2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UHARTE ARAKIL
2025eko lan egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa
Uharte Arakilgo alkateak 3/2025 Ebazpena eman zuen 2025eko urtarrilaren 15ean.
Hona hemen testu osoa:
Ikusita 493/2024 Ebazpena, ekainaren 12koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2025eko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duena.
Abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan presako neurriei buruzko ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legea aldatzen duenak, 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioentzat 1592 lanordu efektiboko lanaldia ezartzen du, urteko zenbaketan.
Espedientean jasotako dokumentazioa kontuan hartuta, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 84.1 artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea Uharte Arakilgo Udalaren zerbitzuko langileek 2025ean izanen duten jaiegunen egutegia, honen ondotik ematen den bezala:
–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.
–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.
–Apirilaren 27a: Ostegun Santua.
–Apirilaren 18a: Ostiral Santua.
–Apirilaren 21a: Pazko astelehena.
–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.
–Ekainaren 24a: San Juan (herriko festa eguna).
–Uztailaren 25a: Santiago apostolua.
–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.
–Irailaren 29a: San Migel (herriko festa eguna).
–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.
–Abenduaren 8a: Ama Birjinaren Sortze Garbia eguna.
–Abenduaren 26a: Pazkoko bigarren eguna.
Bigarrena.–Uharte Arakilgo Udaleko langileen urteko lanaldiaren banaketa benetako 1592 lanordukoa izango da, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearekin bat etorriz. Foru lege horrek ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloko premiazko neurriei buruzkoa, aldatzen du.
Hirugarrena.–Beraz, Udala itxita egongo den benetako lanorduak eta tokiko hiru jaiegunak kontuan hartuta, guztira 27 laneguneko oporraldia eta norberaren gauzetarako 3 egun dagozkio, oro har.
Hogeita hirugarren xedapen gehigarrian "Antzinatasunagatiko opor-egun gehigarriak eta antzinatasunagatiko norberaren gauzetarako baimenak" xedatutakoa aplikatu behar da. Martxoaren 29ko 12/2023 Foru Legearen bidez, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartutako Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatu zen.
Laugarrena.–Eguneko lanaldia 7 ordu eta 20 minutukoa izango da Uharte Arakilgo Udaleko bulegoetan, astelehenetik ostiralera. Nahitaez lan egin beharko da 8: 00etatik 15:00etara, eta gainerako 20 minutuak langilearen arretarako izango dira, malgutasunez, 7: 40tik 8: 00etara eta 15:00etatik 15:20ra. Jendearentzako arreta 10:00etatik 14:30era izango da.
Garbiketako langileek beren egutegi espezifikoa izango dute, betiere ezarritako urteko gehienekoaren barruan.
Aurreko paragrafoetan adierazitako lanaldiaren banaketa ez zaie aplikatuko zerbitzuaren beharrengatik lanaldi bereziren bat ezarrita duten langileei, ezta ordutegi-konpentsazioren bat duten langileei ere. Konpentsazio horiek, nolanahi ere, beren lan-egutegi espezifikoaren arabera arautuko dira.
Bosgarrena.–Otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 30. artikuluan araututako norberaren gauzetarako ordaindutako baimena (gehienez hiru lanegun) orduka hartu ahal izango da.
Seigarrena.–Epeak zenbatzeko, baliogabeak izango dira 2025. urteko igande eta larunbat guztiak eta erabaki honen lehenengo idatz-zatian jaieguntzat jotako egunak. Udal-bulegoak itxita egongo dira egun horietan.
Zazpigarrena.–Langileek hurrengo urteko urtarrilaren 31 arte ahal izanen dituzte aurreko urteari dagozkion oporrak hartu, horietarako eskubidea sortu badute.
Zortzigarrena.–Akordio hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Uharte Arakilgo Udalaren iragarki-oholean argitaratzea, eta web atarian ere.
Ebazpen honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:
1.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita edota gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina.
2.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
Uharte Arakilen, 2025eko urtarrilaren 16an.–Alkatea, Jose Domingo Huarte Baleztena.
Iragarkiaren kodea: L2500660