23. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

204C/2024 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita erregistratu, gordailatu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen akordio kolektiboa aldatzeko erabakiaren testua.

Ikusi da Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen akordio kolektiboa aldatzeko erabakiaren testua (kode zenbakia: 31100182132017), zeina erregistroan sartu baitzen 2024ko abenduaren 11n eta Udaleko eta sindikatuetako ordezkariek sinatu baitzuten 2024ko urriaren 10ean.

Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen gaineko laneko agintaritzak akordioaren testuaren kontrol formalaren eskumena besterik ez du betetzen, egiaztatzeko Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan hitzarmen kolektiboentzat ezarritako gutxieneko edukia betetzen duela.

Esandakoa hala delarik ere, ohartarazi behar da toki erakundeak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren aplikazio eremuari atxikiak direla; haren bidez onetsi ziren Nafarroako Administrazio Publikoetan ari diren Langileen Estatutua eta haren garapenerako erregelamenduak. Han jasotzen diren arauak bete beharrekoak dira, eta ez minimoetakoak.

Honako hauetan xedaturikoari jarraiki: Nafarroako Administrazio Publikoeen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikulua, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Agindua ematea Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskriba dadin Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileen akordio kolektiboa aldatzeko erabakia (IV. eranskina) (kode zenbakia: 31100182132017).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezaten.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko abenduaren 20an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

IRUÑEKO UDALEKO ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOETAKO LANGILEAK ADMINISTRAZIO ARAUBIDEAN KONTRATATZEA ARAUTZEN DUEN ERABAKIA

1. artikulua. Xedea.

Erabaki honen xedea da Iruñeko Udaleko eta Hirigintza Gerentziako lanpostuak aldi baterako kontratatuz betetzeko izangaien zerrenden kudeaketa arautzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Erabaki honetan jasotako araudia aplikatuko zaio Iruñeko Udalari eta hirigintza gerentziako erakunde autonomoari atxikitako lanpostuak aldi baterako kontratatuz betetzeko izangaien zerrenden kudeaketari.

Erabaki honen araudia ez zaie aplikatuko Haur Eskolen erakunde autonomoari, ezta langile lan-kontratudunei ere, deialdiak kudeatzeko araudi propioa baitute. Era berean, erabaki hau ez da aplikatuko sanferminak direla-eta babes zibileko laguntzaileak kontratatzeko deialdiak kudeatzeko, lanpostu asko betetzeko behar den bizkortasuna kontuan hartuta.

3. artikulua. Hautatzeko printzipioak.

1.–Langileak deialdi publikoaren bidez hautatuko dira, betiere berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatuz.

2.–Betiere, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan kontratazioa ahalik eta eraginkortasun eta arintasun handienarekin egitea bilatuko da.

4. artikulua. Aldi baterako kontratazioak egiteko zerrenden lehentasun ordena.

Iruñeko Udalak eta haren erakunde autonomoek aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak osatzen ahalko dituzte. Horietan lehentasun hurrenkera hau izanen da:

1.–Prestakuntzarako eta hobekuntzarako barreneko deialdietan gainditu duten udal langileen zerrendak, kontuan harturik lehenbizikoak lehentasuna duela hurrengoen gainetik. Zerrenda hori iraungitzat joko da hura osatzen duten langileen zerbitzu berezietako egoera amaitzen denean, hura betetzeko legez ezarritako gehieneko epea amaitu delako edo eskainitako deialdiei berariaz uko egin zaielako, erabaki honetan ezarritakoaren arabera.

2.–Probak gainditu baina lanposturik ez dutenen zerrendak; hau da, funtzionario gisa sartzeko edo delako lanpostuan lan kontratudun finko izateko hautapen probak gainditu baina lanposturik eskuratzen ez duten izangaien zerrendak.

Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendetan lehentasuna zehaztuko du administrazioan sartzeko hautapen prozesuan lortutako puntuazio altuenak.

Probak gainditu baina lanposturik ez dutenen lehenbiziko zerrendak lehentasuna izanen du ondorengo prozesuetan sortutako zerrenden gainetik.

3.–Funtzionario gisa sartzeko edo delako lanpostuan lan kontratudun finko izateko hautapen prozesuetatik heldu diren izangaien zerrendak, aurreko atalekoak izan gabe, baldin eta deialdian ezartzen den hautapen prozedurako proba edo fasea gainditu badute.

Atal honen babesean osatzen diren zerrendetan izangaien lehentasuna izangai bakoitzak gainditzen dituen proben emaitzen baturak zehaztuko du.

Atal honetako lehenbiziko zerrendak lehentasuna izanen du ondorengo prozesuetan sortutako zerrenden gainetik.

4.–Kasuan kasuko lanpostua aldi baterako betetzeko hautaproben deialdi publikoaren bidez osaturiko izangai zerrendak, kasuan kasuko hautaproban lorturiko puntuen hurrenkerari jarraituz.

Atal honetako lehenbiziko zerrendak lehentasuna izanen du ondorengo prozesuetan sortutako zerrenden gainetik.

5.–Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzura igorritako enplegu eskaintza orokorren ondorioz egindako hautaproben bitartez eratutako izangaien zerrendak, horiek kasuan kasuko lanpostuaren betebeharrak betetzen badituzte, direlako hautaprobetan lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera.

Hautapen sistema hori erabiliko da 1. idatz-zatitik 4.era bitarteko zerrendetan deitzeko moduko izangairik ez dagoenean eta justifikatzen denean kontratatzeko premia larria dagoela edo lanpostu horiek betetzeko zailak direla, berariazko ezaugarriak dituztelako.

Hautapen sistema hau erabiltzeko, dagozkien deialdiak onetsi beharko dira eta udal-webgunean argitaratu, non parte hartzeko betebeharrak eta egin beharreko hautaprobak finkatuko diren. Deialdian parte hartzen ahalko dute Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuan lan eskatzaile gisa edo enplegua hobetzeko egoeran inskribaturik dauden pertsonek.

Zerrenden indarraldia bitartean, halako lanpostuetarako beste zerrendaren bat osatzen bada Nafar Lansarek deitutako hautaprobetarako deialdi baten bidez, zerrenda zaharragoetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda berriagoetakoen aurretik.

6.–Kanpaina zehatzetarako kontratazioen kasuan, eta betiere aparteko presa duten arrazoiak badaude, behar bezala justifikatuak, Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatzen ahalko zaio izangaien zerrenda bat bidal dezan. Dena den, lehenbailehen jakinarazi behar zaie inguruabar hori ordezkari sindikalei. Zerrendok haiek eratzeko arrazoi izan zen kanpainak irauten duen bitartean egonen dira indarrean, eta zerrenda horien ondoriozko kontratazioek ezin izanen dute, inola ere, urtebete baino gehiago iraun.

5. artikulua. Kontratazioen eskaintza.

Kontrataziorako txosten bat jasotzen denean lanpostu bat aldi baterako betetzeko premiarekin, lan eskaintza bat sortuko da. Lanpostua betetzeko, deialdi bat eginen da lanaldian zehar eta, nolanahi ere, 15:00ak baino lehen.

Deialdi horiek indarrean izanen dira izena emateko, honako irizpide hauek aintzat hartuta:

–Urtebete baino gutxiago irautea aurreikusten den lanpostuak aldi baterako betetzeko eskaintzak argitaratu eta hirugarren egun balioduneko 09:00ak arte egonen dira argitaratuak plataforman.

–Urtebete edo urtebete baino gehiago irautea aurreikusten den lanpostuak aldi baterako betetzeko eskaintzak argitaratu eta laugarren egun balioduneko 09:00ak arte egonen dira argitaratuak.

Eskaintza orotan kontratazioaren gutxi gorabeherako iraupena zehaztuko da, "urtebete baino gutxiago" eta "urtebete edo urtebete baino gehiago" bereiziz, betiere kontuan hartuta estimazio bat izanen dela, unean-unean eskuragarri dagoen informazioarekin eta beti errore-marjina batekin.

Urtebete baino gutxiagoko kontratuak betetzeko eskaintzetan, hala nola ikastetxeetan, kiroldegietan, udal hilerrian eta musika eskolan, bigarren egun baliodunera arteko argitaratze epea ezartzen ahalko da, zerbitzuaren jarraitutasuna bermatuko duten premiak betetzeko behar den arintasuna ziurtatzeko.

Lanpostu bereko hainbat plazatarako lan eskaintzak taldeka argitaratu ahal izanen dira, kontratazioan arintasun handiagoa sustatze aldera. Plaza jakin batean interesa dutelako eskaintza taldekatua onartzen duten pertsonen kasuan, plaza esleitzeko unean beste hautagai batek bete izanagatik interesatzen zitzaiena eskuratu ezin badute, ez da inolako zigorrik ezarriko, eta erantzuna "onartua eta esleitu gabetzat" joko da.

Ez da argitaratuko lanaldiak edo kontratuak luzatzea dakarren eskaintzarik; izan ere, kontratazio horiek hasierako kontratua indarrean duten pertsonei dagozkie.

Halaber, ez da argitaratuko aldi baterako kontratu baten ondorioz lanpostu bat betetzen ari den edo bete duen kontratatutako pertsona baten lanpostua, baldin eta, aipatutako kontratua amaitu eta hurrengo 15 egunen barruan, plaza bera bete behar bada. Kasu horietan, administrazioak izangai horri eskainiko dio kontratua, baldin eta izangaia deialdi berriaren unean indarrean zegoen zerrenda batean badago, kontratua ez bada amaitu hari uko egiteagatik, eta kontratu berria amaitutako kontratuaren iraupen berekoa edo txikiagokoa bada. Salbuespen gisa, izangai batek urtebete baino gutxiagoko kontratua hasten badu eta eskaintza egiteko unean aurreikusi ezinezko arrazoiak direla-eta lan harremana urtebete edo gehiago igaro ondoren amaitzen bada, pertsona horri berari eskainiko zaio kontratazio premia berria, 15 eguneko epean, kontratu mota desberdina bada ere.

Izangaiak kontratazioari uko egiten badio, eskaintza plataforman argitaratuko da.

Zerrendan aktibatuta dauden pertsonek edo kontratua edo zerrendan desaktibatuta egotearen arrazoia amaitzeagatik berriz aktibatuta egonen direnek, lan eskaintza sortu eta hurrengo zazpi egunetan, lan eskaintzan izena emateko jakinarazpen bat jasoko dute, 4. artikuluan ezarritako lehentasun ordenari jarraiki. Jakinarazpena pertsona-taldeka bidaliko da, harik eta bete arte edo zerrenda amaitu arte.

Jakinarazpena jasoko duten pertsonak aukeratzeko, irizpide hauei jarraituko zaie:

1.–Argitaratutako eskaintzetan argitalpenaren jakinarazpena jasotzen duen pertsona oro inskribatu ahal izanen da, baldin eta Iruñeko Udalak onetsitako deialdi zerrenda batean badago eskaintzaren xede den lanposturako.

2.–Indarreko kontratu bat duten pertsonei irizpide hauen arabera soilik jakinaraziko zaie:

a) Urtebete baino gutxiagoko kontratua dutenek izena eman ahal izanen dute eskaintzaren xede den deialdi zerrenda bereko urtebete edo urtebete baino gehiagoko eskaintzetan, bai eta indarreko kontratukoak ez diren lanpostu zerrenden kontratazioetan ere.

b) Urtebete edo urtebete baino gehiagorako kontratua dutenek izena eman ahal izanen dute indarreko kontratukoak ez diren lanpostu zerrenden kontratazioetan, baldin eta urtebete edo urtebete baino gehiagorako kontratua bada edo eskaintza goragoko mailako lanpostu bat betetzeko bada.

3.–%50eko edo gutxiagoko kontratazio ehunekoa duen lanaldi partzialeko kontratua dutenek edozein eskaintzatan izena eman ahal izanen dute, betiere eskaintzaren lanaldia indarreko kontratuarena baino handiagoa bada.

4.–Justifikatutako uko egiterik badago, zera hartuko da kontuan:

a) Kontratu bati modu justifikatuan uko egin dioten izangaiak automatikoki desaktibatuko dira zerrendatik. Hala ere, izangaiek edozein unetan eskatzen ahal dute zerrendan berraktibatzea, inolako justifikaziorik gabe eta desaktibaziotik hasita.

b) Justifikatu beharrik gabe zerrendan berraktibatzeko aukera gehienez ere bi deialditan erabiltzen ahalko da. Izangaiak kontratuari modu justifikatuan uko egiten dion hirugarren deialdian, sei hilabetez desaktibatuko da, baina zerrendako postuari eutsiko dio.

Plataformaren bidez, kontratazioaren xede den zerrendan daudenei jakinaraziko zaie eskaintzak argitaratu direla, mezu elektroniko baten bidez. Mezu hori izangaiek hautaketa deialdia egiten dutenean emandako posta elektronikora igorriko da.

6. artikulua. Kontrataziorako lehentasun arau orokorrak.

1.–Lokalizaturik egon daitezen, izangaiek harremanetarako telefono bat eta posta elektroniko bat jakinarazi behar dituzte gutxienez.

2.–Oro har, baldintzak betetzen dituzten eta inskribaturik daudenen artean, zerrendan aktibatuta dagoen edo kontratu bat amaitzeagatik aktibatuta egonen den lehenari eginen zaio kontratazioa.

3.–Kasu guztietan, inskribatutakoen erregistroa jasoko da.

4.–Lanaldi osokoak baino laburragoak diren lanetarako eskaintzen kasuan, kategoria bereko lanaldi partzialeko lanpostuak dituztenei eskaintzen ahalko zaizkie, baldin eta bi lanpostu horiek betetzea bideragarria bada. Kasu horietan, uko egiteak ez du ekarriko zerrendatik baztertzea.

5.–Argitaratutako eskaintzari uko egin dioten edo izena eman ez dutenei dagokienez, honako hauek hartuko dira kontuan, eskaintzarako onartu den pertsona abiapuntutzat hartuta:

a) Onartuaren aurretik daudenei 8. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.

b) Onartuaren atzetik daudenek zerrendako postuari eutsiko diote.

7. artikulua. Lan eskaintzak amatasun, aitatasun edo adopzio lizentzia kasuetan.

1.–Amatasun, aitatasun edo adopzio lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte (orduan sinatuko dute kontratua), baldin eta kontratuak urtebete edo gehiago iraunen duela aurreikusten bada.

2.–Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

3.–Amatasun, aitatasun edo adopzio lizentzia hartzeko ezarritako epea amaitzen den egunean hasiko dira lanpostuan benetan lan egiten. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.

4.–Horrelakoetan, amatasuna, aitatasuna edo adopzioa gertatu izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik lanpostuan benetan hasten den egunera bitarteko epea administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaio. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.

8. artikulua. Kontratatzeko eskaintzei uko egitea/izena ez ematea.

1.–Izangairen batek, zerrendan aktibo egonda, argitaratutako eskaintzari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, plataforman erantsitako dokumentu bidez ondoko egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean:

a) Indarrean dagoen kontratu administratibo edo lan-kontratu batengatik horretara behartua egotea. Iruñeko Udalean kontratua dutenek horixe adierazi bestetik ez dute egin beharko.

b) Aldi baterako ezintasuna izatea. Arrazoi honengatik kontratu bati uko egiten diotenak ez dira berriz aktibo egotera itzuliko ezein kontratu motatarako, ukorako arrazoia amaitu dela behar bezala frogatzen ez duten bitartean.

c) Amatasun, aitatasun edo adopzio lizentzia izatea. Kasu horietan, aktibo egoten jarraituko dute baldin eta uko egitea lizentzia duten bitartean gertatzen bada.

d) Zaindu behar badu 6 urte baino gutxiagoko adingabea, berezkoa zein adoptatua.

e) Odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat zaindu behar badu, bigarren gradu artekoa (hori barne), baldin eta adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez bada eta lan ordaindurik egiten ez badu.

f) Ezkontzeagatik edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, parekatutako egoeran egoteagatik, eskainitako kontratuaren hasiera eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturaletan bada.

g) Dagoeneko programatuta dagoen bidaia bat izateagatik, baldin eta garraiobide eta/edo ostatu ez-partikular bat kontratatu bada eta bidaia horren data eskainitako kontratazio aldiaren barruan badago. Bidaiaren frogagirian izangaiaren datuak eta bidaiaren kontratazio data agertu beharko dira.

2.–Jasotako kasu horietan guztietan, izangaiek zerbitzuak emateko prest daudela jakinarazi beharko dute, deien aplikazioaren bidez aktibatuta. Aktibatzen ez diren bitartean, izangaiak lanerako prest ez daudela joko da eta ezin izanen dira inskribatu sartuta dauden zerrendetako ezein lanpostu eskaintzatan.

3.–1. atalean zerrendatutako egoeretako batean dauden izangaiek 10 egun balioduneko epea izanen dute hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko web-aplikazioaren bidez, lan eskaintzarako deialdia ixten den egunetik zenbatzen hasita; hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten postu berean segituko dute. Hala egin ezean, lanpostuari uko egitea justifikaziorik gabekotzat joko da. Iruñeko Udalean indarreko kontratua dutenek horren berri besterik ez dute eman beharko uko egitea justifikatutzat jotzeko.

4.–Lanaldi erdia edo laburragoa duten lanaldi partzialeko kontratuen eskaintzei uko eginez gero, ez dira artikulu honetan ezarritako ondorioak sortuko, gehienez ere hiru deialditan. Muga hori gaindituta, lanpostuari uko egitea justifikaziorik gabekotzat joko da.

5.–Izangai bat lanerako libre badago eta argitaratutako eskaintzan izena ematen ez badu, zerrendako azken postura pasako da zerrenda indarrean dagoen bitartean egoera hori gertatzen den bigarren aldian, baldin eta kontratua esleitzen zaiona bere postutik behera badago zerrendan.

6.–Lanpostu bat betetzeko deialdia egiten bada eta lanpostu horri zuzenean lotuta ez dagoen kontratazio zerrenda bat erabiltzen bada, zerrendan duten postuari dagokionez ez dute inolako ondoriorik izanen izangaiek deialdiari emandako erantzunek edo ez erantzuteak.

9. artikulua. Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokira pasatuko dira honelako kasuren batean suertatzen direnak:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Argitaratutako lanpostuaren eskaintzan izena ez ematea, zerrenda indarrean dagoen bitartean bigarren aldiz.

c) Dei egin eta argitaratutako lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozteko moduko arrazoiengatik.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta Iruñeko Udalak edo haren erakunde autonomoek eskainitako beste kontratazio batera aldatzeagatik bada.

10. artikulua. Zerrendetatik baztertzea.

Honako hauek izanen dira izangaiak deiari dagokion zerrendetatik kanpo gelditzeko arrazoiak:

a) 9. artikuluko inguruabarretako edozeinetan bigarren aldiz daudenak, egoera bera izan edo ez.

b) Probaldia ez gainditzea, betiere zerbitzuaren arduradunak egin eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak onetsitako txosten arrazoitu batekin.

c) Kontratua azkentzea diziplina espediente bat izapidetu izanaren ondorioz, baldin bukatzen bada azkentzea onesten duen ebazpen irmo batekin.

d) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiengatik, dela kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, eta horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez egitea galarazten duen errendimendu eskasa badakar, dela lanpostuaren eginkizunak aldatzeagatik, betiere interesdunari entzun eta Langileria Batzordeak edo langileen delegatuek txostena eman ondoren.

e) Lanpostutik alde egitea.

11. artikulua. Zerrenden indarraldia.

4. artikuluan araututako zerrendek bost urteko indarraldia izanen dute, honako hauek izan ezik: 1. atalean araututakoek, indarrean jarraituko baitute izangai guztiek prestakuntzarako eta hobekuntzarako ezarritako aldia amaitu arte; 5. atalean araututakoek, hiru urteko indarraldia izanen baitute, eta 6. atalean araututakoek, gehienez ere urtebeteko indarraldia izanen baitute.

Giza Baliabideen Zuzendaritzak erabaki dezake aldi hori luzatzea, betiere negoziazio-mahiarekin adostu ondoren. Orobat, Giza Baliabideen Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du lau urte bete ondoan zerrenda berriak sortzeko izapideak hasteko.

12. artikulua. Indarra hartzea, atzeraeragina eta indargabetzea.

Erabaki honek Tokiko Gobernu Batzarrak onesten duen egunean hartuko du indarra.

Erabaki hau indarrean jartzean lehendik indarrean diren aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendei bertan ezarritako indarraldi araubidea aplikatuko zaie.

Era berean, zerrendetako lehentasun araubidea aplikatuko da, erabaki honetan xedatua, indarrean jartzen den egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2418811