2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ETXAURI
2025eko lan-egutegia
Alkatetzaren urtarrilaren 15eko 8/2015 Ebazpenaren bidez, Etxauriko Udalaren lan egutegia onetsi zen 2025erako; haren testua hitzez hitz ematen da osorik:
Ikusi da 493/2024 Ebazpena, ekainaren 12koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2025eko jaiegunen egutegi ofiziala.
Ikusi da 71/2024 Foru Agindua, azaroaren 21ekoa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2025eko lan egutegia.
Ikusi da 901/2024 Ebazpena, abenduaren 11koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko herrietako jaiegunak zehazten baitira 2025erako, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez direnak.
Horrenbestez, kontuan hartuta espedienteko dokumentazioa, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea Etxauriko Udalaren zerbitzuko langileek 2025ean izanen duten aste barreneko jaiegunen egutegia, honen ondotik ematen den bezala:
–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.
–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.
–Apirilaren 17a: Ostegun Santua.
–Apirilaren 18a: Ostiral Santua.
–Apirilaren 21a: Pazko bigarrena.
–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.
–Uztailaren 25a: Santiago apostolua.
–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.
–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.
–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.
–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.
–Abenduaren 10a: Herriko jaia.
–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.
–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.
Bigarrena.–Etxauriko Udaleko administrazioan lanorduen urteko kopurua 1.592 izanen da, abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuaren arabera, eta honela banatuko da:
Astelehenetik ostiralera, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da, oro har, eguneroko lanaldia.
Nahitaez lan egin beharko da 9:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera, eta gainerako ordutegia langileek aukeratuko dute, malgutasunez, 7:00etatik 16:30era.
Garbiketako langileek, zerbitzua behar bezala emateko, 6:30etik 16:00etara arteko lanaldi malgua egiten ahalko dute. Osasun kontsultategia garbituko da osasun-langileei trabarik egin gabe.
Poltsa bat egonen da 9 ordu eta 20 minutukoa, urte osoan zehar erabiltzekoa, zerbitzuaren beharren arabera betiere, bai eta 4 ordu eta 40 minutuko murrizketa ere.
Enplegatu bakoitzak modu jarraituan gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du eguneroko lanaldiarekiko.
Oporrak. Funtzionarioek, zerbitzu aktiboko urte bakoitzeko, eskubidea izanen dute hogeita zazpi laneguneko opor ordaindua hartzeko, edo zerbitzu-denbora gutxiagokoa izan bada, proportzionalki zor zaien oporraldia. Hogeita zazpi egun horiei 4 egun gehituko zaizkie, herriko festak direla eta.
Opor horiek urte naturalean hartu beharko dira, eta hartzeko eskubidea urteroko abenduaren 31n galduko da. Zerbitzuaren beharrek hartarako bidea ematen badute, hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte hartzen ahalko dira, gehienez.
Urtean zehar, funtzionarioek ordaindutako hiru baimen-egun hartzen ahalko dituzte. Lanaldia eskuarki ezarririkoa ez bezala banaturik daukaten langileei, baimen egunak egokituko zaizkie, kasuan bakoitzean ezarririk daukaten eguneko lanaldiaren iraupenaren arabera.
Hirugarrena.–Lanera agertzea kontrolatzeko, bertaratu direnen kontrolerako sistema automatikoa erabiliko da, eta enplegatu guztiek lanpostura sartzean eta bertatik ateratzean fitxatu beharko dute nahitaez. Nahitaezkoa izanen da fitxatzea lanaldiaren hasieran eta bukaeran, bai eta lanaldiaren barnean ateratzen eta itzultzen diren bakoitzean ere.
Laugarrena.–Langileek lanaldiaren barnean gehienez hogeita hamar minutuko atsedenaldia izanen dute.
Bosgarrena.–Baliogabeak izanen dira, 2025. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta honako ebazpen honen lehenbiziko xedapenean adierazitako jaiegunak.
Seigarrena.–Udal honetako zerbitzuen beharrak direla eta, eta horiek behar bezala jardun dezaten, Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan, Idazkaritzan eta zerbitzu anitzetan, bertako langileek ezin izanen dituzte oporrak batera hartu.
Zazpigarrena.–Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea. Prestakuntza ikastaroetara joateko erabilitako denbora lan denboratzat hartuko da baldin eta ikastaroek lanpostuko eginkizunekin zerikusirik badute, lanaldian egiten badira eta zerbitzuaren beharrek uzten badute, betiere dagokion organoak aldez aurretik baimena emanda.
Etxauritik kanpo egiten diren ikastaroen, bileren eta abarren kasuan, ikastaroaren benetako iraupenari kasuan kasuko herrira egin beharreko joan-etorriaren denbora gehituko zaio. Iruñerriko herrietan, joan-etorria egiteko kalkulatutako denbora 70 minutukoa izanen da (joan-etorria guztira).
Ikastaroaren iraupena 5 ordukoa edo hortik gorakoa bada eta bertaratuta egin beharrekoa, lanaldi oso gisa kontatuko da.
Oro har, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Urteko lanorduen kontaketaren ondorioetarako, prestakuntzan emandako denbora lan denboratzat hartuko da soilik kasu honetan: Administrazioak erabakitzen duenean nahitaezkoa dela prestakuntza ikastaroetara joatea lanpostuaren eginkizunak ongi betetzeko. Halakoetan, langileek eskubidea izanen dute ezarrita dauden kalte-ordainak eta/edo ordu konpentsazioa jasotzeko, zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuengatik.
Euskara ikastaroak egiteko ordu eta diru konpentsazioak, behar bezala baimenduak, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 17ko 1311/2010 Ebazpenean arautzen dira, haren bidez parekatzen baitira ekainaren 21eko 195/1993 Foru Dekretuan ezarritako euskara ikastaroak egiteko ordu konpentsazioak gaur egungo prestakuntza jarduerekin.
Zortzigarrena.–Ebazpen hau argitaratzea Etxauriko Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Bederatzigarrena.–Ebazpen honen berri Udalbatzari ematea, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran.
Aditzera ematen dut, jakin dadin eta ondorioak izan ditzan. Halaber, ohartarazten dut erabaki honen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela:
1. Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
2. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik hasita.
3. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Etxaurin, 2025eko urtarrilaren 20an.–Alkatea, Idoia Aritzala Etxarren.
Iragarkiaren kodea: L2500725