228. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko urriaren 29an hartua, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kideak izendatzen dituena.

Urtarrilaren 30eko 9/2013 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua sortu zen eta haren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautu ziren.

Nafarroako Gobernuak 2013ko urriaren 16an hartutako Erabakiaren bidez (205. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 23koa), Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kideak izendatu ziren.

Urtarrilaren 30eko 9/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, haien agintaldiak lau urte irauten du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera. Ondoren, Nafarroako Gobernuaren erabakien bidez, Kontseilua erabat berritu da. Azken aldaketa Nafarroako Gobernuaren 2022ko maiatzaren 25eko eta ekainaren 8ko erabakien bidez onetsi zen.

Bestalde, goian aipatutako foru dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan ordezkaritza duten erakundeek noiznahi eskatzen ahalko dute beren ordezkari titularrak edo ordezkoak aldatzea, eta kide berria karguan arituko da harik eta ordezkatzen duen kideari zegokion lau urteko kargualdia bukatzeko falta den denbora bete arte. Ildo horretan, 2025eko irailaren 12an, Nafarroako Langile Komisioak (CCOO) sindikatuak proposatu du aldatzea haren izenean Kontseiluan aritzen diren kide titularra eta ordezkoa.

Egiaztatu da, urtarrilaren 30eko 9/2013 Foru Dekretuaren 3.3. artikuluak arautzen duen bezala, betetzen dela Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluaren osaera orekatua izatearen printzipioa, halaxe agintzen baitu Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak. Horrenbestez, bidezkoa da, foru dekretu horren 4. artikuluarekin bat, behar diren izendapenak egitea.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kide hauek izendatzea:

Nafarroako Langile Komisioen (CCOO) ordezkari gisa:

Titularra:

–Pilar Ruiz Cobo andrea.

Ordezkoa:

–David Marcalain Pérez jauna.

2. Erabaki hau interesdunei jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2025eko urriaren 29an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2514131