1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
155/2025 EBAZPENA, urriaren 27koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio-baimena eman eta exekuzio-proiektua onesten baita Garraioaren Hiria industrialdean, Noainen (Elortzibar), MPB antena bat jartzeko proiektuaren aldaketarako. Espedientearen kodea: GN-411-2.
Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 18ko 172/2023 Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio-baimena eta exekuzio-proiekturako onespena eman zitzaizkion Nedgia Navarra SAri Garraioaren Hiria industrialdean MPB antena bat jartzeko, eta hogeita lau hilabeteko epea eman zitzaion obrak egiteko. Irailaren 8ko 130/2025 Ebazpenaren bidez, hamabi hilabetez luzatu zen aipatutako ebazpenean emandako epea.
2024ko apirilaren 23an, Nedgia Navarra SAk aurretiazko administrazio-baimena eta exekuzio-proiektuaren onespena eskatu zituen Garraioaren Hiria industrialdean jada proiektatuta dagoen sarea lehendik dagoen RMB-31088 saretik indartzeko instalazioak egiteko; izan ere, 2023ko urriaren 27an, Noaingo Udalak udal lizentzia ukatu zion Nedgia Navarra SAri Noaingo Garraioaren Hiria industrialdeko MPB antenarako obrak egiteko (espediente-kodea: GN-411). Udalarekin berarekin hitz egin ondoren, Nedgia Navarra SAk eskaera berrian jakinarazi duenez, bi alderdiek adostu zuten aurkeztutako lizentzian aldaketa bat egitea, proiektatutako sarearen trazaduraren eta lehendik dagoen sarearen arteko konexio-puntua aldatzeko.
Hala, proiektu berrian Garraioaren Hiria industrialdera gasa eramateko trazadura berri bat jasotzen zen, Imarkoaingo hilerritik gertu dagoen saretik lehen proiektuan baimendutako sarearekin lotu artekoa (Ekialdeko hiribideko biribilgunearen parean, Andamur Iruña zerbitzugunearen ondoan).
Horrenbestez, baimendutako lehen proiektu horretan (GN-411 espedientea) proiektatutako tarte bat ez da eginen, eta baliogabetuta gelditu da, zehazki, hasierako konexiotik Ekialdeko etorbideko biribilguneraino doana. Halaxe dago zehaztuta proiektuaren planoetan.
Nedgia Navarra SAren eskaera jendaurrean jarri zen, iragarkia argitara emanda 2024ko 113. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 3koan, 2024ko ekainaren 4ko Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietan eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren webgunean. Ez zen alegaziorik jaso.
Jatorrizko proiekturako egindako ingurumen ukipenen txostena (76E/2023 Ebazpena, otsailaren 25ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariarena) baliozkoa den kontsulta egin ondoren Ingurumen Ebaluaziorako Atalari, atal horrek honako hau jakinarazi du: "orain aurkezten den jarduketak gutxi aldatzen du aurrekoa, eta diseinu berriak hiri-lurzoruari soilik eragiten dio, zehazki, Garraioaren Hiria industrialdeari; beraz, ez da beharrezkoa ingurumen ukipenen ebaluazioa egitea, ez eta, ondorioz, ingurumen ukipenei buruzko beste txostenik ere".
Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 474E/2025 Ebazpenaren bidez, baimena eman zen Elortzibarren, Noaingo Garraioaren Hiria industrialdean, gas naturalaren hornidura-sarea indartzeko proiekturako (GN-411-2), ebazpenean adierazitako zehaztapenak betetzeko baldintzarekin. Proiektuaren sustatzailea Nedgia Navarra SA da.
Noaingo Udalari (Elortzibar) kontsulta egin ondotik, honako hau jakinarazi du toki entitateak, David Gómez Urrutia arkitektoak 2024ko uztailaren 3an egindako txostenaren bidez: "trazadura berria egokiagotzat jotzen da", "jarduera baimengarria da" eta "jarduketa bateragarria da udal plangintzarekin".
Azaldutakoarekin bat etorriz, eta Enpresa Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiaren uztailaren 30eko 29/2025 Ebazpenaren bidez eskuordetu zaizkidan eskumenak baliatuz (2025eko 155. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 5ekoa), honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Nedgia Navarra SAri administrazio-baimena ematea Noaingo Garraioaren Hiria industrialdean jada proiektatuta dagoen sarea indartzeko, egun dagoen RMB-31088 saretik.
2. Onestea instalazio hori egiteko proiektua, Alejandra Risco Barba industria ingeniari teknikoak sinatua, eta hogeita hamasei hilabete ematea obrak burutzeko.
3. Baimen hau eman arren, aplikagarriak diren beste xedapen batzuen arabera beharrezkoak diren emakidak eta baimenak lortu beharko dira.
4. Bi hilabeteko epean, eta betiere instalazioen exekuzioa hasi baino lehen, aurkeztutako aurrekontuaren ehuneko bi adinako bermea jarri beharko du Nedgia Navarra SAk. Berme hori Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuan jarri beharko da, eta instalazioak zerbitzuan jartzeko akta egin ondoren itzuliko da.
5. Instalazio berriek eta horien muntaketak indarreko araudian ezarritakoa beteko dute.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Ebaluaziorako Atalera eta Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalera.
8. Ebazpen hau Nedgia Navarra SAri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.
9. Ebazpen hau Elortzibarko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal duela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ezertan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2025eko urriaren 27an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.
Iragarkiaren kodea: F2513967