23. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

DEIALDIA, Osasun arloko Teknologiako MEDICA 2025 azokan parte hartzeko.

Ekitaldi hori Düsseldorfen izanen da, azaroaren 17tik 20ra.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana sustatzen du, Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz.

Nafarroako Nazioarteko Planaren arabera, Alemania da nazioartekotze-ahalegina ardazteko lehentasunezko herrialdeetako bat, eta osasunaren sektorea da Nafarroako nazioartekotze-estrategian landu beharreko arlo estrategikoetako bat.

Düsseldorfeko MEDICA azoka urtero egiten da eta munduko garrantzitsuena da osasun arloko teknologiaren sektorean. Aurten azaroaren 17tik 20ra izanen da. Azken edizioan, 2024an, MEDICAn 72 herrialdetako 5.800 erakusketarik baino gehiagok parte hartu zuten eta 165 herrialdetako baino gehiagotako 80.000 bisitari jaso zuen.

Nafarroako Gobernuaren ustez, azoka honek aukera handiak eskain ditzake osasun arloko teknologia diseinatzen eta ekoizten duten Nafarroako enpresentzat, bai eta osasunaren arloko eta laborategietako ekipamendua diseinatzen eta ekoizten dutenentzat ere.

Ekintzaren xedeak.

–"Nafarroa" marka ezagutaraztea eta Nafarroako osasun arloko teknologiaren sektorearen irudi taldekatu, profesional eta erakargarria eskaintzea azokan.

–Nafarroako enpresei merkatuaren prospekzioa egiten laguntzea, osasunaren arloko teknologiaren eta gailu medikoen sektorearen nazioarteko egoera ezagutzeko.

–Osasunaren sektoreko eta, zehazki, osasunaren arloko teknologiaren sektoreko Nafarroako enpresei laguntza instituzionala ematea, nazioarteko garapenean.

–Negozio aukerak identifikatzea eta Nafarroako enpresei laguntzea balizko bezeroekin harremanetan jartzen.

Sektorea.

–Osasun arloko teknologia.

Ekintzaren edukia.

–Nafarroaren erakustoki instituzionala eskura jartzea, parte hartzen duten enpresek bilerak egiteko topalekua izan dadin. Erakustoki hori pabilioi bateratuan jarriko da (15. hallean), zeina FENIN-Osasun arloko Teknologia Enpresen Espainiako Federazioak antolatzen baitu. Parte hartzen duten enpresek neurrizko dimentsioak dituen produkturen bat erakusteko aukera aztertuko da, dagoen espazioaren arabera.

–Nafarroako Gobernuarentzat lehentasunezkoak diren herrialdeetako enpresa eta instituzioekin enpresa-topaketak antolatzea.

–Azokara joan aurretik, enpresa parte-hartzaileei esportazio-diagnostiko bat egiteko aukera emanen zaie, jakiteko parte hartzen duen enpresa bakoitza zer mailatan dagoen prestaturik nazioarteratzeko.

–Nafarroako entitateen sustapen katalogo digital bat prestatzea, azokan banatzeko.

–Entitate parte-hartzaileen sustapena eta zabalkundea egitea, MEDICA azokan Nafarroak jarriko duen erakustokian.

–Azokan sartzeko txartelak ematea (txartel bat enpresa bakoitzeko).

Nafarroako Gobernuak ez ditu ordainduko bidaietako, hoteletako, otorduetako, barneko joan-etorrietako edo enpresa bakoitzaren bestelako gastuak, horiek entitate parte-hartzaileen kontura izanen baitira.

Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

–Osasun arloko teknologiaren sektoreko entitatea izatea (zentro teknologikoak, osasun arloko teknologiako produktuak fabrikatzen dituzten enpresak eta abar). Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.

–Egoitza soziala Nafarroan izatea eta Nafarroan egitea garapen eta/edo ekoizpen lanak.

–Web-orria ingelesez izatea.

–Harremanetarako komertzial bat izatea, ingelesez dakiena, MEDICA azokaren aurretik, azoka bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).

Eskaera aurkezteko epea.

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik aurrera, eta 2025eko otsailaren 21eko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez.

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/participacion-en-el-stand-de-navarra-en-la-feria-medica-2025

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Ekintzan parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua.

MEDICA azokako ekintza honetan gehienez ere 10 enpresak eta gutxienez ere 6 enpresak parte hartzen ahalko dute. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura iritsi arte.

MEDICA azokan banaka parte hartzen duten erakusketa-enpresek Nafarroako erakustokian ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta lekurik geratzen bada.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazten den helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako jarduna prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, eta enpresak erabakitzen badu ez parte hartzea, azoka hasi baino gutxienez bi hilabete lehenago aurkeztu beharko du uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko zaio.

Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Azokara joatea eta bezeroei eta eskakizun komertzialei erantzuteko prest egotea azokako egun guztietan.

–Ekintza egiten denetik hasita hamabost eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 17an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2500724