23. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1145E/2024 FORU AGINDUA, abenduaren 20koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena: "Langile autonomoentzako dirulaguntzak, 5.000 biztanle arteko Nafarroako herrietan kokatutako negozioen eskualdatzeengatik ordaindutako gastuak estaltzeko". DDBNeko identifikazioa: 804962.

Lan Zerbitzuak nagusiki autonomoen ardurapean dauden negozioak ixtea ekidin nahi du; horretarako, Nafarroako Lan Autonomoaren I. Planaren 4.3 ildo estrategikoa garatuz ("Itxiera saihesteko eta erreleboa sustatzeko neurriak"), enpresa ondorengotzarik gabeko negozio poltsa bat sortu zuen.

Aurreko planak irekitako bidetik jarraituz, Nafarroako Lan Autonomoaren II. Planak, "Koordinazioa Enplegu Planarekin eta Ekintzailetza Planarekin" izeneko 3.2 ildo estrategikoan, zenbait neurri eta ekintza jasotzen ditu bideragarritasun ekonomiko eta soziala izan arren ondorengotzarik ez izateagatik desagertzeko arriskuan dauden negozioei eta enpresei eusten laguntzeko.

Negozioen erreleborako poltsari ekonomikoki laguntzeko, 2025ean aurrekontu partida bat gorde da belaunaldiarteko erreleboa sustatzeko laguntzen deialdi honetarako, zeinaren helburua baita 5.000 biztanle arteko herrietan ondorengoak aurkitzeko zailtasunak dituzten negozioen jarraitutasuna erraztea.

5.000 biztanle arteko Nafarroako herrietan negozioen titulartasuna jabe berriei eskualdatzeko kontzepturako ordaindutako gastuak estaltzeko laguntza honekin, negozioen errelebo poltsaren bidez, ondorengoak aurkitzeko zailtasunak dituzten negozioen jarraitutasuna sustatu nahi da.

Nafarroako Gobernuaren abenduaren 11ko Erabakiaren bidez, baimena eman zen dirulaguntza hori banakako ebaluazioko araubidean tramitatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

251/2023 Foru Dekretuak, azaroaren 15ekoak, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, xedatutakoarekin bat.

AGINTZEN DUT:

1. Langile autonomoendako dirulaguntzen deialdia onestea, negozio baten titulartasuna eskualdatzeagatik ordaindutako gastuetarako, betiere negozioa Nafarroako 5.000 biztanlera arteko herri batean kokatuta badago.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. 120.000 euroko gastua baimentzea deialdi honetatik sortutako konpromisoei erantzuteko, 2025eko gastuen aurrekontuko "Autonomoentzako laguntzak belaunaldiarteko erreleborako PE" izeneko 970000 97000 4709 494100 partidaren kargura.

Izapidetze aurreratuko espedientea denez, orain baimendutako krediturako baldintza da kreditu egokia eta behar adinakoa izatea aipatu partidan, 2025eko ekitaldian.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko abenduaren 20an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza hauen xedea da erreleboa aurkitzeko zailtasunak dituzten negozioen jarraitutasuna erraztea, bai eta 2025ean lan autonomoa edo norbere kontura lan egiteko aukera sustatzea eta bultzatzea ere.

2. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Diruz laguntzen ahalko dira Nafarroako 5.000 biztanlera bitarteko herrietan kokatutako negozioen titulartasuna eskualdatzeagatik ordaindutako gastuak, baldin eta negozioek gutxienez ere bost urteko antzinatasuna badute eta Lan Zerbitzuaren negozioen erreleborako poltsan inskribatuta badaude (www.navarraemprende.com), eta negozioak eskualdatzeko kontratuak 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean sinatu badira (bi egunak barne).

2. Kanpo geldituko dira negozio digitalak eta nekazaritza zein abeltzaintza sektoreko ekoizpen primarioko negozioen eskualdaketak, baldin eta eskualdatzen duen pertsonaren eta erosten duen pertsonaren artean bigarren mailara arteko odol ahaidetasun edo ezkontza ahaidetasunezko harremana badago.

3. Honako gastu hauek izaten ahal dira diruz lagungarriak, baldin eta 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean sortu eta benetan ordaindutakoak badira, eta negozio eskualdatzeari egozten ahal bazaizkio:

a) Negozioa eskualdatzeko behar bezala formalizatutako akordioan ezarritako prezioa.

b) Notario eta erregistro gastuak.

c) Aholkularitza juridikoko edo finantzarioko gastuak.

d) Peritu gastuak.

e) Negozio lokalaren alokairu gastuak, edo negoziorako beharrezkoak diren ekoizpen bitartekoak, 24 hilabetera arte gehienez.

f) Negozioa eskualdatzearen ondoriozko beste gastu batzuk.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Dirulaguntzaren onuradun izanen dira norberaren kontura egiten den enpresa jarduera baten titularraren ondorengotza hartzen duten langile autonomoak, fisikoak zein sozietarioak, dirulaguntza eskatzeko unean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Negozioa eskualdatzeko kontratua sinatzen denean Lan Zerbitzuaren negozioen erreleborako poltsan inskribatuta egotea.

b) Negozioek bost urteko antzinatasuna izan behar dute gutxienez ere.

c) Negozioek komunitatearentzat irisgarria den kokaleku fisiko bat izan behar dute, sozietatearen izenarekin edo enpresaren izen komertzialarekin behar bezala errotulatuta.

d) Pertsona eta salgaien garraiorako negozioen kasuan, nahikoa izanen da bitartekoa existitzen dela eta harekiko lotura dagoela egiaztatzea.

e) Negozioa benetan eskualdatzeko kontratua 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitarte formalizatzea.

f) Ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda egotea, jarduera ekonomikoa non eginen den, herri horretan, edo nekazaritza jardueren kasuan, Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena emanda egotea, uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuarekin bat.

g) Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanda egotea.

h) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da egoera hori.

2. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela eta oinarri hauetako 4.1 atalean eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, dirulaguntzaren eskaera aurkezteak berekin dakar Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuari baimena ematea inguruabar horiek egiaztatzen dituzten datuak kontsultatzeko. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako inguruabarrak egiaztatzeko agiriak.

4. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntzaren onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Eskualdatzearen akordioa indarrean hasten denetik hurrengo hamabi hilabeteetan alta emanda jarraitzea Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo lanbide elkargoaren mutualitatean.

b) Eskualdatzearen akordioa indarrean hasten denetik hurrengo hamabi hilabeteetan alta emanda jarraitzea ekonomia jardueren gaineko zergan jarduera ekonomikoa eginen den herrian edo, nekazaritza jardueren kasuan, Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan.

c) Ematen zaion laguntzaren xede den jarduera ekonomiko berean jardutea hamabi hilabetez gutxienez, negozioa eskualdatzen denetik hasita. Jarduera ekonomikoa aldatuz gero, horren berri eman beharko zaio laguntzak ematen dituen organoari.

d) Jasotako laguntzari publizitatea egitea, hurrengo esaldia korporazioaren webgunean sartuta edo enpresan ikusteko moduko toki batean jarrita, gutxienez bi urtez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera: "Enpresa honek belaunaldiarteko erreleboa sustatzeko Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du, 5.000 biztanle arteko Nafarroako herrietan kokatutako negozioen eskualdatzeagatik ordaindutako langile autonomoen gastuak estaltzeko 2025eko deialdiaren esparru barruan". Informazio hori Navarra.es webguneko zerbitzu katalogoaren laguntza fitxan argitaratuta dauden ereduen arabera aurkeztu beharko da.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan oro har ezarritako betebeharrak betetzea, eta laguntza ematen duen organoak edo horretarako eskumena duen edozein organok egin beharreko egiaztapen eta kontrol jarduketak onartzea. Horretarako, jarduketa horien ondorioz eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

2. Onuradunak ondorengotza hartzen badu lokala edo ekoizpen bitartekoak alokatuz, 4.1 oinarriko a), b) eta c) letretan ezarritako iraupen betebeharrak 36 hilabetez bete beharko dira, eskualdatzea egiten denetik hasita. Alokairuaren zenbatekoa eskualdatze kontratuan jaso beharko da.

3. Betebehar horiek edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, dirulaguntza itzuli beharko da, salbu eta onuradunaren heriotza, ezintasun iraunkor osoa nahiz absolutua edo baliaezintasun handia gertatuz gero, betiere foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, betebeharren bat hein batean betetzen ez bada, litekeena da dirulaguntzaren zati bat itzuli behar izatea.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da eskualdatutako negozioa non dagoen, herri horretako biztanle kopurua, eta justifikatutako gastuen aurrekontuko % 70 adinakoa izanen da, ondorengo taulan ageri diren gehieneko mugekin, betiere:

HERRIKO BIZTANLE KOPURUA, GEHIENEZ

GEHIENEKO ZENBATEKOA

GEHIENEKO ZENBATEKOA,
EMAKUMEEN EDO % 33KO DESGAITASUNA EDO HANDIAGOA DUTENEN KASUAN

1.500 biztanle

13.000 euro

15.000 euro

2.000 biztanle

12.500 euro

14.500 euro

2.500 biztanle

12.000 euro

14.000 euro

3.000 biztanle

11.500 euro

13.500 euro

3.500 biztanle

11.000 euro

13.000 euro

4.000 biztanle

10.500 euro

12.500 euro

5.000 biztanle

10.000 euro

12.000 euro

2. Gehieneko zenbatekoa handituko da, aipatu taula horretan adierazitako mugetaraino, eskatzaileak emakumeak baldin badira.

Halaber, aipatu taulan adierazitako mugetaraino areagotuko da ere eskatzaileak % 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua badu.

3. Negozioa pertsona batek baino gehiagok eskuratzen badute, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionalki banatuko da, bakoitzak negozioan duen partaidetza ehunekoaren arabera.

4. Eskualdatzea lokala edo ekoizpen bitartekoak alokatuz egiten bada, kontzeptu horregatiko dirulaguntzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: kontratuan jasotako hilabeteko prezioa, bider 24 hilabete gehienez, oinarri honetako taulan jasotako mugarekin, betiere.

5. 2025. urtean, deialdi honek sortutako betebehar ekonomikoei erantzuteko erabilgarri dagoen aurrekontu kreditua 120.000 eurokoa da.

6. Eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik deialdiaren aurrekontua agortzen bada, horren kreditua handitzen ahalko da, gehienez ere 120.000 euro gehituz. Handitze hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta argitaratu beharko da, beste deialdi batzuetan izandako gastua hasiera batean aurreikusitakoa baino txikiagoa izan delako.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, eskualdatzeak indarra hartu eta hurrengo egunetik hasita, betiere ordurako deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Deialdi honetarako baimendutako aurrekontu kreditua egun hori baino lehen bukatzen bada, eskaerak aurkezteko epea itxi dela jakinaraziko da Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (https://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxaren bidez.

Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

2. Eskaerak telematikaz aurkeztuko dira nahitaez, laguntzen fitxaren bidez. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzentzen ahalko.

3. Laguntza eskaera bakarra onartuko da pertsona edo eskualdatutako negozio bakoitzeko. Pertsona batek baino gehiagok eskuratzen badute negozioa, laguntzaren zenbatekoa bakoitzak negozioan duen partaidetzaren araberakoa izanen da.

4. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira, bakoitza artxibo batean eskaneatua eta bere izenarekin behar bezala identifikatua, eta, betiere, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei jarraikiz:

a) Eskaera inprimakia.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko eskatzaileak ez duela urratzen, onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inolako debekurik (eskatzaile bakoitzak berea).

c) Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanda egotearen ziurtagiria.

d) Pertsona fisiko edo sozietarioa ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda egotearen ziurtagiria, edo nekazaritzako jardueren kasuan, Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena emanda egotearena, uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuarekin bat.

e) Eskualdatutako negozioak 5 urteko antzinatasuna duela (gutxienez) egiaztatzeko agiria.

f) Negozioaren presentzia fisikoaren justifikazioa, errotulua duen lokalaren kanpoaldeko argazki bidez, edo bitartekoaren justifikazioa, pertsona edo salgaien garraioaren kasuan, eta lokalaren errentamendu edo jabetza kontratua.

g) Dirulaguntza ordaintzeko banku kontua adieraztea, kontuak eta ordainketak kontsultatzeko izapidearen bidez. Aukera honek ordezten du lehenago dirulaguntzen eskabidearekin aurkeztu behar zen inprimaki bat, "Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea" izenekoa.

h) Negozioa eskualdatzeko akordioa, behar bezala formalizatua.

i) Hala badagokio, 2. oinarrian aipatzen diren gastu diruz lagungarriak sortu izanaren eta ordaindu izanaren frogagirien kopia. Eskatzailearen izenean egon beharko dute.

j) Bidezko bada, desgaitasunak dituen pertsona dela frogatzen duen agiria, 5.2 oinarrian xedatutakoaren arabera.

5. Organo emaileak, dirulaguntza eskaera behar bezala ebaluatzeko, gauzatzen duen ekonomia jardueraren azalpen laburra eta eskaintzen dituen ondasun edo zerbitzuena ere eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari. Informazio horrek barnean hartu beharko du jarduerak udalerrian duen inpaktuaren balorazioa.

6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, egoera hori ez da inola ere zuzentzen ahalko.

7. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hortaz, eskaerak deialdiaren oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Hala ere, azken negozio baten eskuratzea partzialki diruz laguntzeko kreditua geratzen bada aurrekontuan, erabilgarri dagoen kreditua adinako dirulaguntza emanen zaio azken eskaera horri.

8. oinarria.–Dirulaguntzaren ebazpena eta ordainketa.

1. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Lan Zerbitzuari dagokio. Zerbitzu horrek ebazpen proposamen bat igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntza eskuratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusia izanen da dirulaguntza ematea eta ordaintzea edo ukatzea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena 2 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, eskaera organo eskudunaren erregistroan aurkezten denetik zenbatzen hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

2. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren aurkezten den dokumentazioa zuzen dagoela eta 6. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen direla, dirulaguntza onartu eta ordainduko da, edo, hala badagokio, ukatuko da.

3. Aurrekontuan krediturik ez izatea dirulaguntza ukatzeko arrazoia izanen da.

9. oinarria.–Alokairuaren justifikazioa.

1. Diruz lagundutako alokairurako ordaindutako zenbatekoa justifikatzeko epearen hasiera bat etorriko da 2.3.e oinarrian aipatzen den diruz lagundutako epearen amaierarekin.

2. Onuradunak ez badu aurkezten diruz lagundutako alokairu hilabeteei dagozkien ordainketen justifikazioa, kontzeptu horretarako jasotako zenbateko guztiak erabat itzuli beharko ditu, eta egokia den berandutze interesa eskatuko zaio, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulera egin behar duela erabaki arte.

3. Telematikoki aurkeztu behar dira, laguntzen fitxaren bidez, egindako alokairu ordainketen egiaztagiriak.

10. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera inprimakian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

12. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedaturikoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

Nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresen kasuan, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarritako "de minimis" araubidearen barruan sartuko dira laguntzak (erregelamendu hori Europar Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorearentzako "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da).

Kasu horietan, ez da laguntzarik ematen ahalko, enpresari emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoak 300.000 euroko gehieneko muga gainditzen badu, hiru zerga ekitaldiko zeinahi alditan.

13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

14. oinarria.–Itzultzea.

1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aipatzen diren arrazoiez gain, kobratutako dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, eta berandutze interesak ordaindu, dirulaguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki arte, foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

2. Dirulaguntzak itzultzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2418738