228. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2429/2025 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskarako itzulpengintzako eta interpretazioko teknikari izateko lanpostu bat (A maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko.

Gobernu Kontseiluak 2024ko azaroaren 26an hartutako erabaki baten bidez (2024ko 233 zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, azaroaren 18an) Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen 2024ko lan publikoaren eskaintza onetsi zuen, eta han, besteak beste, euskarako itzulpengintzako eta interpretazioko teknikari izateko lanpostu bat jaso zen, funtzionarioen araubidekoa eta A mailakoa –hori da Euskarako OLko teknikari lanpostuari eman zaion izen berria–.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak 2025eko martxoaren 17an emandako 528/2025 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko euskarako itzulpengintzako eta interpretazioko teknikari izateko lanpostu huts bat lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko. Ebazpen hori 2025eko 65 zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 1ean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak 2025eko apirilaren 30ean emandako 839/2025 Ebazpenaren bidez, hutsik utzi zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko euskarako itzulpengintzako eta interpretazioko teknikari izateko lanpostu huts bat lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia.

Aurreko guztia kontuan izanik, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskarako itzulpengintzako eta interpretazioko teknikari izateko lanpostu bat oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskarako itzulpengintzako eta interpretazioko teknikari izateko lanpostu bat (A maila) oposizioaren sarrera-prozeduraren bidez betetzeko deialdia, baita haren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Hirugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2025eko azaroaren 7an.–Kudeatzailea, Mar González Paredes.

EUSKARAKO ITZULPENGINTZAKO ETA INTERPRETAZIOKO TEKNIKARI IZATEKO LANPOSTU BAT OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1.–Deialdi honen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskarako itzulpengintzako eta interpretazioko teknikari izateko lanpostu huts bat oposizio bidez eta txanda irekian betetzea da (funtzionarioen araubidekoa eta A mailakoa). Oinarri hauen II. eranskinean ageri da zein diren lanpostuaren zenbakia, baldintzak eta lantokia.

1.2.–Halaber, deialdi honen xedea hautaketa-prozeduran lanposturik lortzen ez dutenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzea da, deialdi honen 12. oinarrian xedatutakoarekin bat.

1.3.–2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera -Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa-, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdi honen oinarrietan berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialeko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://www.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3&submenu=yes&languageId=100001

2.–Baldintzak.

2.1.–Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek ere har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, betiere gurasoak zuzenbidearen arabera bananduak ez badituzte, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Graduko, lizentziako, goi mailako ingeniaritzako edo arkitekturako titulua edo haren baliokidea edukitzea, edo, bestela, titulua erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, halakorik badago. Baldintza hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Euskararen jakintzari buruzko C1 maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiriren bat izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

e) Dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoak edukitzea.

f) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor-kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.

2.2.–Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaz jabetu arte.

2.3.–Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte izangaiek.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1.–Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hogei egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. "Estatuko Aldizkari Ofizialean" ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2.–Eskaeraren aurkezpena eta formalizazioa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9110&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096

3.3.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:

a) Deialdian eskatzen den tituluaren kopia edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Euskararen jakintzari buruzko C1 maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiriren bat daukatela egiaztatzen duen agiria, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberakoa.

c) Tasa ordaintzetik salbuetsiak daudela egiaztatzen duen agiria, 4.2 oinarrian jasotako kasuetan.

d) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=9110&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096

4.–Tasa.

4.1.–Funtzio publikoan sartzeko hautaketa-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa da.

Tasaren ordainketa telematikoki eginen da, eskaera formalizatzen den unean, ordainketa telematikoko sistema seguru baten bidez.

4.2.–Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

Aurreko paragrafoan desgaitasun aitortuari buruz ezarritako salbuespena IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.

b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak enplegu-eskatzaile gisara izena emanda.

Aurreko paragrafoan langabeziari buruz ezarritako salbuespena behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.

4.3.–Salbuetsita egoteko arrazoirik egiaztatu ezean, tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du.

4.4.–Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Izangaien onarpena.

5.1.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzearen zergatiak azalduta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2.–Eskaera edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik eta behar bezala ez formalizatzeagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea edo deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea.

5.3.–Behin-behineko zerrendetan ageri ez diren izangaiek edo behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat egin badute, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, eskabide orokor baten bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan, "Hasi tramitea" botoia sakatuz:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/tramitesDisponibles.do?action=accesoDirectoTramite&id=8256

Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

5.4.–Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitara daitezela aginduko du.

5.5.–Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakarzkion eskubide guztiak, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.6.–Izangaiak haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik baztertzen direnean, ez da tasa itzuliko.

5.7.–Onartutako eta baztertutako izangaien zerrendak argitaratuta, interesdunei jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

6.–Epaimahai kalifikatzailea.

6.1.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.

6.2.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.

Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko TEKAZEL bat, Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko TEKAZEL bat, Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzaileko kideen izenak.

6.3.–Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.

Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

Epaimahai kalifikatzailea eratu ondoren, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo arrazoi justifikatu batengatik aldi baterako kanpoan badago, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 2019ko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

6.4.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

6.5.–Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.

6.6.–Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

6.7.–Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

7.–Oposizioaren garapena.

7.1.–Oposizioa 2026ko maiatzetik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.

Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahaiak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta epaimahaiak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.

7.2.–Probak.

7.2.1.–Oposizioaren probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai zerrendako gaietan oinarrituko dira.

Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

7.2.2.–Desgaitasun aitortua izanik eskabidean eskaera egin duten izangaientzat, ahal diren egokitzapenak eginen dira hautaprobak egiteko behar diren denbora eta baliabideetan.

7.2.3.–Proben banaketa.

Proba hauek izanen ditu oposizioak:

7.2.3.1.–Lehenbiziko proba.

Proba praktikoa. Bi ariketa izanen ditu:

a) Lehenbiziko ariketa: gaztelaniatik euskarara itzultzea epaimahaiak emandako testuak. Ariketari dagokion gehieneko puntuazioa 30 puntu da.

b) Bigarren ariketa: euskaratik gaztelaniara itzultzea epaimahaiak emandako testuak. Ariketari dagokion gehieneko puntuazioa 10 puntu da.

Bi ariketak ordenagailuz egin litezke, word formatuko dokumentuekin.

Probak hiru ordu iraunen du gehienez.

Probari dagokion gehieneko puntuazioa 40 puntu da.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

7.2.3.2.–Bigarren proba.

Proba teorikoa.

Idatziz erantzutea galdera laburrak edo test galderak (lau erantzun posibleetatik bakarra izanen da baliozkoa), I. eranskineko gaiei buruzkoak. Galdera laburrei euskaraz erantzun behar zaie, non eta enuntziatuan ez den besterik esaten.

Probak hiru ordu iraunen du gehienez.

Probari dagokion gehieneko puntuazioa 25 puntu da.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

7.2.3.3.–Hirugarren proba.

Proba praktikoa. Euskarazko testuak berrikusi eta zuzentzea.

Probak bi ordu iraunen du gehienez.

Probari dagokion gehieneko puntuazioa 25 puntu da.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

7.2.3.4.–Laugarren proba.

Interpretazioa (aldibereko itzulpena). Aldibereko interpretazio proba izanen da, euskaratik gaztelaniara, gehienez 15 minutukoa.

Probari dagokion gehieneko puntuazioa 10 puntu da.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

7.2.4.–Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren probak plika sistemaren bidez eginen dira.

7.3.–Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena modu telematikoan alega dezaten.

7.4.–Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.

8.–Gainditu dutenen zerrenda.

8.1.–Azken kalifikazioa probetako puntuazioen batura izanen da.

8.2.–Berdinketa oro lehenbiziko proban puntuaziorik handiena lortzen duenaren alde ebatziko da, eta, berdinketak jarraitzen badu, hirugarren eta bigarren probetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren.

Berdinketak bere horretan badirau, zozketa bakar baten bidez ebatziko da, horretarako eginen den ekitaldi publiko batean. Zozketaren emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira.

8.3.–Azken proba bukatutakoan, epaimahai kalifikatzaileak probak gainditu dituztenen zerrenda argitaratuko du bakoitzak lortutako kalifikazioekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuari emanen zaio ezagutzera, baldintzak egiaztatzeko tramiteak egin ditzan.

9.–Baldintzen egiaztapena.

9.1.–Hamar egun balioduneko epea irekiko da honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko, horretarako ezarritako bidea erabiliz:

a) 2.1.c) eta 2.1.d) oinarrietan eskatzen diren tituluen jatorrizko dokumentuak edo kopia konpultsatuak, edo haiek eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinenak.

10.–Izendatzeko proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

10.1.–Baldintzak egiaztatu ondoren, epaimahaiak prozesua gainditu eta puntuazio handiena duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio kudeatzaileari. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da.

10.2.–Izendatzeko proposamena argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokide baten kopia konpultsatua.

b) Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duen txosten medikoa.

c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena. Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenen kasuan, beren estatuetan diziplina-zehapen edo zigor-kondena baten bidez funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duelako, Konstituzioari eta legeei men eginen dielako eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituelako zina edo promesa.

10.3.–Proposatutako izangairen batek desgaitasunen bat alegatzen badu, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz erabakiko dute desgaitasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria ote den, eta espedientean adieraziko da.

10.4.–Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan norbaitek agiri horiek aurkezten ez baditu, edo deialdiaren 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzen ez badu, edo, dokumentazioa aztertu eta gero, ondorioztatzen bada norbaitek ez duela betetzen eskatutako baldintzaren bat, pertsona hori ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuko dira, alde batera utzi gabe eskaeraren faltsutasunagatik eragindako erantzukizuna.

10.5.–Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, 8. oinarrian aipatzen den gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin ere.

10.6.–Giza Baliabideen Zerbitzuak bere eskumenak baliatzeko eskatzen duen beste edozein agiri, ez bada deialdiaren xede den lanposturako betekizun eta baldintzak egiaztatzeko agiri bat, proposatutako izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 10.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

11.–Funtzionario izendatzea, lanpostu hutsa esleitzea eta lanpostuaz jabetzea.

11.1.–Aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izendatuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, euskarako itzulpengintzako eta interpretazioko teknikari izateko lanpostuan aritu dadin, eta lanpostu hutsa ebazpen bidez esleituko dio.

11.2.–Izendatzeak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatutako pertsona, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da eta bertan alta emanen zaio, araubide horretan ezarritako babesarekin.

11.3.–Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendapenaren ebazpenean finkatutako egunean hartu beharko du izendatuak lanpostuaren jabetza, salbu eta behar bezala egiaztatutako arrazoiren bat badago.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan salbu, norbaitek lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, 10.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

11.4.–Izangairen bat funtzionario bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute une horretan beste administrazio publikoren batean ari delako lanean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da (betiere indarrean den araudian jasoak dauden kasuetan), 10.5 oinarrian xedatutakoaren arabera.

12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

12.1.–Gobernu Kontseiluak 2025eko urtarrilaren 28an emandako erabaki batean xedatutakoari jarraikiz -erabaki horrek Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen arabera eta aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten ditu-, kontrataziorako izangaien zerrenda hauek osatuko dira hautaketa-prozesuan parte hartu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin:

1) Prozesua gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

2) Prozesua gainditu ez eta lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda. Hauek osatuko dute:

a) Hautaketa-prozesuko probaren bat gainditu duten izangaiek.

b) Hautaketa-prozesuko lehenbiziko probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu dutenek.

Hautaketa-prozesuan lortutako puntuazio altuenetik baxuenera ordenatuko dira gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendako izangaiak. Halaber, prozesua gainditu ez eta lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendaren ordena osatzeko, lehenbizi, gainditutako proben kopurua hartuko da kontuan, eta, ondoren, gainditutako probetan lortutako puntuazioen batura. Aldiz, b) letran ezarritako kasuan, lehenbiziko proban lortutako puntuazioari erreparatuko zaio.

Berdinketarik egonez gero, deialdi honen 8.2 oinarrian berdinketak hausteko ezarritako irizpideei jarraikiz ebatziko da.

12.2.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko araubidea Gobernu Kontseiluak 2025eko urtarrilaren 28ko erabakian ezarri zuena izanen da -Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikariak eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen arabera eta aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dituena-, une bakoitzean indarrean dagoen idazketarekin.

12.3.–Kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dute lanposturako eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa; kontratua formalizatzen den unean aurkeztuko da dokumentazio hori.

12.4.–Eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte sarrera-deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, alde batera utzi gabe eskaeran datu faltsuak emateagatik izan dezaketen erantzukizuna.

12.5.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartzeak ez du esan nahi interesdunei lanpostuan eskatzen diren baldintzak aitortzen zaizkienik. Baldintza horiek oinarri honetan ezarritako moduan egiaztatu beharko dira.

13.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza Baliabideak" atalean.

Hautaketa-prozesuetako izangaiei eta NUPeko langileei eraginen die batez ere datuen tratamenduak. Datu pertsonal hauek tratatuko dira: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea honako hauek tramitatzea da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

14.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratutako egintza jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

Parte orokorra.

1. gaia.–Unibertsitatea zerbitzu publiko gisa. Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoa. Unibertsitateen autonomia eta bere mugak. Unibertsitate publikoen araubide ekonomiko eta finantzarioa.

2. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak. Edukia eta egitura. Estatutuen erreforma. Unibertsitateko komunitatearen arartekoa.

3. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Irakasle eta ikertzaileak: motak eta araubide juridikoa. Plantilla antolatzeko jarraibideak. Unibertsitateko irakasleen ebaluazioa. Lanpostuen zerrenda. Unibertsitateko irakaskidegoak: araubide juridikoa (sarbidea, administrazio-egoerak, arduraldia eta ordainsariak). Irakaskidegoetako lanpostuak betetzeko prozesua.

4. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileak. Araubide juridikoa eta motak. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutua: funtzionarioen hautaketa; funtzionario izaera hartu eta galtzea; mailak eta graduak; funtzionarioen zerrendak eta plantilla organikoak; administrazio-egoerak; lanpostuak betetzeko prozesua; ordainsariak; ordezkaritza-organoak, negoziazio kolektiboa eta lan-baldintzak zehazteko parte-hartzea.

5. gaia.–Ikertzaileen kontratazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Arau-esparrua eta kontratatzeko politikak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak kontratatzeko arautegia.

6. gaia.–39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena: xedapen orokorrak. Interesdunak. Administrazio publikoen jarduera. Administrazio-egintzak. Administrazio-prozedura erkidea. Egintzak administrazio-bidean berrikustea.

7. gaia.–40/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa: sektore publikoaren funtzionamendua. Administrazio-organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa. Hitzarmenak. Administrazio Publikoen arteko harreman elektronikoak.

8. gaia.–Unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua. Xedapen orokorrak. Unibertsitateko ikasketa ofizialen egitura. Graduko, masterreko eta doktoretzako unibertsitateko ikasketa ofizialak. Kredituen europar sistema eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitateko titulazioetako kalifikazio-sistema. Tituluaren Europako Gehigarria.

9. gaia.–Irakaskuntza motak, irakaslana eta ikasketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoengatik ordaindu beharreko prezio publikoei buruzko Foru Agindua. Bekak, dirulaguntzak eta salbuespenak. Ikasketa berekiak Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

10. gaia.–15/2018 Foru Legea, 2018ko ekainaren 27koa, Zientziari eta Teknologiari buruzkoa.

11. gaia.–Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako 2024-2027ko Estatu Plana: lerro estrategikoak, helburuak, egitura eta kudeaketa- eta finantzaketa-eragileak.

12. gaia.–I+G+Bko jarduerak finantzatzeko europar baliabideak. Europako esparru-programak eta eskualdeko lankidetzako INTERREG programa. Europar Batasunaren Horizon Europe programa: edukiak, egitura, tresnak eta parte hartzeko modalitateak.

13. gaia.–Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Foru Legea. Atariko titulua. Xedapen orokorrak: botere adjudikatzaileak, kontratistak, kontratu motak eta araubide juridikoa, kontratazio publikoa kudeatzeko printzipio eta arauak, publizitate-arauak eta esleipen-prozedurak, kontratuen exekuzioa. Erreklamazioak eta lizitazioen kontrolerako beste neurri batzuk.

14. gaia.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legea. Legearen aurrekariak eta aplikazio-eremua. Dirulaguntza publikoak kudeatzeari buruzko printzipio orokorrak. Dirulaguntzak esleitzeko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzen segimendua eta kontrola. Dirulaguntzen itzulketa. Espainian dirulaguntza publikoak arautzen dituen legeari buruzko aipamena.

15. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontuak eta haiek betearazteko oinarriak.

16. gaia.–Kalitatea LOSUn eta NUPeko Estatutuetan.

17. gaia.–ANECA. Tituluen ebaluazioa. Ebaluazio instituzionala. Unibertsitateko titulu ofizialen egiaztapena eta akreditazioa. MONITOR eta ACREDITA programak.

18. gaia.–5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa.

19. gaia.–31/1995 Legea, 1995eko azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. III. kapitulua: eskubideak eta betebeharrak. IV. eta V. kapituluak: prebentzio-zerbitzuak. Langileen kontsulta eta parte-hartzea.

20. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. Datuen babesa Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

21. gaia.–17/2019 Foru Legea, 2019ko apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

Parte espezifikoa.

22. gaia.–Itzulpena: definizioa eta itzulpen motak. Itzulpenaren printzipio, prozesu, teknika eta baliabideak.

23. gaia.–Itzulpenaren teoria: Vinay-Darbelnet.

24. gaia.–Itzulpenaren teoria: E. A. Nida.

25. gaia.–Itzulpenaren teoria: L. Venuti.

26. gaia.–Itzulpenaren teoria: I. Even-Zohar.

27. gaia.–Itzulpenaren teoria. Ikuspegi funtzionalistak: Skopos teoria. C. Nord.

28. gaia.–Itzulpenaren teoria. Ikuspegi komunikatiboak: B. Hatim eta I. Mason.

29. gaia.–Baliokidetasunaren arazoa itzulpengintzan. Baliokidetasun motak.

30. gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (I): itzulpengintza eta ideologia; itzulpengintza eta feminismoa; itzulpengintza eta postkolonialismoa.

31. gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (II): itzulpengintza eta teknologia berriak; ikus-entzunezko itzulpena; lokalizazioa; itzulpengintza kolaboratiboa, itzulpengintza komunitarioa, crowdsourcinga eta CT3a; itzulpengintza profesionala eta borondatezkoa.

32. gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (III): itzulpengintza espezializatua; itzulpengintza zientifikoa eta teknikoa; itzulpengintza marketinean eta publizitatean.

33. gaia.–Itzulpengintza eta elebitasuna. Itzulpengintzaren eginkizuna gizarte eta administrazio elebidun edo eleaniztunetan. Itzulpengintza eta korredakzioa.

34. gaia.–Itzulpengintza eta hizkuntza minorizatuak: itzulpenaren beharra eta itzulpengintza normalizaziorako tresna gisa. Euskararen kasua: berariazko arazoak.

35. gaia.–Itzulpengintzaren rola administrazioko euskararen normalizazioan. Administrazioko hizkeraren ezaugarriak euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan. Hizkuntza estandarra eta administrazioko hizkera: loturak eta diferentziak.

36. gaia.–Fideltasuna, argitasuna eta komunikagarritasuna testu administratibo eta juridikoen itzulpenetan. Euskararen eta gaztelaniaren kasua itzulpen administratibo eta juridikoetan: irizpideak eta estrategiak.

37. gaia.–Itzulpenaren arazo nagusiak euskara-gaztelania binomioan. Perpausaren antolamendua gaztelaniatik euskarara egindako itzulpenetan.

38. gaia.–Hizkuntza arrunta eta espezialitateko hizkuntza. Erregistro linguistikoak.

39. gaia.–Estilo- eta hizkuntza-liburuak. Estilo-liburu nagusiak euskaraz.

40. gaia.–Itzulpenen kalitatea. Berrikuspena eta zuzenketa. Itzulitako testuak zuzentzeko irizpide nagusiak eta mailakatzea. Zuzenketaren garrantzia ordenagailuz lagundutako itzulpenetan.

41. gaia.–Ordenagailuz lagundutako itzulpena (OLI tresnak): itzulpen-memoriak eta terminologia kudeatzeko tresnak. Itzulpen automatikoa: ereduak. Itzulpen automatikoa euskararen kasuan.

42. gaia.–Itzultzaile automatikoak: haien erabilera, haiekin lan egiteko prozedurak, postedizioa, euskararako itzultzaile automatikoak.

43. gaia.–Itzulpengintzaren historiako gertakari nagusiak: ekarpen praktikoak eta teorikoak historian barna.

44. gaia.–Euskarazko itzulpengintzaren historia: bilakaera eta gertakari historiko nagusiak.

45. gaia.–Interpretazioa: kontzeptua, ezaugarriak eta historia. Interpretazioaren berezitasunak itzulpenarekin alderatuta.

46. gaia.–Interpretazio-modalitateak eta -teknikak. Interpretaziorako behar diren trebetasunak.

47. gaia.–Sekretu profesionala, etika eta deontologia itzulpengintzan.

48. gaia.–Itzultzaileen ikusgarritasuna eta ikusezintasuna. Lan-estatusa eta elkargo profesionalak.

49. gaia.–Itzulpengintzarako baliabideak eta tresnak (I): hiztegiak, entziklopediak, terminologia-bankuak.

50. gaia.–Itzulpengintzarako baliabideak eta tresnak (II): corpusak, hizkuntza-kontsultarako zerbitzuak, zuzentzaile automatikoak eta bestelako tresna informatikoak, Internet.

51. gaia.–Terminologiaren oinarriak. Terminologia-bankuak.

52. gaia.–Terminologia eta itzulpengintza. Euskarazko eta gaztelaniazko terminologia juridiko-administratiboa.

53. gaia.–Terminologiaren problematika itzulpengintza administratiboan. Euskarazko terminologia administratiboaren baterakuntza.

54. gaia.–Hizkera inklusiboa eta ez-sexista euskaraz eta gaztelaniaz. Hizkera sexista ekiditeko baliabideak euskaraz.

55. gaia.–Hitzen ordena euskarazko perpausaren barnean: ordena markatua eta ordena markatu gabea; tradizioak ordenari dagokionez; galdegaia, mintzagaia eta iruzkina; testu-antolatzaileen eginkizuna.

56. gaia.–Deklinabidea euskaraz (I): definizioa; formak eta kasuak; kasu-formen aldaerak hitzen ezaugarrien arabera.

57. gaia.–Deklinabidea euskaraz (II): deklinabide mugagabea; deklinabidearen inguruko problematikak itzulpenetan.

58. gaia.–Euskal lexikoa: hitzak sortzeko bideak; hitz elkartuak eta eratorriak.

59. gaia.–Hitz elkartu motak. Gaztelaniatik euskararako itzulpenetan izaten duten problematika.

60. gaia.–Hitz eratorriak. Gaztelaniatik euskararako itzulpenetan izaten duten problematika.

61. gaia.–Hizkuntza-maileguak eta neologismoak. Zabalkuntza semantikoa, berrezarpen lexikala eta berrikuntza fonologikoa.

62. gaia.–Euskal ortografia: arau nagusiak; puntuazio-markak.

63. gaia.–Ortotipografia euskaraz (I): aldaera tipografikoak, komatxoak, barrak, marrak eta bestelako zeinuak erabiltzeko irizpideak.

64. gaia.–Ortotipografia euskaraz (II): letra larriak erabiltzeko irizpideak eta maileguak eta hitz elkartu eta eratorriak idazteko erak.

65. gaia.–Laburdurak, siglak eta sinboloak euskaraz eta gaztelaniaz. Sinboloen adierazpena zientziaren eta teknikaren esparruan.

66. gaia.–Zientziarako eta teknikarako euskara arautzeko gomendioak.

67. gaia.–Ortografia eta ortotipografia gaztelaniaz: arau eta irizpide nagusiak; ortografiako eta ortotipografiako eskuliburuak gaztelaniaz.

68. gaia.–Euskarazko onomastikarako irizpide eta erabakiak.

69. gaia.–Estiloa euskaraz: problemak, irtenbideak, gomendioak eta irizpideak.

70. gaia.–Kalko okerrak. Euskaraz kalko okerrak saihesteko formulak.

71. gaia.–Euskarazko morfosintaxiaren inguruko problema eta zalantza nagusiak.

72. gaia.–Euskaltzaindia: hizkuntza-baliabideak; argitalpenak; Euskaltzaindiaren webgunea; Euskara Batuaren Eskuliburua eta haren edukiak.

73. gaia.–Euskalkiak eta euskalkien aldaerak. Literatura-euskalkiak. Hizkuntza estandarra eta euskalkiak: erabilera-esparruak.

74. gaia.–Nafarroako euskalkiak: bilakaera, ikerketak eta proposamenak. Nafarreren ezaugarri nagusiak eta haien tokia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren itzulpen-produkzioan.

75. gaia.–Euskara Nafarroan: egoera juridikoa, demolinguistikoa eta soziala; Europako, Espainiako eta Nafarroako araudia.

76. gaia.–Soziolinguistikaren oinarrizko kontzeptuak: elebitasuna, diglosia, hizkuntza-gutxiengoak, hizkuntza gutxituak. Euskara, hizkuntza gutxitua.

77. gaia.–Hizkuntza-normalizazioa: hizkuntza baten normatibizazioa eta estandarizazioa; estandarizazio ereduak; euskararen estandarizazioa.

78. gaia.–Toponimia: haren inguruko baliabideak; problematikak eta kontuan hartu beharrekoak itzulpen-lanean.

79. gaia.–Euskararen egoera Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Euskara Nafarroako Unibertsitate Publikoaren azken urteotako plan estrategikoetan.

80. gaia.–Euskara Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan. Unibertsitatean Hizkuntza Plangintza diseinatzeko oinarriak.

81. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskara erabiltzeko gidaliburua.

Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

II. ERANSKINA.–EUSKARAKO ITZULPENGINTZAKO ETA INTERPRETAZIOKO TEKNIKARI IZATEKO LANPOSTUA (A MAILA)

LANPOSTUA

ZER ATALI ATXIKIA

HIZKUNTZAK

CAMPUSA

LANALDIA

279

IRAKASKUNTZA ZERBITZUA / EUSKARARAKO ATAL TEKNIKOA

E-C1

IRUÑEA

G

Iragarkiaren kodea: F2514645