutxienez eta bost urterako gehienez. Langileak ez du izanen lanpostua gordetzeko eskubidea, salbu eta enpresak idatziz eskubidea aitortzen badio. Aurreikusitako gehienekoa baino iraupen txikiagokoa eskatuz gero, luzapenak eskatzen ahalko dira, harik eta gehieneko iraupena bukatu arte.
Enpresan gutxienez bi urte lanean daramatzaten langileek borondatezko eszedentzia berezia eska dezakete, hilabete batez, lanpostua gordeta, baldintza hauek betez gero:
–Eszedentzia hasi baino bi hilabete lehenago eskatu beharko da, gutxienez.
–Enpresak sarrera dataren ordena zorrotzaren arabera aztertuko ditu eskaerak, betiere zerbitzuaren beharrek horretarako aukera ematen badute.
–Bermatu behar da lantokiko atal edo departamentu batean aritzen diren pertsonen %75 daudela gutxienez atal edo departamentu horietan.
–Borondatezko eszedentzia berezia behin bakarrik ematen da, hitzarmenak irauten duen artean.
20. artikulua. Legezko zaintzagatiko eszedentzia.
Langileek eskubidea izanen dute 3 urte arteko eszedentzia hartzeko seme-alaba bakoitza zaintzeko, haurra norberak sortua edo adoptatua izan, edo harreran izan, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko fasean, behin-behinekoz izanda ere. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aitzinera kontatuko dira.
Era berean, gehienez ere 2 urteko eszedentzia hartzeko eskubidea izanen dute ezkontidea edo izatezko bikotekidea edo bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideak (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) zaintzeko, baldin eta adinagatik, istripuagatik, gaixotasunagatik edo desgaitasunagatik ezin bada bere kabuz moldatu eta ez badu ordaindutako jarduerarik egiten.
Eszedentzia hartzeko, Langileen Estatutuari jarraituko zaio.
Langileak artikulu honetan ezarritakoaren arabera eszedentzian pasatzen duen denbora antzinatasunerako kontatuko da, eta eskubidea izanen du lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko, enpresaburuak deituta, batez ere lanera itzuli behar duenean. Lehenbiziko bi urteetan, lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epe hori bukatuta, gordeko zaion lanpostua lanbide talde berekoa edo balio bereko kategoria batekoa izanen da.
21. artikulua. Nahitaezko eszedentzia.
Eginkizun edo kargu publiko nahiz sindikal batean aritzeko hautatuek eszedentzia berezi bat eskatzen ahalko dute, izendapen horren iraunaldi osorako. Lanera itzultzea kargua utzi eta hurrengo hilabetearen barrenean eskatu beharko da. Eszedentzia eta luzapenak eskatzeko eta lanera itzultzeko, enpresari 15 egun aurretik jakinarazi beharko zaio. Eskaera, luzapena eta erantzunak idatziz eginen dira.
22. artikulua. Kulturarako laguntza.
Langileen kultur eta lanbide maila igotzeko asmoz, enpresak Arte Aplikatuetako eta Lanbide Artistikoetako eskoletan eta hizkuntza eskolan euskara ikasteko edo lantokiaren herri berean dagoen antzeko ikastetxe batean ikasteko matrikula gastuak ordainduko dizkie langile guztiei, baldin eta ikasketa horiek lanorduetatik kanpo egiten badituzte eta ikasketen aprobetxamendua normala baldin bada. Horixe bera eginen da ikastunekin, ohartaraziz ezen bidezko arrazoirik gabe klasera ez joateak eskubidea galtzea ekarriko duela. Enpresek erraztasunak emanen dituzte ikastunak arratsaldeko zazpietan atera daitezen lanetik, artikulu honetan ezarritakoa erabili ahal dezaten.
23. artikulua. Xedapen orokorrak aplikatzea.
Hitzarmen honetan aurreikusi edo arautu ez den guztirako, indarreko legerian ezarritako arauak aplikatuko dira.
Langileak behartuak daude lanaldiaren azken orduan egiten ari diren operazioak bukatzera, lanaldi arruntean jarri beharreko ardura berarekin.
Langile bat delitu arrunt batengatik edo arrunta ez den delituagatik atxilotua izan arren auziperatu ez badute edo auziperatu izanda ere absolbitzen badute, ez zaio lanera agertu ez izana kontuan hartuko; beraz ez da justifikatu gabeko absentziatzat joko eta horren ondorioz ez dute kaleratuko.
24. artikulua. Xedapen orokorrak. Kontratazioa.
Ekoizpenaren gorabeherengatik egiten den behin-behineko kontratazioan, egoera hori gertatzen ari dela ulertuko da enpresak ohiko ekoizpena baino gehiago egin behar duenean. Halaber, Langileen Estatutuaren 15.2 artikuluarekin bat, hitzartzen da enpresek behin-behineko kontratuak egin ditzaketela zereginak pilatzeagatik edo produkzioaren gorabeherengatik; kontratuok 6 hilabeteko iraupena izan dezakete gehienez, 12 hilabeteko epe batean, kausa horiek gertatzen diren unetik zenbatzen hasita. Behin-behineko kontratua egitea zilegi izanen da behin-behineko langileak plantillaren %10 baino gehiago ez direnean, ABLEen bidez kontratatuak barne direla, eta errelebo kontratuak kontuan hartu gabe.
Indarra duen legeriaren babesean egindako lan-kontratuak dituzten ikastunen soldata bigarren taldeko eta ofizioko profesionalen ikastunentzako lansarien taulen eranskinetan ageri da. Ikastunen kategoria aplikatuko zaie sektorean, bete behar duten lanpostuari loturik, ez prestakuntzarik ez esperientziarik ez duten langile berriei; kategoria horretan urtebete egoten ahalko dira gehienez ere.
Probaldia.
Probaldia 15 egunekoa izanen da kategoria guztientzat, buru eta arduradunentzat izan ezik; horientzat, gehienez ere, bi hilabetekoa izanen da.
Gaueko lanaren plusa.
Gaueko 10:00etatik goizeko 6:00etara lan egindako ordu guztiei gaueko lanaren plusa gehituko zaie, %25ekoa.
Erretiro partziala. Errelebo kontratua.
Langileek erretiro partziala hartzen ahalko dute, une bakoitzean indarra duen legeriak ezartzen dituen adina eta baldintzak betetzen badituzte.
Enpresak du, ordea, erretiro sistema horretan sartzen diren langileen lanaldia antolatzeko ahalmena.
Enpresak errelebo kontratuaren bidezko erretiro aurreratua hartzeko eskaera onartuko die horretarako legezko baldintzak betetzen dituzten pertsonei, une bakoitzean indarra duen lege araubideari lotuta betiere.
25. artikulua. Batzorde paritarioa.
Batzorde paritario bat eratuko da, hitzarmenaren sinatzaileek osatua. Gehienez ere 6 kide izanen ditu: 3 langileen aldetik eta 3 enpresaren aldetik.
Batzorde horretako bi alderdietatik edozeinek deialdia eskatuta, 15 eguneko epean bilduko da beranduenez, eta gehienez ere 15 eguneko epean ebatziko du.
Batzordeak eskumen hauek izanen ditu:
–Hitzarmen kolektiboko arauak interpretatzea.
–Hitzarmen honetako konpromisoak garatzea.
Haren eskumenak baliatuz edozein ordezkaritzaren herenak eskatuz gero, batzorde paritarioa bilduko da.
Batzorde paritarioan dagoen sindikatuen ordezkaritza bakoitzak aholkulari baten laguntza izaten ahalko du, baita enpresa-ordezkaritzak ere. Aholkulariak hizpidea izanen du, baina botorik ez.
Edozein batzordekidek ordezko bat izaten ahalko du, batzordeari aurretik abisatzen badio.
Batzorde paritarioaren akordioek balioa izateko, ordezkaritza bakoitzaren botoen %51ren babesa izan beharko dute.
Batzorde paritarioan sortzen diren desadostasunak lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko akordioan araututako bitartekotza prozedurei jarraikiz konponduko dira.
Batzorde paritarioko kide titularrek eskubidea izanen dute bilkuretarako baimen ordaindua izateko hura biltzen den egunetan, eta eginkizun horretan sortzen diren gastuak enpresak ordainduko ditu.
26. artikulua. Eskubide sindikalak.
Enpresa batzordeko kideek eta langileen delegatuek legean ezarritako eskubide guztiak izanen dituzte, hauek bereziki:
1.–Gai garrantzitsuen gaineko txostenak egiteko, hala nola enplegu erregulazioari, lanaldi murrizketari eta instalazioak beste toki batera eramateari buruzkoak.
2.–Enpresak langileei ezarritako zehapen oso astunen gaineko informazioa jasotzeko. Ahal den neurrian, absentismoaren eta horren zergatien gaineko informazioa (laneko istripuak, lanbide eritasunak eta horien ondorioak) jasotzeko.
3.–Lankideei lan harremanetan eragina duten edo izan dezaketen gaiei buruzko informazioa emateko, legeak ezarritako moduan.
Enpresa batzordeko kideek eta langileen delegatuek hilean benetako 20 lanordu izanen dituzte beren eginkizunetarako.
27. artikulua. Aseguru poliza.
Hitzarmen honen mendeko enpresek aseguru kolektiboa kontratatuko dute beren langileentzat, heriotza eta ezintasun iraunkor osoa edo ezintasun iraunkor absolutua gertatuz gero laneko eritasunaren edo istripuaren ondorioz, hura lanekoa izan ala ez, honako kopuru hauek bermatzeko:
–36.060,73 euro, heriotza kasuetan.
–36.060,73 euro, ezintasun iraunkor osoa eta absolutua gertatuz gero laneko edo lanetik kanpoko istripuaren ondorioz edo laneko eritasunaren ondorioz.
Edonola ere, Nafarroako metalaren merkataritza sektorerako hitzarmen kolektiboan adierazten diren kapital berak kontratatu beharko dira aseguruan, hitzarmen honen indarraldi osorako.
28. artikulua. Enplegua sustatzea.
Edozein arrazoirengatik enpresan hutsik gelditzen diren lanpostu guztiak, bete nahi badira, estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan izena emandako langileek beteko dituzte.
29. artikulua. Lan osasuna.
Enpresak behartuta daude langile guztiei urtean osasun azterketa bat egitera. Azterketa hori lan istripuetako ugazaben mutualitateetan eginen da; zeinetan dagoen enpresa inskribatua, hartantxe. Langileek osasun azterketaren emaitzak jakiteko eskubidea dute. Azterketa lanorduetan eginen da.
Enpresek lantokian beharrezkoak diren arropak eta babesteko tresnak eman beharko dizkiete langileei.
Horretarako, enpresak eta langileen ordezkariek hitzeman dute prebentzioko planak ezarriko dituztela, ahal duten neurrian eta aurreikusitako epeetan, laneko arriskuak desagerrarazteko edo pixkanaka gutxitzeko eta sektoreko lan arriskuei eraginkorki aurrea hartzeko.
Prebentzioko delegatuei dagokienez, legean ezarritako bermeak izanen dituzte, eta enpresek hitz ematen dute erraztasunak emanen dizkietela dagozkien eginkizunak betetzeko, behar dituzten ordu kredituen bidez.
30. artikulua. Hizkuntza plusa.
Lanean hizkuntza bat baino gehiago erabili ohi duten langileek hitzarmeneko soldataren %5eko plusa kobratzeko eskubidea izanen dute.
31. artikulua. Berdintasun legea
Berdintasunaren lege indarduna sartzen da.
Berdintasun plana onesteko, enpresaren eta plantillako langileen ordezkarien gehiengoaren adostasuna beharko da. Berdintasun plana, behin onetsita, enpresaren hitzarmenaren parte izanen da.
Onetsi ondoren erregistratu eginen da legeria indardunak ezartzen duen moduan.
32. artikulua. Sexu jazarpenaren kontrako neurriak.
Laneko jazarpena, edozein motatakoa dela ere, falta oso astuntzat joko da.
33. artikulua. Tratu txarren biktimei laguntza emateko neurriak.
Hitzarmen honen lurralde eremutik kanpoko herrietan, probintzietan edo erkidegoetan lan zentroak ireki dituzten enpresek lanpostu hutsak baldin badituzte beren lantokietan, lanpostu huts horiek tratu txarren biktimei eskainiko dizkiete.
Enpresako zuzendaritzak erabakiko du, nolanahi ere, ea tratu txarren biktima lanpostu hutsa betetzeko gai den eta behar den gaitasuna eta ahalmena dituen. Era berean, tratu txarren biktima bat baino gehiago izanez gero, enpresak erabakiko du horien artean zeinek izanen duen lanpostu hutsa betetzeko lehentasuna, betiere haien gaitasuna eta ahalmena kontuan hartuta.
Dena dela, lanpostu bat hutsik dagoela ulertuko da lanpostua bete gabe dagoenean eta horren eginkizunak tratu txarren biktimak duen lanbide kategoriari dagozkionak direnean.
Lanpostu hutsik ez dagoela ulertuko da, lanpostu bat bete gabe egon arren, enpresak hura amortizatzea erabakitzen badu.
Erasotzailea eta erasoa jasan duena lantoki berean ari badira, enpresak behar diren neurriak hartuko ditu, txandak aldatzea barne, lantokiko instalazioetan biak ordu beretan egon ez daitezen.
34. artikulua.
Hitzarmen hau enpresako langile guztiei aplikatuko zaie, kontratazio mota edozein dela ere.
35. artikulua. Lanbide prestakuntza.
Hitzarmen honen eremuan, enpresak bere langileen lanbide prestakuntza sustatuko du. Horretarako, ordezkari sindikalen eta enpresaren artean aztertuko dituzte etengabeko prestakuntzaren arloko beharrak, eta enpresa planak prestatzen ahal dituzte, bai eta sektoreka egiten diren plan bateratuetan parte hartu ere.
Enpresak hartzen badu langileak prestakuntza ikastaroetara joateko erabakia, langileek horrelakoetan ematen dituzten orduak benetako lanordutzat joko dira, eta ahaleginak eginen dira ikastaroak lanorduetan egin daitezen.
36. artikulua. Hitzarmen honetan hitzartutako lan baldintzen aldaketa.
Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan xedatutakoa erabili baino lehen, enpresak konpromisoa hartzen du langileen ordezkariekin eztabaidatu eta negoziatzeko enpresaren egoera konpon dezaketen aukeren inguruan (adibidez, lanaldi murrizketak, soldatak, etab.).
Bi alderdiek espresuki erabaki dute, desadostasunak konpontzeko, Nafarroako Lan Auzitegiko lanbide arteko akordioaren adiskidetze eta bitartekaritza prozesuen menpe jarriko direla beti. Arbitraje prozedura aplikatuko da, bakar-bakarrik, haren menpe jartzeko bi alderdien arteko akordioa badago. Orobat, auzia Aholku Batzorde Nazionalaren edo autonomikoaren mende jartzeko, alderdi bakoitzak hori onartzeko gehiengoz hartutako erabakia beharko da.
KLAUSULA GEHIGARRIAK
Lehenbiziko klausula gehigarria.
Hitzarmen honetan xedatutako baldintzei jarraikiz, langileek sortutako atzerakinak enpresak eta langileen ordezkariek adostutako epeetan kobratuko dira, baldin eta enpresako diruzaintzari eragiten ez badio.
2024ko urriaren 31 izanen da azken eguna.
Bigarren klausula gehigarria.
Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako metalaren merkataritza sektorerako hitzarmen kolektiboan, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginean, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako hartan, eta aplikatzekoak diren gainerako legeetan xedatutakoa ezarriko da.
Orkoienen sinatua, 2024ko urriaren 1ean.
Langileen ordezkarien aldetik:
Óscar Donamaría Elduayen.
Iñigo Etxeberría Paskualena.
Rubén Oroz Buñuel.
Enpresaren izenean:
Enrique Redín Itóiz.
Iragarkiaren kodea: F2418013
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
