228. ALDIZKARIA - 2025eko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

398/2025 EBAZPENA, urriaren 29koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Nafarroako toki entitateetako kontu-hartzaile izateko gaikuntza ematen baitzaio zerrendan ageri den izangaiari, pertsona hori funtzionario izendatzen baita, eginkizun publiko horietan aritu dadin esleitzen zaion plazan, eta plaza horren jabetza hartzeko data ezartzen baita.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak abenduaren 1ean emandako 680/2022 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako toki entitateetako kontu-hartzaile izateko gaikuntza lortzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanda, eta lanpostu horietan sartzeko, oposizio-lehiaketa sistema erabiliz, txanda irekiko hautapen prozesuaren bidez.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 6ko 250/2025 Ebazpenaren bidez, plaza hutsak hautatzeko ekitaldi osagarrirako deialdia egin zen.

Plaza hutsak esleitzeko eta baldintzak egiaztatzeko prozedura bukaturik, bidezkoa da, batetik, gaikuntza ematea eta funtzionario izendatzea Mendabiako Udaleko plaza hutsa esleitu zaion izangaia, deialdian eskatutako baldintza guztiak bete baititu, eta, bestetik, plazaren jabetzarako eguna ezartzea; halaber, jakitera ematen da ez dela posible gaikuntza ematea hautapen prozesuko probak gainditu dituzten izangai guztiei.

Plazaz jabetzeko data ezartzeari dagokionez, kontuan hartu behar da maiatzaren 15eko 6/2025 Foru Legearen bidez 16/2022 Foru Legea aldatu dela, eta haren 8.2 artikulua indargabetuta geratu dela. Beraz, desagertu denez manu hori, foru lege horretan araututako prozedura guztietan plazen jabetza hartzea aldi berean egitea ezartzen zuena, esleipendunak plazaren jabetza hartzeko data ezar daiteke, horretarako arau-eragozpenik ez dagoelako.

Izendapenak eta plazaren jabetza hartzeak nominako eta plantillako funtzionario izaera emanen dio izendatuari, Nafarroako toki entitateen zerbitzuko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin, eta kasuan kasuko toki entitateari loturik geldituko da.

Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta hartan alta emanen zaio, araubide horren babespean.

Aurrekoa gorabehera, eta aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik badago, bi aukera izanen ditu: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

Funtzionarioak bizilekua destinoko herrian ez izateak ez du alde batera uzten lantokira puntual iritsi beharra eta lanaldia eta lanpostuko eginkizunak zuzen bete beharra, eta, gainera, ez da inolako konpentsaziorik jasoko lantokirako joan-etorriengatik.

Izendatutako izangaiak 2025eko abenduaren 1ean hartu beharko du kontu-hartzaile plazaren jabetza destinoko toki entitatean.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez badu ezarritako datan plazaren jabetza hartzen, Nafarroako toki entitateetako kontu-hartzaile lanposturako gaitutako funtzionario bihurtzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Horregatik guztiagatik, eskuordetu dizkidaten ahalmenak erabiliz, zeinak eman baitzaizkit Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 1eko 35/2020 Foru Aginduaren bidez (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bidez eskuordetutako zenbait eskumenen erabilera Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren esku uzten duena), eta, orobat, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez aitortutako eskudantzien indarrez,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateetako kontu-hartzaile izateko gaikuntza ematea, txanda irekiko hautapen prozesua eginda, zerrendan ageri den izangaiari, eta izangai hori funtzionario izendatzea, eginkizun publiko horietan aritu dadin esleitzen zaion plazan.

2. Esleipendunak 2025eko abenduaren 1ean hartu beharko du plazaren jabetza, kasuan kasuko toki entitatean.

Pertsona eta esleitutako plaza ebazpen honen eranskin bakarrean ageri dira.

Izendapenak eta plazaren jabetza hartzeak nominako eta plantillako funtzionario gaituen izaera emanen dio izendatuari, Nafarroako toki entitateen zerbitzuko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez badu ezarritako datan plazaren jabetza hartzen, Nafarroako toki entitateetako kontu-hartzaile lanposturako gaitutako funtzionario bihurtzeko eskubide guztiak galduko ditu.

3. Ebazpen hau esleipendunari eta toki entitate interesdunari jakinaraztea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

5. Ebazpen honen aurka espedienteko interesdunek (administrazio publikoak ez badira) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik hasita; alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko urriaren 29an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

GAIKUNTZA ETA ESLEITUTAKO PLAZA

IZENA

ZENTROA

Yolanda Marques Martinez

Mendabiako Udala

Iragarkiaren kodea: F2514198